Laugarren liburua
I
[aldatu]Jarraian hitz egin dezagun eskuzabaltasunari buruz. Badirudi, hain zuzen ere, ondasuneekiko erdikotasuna dela, eskuzabala ez baita goratua ez gerrate kontuetan, ez neurrizkoa goratua den arrazoi horietan, ezta are gutxiago bere epaietan ere, (25) dirua emateari eta jasotzeari dagokienean baizik, eta bereziki ematean. Eta bere balioa diruz neurtzen duen horri guztiari esaten diogu ondasuna.
Zarrastelkeria eta zikoizkeria ere badira ondasunei buruzko gehiegikeria eta gabezia. Zikoizkeria ondasunetara behar baino gehiago jotzen dutenei egozten diegu beti, baina zarrastelkeria beste zerbaiti lotuta ezartzen dugu zenbaitetan, (30) meneraezinei eta neurririk gabe xahutzen dutenei zarrastelak deitzen baitiegu; horregatik dirudite ziztrinetan ziztrinenak, horrekin batera bizio asko baitute. Beraz, ez dira egoki izendatzen, zarrastela bizio jakin bat duena baita, hots, ondasunak hondatzearena; (1120a) bere burua hondatzen duena, hain zuzen ere, galdua da, eta badirudi ondasunen hondamena norberaren nolabaiteko suntsipena dela, haiei esker bizi daitekeela uste dugulako. Beraz, zarrastelkeria zentzu horretan ulertzen dugu.
Gizakia baliagarriak dituen gauzez ongi edo gaizki balia daiteke, (5) eta aberastasuna gauza baliagarriren bat da; bestalde, gauza jakin batez gauza horri dagokion bertutea duena baliatzen da ezin hobeki; beraz, aberastasunaz ere baliatuko da ezin hobeki ondasunei dagokien bertutea duena, eta hori eskuzabala da. Baina badirudi ondasunez baliatzea gastatzea eta ematea dela; ondasunak lortzea eta zaintzea lorpenak dira neurri handiagoan. Horregatik dagokio (10) neurri handiagoan eskuzabalari behar duten horiei ematea, behar den lekutik lortzea eta behar ez den lekutik ez lortzea baino; bertuteari neurri handiagoan baitagokio ongia egitea ongia jasotzea baino, eta gauza ederrak egitea, gauza lotsagarriak ez egitea baino. Bestalde, agerikoa da ongia egitea eta gauza ederrak egitea emateari dagozkiola, eta hartzeari, ongia jasotzea (15) eta gauza lotsagarriak ez egitea. Gainera, esker ona ematen duenari adierazten zaio, ez jasotzen ez duenari, eta hura ere goratzen da gehiago. Halaber, errazagoa da ez jasotzea ematea baino, gizakiak ez baitaude eurena emateko besterena ez hartzeko bezain prest. Eta ematen dutenei eskuzabal esaten zaie, baina hartzen ez dutenak ez dira beren eskuzabaltasunarengatik goratzen, (20) beren zuzentasunarengatik baizik, hein batean. Bestalde, jasotzen dutenak ez dira inolaz ere goratzen. Gainera, bertutetsuen artean eskuzabalak dira maitatuenak gutxi gorabehera, onuragarriak baitira, eta hori dira ematean.
Bertutearen araberako ekintzak ederrak dira eta edertasunarengatik egiten dira; horrenbestez, eskuzabalak ere emango du edertasunarengatik eta zuzen: (25) behar direnei, behar dena, behar denean eta emate zuzenari jarraitzen dioten beste baldintza guztietan. Eta hori atseginez eta atsekaberik gabe, bertutearen araberakoa dena atsegina edo atsekaberik gabea baita, eta inolaz ere ez atsekabetsua. Behar ez den horiei, edo ez edertasunarengatik –beste kausa batengatik baizik– ematen duenari ez dio inork eskuzabala esango, bestelako zerbait baizik. Ezta atsekabez ematen duenari ere, (30) horrek nahiago baititu ondasunak ekintza ederra baino, eta hori ez da eskuzabalaren berezkoa. Eta eskuzabalak ez du hartuko behar ez den lekutik, horrela hartzea ez baita ondasunak gurtzen ez dituenaren berezkoa. Eta ez da inolaz ere ibiliko eske eta eske, mesedeak erraz hartzea ez baita ongia egiten duenaren berezkoa. Hori dela eta, behar duen lekutik hartuko du, adibidez, (1120b) bere onibarretatik, ez ederra delako, eman ahal izateko beharrezkoa delako baizik. Eta ez da bere ondasunez arduragabetuko, horien bidez beste batzuei lagundu nahi baitie, hain zuzen ere. Eta, eman ahal izateko, ez dio edozeini emango, eman behar zaienei eta behar denean, eta ematea egokia den unean. Baina neurriz gainetik ematea ere bada eskuzabalaren berezkoa, (5) erabat, eta horren ondorioz, bere buruarentzat oso gutxi gordetzea, bere burua gehiegi ez zaintzea eskuzabalaren berezkoa baita.
Eskuzabaltasuna ondasuneekiko esaten da, eskuzabalaren ezaugarria ez baitatza emandako kantitatean, ematen duenaren azturan baizik, eta aztura eskuzabala bere ondasunen araberakoa izaten da. Beraz, ezerk ez du eragozten (10) gutxiago ematen duena eskuzabalagoa izatea, horrek aberastasun txikiagotik ematen badu. Baina badirudi haiek beraiek lortu dituztenak ez direla eskuzabalagoak, ondasunak jarauntsi dituztenak baizik, horiek ez baitute inoiz gabeziarik jasan, eta, bestalde, denek maitatzen dituzte gehiago beren obrak, gurasoek eta poetek bezala. Baina ez da erraza eskuzabala aberastea, (15) dirua hartzeko eta gordetzeko joerarik ez duelako, emateko joera baizik; eta dirua ez du berez estimatzen, emateko baizik. Horregatik aurpegiratzen zaio zoriari gehien merezi dutenak gutxien aberasten direnak direla; baina hori ez da arrazoirik gabe gertatzen, ezin baitu ondasunik izan lortzeaz arduratzen ez denak, beste edozein kasutan bezala. (20) Hala eta guztiz ere, ez die emango, behintzat, ez behar ez duten horiei, ez behar ez denean, ezta horrelako beste edozein baldintzatan ere, hartara ez bailuke eskuzabalaren arabera jokatuko; eta aipaturiko gauza horietan gastatuko balu, ez lezake behar dituen gauzetan gastatu. Izan ere, esan denez, bere ondasunen arabera eta behar dituen gauzetan gastatzen duena eskuzabala da, eta neurria gainditzen duena, zarrastela. (25) Horregatik ez diegu zarrastel esaten tiranoei, beren opariekin eta gastuekin beren ondasun ugari gainditzeak ez baitirudi erraza.
Beraz, eskuzabaltasuna ondasunak emateari eta hartzeari dagokien erdikotasuna izanik, eskuzabalak behar den gauzetan eta behar den guztia emango eta gastatuko du, afera txikietan zein handietan, (30) eta beti atseginez; eta behar den lekutik eta behar den guztia hartuko du, bertutea batari eta besteari dagokien erdiko terminoa izanik, biak egingo baititu behar den moduan, egoki emateari egoki hartzeak jarraitzen baitio, eta horrelakoa ez bada, aurkakoa da. Horrela, bada, elkarrekin ematen diren bi baldintza horiek batera azalduko dira pertsona berarengan, baina aurkakoak, ostera, ez, jakina. (1121a) Eta gertatzen bazaio beharrezkoa eta zuzena dena baino gehiago gastatzen duela, atsekabetuko da, baina neurriz eta behar bezala; izan ere, behar denarekin eta behar bezala atsegintzea zein atsekabetzea bertutearen berezkoa da. Bestalde, diru kontuetan eskuzabala moldakorra ere bada, (5) berari iruzur egin baitakioke, ondasunak estimatzen ez dituelako; eta neurri handiagoan nahigabetzen da behar zuen gastu bat egin ez bazuen, behar ez zuen gastu bat egin bazuen baino, eta ez dator bat Simonidesekin.
Bestalde, gauza horietan ere huts egiten du zarrastelak, ez baitu gozatzen ezta atsekabetzen ere behar duenekin eta behar bezala; hori argiago geratuko da ikerketan aurrera egin ahala. (10) Esana dugu zarrastelkeria eta zikoizkeria gehiegikeria eta gabezia direla, bi gauzetan: ematean eta hartzean, ematean gastua ere sartzen baitugu. Beraz, zarrastelkeriak ematean eta ez hartzean gainditzen du neurria, eta hartzean, berriz, falta du; eta zikoizkeriak ematean du falta eta hartzean gainditzen du neurria, (15) gauza txikietan izan ezik. Beraz, zarrastelkeriaren bi ezaugarriok ez dira sarritan elkarrekin agertzen (ez baita erraza guztiei ematea inondik hartzen ez bada, banako emailei ondasunak berehala agortzen baitzaizkie, eta horiek zarrastelak izaten omen dira). Agerikoa denez, pentsa liteke horrelako gizakia zikoitza baino hobea dela, (20) eta ez neurri txikian, hura adinak zein pobreziak erraz sendatua baita, eta erdiko terminora irits daiteke; izan ere, eskuzabalaren ezaugarriak ditu, eman egiten baitu, eta ez du hartu egiten, baina ez ditu ez bata eta ez bestea behar bezala egiten, ezta ongi ere. Beraz, ohitura hori hartuko balu, edo nola edo hala aldatuko balitz, eskuzabala litzateke; izan ere, behar direnei emango lieke eta behar ez den lekutik ez luke hartuko. (25) Horregatik ez da bere aiurria ziztrintzat hartzen, neurria gainditzea ez baita zitalaren berezkoa ematean eta ez hartzean, ezta jaiotzez doilorra denarena ere, ergelarena baizik. Badirudi horrelako zarrastela zikoitza baino askoz hobea dela, esandako arrazoiengatik eta batak askori on egiten dielako eta besteak, berriz, inori ez, ezta bere buruari ere.
(30) Baina zarrastel gehienek, esan denez, behar ez den lekutik hartu egiten dute, eta, hori dela eta, zikoitzak dira. Eta gutiziatsu bilakatzen dira, gastatu nahi izateagatik, baina hori ezin dute ahurka egin, baliabideak berehala agortzen baitzaizkie; beraz, beste nonbaitetik lortzera behartuta daude; (1121b) eta aldi berean, ederkiaz batere arduratzen ez direnez, arduragabeki eta edonondik hartzen dute; izan ere, emateko irrikitan daude, baina ez zaie batere axola nola edo nondik hartu. Horregatik, hain zuzen ere, ez dira eskuzabalak euren emariak, ez baitira ez ederrak ez edertasunarengatik eginak, (5) ezta behar bezala ere; aitzitik, zenbaitetan behartsuak izan behar direnak aberasten dituzte, eta aiur neurritsua dutenei ez liekete ezer emango, baina losintxariei edo beste edozein atsegin lortzen dietenei, berriz, emari asko. Horregatik dira neurrigabeak ere haietako gehienak: ahurka gastatzeaz gain, euren neurrigabekerietan xahutzaileak ere baitira, eta ederkiaren asmoz (10) bizi ez izateagatik atseginen bila zuzentzen dira.
Horrela, bada, zarrastela gidaritzarik gabe aurkitzen bada, esandako neurrigabekeriatara iristen da; baina norbaiten ardura aurkitzen badu, erdiko terminora eta behar den lekura irits daiteke. Zikoizkeria, berriz, sendaezina da (zahartzaroak eta ezgaitasun orok gizakiak zikoitz egiten omen dituzte, jakina), eta zarrastelkeria baino berezkoagoa dute gizakiek, (15) gehienak emankorrak baino diruzaleak baitira. Gainera, zikoizkeria hedadura handikoa eta forma askotarikoa da, zikoizkeria-era asko omen baitago. Izan ere, hori bi gauzatan datza: ematearen gabezian eta hartzearen gehiegikerian, baina ez da guztiengan osorik agertzen, zenbaitetan bereizi egiten baitira; (20) eta batzuek hartzean gainditzen dute neurria, eta beste batzuk ematean gelditzen dira labur. Eskulabur, zurkaitz, ziztrin eta horrelako deiturak jasotzen dituzten guztiak, hain zuzen ere, ematean gelditzen dira labur, baina ez dituzte besteren ondasunak gutiziatzen, ezta hartu nahi izan ere, batzuek nolabaiteko zintzotasunarengatik eta lotsagarria den guztiaren kontra neurriak hartzeagatik (25) (izan ere, batzuek euren dirua gordetzen omen dute –edo hori esaten dute, behintzat– ondoko arrazoiarengatik, hain zuzen ere: ekintza lotsagarririk egitera behartuta inoiz egon ez daitezen; horien artean eskueutsia eta horrelako guztiak daude, eta honela deitzen dira ezer ez ematean neurria gainditzearen ondorioz); eta beste batzuk, euren aldetik, besteen ondasunetatik urruntzen dira, besteena hartzea besteek norberarena hartu gabe (30) erraza ez dela pentsatzen dutelako; beraz, ontzat jotzen dute ez hartzea eta ez ematea. Beste batzuek, aldiz, hartzeari dagokionez neurria gainditzen dute edozer eta edonondik hartzeagatik, adibidez, zeregin arbuiagarrietan dabiltzanak, burdel-jabeak eta horrelako guztiak, eta diru gutxi utzi eta interes handiak ezartzen dituzten lukurariak; (1122a) horiek guztiek, hain zuzen ere, behar ez duten lekutik eta behar ez duten kantitatea hartzen dute. Agerikoa da etekinzalekeria baterako dutela, horiek guztiek etekinengatik, txikiak izanda ere, gaitzespenak pairatzen baitituzte. Izan ere, behar ez den lekutik ondasun handiak eta behar ez dutena hartzen dutenei ez diegu zikoitz esaten (5) –hiriak arpilatu eta leku sakratuak gabetzen dituzten tiranoei, alegia–, bihozgaiztoak, donausleak eta bidegabeak baizik. Hala ere, dadolariak, lapurrak eta bandilak zikoitzen artean daude, gutiziatsu zikinak baitira, jakina. Batzuek eta besteek, hain zuzen ere, etekinengatik ekiten diete jarduera horiei eta pairatzen dituzte gaitzespenak; (10) eta batzuk arrisku handietan jartzen dira harrapakinarengatik, eta besteek, eman beharko litzaiekeen lagunen kontura lortzen dute onura. Beraz, batzuk eta besteak, onura behar ez den lekutik lortu nahi izanik, gutiziatsu zikinak dira, eta eskuratze modu horiek guztiak, hain zuzen ere, zikoitzak dira. Normala da zikoizkeria eskuzabaltasunaren aurkakotzat hartzea, zarrastelkeria baino bizio handiagoa baita, (15) eta gizakiek haren kausaz akats gehiago egiten dute delako zarrastelkeriaren kausaz baino. Horrela, bada, izan bedi nahikoa eskuzabaltasunari eta horren aurkako bizioei buruz esandakoa.
II
[aldatu]Badirudi jarraian oparotasunaz aritu beharko genukeela, hori ere ondasunei buruzko bertutea omen da eta. (20) Hala ere, eskuzabaltasuna ez bezala, ez da zabaltzen ondasunen inguruko ekintza orotan, dirutza handia xahutzen den ekintzetan bakarrik baizik; eta horietan eskuzabaltasuna gainditzen du tamainaz. Izenak berak adierazten duen legez, gastu egokia eta oso handia da. Baina tamaina erlatiboa da, trirreme-armadore baten gastuak eta erlijio-prozesio baten gidariarenak inola ere berdinak ez direlako. (25) Hortaz, egokitasuna gastatzen duenari berari, egoerari eta objektuari dagokie. Baina gauza txikietan edo neurritsuetan egokiro gastatzen duenari ez zaio oparoa esaten; adibidez, askotan ematen nion eskaleari[1] esaten duenari, gauza handietan horrela egiten duenari baizik; izan ere, oparoa eskuzabala da, baina eskuzabala ez da ezinbestean oparoa. (30) Horrelako azturaren gabeziari zekenkeria esaten zaio, eta gehiegikeriari nabarmenkeria, arrunkeria eta beste horrelako bizio horiek ezartzen zaizkio, hau da, ez behar den egoeran neurria gainditzen ez duten bizioak, behar ez den egoeran eta behar ez bezala ilarraintzen direnak baizik; baina horri buruz aurrerago hitz egingo dugu.
Oparoak adituaren antza du, egokia dena (35) bereizi eta diru-kopuru handiak modu orekatuan gastatu baititzake (izan ere, hasieran esan dugun bezala, (1122b) aztura jardueren bidez eta bere objektuengatik zehazten da). Beraz, oparoaren gastuak handiak eta egokiak dira; hortaz, haren obrak ere horrelakoak dira; izan ere, horrela, gastua handia eta obrarekiko egokia izango da. Beraz, obra gastuaren duina izan behar da, (5) eta gastua obrarena, edota hau gainditu. Eta oparoak horrelako gastuak edertasunarengatik egingo ditu, hori baterako baitute bertuteek. Gainera, atseginez eta lasai egingo du, kalkulu zehatza zekena baita; eta obra nola egin ahalik eta ederren eta egokien neurri handiagoan hausnartuko du, zenbat kostatuko den eta nola egin ahalik eta merkeen baino. (10) Beraz, oparoa eskuzabala ere izango da nahitaez, eskuzabalak, hain zuzen ere, behar duena eta behar bezala gastatzen baitu; eta hor dago oparoaren tamaina, bere handitasuna, alegia: eskuzabaltasuna gauza horiei dagozkiena izanik, gastu berberaz obra bikainagoa egingo du, ondasunena eta obrarena (15) ez baita bertute bera; izan ere, ondasunik preziatuena baliagarriena dena da, adibidez, urrea; baina obrarik preziatuena da handia eta ederra dena (horrelako obraren begiratzea miresgarria baita, eta bikaina dena miresgarria da). Eta obra baten bertutea, bere bikaintasuna, bere tamainan datza.
Gastuetan badaude ohoragarriak esaten diegun horiek, jainkoei dagozkienak, alegia (20) –boto-opalkuntza, gurtzeko objektuak, eraikinak eta sakrifizioak–, eta, berdin, jainkotasunari dagokion guztia ere, eta herri-ongiari begira behar bezala egin nahi izaten diren horiek guztiak; adibidez: baten batek koru bat edo trirreme bat naroki hornitu behar duela edo hiriari herri-oturuntza oparitu behar diola pentsatzen duenean. Baina esan bezala, gauza haietan guztietan egileak ere hartzen ditugu kontuan, nor diren eta zein baliabide dituzten galdetuz, (25) gastuak horrelako gizakien duinak izan behar baitira, eta egokiak, obrari ez ezik, egileei ere bai. Horregatik ez liteke behartsu bat oparoa izan, ez baitu gastu handiak egokiro egiteko baliabiderik; eta saiatzen dena ergela da, duina eta beharrezkoa den horretatik urruntzen baita, eta bertutearen araberako gastua zuzen egindakoa da. Gastu handiak, orduan, (30) dagozkie horrelako baliabideak lehendik dituzten horiei –haien beraien bidez edo arbasoen bidez edo bere harremanen bidez lortuak–, eta nobleei, ospe handikoei eta beste horrelako guztiei, horiek guztiek handitasuna eta duintasuna baitituzte. Horrenbestez, oparoa horrelakoa da bereziki eta horrelako gastuak dagozkio oparotasunari, esan bezala (35) (handienak eta ohoragarrienak baitira). Eta banako gastuen artean, behin bakarrik egiten diren gastu horiei oparo esaten zaie, (1123a) eskontza batean edo horrelako egoera batean bezala, edo hiri osoari edo gizarte-maila altua dutenei interesatzen zaien zerbaitean, edo atzerritarren harreretan eta agurretan, edo opariak ematen eta hartzen direnean; oparoak ez baitu bere onurarako gastatzen, guztien onurarako baizik, (5) eta opariek boto-eskaintzen antza dute, nolabait, eta aberastasunaren arabera nork bere etxea hornitzea ere bada oparoaren berezkoa (hau ere baita ospe-adierazgarria), eta gehienbat obra iraunkor horietan gastatzea (horiek ederrenak baitira), eta kasu bakoitzean egokia dena, ez baitagokie gastu berbera jainkoei eta gizakiei, (10) ezta tenplu bati eta hilobi bati ere. Eta gastu bakoitza bere generoan handia da, eta, nahiz eta zentzu absolutuan gasturik oparoena obrarik handienean egindako gastu handia izan, beste kasu batzuetan ere izan daiteke handia gastua. Bestalde, obraren handitasuna eta gastuarena ez dira berdinak (pilotarik edo flaskorik ederrenak handitasuna baitute (15) ume batentzako opari moduan, baina haien balorea txikia eta eskasa da). Horregatik da oparoaren berezkoa oparoki eginiko edozein gastu (horrelako gastua ez baita erraz gainditzen) eta gastuak merezi duen duintasunaren arabera egitea.
Beraz, horrelakoa da oparoa; neurria gainditzen duenak eta nabarmena denak (20) behar baino gehiago gastatzeagatik gainditzen du neurria, esan denez, gauza txikietan gastu handiak egiten baititu, eta ezegoki harrotzen da, adibidez, nork berea ordaindu beharreko otordu baten mahaikideak gonbidatuz ezkontza bat bailitzan, eta komediante koru baten arduraduna izanik, korua eszenatokira purpuraz jantzita sarraraziz, megaratarrek bezala. Eta hori guztia ez du ongiarengatik egingo, (25) bere aberastasuna erakusteko baizik, eta gauza horiengatik mirestua dela uste izateagatik; eta asko gastatu behar duen horretan gutxi gastatuz, eta gutxi gastatu behar duen horretan, asko. Bestalde, zekena labur gelditzen da gauza guztietan, eta gasturik handienak egin ondoren, huskeria batean hondatuko du lan ederra, eta egiten duen guztian pentsatu eta hausnartuko du (30) nola gasta lezakeen ahalik eta gutxien, eta egindakoaz kexatuko da, behar duena baino gehiago gastatu duelakoan. Beraz, aztura horiek bizioak dira; baina ez dute gaitzespen sortarazten, behintzat, hurkoentzat kaltegarriak ez direlako, ezta lotsagarriegiak ere.
III
[aldatu]Badirudi arimanditasuna, izenak berak ere adierazten duenez, gauza handiei dagokiela. (35) Ikus dezagun, lehendabizi, zer nolako gauzari buruzkoa den, (1123b) ez baita ezertan bereizten aztura edo aztura duen gizakia aztertzea.
Izan ere, arimandikoa omen da bere buruarentzat gauza handiak eskatzen dituena, horiek merezi dituelarik, bere merezimenduaren arabera jokatzen ez duena ergela baita, eta bertutetsuen artean inor ez da ez ergela, ez burugabea. Arimandikoa, beraz, esandako hori da. (5) Izan ere, gauza txikiak merezi dituena eta horrelakoak bere buruarentzat eskatzen dituena zuhurra da, baina ez arimandikoa, arimanditasuna handitasunean baitatza, edertasuna, gorputz handian bezalaxe; txikiak, lerdenak eta proportzionatuak izango dira, baina ez ederrak. Eta duineza izanik gauza handiak merezi dituela uste duena handizalea da; merezi dutena baino gauza handiagoen duinak direla uste duten guztiak ez dira handizaleak. Merezi duena baino gauza txikiagoen duina dela uste duena, (10) arimatxikikoa da, gauza handiak edo ertainak merezi nahiz gauza txikien duina izan; edo gutxiago merezi duela ere uste badu; baina bereziki, gauza handien duina dela pentsatuko balu; izan ere, zer egingo luke, horrenbeste mereziko ez balu? Beraz, arimandikoa mutur batean dago handitasunarekiko, baina erdian behar denarekiko (bere merezimenduaren arabera duina dela uste baitu); (15) gainerakoek, berriz, hori neurriz gainditu dute edo labur gelditu dira.
Beraz, baten batek merezimendu osoz gauza handien duina dela uste badu, eta batez ere gauza handienena, gauza bakar bati dagokionez izango da bereziki. Merezimendua kanpoko ongiei dagokienez esaten da; eta handientzat har genezake jainkoei eskaintzen diegun hori, hots, goi-mailakoak direnek beste edozein baino gehiago irrikatzen dutena eta ekintza ederrenetarako saria dena: (20) horrelakoa ohorea da, hori baita, hain zuzen ere, kanpoko ongien artean, handiena. Beraz, ohoreei eta desohoreei dagokienez, arimandikoa behar bezalakoa da; eta arrazoirik eman gabe ere, agerian dago arimandikoek ohorearekin zerikusirik badutela; izan ere, gizaki bikainek ohorearen duinak direla uste dute bereziki, eta merezimendu osoz. Uzkurra, berriz, labur gelditzen da, bai bere buruarekiko, bai arimandikoaren duintasunarekiko; (25) handizaleak, bere aldetik, bere buruarekiko neurria gainditzen du, baina arimandikoa, behintzat, ez du gainditzen. Arimandikoa, gauza handienen duina baldin bada, onena izango da, hobea dena gauza handiagoen duina baita beti, eta onena, handienena. Beraz, benetan arimandikoa dena ona izan behar da; gainera, (30) badirudi arimandikoaren berezkoa litzatekeela bertute orotan bikaina izatea; eta ez lekioke inolaz ere arimandikoari korrika eta presaka ihes egitea egokituko, ezta zuzengabekeriak egitea ere. Izan ere, zergatik egingo lituzke gauza lotsagarriak handitzat ezer hartzen ez duenak? Eta zehaztasunez aztertuko bagenu, erabat barregarria agertuko litzateke arimandikoa ona ez balitz; bestalde, ziztrina balitz, ez litzateke ohorearen duina izango, (35) ohorea bertutearen saria baita, eta onak direnei eskaintzen zaie. (1124a) Horrela, bada, badirudi arimandikotasuna bertuteen nolabaiteko apaindura dela, euren handitasuna areagotzen baitu, eta haiek gabe ez da bera sortzen. Arrazoi horregatik da nekeza benetan arimandikoa izatea, noblezia handienik gabe eman ezin baitaiteke.
Beraz, arimandikoak ohoreekin eta desohoreekin zerikusia du bereziki, (5) eta gizaki bertutetsuek emandako ohore handiekin neurriz hartuko du atsegin, ohore egokiak edo txikiagoak jaso dituelakoan, erabat betea den bertuteak ezin baitu nahikoa duina den ohorerik izan. Hala ere, onetsi egingo ditu, haiek ezin baitiezaiokete ohore handiagorik eskaini; (10) baina jende arruntak eta arrazoi xumeengatik emandakoak erabat gutxietsiko ditu , ohore horiek merezi ez dituelako; eta berdin desohoreari dagokionez ere, ez baita hari dagokionez zuzena izango. Beraz, arimandikoak, esan denez, ohoreekin zerikusia du bereziki; hala ere, aberastasunari, botereari, zorion eta zorigaitz orori dagokienez ere jokatuko du neurriz, (15) edonola gertatuta ere; eta, zoriona badu, ez da oso alai azalduko, ezta oso goibel ere zorigaitza badu. Izan ere, ohoreari dagokionez ere, ez du jokatzen hura gauzarik handiena bailitzan (boterea eta aberastasuna ohorearen bidez baitira eskuragarriak; horiek dituztenek, behintzat, gauza horiengatik izan nahi dute ohoratuak); baina ohorea gauza txikitzat hartzen duenak gainerako gauzak ere hartuko ditu horrela. (20) Horregatik dirudite buruiritziak.
Badirudi, halaber, zoriaren dohainek ere laguntzen diotela arimandikotasunari; izan ere, etxeonekoek, boteretsuek edo aberatsek ohorea merezi dutela uste dute, ohorea nolabaiteko bikaintasunean baitago, eta ongiarengandik gailentzen den guztia ohoratuagoa da; horregatik horrelako dohainek ere egiten dituzte arimandikoagoak gizakiak, batzuk haiengatik ohoratuak baitira. (25) Baina, egia esan, gizaki ona baino ez da ohoragarria, nahiz eta ondasunak eta boterea dituena ohorearen duinagoa omen den; aitzitik, bertuterik gabe horrelako ongiak dituztenek ez dute zuzen euren burua ohore handien duintzat hartzen, eta ez zaie egokiro arimandikoak esaten, erabat betea den bertuterik gabe dohain horiek ez baitira sortzen. Izan ere, horrelako ongiak dituztenak ere bilakatzen dira buruiritzi eta ozar, (30) bertuterik gabe ez baita erraza halabeharraren dohainak egoki eramatea; bestalde, gainerakoak eraman ezin dituztenez, eta haiek baino hobeak direla uste dutenez, (1124b) erdeinatu egiten dituzte, eta gogoak ematen diena egiten dute. Izan ere, arimandikoa imitatzen dute –antzekoak ez izan arren–, baina ahal duten gauzetan imitatu egiten dute: ez dute bertutearen arabera jokatzen, baina gainerakoak erdeinatzen dituzte. (5) Beraz, arimandikoak zuzentasunez erdeinatzen du (iritzi zuzena baitu), baina herri xeheak halabeharraren arabera erdeinatzen du. Huskeriak preziatzen ez dituenez, ez da arrisku txikietan jartzen, eta arriskua ez du gogokoa; baina aurre egiten die arrisku handiei, eta arriskuan jartzen denean, bizitzarekiko arduragabea da, beraren ustez edonola bizi izatea inolaz ere merezi ez duelako. Eta mesedeak egiteko gai da, baina mesedeak jasotzeak lotsatu egiten du, (10) hura nagusi baten berezkoa baita, eta hori menpeko batena. Eta jasotako mesedeak baino askoz gehiago itzultzeko prest dago, horrela lehendabizi hasi zena beraren zordun bilakatuko baita, eta bera lagunduta izango da; halaber, badirudi haiek egindako ongia gogoratzen dutela, baina ez jasotzen dutena (ongia jasotzen duena ongia egiten duena baino menpekoagoa baita, eta paregabea izan nahi du), eta haiek egindako ongiaz (15) gustura entzuten dute, baina jasotzen duten ongiaz, atsekabez. Horregatik ez ditu Tetisek aipatzen Zeusi egindako zerbitzuak,[2] ezta lakoniarrek atenastarrei egindakoak ere, jasotakoak baizik.
Batere behar ez izatea, edo oso gutxi, baina besteei zerbitzuak egiteko oso prest izatea ere bada arimandikoaren berezkoa; eta, halaber, goi-mailakoekiko eta zorionekoekiko harroa izatea, baina neurrizkoa erdi-mailakoekiko, (20) haiek baino hobea izatea zaila eta agurgarria baita, baina hauek baino hobea, erraza; eta goi-mailakoen aurrean harro azaltzea ez da doilorra, baina xumeen aurrean, gogaikarria litzateke, ahulen aurka indarrez baliatzea bezala. Halaber, ez du gauza estimatuen atzetik ibili behar edo besteek lehendik betetzen dituzten postuetara joan behar; eta alfer eta motel egongo da, ohore bat edo eginkizun handiak (25) eskaintzen diren lekuetan izan ezik; baina ekintza gutxitan hartuko du parte, handiak eta ospetsuenetan bakarrik. Bestalde, bere sinpatiak eta gorrotoak ere agerian izan behar ditu (isilean gordetzea ikaratuaren berezkoa baita, eta gehiago kezkatu behar da egiaz iritziaz baino); eta aho betean hitz egin eta argi jokatu behar du (erdeinaria izateagatik erabateko askatasunaz hitz egiten duena baita, (30) eta egiatia, ironiaz hitz egiten ez badu; eta ironiaz herri xehearen aurrean hitz egiten du); eta ezin du beste bati begira bizi, (1125a) adiskide bati ez bada (hau esklaboen berezkoa baita; horregatik dira makurrak losintxari guztiak ere, eta xumeak, losintxariak). Eta miresteko joerarik ere ez du, ez baitu handitzat ezer hartzen; herratsu ere ez da, oroitzea ez baita arimandikoaren berezkoa, gauza txarrez bereziki, neurri handiagoan haiei jaramonik ez egitea baizik; (5) maiseatzaile ere ez da, ez baitu bere buruari buruz hitz egingo, ezta beste bati buruz ere; izan ere, berdin zaio bera goraipatua edo gainerakoak gaitzetsiak izatea; bestalde, laudatzaile ere ez da, eta horrexegatik, hain zuzen ere, gaizkiesale ere ez, ezta bere etsaiei buruz ere, irain batengatik ez bada. Eta gauza beharrezkoei edo txikiei dagokienez, kexatzeko eta erregutzeko joerarik txikiena du, (10) gauza horiei dagokienez horrela jokatzea gizaki arduratsu baten berezkoa baita. Eta gauza ederrak eta alferrikakoak eduki nahiago izango ditu, emankorrak eta onuragarriak baino, haiek gizaki autarkiko baten berezkoagoak baitira. Eta badirudi ibilera lasaia, ahots baxua eta ahoskera baratza ere arimandikoaren berezkoak direla, gauza gutxi interesatzen zaion hori ez baita presatsua, (15) ezta gartsua handitzat ezer hartzen ez duen hori ere; eta arrazoi horiengatik sortzen dira ahots zorrotza eta azkartasuna.
Beraz, horrelakoa da arimandikoa, eta labur gelditzen dena, arimatxikikoa, eta neurria gainditzen duena, handizalea. Izan ere, horiek ere ez ditugu gaiztotzat hartzen, ez baitiote inori kalterik egiten, oker ez badaude. Arimatxikikoak, hain zuzen ere, (20) gauza onen duina izanik, berez merezi duenari uko egiten dio, eta bere burua gauza onen duintzat hartzen ez duenez eta bere burua ezagutzen ez duenez, badirudi nolabaiteko bizioa duela, merezi duen hori, behintzat, ona izanik, erdiesten saiatuko bailitzateke. Hala ere, horrelakoek ez dirudite ergelak, atsekak baizik, neurri handiagoan; baina horrelako iritziak okerragoak egiten omen ditu, (25) gizaki orok merezi duen hori lortzea baitu helburu, baina haiek ekintza eta bizibide nobleetatik ere urruntzen dira duinezak direlakoan, eta, era berean, kanpoko ongietatik ere bai. Handizaleak, bere aldetik, ergelak dira eta ez dute beren burua ezagutzen; eta hori begien bistakoa da: izan ere, duinak ez izan arren, eginkizun ohoragarriei ekiten diete, eta gero nabarmen geratzen dira; eta jantziz, itxuraz eta horrelako gauzez apaintzen dira, (30) eta euren arrakasta beste guztien aurrean agerian uztea nahi dute, eta haiei buruz hitz egiten dute arrakastarengatik ohoratuak izango direlakoan. Baina arimatxikikeria handizalekeria baino neurri handiagoan dago arimanditasunaren aurka, arruntagoa zein okerragoa baita. (35) Beraz, arimanditasunak, esan bezala, ohore handiekin du zerikusia.
IV
[aldatu](1125b) Badirudi, lehenengo liburuetan esan zenez, horri buruz beste bertute bat dagoela, eta pentsa liteke horrek arimanditasunarekin zerikusia baduela, eskuzabaltasunak oparotasunarekin duenaren antzera. Biak ala biak, hain zuzen ere, handitasunetik urrun daude, (5) baina neurriei eta gauza txikiei dagokienez behar bezalako jarreran ezartzen gaituzte; eta ondasunak hartzean eta ematean erdiko termino bat, gehiegikeria bat eta gabezia bat dauden bezala, berdin, ohoreen gogoan ere baliteke behar bezalakoa baino gehiago edo gutxiago irrikatu, edo behar den lekuan eta behar bezala desiratu. Beraz, handinahikoa gaitzesten dugu ohorea behar ez den lekutik eta behar baino gogo handiagoz desiratzen duelako, baita handinahigabeak ere, (10) ekintza ederrengatik ere ohoratua izan nahi ez duelako. Hala ere, batzuetan, ohoreak irrikatzen dituena goraipatzen dugu kementsutzat eta bertutezaletzat hartzen dugulako, eta handinahigabea, neurrizkotzat eta zuhurtzat hartzen dugulako, lehenengo liburuetan ere esan bezala. Agerian dago, horrelako gauzaren zalea esaera zentzu batean baino gehiagotan esaten denez, (15) ez dugula beti pertsona berbera handinahikotzat hartzen; aitzitik, goraipatzen dugu ohoreak gainerakoek baino gehiago irrikatzen dituelako, baina gaitzesten dugu behar baino gogo handiagoz egiten duelako; eta erdikotasuna izenik ez duenez, badirudi muturrak norgehiagoka daudela, haren lekua hutsik bailitzan. Hala ere, gehiegikeria eta gabezia dauden gauzetan erdiko terminoa ere egongo da; ohorea behar baino gehiago edo gutxiago desiratu egin daitekeenez, (20) behar bezala ere egin daiteke. Horrela, bada, aztura hori goresten dugu, ohoreari dagokionez erdiko terminoa delako, izenik ez badu ere. Ohoreen handinahikeriaren aurrean, handinahigabekeria agertzen da; ohoreen handinahigabekeriaren aurrean, handinahikeria; eta bien aurrean, nola edo hala, biak. Badirudi gainerako bertuteei dagokienez ere gauza bera gertatzen dela; baina kasu horretan muturrak elkarren aurka agertzen dira, (25) erdiko terminoak izenik ez duelako.
V
[aldatu]Otzantasuna sumindurarekiko erdikotasuna da; baina erdiko terminoa bera izengabea denez, eta muturren egoera ere oso antzekoa denez, erdiko terminoa otzantasuna izendatzen dugu, gabeziarako joera badu ere, hura izengabea delako. Gehiegikeriari suminkortasuna dei lekioke, (30) pasioa sumina baita, baina eragileak asko eta desberdinak dira. Beraz, behar den egoeretan eta behar den gizakiekin sumintzen dena eta, gainera, behar bezala, behar denean eta behar den denboraz, goraipatua da; beraz, gizaki hori otzana litzateke, otzantasuna bene-benetan goraipatzen bada (otzanak lasai egon nahi baitu eta ez pasioak eramana izan; (35) aitzitik, arrazoiak agintzen dion bezala, hots, behar den bezala, behar den egoeretan eta behar den denboraz sumindu). (1126a) Baina badirudi batez ere gabeziaz huts egiten duela, otzana ez baita mendekaria, barkabera baizik, neurri handiagoan. Gabezia, nolabaiteko suminkortasunik eza nahiz beste edozer izan, gaitzetsia da. Behar den egoeretan sumintzen ez direnek ergelak dirudite, baita behar ez den moduan, unean eta gizakiekin sumintzen direnek ere, (5) uste baitugu halako gizakiak sentitzen eta atsekabetzen ez duela, eta, sumintzen ez denez, bere burua babesteko gai ez dela; eta jasotako laidoak pairatzea edo bere senideen kontrako laidoak onartzea esklaboaren berezkoa da.
Gehiegikeria esandako era guztietan gerta daiteke (behar ez den pertsonekin, behar ez den egoeretan, (10) behar baino gehiago, behar baino lehen eta behar baino denbora luzeagoz gerta baitaiteke); hala ere, akats guztiak, behintzat, ez dira gizaki beraren baitan gertatzen; izan ere, hori ezin liteke gertatu, gaizkiak bere burua ere hondatzen baitu, eta erabatekoa agertzen baldin bada, jasanezina da. Horrela, bada, suminkorrak berehala sumintzen dira behar ez den pertsonekin, behar ez den egoeretan eta behar baino gehiago, baina berehala lasaitzen dira; (15) eta hori da, hain zuzen ere, euren ezaugarririk onena. Hori gertatzen zaie euren sumidurari eusten ez diotelako; aitzitik, hura askatzen dute eta tupusteko suminkortasunaren kausaz nabarmen gelditzen dira, baina gero lasaitu egiten dira. Suminkorrak oso odolbero dira eta gehiegi eta tupustean sumintzen dira, ororen aurka eta ororengatik; hortik beraien izena. Erresuminduak, aldiz, nekez lasaitzen dira, (20) eta beren sumindurari denbora luzez eusten diote, beren baitan amorrua geldiarazten baitute; hau amaitzen da mendekua hartzen dutenean, mendekuak sumindura geldiarazten baitu, atsekabearen ordez atsegina sortuz. Hau gertazen ez bada, zama handia eramaten dute, beren amorrua agerian azaltzen ez denez, inork ez dituelako lasaitzen, eta denbora luzea behar da norberaren sumina liseritzeko. (25) Horrelako gizakiak amorragarrienak dira beren buruarentzat eta euren adiskideentzat. Eta lakarrak deitzen diegu behar ez den egoeretan, behar baino gehiago eta denbora luzeagoz haserretzen direnei, eta mendekurik edo zigorrik gabe berradiskidetzen ez direnei.
Gehiegikeria otzantasunaren aurkakoagotzat hartzen dugu, gehiagotan gertatu ez ezik (30) (mendeku hartzea gizatiarragoa baita), bizikidetzarako ere okerragoak baitira. Lehen esandakoa oraingo azalpenetatik ere geratuko da agerian, ez baita erraza zehaztea nola, norekin, zergatik eta zenbat denboraz sumindu behar dugun, eta noraino jokatzen dugun zuzen edo huts egiten dugun. (35) Izan ere, gutxi desbideratzen dena, gehiegikeriaz nahiz gabeziaz, ez da gaitzesten, noizean behin labur gelditzen direnak goraipatzen baititugu (1126b) eta otzanak esaten diegu, eta adoretsuak, sumintzen direnei, agintzeko gai direla pentsatzen dugulako. Beraz, ez da erraza hitzez azaltzea zenbat eta nola desbideratu behar dugun gaitzesgarria izateko, horri buruzko iritzia banako kasuetan eta zentzumenetan baitatza. Hala ere, hau behintzat argi dago: (5) erdiko aztura laudagarria dela, haren arabera behar direnekin, behar den gauzengatik, behar bezala eta abar sumintzen garela, eta gehiegikeriak eta gabeziak gaitzets daitezkela, leunki, txikiak badira; gogor, berriz, handiagoak badira, eta oso gogor, larriak badira. Argi dago, beraz, erdiko azturari eutsi behar diogula. (10) Beude esanda, bada, sumindurari buruzko azalpenak.
VI
[aldatu]Harremanetan, bizikidetzan eta hitza eta ondasun-trukaketan, batzuek atsegingarriak dirudite, edozer laudatzen dute atsegina emateko eta ez diote ezeri trabarik jartzen; aitzitik, topo egiten dituztenei atsekaberik ekarri behar ez dietela pentsatzen dute. Beste batzuek, berriz, orori jartzen dizkiote trabak, (15) eta atsekabea sortzen badute, ez dira ezertxo ere kezkatzen; horiei kontentagaitzak eta liskarzaleak deitzen zaie. Beraz, agerian dago aipaturiko azturak gaitzesgarriak direla, eta haien arteko erdikoa, laudagarria; horren arabera, bestalde, behar den guztia eta behar bezala onartuko dugu, eta, berdin, arbuiatu ere egingo dugu. Aztura horrek ez du inolako izenik jaso, baina adiskidetasunaren antza handia du, bereziki; (20) erdiko aztura hori duena, hain zuzen ere, adiskide zintzoa izendatzen duguna bezalakoa izango da, maitasuna gehitzen badiogu. Hala ere, aztura hori adiskidetasunetik bereizten da, tratua dituenekiko pasiorik eta maitasunik ez duelako, ez baitu aztura horrek gauza oro behar bezala onartzen maitatzeagatik edo gorrotatzeagatik, berez horrelakoa izateagatik baizik. (25) Izan ere, berdin jokatuko du bai ezezagun eta ezagunekin, bai etxekoekin eta arrotzekin, baina kasu bakoitzean egokia den bezala, ez baita bidezkoa etxekoez eta arrotzez berdin arduratzea, ezta berdin atsekabetzea ere. Horrela, bada, esanda dago aztura hori duenak, oro har, besteekiko harremanetan behar bezala jokatuko duela, eta sufrimendurik ez eman edo atseginak emateko joera badu, noblea eta onugarria dena hartuko du kontuan, (30) giza harremanetan sorturiko atsegin eta atsekabeekin zerikusia omen baitu. Bere ustez poza ematea ezaina edo kaltegarria den kasu horietan guztietan, egiteari uko egingo dio, eta nahiago izango du atsekabetu; eta zerbait egiterakoan bere ekintzak desegokitasun bat –eta ez txikia, hain zuzen ere– edo kalte bat ekartzen badio, eta kontrakoak, aldiz, (35) nahigabe txiki bat, ez du lehenago ekintza onartuko; aitzitik, uko egingo dio. Bestalde, goi-mailakoekin eta herri xehearekin harreman ezberdinak izango ditu, (1127a) eta hobeto edo gutxiago ezagunekin, eta, berdin, gainerako ezberdintasunei dagokienez ere; eta bakoitzari begirune egokia emango dio, eta berez aukeratuko du atsegina ematea, eta saihestuko du nahigabea sortzea; eta ondorioak –noblezia eta onura, alegia– kontuan hartuko ditu garrantsitsuagoak badira. Halaber, geroko atsegin handi batengatik (5) nahigabe txiki bat eragingo du. Beraz, horrelakoa da erdiko aztura duena, baina ez du izenik.
Atsegina eragiten dutenen artean, atsegina izateagatik eta beste zerbaitengatik egiten ez duena, adeitsua da; onura lortzeagatik egiten duena –bai dirutan, bai diruz lorturiko gauza horietan–, losintxaria; (10) bestalde, esana dugu gauza oro arbuiatzen duena kontentagaitza eta liskarzalea dela. Muturrek elkarren aurkakoak dirudite erdiko terminoak izenik ez duelako.
VII
[aldatu]Harrokeriaren eta ironiaren arteko erdikotasuna ere bada, gutxi gorabehera, gauzari berberari buruzkoa, eta horrek ere ez du izenik. Halaber, ez legoke gaizki horrelako azturak ere aztertzea, (15) aiurriari buruzko kontuak hobe ezagutuko baikenituzke banako kasuak aztertu eta bertuteak erdiko terminoak direlako uste osoa izan ondoren, edozein kasutan honela dela igarrita. Bizikidetzan, hurkoei atsegina edo nahigabea emateko joera dutenak aipatu ditugu jadanik; baina orain hitz egin dezagun egiazki edo gezurti jokatzen dutenei buruz, (20) bai hitzetan, bai ekintzetan, nahiz itxura egitean.
Badirudi, orduan, harroputza dela ekintza ospetsu jakin bat, berea ez izanik, berea delako itxura egiten duena, edo dagokiona baino neurri handiagoan delako itxura egiten duena; gainzuritzaileak, ostera, dagokiona ezeztatu edo txikiagotu egiten du; erdikoa, berriz, gizaki tolesgabea izanik, egiazalea da, bai bizitzan bai hitzetan, (25) eta berez dagokiona onartzen du, ez gehiago ez gutxiago. Gauza horiek guztiak helburu batez edo helbururik gabe egin daitezke; eta, gizon orok bere izaeraren arabera hitz egin, jokatu eta nolabaiteko bizimodua du, helburu batengatik jokatzen ez badu. Bestalde, faltsukeria ziztrina eta gaitzesgarria da berez, eta egia, ederra eta laudagarria; (30) horrela ere, gizaki egiatia, erdiko terminoa izanik, laudagarria izango da, eta gizaki gezurtiak, bata eta bestea, gaitzesgarriak, baina neurri handiagoan gizaki harroputza.
Hitz egin dezagun bata eta besteari buruz, baina lehendabizi egiatiari buruz. Hala ere, ez gara ari hitzarmenetan edo zuzengabekeriari edo zuzentasunari dagozkion gauza horietaz, egiatia denari buruz (hori guztia beste berturte bati bailegokioke), (1127b) baizik eta egiatia denari buruz, egiatia izateak inolako desberdintasunik ekartzen ez duen egoeretan, ez bere hizketan, ez bere bizimoduan, horrelako aztura izateagatik. Horrelako gizakia zintzoa liteke, egia maite duenak eta axolarik ez duen egoeran egia esaten duenak, arrazoi handiagoz ere axola duten egoeretan esango baitu egia, (5) faltsukeria lotsagarria bailitzan saihestuko baitu –gezurra berez saihesten zuen horrek, hain zuzen ere–; horrelako gizakia laudagarria da. Eta hura egiatik gabeziaz urruntzen da batik bat –orekatsuagoa agertzen baita–, gehiegikeriak higuingarriak direlako. Inolako arrazoiarengatik bere buruari dagokiona baino gehiago delako itxura egiten duenak (10) gizaki ziztrinaren antza du (ez bailitzateke bestela faltsukerian poztuko), baina agerian dago gaiztoa baino, harroputza dela. Hala ere, arrazoi batengatik egiten badu, loriarengatik edo ohorearengatik, alegia, ez da harroputza bezain gaitzesgarri; baina diruagatik edo dirua lortzeko edozerengatik egiten duena askoz ere lotsagarriagoa da (harroputza izatea ez datza ahalmenean, hautapenean baizik, (15) harroputza izaten baita aztura baten arabera eta joera jakin bat izateagatik); horrela ere, gezurtia da faltsukeriaren baitan pozten dena, edo loria nahiz etekina irrikatzen duena. Beraz, loriarengatik harroputzak direnek goraipamenak edo zorionak eskuratzen dituzten gauzak dituztelako itxura egin ohi dute, eta etekinengatik harroputzak direnek, berriz, hurkoentzat onuragarriak ere diren gauzak dituztelako itxura egin ohi dute, gauza horien gabezia ezkutuan gorde baldin badaitezke, (20) aztiaren, jakintsuaren eta sendagilearen kasuetan bezala. Hau dela eta, gehienek horrelako itxura hartzen dute eta harropuztu egiten dira, esandako baldintzak haietan betetzen baitira.
Gainzuritzailek, euren ezaugarriak txikiagotzen dituztenek, aiurria askoz atsegingarriagoa omen dute, horrela hitz egiten omen baitute ez etekinengatik, arrandia saihesteagatik baizik. (25) Horiek ere gauza ospetsuak ukatzen dituzte gehienbat, Sokratesek egiten zuen bezala. Baina ezaugarri txikiak eta begien bistakoak ez dituztelako itxura egiten dutenei azaluts esaten zaie, eta askoz ere arbuiagarriagoak dira; eta, noizbehinka, harropuzkeria dirudi, lakoniarren jantzia bezala, harropuzkeria baitira, hain zuzen ere, bai gehiegikeria bai gehiegizko gabezia. Baina gainzurikeriaz neurrian baliatzen direnak (30) eta gainzurikeria arruntegiak eta begien bistakoak ez diren gauzetan erabiltzen dituztenak, atsegingarriak suertatzen dira.
Badirudi, orduan, egiazaleraren aurkakoa harroputza dela, txarragoa baita.
VIII
[aldatu]Bizitzan atsedenaldiak ere daudenez, eta horiek olgetan igaro daitekeenez, badirudi egoera horretan ere badagoela nolabaiteko tratu adeitsua, (1128a) non behar dena eta behar bezala esaten eta, halaber, entzuten den. Eta alde handia ere izango da solaskideen eta hiztunen arabera. Eta agerian dago horren inguruan ere badirela erdiko terminoarekiko gehiegikeria bat eta gabezia bat. Horrenbestez, barregarrikerietan neurria gainditzen dutenek zantarrak (5) eta gogaikarriak dirudite, barregarri azaltzeko irrikitan daude, eta gauza egokiak esateko eta isekatua dena ez nahigabetzeko baino barre eragiteko joera dutela neurri handiagoan. Bestalde, ezer barregarririk esateko gai ez diren horiek eta esaten dutenekin gustura ez daudenek zarpailak eta mukerrak dirudite. Besteekin txantxetan modu adeitsuz dabiltzanak, aldiz, (10) gatzduntzat hartzen ditugu, hots, aiurri onekoak, horrelako mugimenduek aiurriarenak baitirudite, gorputzak mugimenduengatik epaitzen ditugun moduan, aiurriak ere epaitzen ditugu horrela. Gauza barregarriak ugari direnez, eta gizaki gehienek txantxekin eta isekekin behar bezala baino atsegin gehiago hartzen dutenez, zakarrei ere esaten zaie gatzdunak, (15) eta atsegingarritzat hartzen dira; baina esandakoa kontuan hartuta, agerian dago haien artean aldea dagoela, eta ez txikia.
Kontuz ibiltzea ere bada erdiko azturaren berezkoa; eta kontuz ibiltzen denaren berezkoak dira esatea eta entzutea gizaki zintzoari eta eskuzabalari dagozkien gauza horiek; horrelako gizakiak, hain zuzen ere, olgeta moduan gauzak esan eta entzun ditzake, (20) eta gizaki librearen txantxak eta morroiarenak desberdinak dira, baita ongi heziarenak eta gaizki heziarenak ere. Hori, hain zuzen ere, komedietan ikus daiteke, bai aintzinakoetan bai gaur egungoetan, haietan komikotasuna hizkera lizunean baitatza, eta horietan, berriz, aieruetan; eta horiek oso desberdinak dira begiruneari dagokionez. (25) Beraz, definitu behar da iseka egoki egiten duena gizaki libre batentzat gauza desegokirik ez esateagatik, ala entzuten duena ez nahigabetzeagatik edo gozarazteagatik? Baina, horrelako definizioa ere, behintzat, ez al da zehaztugabea izango? Izan ere, gizaki batentzat gauza jakin bat gorrotagarria da eta beste batentzat, berriz, atsegina. Baina, horrelako txantxak ere entzungo ditu, entzuten duenean jasaten dituen txantxak egin omen baititzake. Hala ere, ez du edozein txantxa egingo, (30) iseka nolabaiteko iraina baita, eta legegileek zenbait irain debekatzen dituzte; eta agian iseka batzuk ere debekatu beharko lituzkete. Horrela, gizaki atseginak eta libreak legea bere baitan bailitzan jokatuko du. Beraz, horrelakoa da erdiko terminoa, kontuz ibiltzeagatik nahiz gatzduna izateagatik definituta. Zakarra, berriz, barre egiteko joeraren menpe dago, eta barre eragin badezake ez ditu errespetatuko (35) ez bere burua, ez gainerakoak; eta hori lortzeko esango ditu ongi hezitako gizakiak inolaz ere esango ez lituzkeen gauzak, (1128b) baita entzungo ez lituzkeen gauza batzuk ere. Gizaki zarpaila, bere aldetik, ezgaia da horrelako jolasetarako, ez baitu parte hartzen, eta edozerk haserratzen du; bestalde, badirudi bizitzan atsedena eta olgeta beharrezkoak direla.
Beraz, aipaturiko erdiko terminoak –bizitzan ematen direnak– hiru dira, (5) eta hirurak dira harremanetan eginiko hitz eta ekintza jakin batzuei buruzkoak. Haien artean bereizten dira, bat egiari buruzkoa delako, eta besteak atseginari buruzkoak. Atseginari buruzkoen artean, bata olgetan gertatzen da, eta bestea, bizitzaren beste edozein harremanetan.
IX
[aldatu](10) Ez da komeni lotsari buruz hitz egitea hori nolabaiteko bertutea bailitzan, azturaren antza handiagoa baitu pasio batena baino. Nolanahi ere, ospe-galtzearen nolabaiteko beldurra definitzen da, eta gauza ikaragarriei buruzko beldurretik oso gertua da, lotsa sentitzen dutenak gorritu egiten baitira, eta heriotzaren beldur direnak, zurbildu. Horrenbestez, agerian dago bata eta bestea, nola edo hala, gorputz-erasanak direla, (15) eta hori, hain zuzen ere, pasioaren berezkoagoa da azturarena baino. Hala ere, pasioa ez zaio egokitzen edozein adini, gaztaroari baizik; izan ere, pentsatzen dugu gazteak lotsatiak izan behar direla, pasioaren menpe bizi izanik, sarritan okertzen direlako, baina lotsak eutsi egiten ditu; bestalde, gazte herabetiak laudatzen ditugu, baina inork ez luke zahar bat laudatuko lotsatia izateagatik, (20) lotsatzeko ezer egin behar ez duela pentsatzen baitugu. Bestalde, gizaki zintzoak ere ez du lotsarik sentitzen, lotsa ekintza ziztrinetan sortzen baldin bada, horrelako ekintzarik egin behar ez delako (eta ez du batere axola ekintza horiek benetan diren lotsagarriak edo gizakien iritziz, ez baita ez bata ez bestea egin behar, horren ondorioz lotsa ez gaitezen); (25) baina ziztrina dena, aldiz, zerbait lotsagarria egiteko modukoa da. Eta horrelako ekintzaren bat egin ondoren bere azturaren ondorioz lotsatzea, eta horregatik zintzoa dela pentsatzea, zentzugabea da, lotsa borondatez egindako ekintzetan sortzen baita, eta zintzoak ez du inoiz ezer ziztrinik borondatez egingo. Lotsa onbidetsua izan liteke hipotetikoki, (30) norbaitek horrelakorik egingo balu, lotsatuko bailitzateke; baina horrek ez du zerikusirik bertuteekin. Baina lotsagabekeria eta gauza lotsagarriak egiteaz ez lotsatzea ziztrina bada, horrelakoak egiteaz lotsatu arren, ez da zintzoa izango. Baina norbera meneratzea ere ez da bertute bat izaten, nolabaiteko nahastea baizik; baina hari buruz aurrerago emango da azalpena. Orain mintza gaitezen zuzentasunaz.