Nikomakorentzako etika/Hirugarren liburua

Wikitekatik
Nabigaziora joan Bilaketara joan
Nikomakorentzako etika  (K.a. 349)  Aristoteles, translated by Javier Aguirre Santos
Hirugarren liburua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Hirugarren liburua

I[aldatu]

(30) Bertutea pasioei eta ekintzei buruzkoa denez, eta borondatezko pasio eta ekintzek goraipenak eta gaitzespenak, baina nahi gabekoek barkamena eta, batzuetan, errukia jasotzen dituztenez, bertuteari buruz aztertzen dutenentzat agian izango da beharrezkoa borondatezkoa eta nahi gabekoa zer den zehaztea, baita legegileentzat ere onuragarria, ohoreei eta zigorrei begira. (35) Hortaz, badirudi nahi gabekoak indarkeriaz edo ezjakitez gertaturikoak direla; (1110a) indarrez behartua da bere printzipioa kanpoan duen hori, eta printzipioa den moduan egileak eta jasaleak ez diote ezertan delako horri laguntzen; adibidez, haizeak norbait edonora eramaten baldin badu, edo nagusi zaizkion gizakiek eramana baldin bada. Gaitz handiagoen beldurrez edo gauza eder jakin batengatik egiten diren gauza guztiei dagokienez, zalantzazkoa da nahi gabekoak diren ala borondatezkoak–; (5) adibidez, norbaiten gurasoak eta seme-alabak tirano baten menpe egonik, baldin eta horrek hari zerbait lotsagabea egiteko aginduko balio, eta agindua beteta, haiek salbatuko balira, baina bete ezean, hilko balira–. Beste horrenbeste gertatzen da ekaitzetan zamak botatzen direnean; egia esan, ez du inork borondatez botatzen, (10) baina beren buruaren eta gainerakoen salbazioarengatik egiten dute hori zentzudun guztiek. Beraz, horrelako ekintzak mistoak dira, baina borondatezkoen antza handiagoa dute, egiten diren momentuan aukeratuak baitira, eta ekintzaren helburua egokierari dagokiolako. Beraz, bai nahi gabekoa bai borondatezkoa egileak egiten duen unean esan behar da; (15) baina borondatez egiten du, horrelako ekintzetan gorputz-atalak mugitzen dituen printzipioa egilearen baitan dago-eta; bestetik, ekintzen printzipioa egilearen baitan badago, egitea edo ez egitea ere egongo da haren esku. Beraz, horrelako ekintzak borondatezkoak dira, baina zentzu absolutuan agian izango dira nahi gabekoak, ez bailuke inork horrelako ekintzarik berez aukeratuko. Horrelako ekintzei dagokienez, gizakiak laudatuak ere badira batzuetan, (20) kausa handi eta noble baten truke zerbait lotsagarri edo neketsuari eusten diotenean; eta, alderantziz, gaitzetsiak ere badira, onurarik gabe edo ezer gutxiren truke gauzarik laidogarrienak jasatea ziztrinari baitagokio berez. Zenbait kasutan, aldiz, ez da goraipena gertatzen, barkamena baizik: giza izaera gainditzen duen eta (25) inork jasan ez lezakeen egoera baten menpe egonik, norbaitek egin behar ez duena egiten duenean. Hala ere, gauza jakin batzuk agian ezin dira behartuta egin; aitzitik, sufrimendurik ikaragarrienak jasan ondoren, hiltzea nahiago behar da; izan ere, Euripidesen Alkmeon bere ama hiltzera behartu zuten arrazoiak, hain zuzen ere, barregarri azaltzen dira [1] . Hala ere, zenbait kasutan bi ekintzatan zein aukeratu behar (30) eta zein jasan behar den bereiztea nekeza da, baina askoz ere nekazagoa ere bada harturiko erabakiei eustea, zeren gehienetan itxaroten duguna mingarria baita; eta behartuta egin behar duguna, berriz, lotsagarria; hori dela eta, ematen dira goraipenak eta gaitzespenak, gizakiak behartuak izan ala ez izan.

(1110b) Beraz, nolako ekintzei deitu behar zaie indarrez behartuak? Akaso ekintzak ez dira behartuak, zentzu absolutuan, kausa kanpoan egonda egileak ezertan parte hartzen ez duenean? Bestalde, berez nahi gabeko ekintzak, baina egoera jakin batean eta ondorio jakin batzuk ekiditeko aukeratuak direnak eta printzipioa egilearen baitan duten horiek, berez nahi gabekoak badira ere, (5) egoera jakin batean eta ondorio jakin batzuk ekiditeko borondatezkoak dira. Hala ere, borondatezkoen antza handiagoa dute, ekintzak banako gertaeretan baitira, eta gertaera horiek borondatezkoak dira. Ez da erraza, ordea, zenbait aukeratan zein hautatu behar den zehaztea, banako kasuetan desberdintasun anitz gertatzen baita.

Baina norbaitek esango balu atseginak eta ederrak diren gauzak behartuak direla (10) (kanpokoak izanik behartzen baikaituzte), beraren ustez gauza guztiak lirateke behartuak, haiei esker denek egiten baitute gauza oro; gainera, bortxatuta eta nahi gabe egiten dutenek atsekabez egiten dute, eta atsegina eta ederra denarengatik egiten dutenek, atseginez; eta barregarria da errua kanpoko gauzei egoztea, –eta ez, nork bere buruari, horrelako gauzek edonor hain erraz harrapatzen dituztelarik– eta, bestalde, gertaera ederrak bere buruari eranstea, (15) eta laidogarriak, berriz, plazerari. Beraz, ekintza indarrez behartua bere prinzipioa kanpoan duena da, nonbait, beharra jasaten duenak ezertan lagundu gabe.

Ezjakitez egiten den oro ez da borondatezkoa, eta nahi gabekoa, atsekabea eta damua dakartzana; edozer ezjakitez egin duenak, (20) eginarekiko inolako aladurarik gabe, ez zuen borondatez egin, jakinik egiten ez zuelako bederen, ezta nahi gabe ere, atsekabetzen ez delako behintzat. Beraz, ezjakitez egiten dutenen artean, badirudi damua sentitzen duenak borondatez egiten duela; baina damurik sentitzen ez duenak, desberdina denez, ez du borondatez egin, nonbait; izan ere, desberdina denez, hobe da izen berezia edukitzea. Gainera, (25) badirudi ezjakitez egitea eta jakin gabe egitea ere desberdinak direla, mozkor dagoenak edo sumintzen denak ez omen baitute ezjakitez egiten, aurretik esandako zerbaitengatik baizik, hots, jakinik ez, jakin gabe baizik. Izan ere, zital orok ez daki zer egin behar duen eta zeri egin behar dion uko, eta horrelako hutsegitearen ondorioz bihurtzen dira bidegabe eta, oro har, gaizto. (30) Nahi gabeko ekintza esaten da ez norbaitek onuragarri dena ezagutzen ez duenean, hautapenaren inguruko ezjakintasuna ez baita nahi gabeko ekintzen kausa, zitalkeriarena baizik; eta ezjakintasun orokorrarena ere ez (horrengatik behintzat baitira gizakiak gaitzetsiak), banako ekintzaren baldintzen eta objektuaren ezjakintasuna baizik; (1111a) izan ere, bai errukia bai barkamena baldintza horietan dautza, horietako bat ezagutzen ez duena nahi gabe ari delako. Beraz, agian ez da soberan izango honi guztia zehaztea, hots, zein eta zenbat diren, zeinek egiten duen eta zer, zeri buruz eta zertan; eta batzuetan zertaz (5) –zein tresnaz, alegia– eta zergatik –salbazioarengatik, alegia– eta nola –lasaiki edo bortizki, alegia–.

Hala ere, inork ez luke hori guztia alde batera utziko –erotuta ez balego, behintzat–, ezta, jakina, egiten duena ez ezagutu ere; izan ere, nola lezake nork bere burua, behintzat, ezagutu ez? Baliteke, ostera, norbaitek egiten duena ez ezagutzea; adibidez, hizketan ari zela norbaiti zerbaitek ihes egin diola edo norbaitek zerbait sekretua dela ez zekiela esaten da –misterioei dagokienez (10) Eskilok egin zuen bezala–, edo erakutsi nahi zuen hartan mekanismoa jaurti zitzaiola, katapultaren kasuan bezala. Halaber, norbaitek bere semea etsaia dela pentsa lezake, Meropek bezala; eta burdinezko puntadun lantza kamusturik zegoela, edo harri hura pomiz harria zela; edo norbait salbatzeko asmoz, edaria emanda hura hil; eta norbaiti ukitu nahi izanda, zauritu jipoitzean esku-borrokan bezala. (15) Beraz, ezjakitea ekintzaren baldintza horietan guztietan gerta daitekeenez, horietako bat ezagutzen ez duenak nahi gabe egin duela pentsatzen da, gehienbat ezjakitea baldintza garrantzitsuenetan gertatzen bada, eta garrantzitsuenak ekintzarenak eta helburuarenak direla pentsatzen da. Ezbairik gabe, horrelako ezjakitea dela-eta nahi gabe egin duenarentzat, (20) ekintza atsekabetua eta damutua izan behar da.

Nahi gabeko ekintza bortxaz eta ezjakitez egiten dena izanik, borondatezkoa printzipioa bere baitan duena eta banako ekintzaren baldintzak dakizkien hori dela pentsa liteke; izan ere, ziur aski ez da zuzena nahi gabeko ekintzak (25) haserrez edo desiraz egindakoak direla esatea. Lehen-lehenik, hain zuzen ere, gainerako animalietan, batek berak ere ez luke borondatez ezer egingo, eta umeek ere ez; bigarrenik, akaso ez dugu borondatez egiten haserrez edo desiraz egindako ezer? Edo, akaso, ekintza ederrak borondatez egiten ditugu, baina lotsagarriak, nahi gabe? Edo, kausa bakar bat izanik, hau barregarria litzateke? Baina, ziur aski, zentzugabea da (30) gogokoak izan behar diren gauza horiek nahi gabekoak direla esatea; ostera, zenbait gauzarengatik sumindu behar da, eta, beste batzuk, desiratu, osasuna eta ezaguera, alegia. Bestalde, badirudi nahi gabekoak atsekabeak direla, eta desiraren araberakoak, atseginak. Eta bestalde, nahi gabekoak izanez gero, zertan bereizten dira nahita egindako eta haserrez egindako okerrak? Izan ere, batzuk eta besteak saihestu behar dira. (1111b) Baina pasio irrazionalak beste pasioak bezain gizatiarrak dira; hortaz, haserrez eta desiraz egindako ekintzak ere badira giza ekintzak. Beraz, ekintza horiek nahi gabekotzat hartzea zentzugabea da.

II[aldatu]

Borondatezko dena eta nahi gabekoa dena zehaztuta gero, (5) hautapenari buruz aritu behar da, bertutearen berezkoena baita, nonbait, eta ekintzak baino hobea da aiurriak epaitzeko. Argi dago, zalantzarik gabe, hautapena borondatezko zerbait dela, baina ez da gauza bera, borondatezkoa dena zabalagoa baita; izan ere, borondatezkoan umeek eta gainerako animaliek ere hartzen dute parte, baina ez hautapenean, eta bat-bateko ekintzei (10) borondatezkoak esaten diegu, baina ez hautatuak. Hautapena, desira, sumindura, gogoa edo nolabaiteko iritzia dela esaten dutenek ez omen dute zuzen esaten, hautapena ez baitugu inolaz ere baterako irrazionalekin; desira eta sumindura, ordea, bai. Eta gizaki meneraezinak desiraz egiten du, baina ez hautatuz; meneratuak, aitzitik, (15) hautatuz, baina ez desiratuz. Eta hautapenari desirak egiten dio aurka, baina ez desirak desirari. Eta desira atsegingarri denarena eta atsekabegarri denarena da; baina hautapena, ez atsekabetsuarena ez atsegingarriarena.

Are gutxiago ere bulkada, bulkadaz egindakoa ez omen baita inolaz ere hautapenaren araberakoa; gogoa ere ez, (20) nahiz eta oso hurbil agertu; izan ere, ezinezkoa denaren hautapenik ez dago, eta baten batek hori hautatzen duela esango balu, ergela litzateke; gogoa, berriz, ezinezkoa denarena ere bada, hilezkortasunarena, alegia. Gainera, gogoa norbaitek bere kabuz inolaz ere egingo ez lituzkeen gauzei buruzkoa ere bada, adibidez, aktore edo atleta jakin bat garaile ateratzearen gogoa; (25) baina inork ez du horrelakorik hautatzen, bere ustez bere kabuz egin ditzakeen horiek baizik. Bestalde, gogoa helburuarena da neurri handiagoan, eta hautapena, berriz, helbururantz gidatzen duten baliabideena; esate baterako, osasuna izan nahi dugu, baina osasuntsu izateko baliabideak hautatzen ditugu, eta zoriontsua izan nahi dugu –eta horrela esaten dugu–, baina hautatzen dugula esatea ez da egokia, hautapena, oro har, (30) gure menpe dauden gauzei buruzkoa omen delako.

Hautapena, zalantzarik gabe, iritzia ere ez da, iritzia gauza guztiei buruzkoa omen baita, eta inolaz ere ez gutxiago betierekoei eta ezinezkoei buruzkoa, gure menpe dauden gauzei buruzkoa baino; eta iritzia bereizten da faltsua edo egiazkoa izateagatik, ez ona edo txarra izateagatik; eta hautapena, neurri handiagoan, azken hauetatik bereizten da. Beraz, laburbilduz, (1112a) inork ez du ziur aski esango hautapena eta iritzia gauza bera direnik; ezta iritzi jakin bat ere, ona edo txarra dena hautatzeagatik baitugu nolabaiteko aiurria, baina ez iritzia izateagatik. Eta haietako bat hartzea edo saihestea hautatzen dugu, baina horri deritzogu zer den edo nori komeni zaion edo nola; (5) baina inolaz ere ez deritzogu hartzea edo saihestea. Eta hautapena neurri handiagoan da laudatua behar bezalakoa izateagatik, zuzena izateagatik baino; iritzia, berriz, egiazkoa izateagatik. Bestalde, ona dela ongi ezagutzen dugun hori hautatzen dugu, baina ongi ezagutzen ez ditugun gauzei buruz ematen dugu iritzia. Onena hautatzen dutenak eta onenari deritzotenak ez omen dira gizaki berberak; batzuek onenari irizten diote, baina (10) bizio batengatik ez dute hautatu beharrekoa hautatzen. Gainera, iritzia hautapenaren aurretikoa den edo hurbiletik jarraitzen dion ez du batere axola, ez baitugu hori aztertzen, hautapena nolabaiteko iritzia ote den baizik.

Beraz, aipaturikoetan bat bera ere ez denez, zer da edo nolakoa da hautapena? Agerikoa da, jakina, borondatezkoa dirudiela; hala ere, borondatezko oro ez da hautagarria. (15) Baina, izango ote da aldez aurretik hausnartua dena? Izan ere, hautapena arrazoinamenduarekin eta pentsamenduarekin batera doa, eta bere izenak ere adierazten omen du hura beste zenbait gauzaren aurrean aukeratua izan dela.

III[aldatu]

Hausnarketa gauza orori buruz egiten dugu eta gauza oro hausnargarria da, ala gauza batzuei buruz ez dago hausnarketarik? Agian esan beharko zaio (20) hausnargarri ez ergel batek edo ero batek hausnar lezakeen horri, zentzudunak hausnartuko lukeen horri baizik. Izan ere, inork ez du hausnartzen betiereko gauzei buruz, adibidez, unibertsoaren ordenari buruz, edo diagonalari eta aldeari buruz, neurtezinak direlako; ezta mugimenduan dauden gauzei buruz ere, beti berdin gertatu egiten baitira, nahitaez, izatez (25) edo nolabaiteko beste kausa batez, solstizioak eta astroen irteerak bezala; ezta batzuetan era batean eta beste batzuetan beste era batean gertatzen diren gauzei buruz ere, lehorteak eta euriteak bezala; ezta halabeharrezko gauzei buruz ere, altxorraren aurkikuntza bezala; baina giza kontu orori buruz ere ez; adibidez, lakedemoniar batek berak ere ez du hausnartzen eszitarrak nola goberna litezkeen era bikainean, (30) kasu horiek guztiak ez bailirateke gure kabuz gertatuko.

Baina gure esku daudenei eta egingarri diren gauzei buruz hausnarketa egiten dugu, eta hori ere aipatzeakoa da. Izan ere, kausatzat natura, beharra eta halabeharra hartzen dira, baita adimena eta gizakiaren esku dagoen gauza oro ere. Eta gizaki orok bere kabuz egin ditzakeen gauzei buruz hausnartzen du. (1112b) Ezaguera zehatzei eta autarkikoei dagokienez ere ez dago hausnarketarik, adibidez, letrei buruz (idazterakoan ez baitugu zalantzarik); baina gure kabuz gertatzen den horri guztiari buruz, beti berdin ez bada ere, hausnartu egiten dugu; adibidez, medikuntza-kontuei eta irabaziak lortzeko arteari buruz; (5) eta ontzia gobernatzeko arteari buruz, gimnastikari buruz baino gehiago, hura hori bezain zehaztuta ez dagoen neurrian; eta berdin gainerako guztiari buruz ere, eta arteei buruz, zientzei buruz baino gehiago, haiei buruz zalantza gehiago izaten baitugu. Hausnarketa, gehienetan, era jakin batean gertatu baina beren ondorioak zalantzagarriak izango diren gauzez egiten da, baita ondorio zehaztugabeko gauzez ere; (10) bestalde, gai garrantzitsuetan aholkulariak hartzen ditugu, geure buruan konfiantza handirik izan ezean, erabakitzeko gai izango ez garela pentsatzen dugulako. Baina ez dugu hausnarketa egiten helburuei buruz, helburuetarako baliabideei buruz baizik. Izan ere, sendagileak ez du hausnartzen sendatuko ote duen, ezta hizlariak limurtuko ote duen, ezta politikoak gobernu ona osatuko ote duen, ezta gainerakoek beren helburuari buruz ere; (15) aitzitik, nolabaiteko helburua ezarrita gero, aztertzen dute hura nola eta zein baliabideren bidez lortu; eta agerian baldin badago baliabide askoren bidez lor daitekeela, zeren bidez lor daitekeen errazago eta ederkiago ikertzen dute, eta baliabide bakar baten bidez erdietsi badaiteke, horren bidez nola lortuko den eta, era berean, azken hori zeren bidez, kausa leheneraino iritsi arte, aurkitzen den azkena dena. (20) Badirudi hausnartzen duenak, hain zuzen ere, esandako eran ikertzen eta analisia zuzentzen duela, irudi geometriko bat bezala (hala ere, agerikoa da ikerketa oro ez dela hausnarketa –adibidez, matematikak–, baina hausnarketa oro ikerketa da), eta analisian azkena dena lehendabizikoa da sortzean. Eta ezinezko zerbait topatzen badute, (25) alde batera uzten dute, adibidez, norbaitek diruaren premia izanik eskuratzeko gai ez bada; baina ahalezkoa azaltzen bada, egiten saiatzen dira. Ahalezkoak dira gure kabuz egin daitezkeen horiek; gure lagunen bidez egin daitezkeenak, hain zuzen ere, guk egindakoak dira nolabait, printzipioa gure baitan baitago. Batzuetan baliabideak ikertzen dira, beste batzuetan, haien erabilpena; (30) eta berdin gainerako alorretan: batzuetan zeren bidez egiten den ikertzen da, beste batzuetan nola edo noren bidez.

Beraz, badirudi, esanda dagoen bezalaxe, gizakia ekintzen printzipioa dela, eta hausnarketa norberak egin ditzakeen gauzei buruzkoa dela, eta ekintzak beste zerbaitengatik egiten direla; hausnarketaren objektua ezin baita helburua izan, helburuetara gidatzen duten baliabideak baizik; ezta banako gauzak ere, (1113a) adibidez, hau ogia ote den, edo behar bezala errea dagoen, gauza horiek zentzumenezko gauzak baitira; eta etengabe hausnartzen bada, infiniturantz joango da. Hausnarketaren objektua eta hautapenaren objektua gauza bera da, hautapenarena jadanik zehaztuta badago ere, hautatzen dena hausnarketaren ondorioz erabaki dena baita. (5) Izan ere, denok uzten diogu nola egingo dugun bilatzeari, prozesuaren printzipioa geuregana eta geure alderdi zuzentzailearengana ekartzen dugunean, hautatzen duena alderdi hori baita. Homerok irudikaturiko aintzinako erregimen politikoetan ere argitzen da hori, erregeek erabakitzen zituzten neurrien berri ematen baitzioten herriari.

Eta hautapena (10) gure esku dauden gauzetan zerbait hausnartua eta gogokoa denez, hautapena ere izango da gure esku dagoen gogoko gauzaren baten hausnarketa, hausnartu ondoren erabakitzen dugunean hausnarketaren arabera izaten baitugu gogoa.

Horrela, bada, azaletik esan dugu hautapena zer den, eta zer nolako gauzei buruzkoa den, eta helburuei begirako baliabideak horiek direla.

IV[aldatu]

(15) Esana dago gogoa helburuarena dela, baina batzuek ongiarena dela uste dute, eta beste batzuek, itxurazko ongiarena. Baina horren arabera, gogoaren objektua ongia dela esaten dutenentzat, zuzen aukeratzen ez duenak gura izaten duena ez da gogoaren objektua (gogoaren objektua baldin bada, ona ere izango baita; baina horrela gertatuko balitz, ongia txarra litzateke); (20) bestalde, borondatearen objektua itxurazko ongia dela esaten dutenentzat, berriz, borondatearen berezko objekturik ez dago, norberari iruditzen zaiona baizik: bati gauza bat, eta beste bati, beste gauza bat; eta horrela gertatuko balitz, kontrako gauzak. Beraz, ondorio horiek asetzen ez bagaituzte, akaso esan beharko dugu, zentzu absolutuan eta benetan, gogoaren objektua ongia dela, baina, banako bakoitzarentzat, ongitzat azaltzen zaiona? (25) Izan ere, gizaki bertutetsuarentzat benetako ongia izango da; baina gizaki ziztrinarentzat, edozer (esate baterako, gorputzei dagokienez ere, gorputz sendoa dutenentzat osasuntsua izango da benetan horrelakoa dena; gaixoentzat, ostera, beste edozer; eta berdin gertatuko zaie mingotsak, gozoak, beroak eta astunak diren gauzekin, baita gainerako guztiarekin ere). Izan ere, gizaki bertutetsuak (30) gauza oro zuzen epaitzen du, eta gauza orotan agertzen zaio egia, aztura bakoitzak berezko gauza ederrak eta atseginak baititu, eta gizaki bertutetsua ziur aski bereizten da nagusiki banako gauza guztietan egia ikusteagatik, bera izanik gauza hauetarako araua eta neurria. Baina gizaki gehienei dagokienez, berriz, badirudi iruzurra atseginaren kausa dela, iruzurrak ongi bat baitirudi, nahiz eta ez izan. (1113b) Beraz, atsegina aukeratzen dute ongi bat bailitzan, eta atsekabea saihesten dute gaizki bat bailitzan.

V[aldatu]

Horrela, bada, gogoaren objektua helburua, baina hausnarketena eta hautapenena helburuetarako baliabideak izanik, horiei buruzko ekintzak (5) hautapenaren araberakoak eta borondatezkoak izango dira, eta horiei buruzkoa ere izango da bertuteen jarduera. Beraz, bertutea ere gure esku dago, eta, berdin, bizioak ere bai. Izan ere, egitea gure esku dagoen bakoitzean, ez egitea ere badago, eta ezezkoa gure esku dagoen bakoitzean, baiezkoa ere bai. Horrenbestez, ongia egitea gure esku badago, era berean, lotsagarria ez egitea ere egongo da gure esku, eta ongia ez egitea gure esku badago, (10) lotsagarria egitea ere egongo da gure esku. Eta ongia eta lotsagarria egitea gure esku badago, eta, berdin, ez egitea, eta hori zen, hain zuzen ere, onak eta bihozgaiztoak izatea, orduan, bertutetsuak eta biziotsuak izatea gure esku izango da. Bestalde, inor ez dela nahita bihozgaiztoa ezta nahi gabe dohatsua ere esateak (15) badirudi, alde batetik, faltsua dela, eta, beste aldetik, egiazkoa, inor ez baita dohatsua nahi gabe, baina zitalkeria borondatezkoa da; edo orain esandakoa agian jarri beharko da zalantzan, eta esan gizakia ez dela ekintzen printzipioa, ezta haien sortzailea ere, seme-alabena den bezala. Baina hori agerikoa bada eta, gure baitako pritzipioetara izan ezik, (20) ezin badugu beste inolako printzipiotara zuzendu, orduan, printzipioa gure baitan duten ekintza horiek ere egongo dira gure esku eta izango dira borondatezkoak. Badirudi horren testigantza ditugula bai gizabanako ororen bizitza pribatua, bai legegileen jarduera, horiek, zitalkeriak egiten dituztenei, horretarako indarrez behartuta edo eragileak direlarik jakin gabe egiten dituzten horiei, zigorrak eta kalte-ordainak ezartzen baitizkiete; (25) gauza ederrak egiten dituztenek, ostera, ohoreak jasotzen dituzte, horiei adorea emateko eta besteei asmoa kentzeko; hala ere, inork ez gaitu bultzatzen gure esku ez dagoena ezta borondatezkoa ez dena egitera, erabat alferrikakoa izango baita beroa, mina, gosea edo horrelako beste edozer ez sentitzera gu limurtzea, edonola ere, gauza bera jasango baitugu. (30) Izan ere, ez jakitea bera zigortzen dute, egilea ezjakitearen eragilea bada; adibidez, mozkortzen direnei zehapen bikoitza ezartzen zaie, ekintzaren printzipioa haien baitan baitago: izan ere, ez mozkortzeko gai ziren eta mozkorraldia izan zen ezjakitearen kausa. Eta ezagutzen nekeza izan gabe ezagutu behar diren legeetan zerbait ez dakitenak ere zigortzen dituzte; (1114a) eta berdin gainerako gauzetan, ez jakitea zabarkeriaren ondorioz gertatzen omen den bakoitzean, jakitea euren esku baitzegoen, jakiteaz arduratzeko gai zirelako. Baina baten bat, agian, hain da horrelakoa, ezen ez baita arduratzen. Hala ere, zabarkeriaz bizi izatearen ondorioz haiek beraiek dira horrelako izaeraren eragileak, (5) baita bidegabeak eta lasakak izatearenak ere; batzuk, gaizki jokatzen dutelako, besteak, denbora edanean eta horrelako gauzetan ematen dutelako, egoera jakin bakoitzeko jarduerak horrelako edo halako bilakatzen baitu gizakia. Eta hori agerikoa da lehiaketa edo ekintza jakin baterako trebatzen direnengan, etengabe prestatzen baitira. Beraz, egoera jakin bakoitzeko jarduerak aztura osatzen duela (10) ez jakitea zeharo burugabea den batek berezkoa du; gainera, zentzugabea da bidegabe jokatzen duenak bidegabea nahi ez izatea, edo lasaka jokatzen duenak, lasaka. Baina, baldin eta baten batek haien ondorioz gizakia zuzengabe izango dela jakinik gauza horiek egiten baditu, borondatez izango da zuzengabea; hala ere, nahi ez izateagatik soilik ez dio utziko zuzengabea izateari eta bilakatuko da zuzena, gaixoa ere osasuntsu bilakatuko ez den bezala. (15) Baina horrela gertatuko balitz, borondatez gaixotuko litzateke, meneratzerik ezaz bizi izateagatik eta sendagileek esana ez egiteagatik; beraz, saihes zezakeen gaixotasuna; baina axolagabetuta, jadanik ezin du, harri bat jaurti duenak ere hura berreskuratu ezin duen bezala; baina, hala ere, hartzea eta jaurtitzea bere esku zegoen, printzipioa bere baitan baitzegoen. Era berean, zuzengabeak (20) eta lasakak hasieran horrelakoak bihurtzea saihes zezaketen, eta horregatik dira borondatez horrelakoak; baina behin horrelakoak bihurtuta gero, jadanik ezin diote izateari utzi.

Eta ez dira arimaren bizioak bakarrik borondatezkoak direnak; aitzitik, eta, kasu batzuetan, gorputzarenak ere gaitzetsi egiten ditugu. Izan ere, inork ez ditu berez itsusiak direnak gaitzesten, baina bai baldarkeriaz eta zabarkeriaz direnak. (25) Eta berdin ahuleziari eta ezintasunari dagokienez, inork ez bailioke ezer aurpegiratuko berez edo gaitz baten edo zauri baten ondorioz itsua denari; aitzitik, erruki lekioke; baina denek gaitzetsiko lukete mozkorraren ondorioz edo beste edozein neurrigabekeriaz itsua dena. Beraz, gorputzari buruzko bizioetan gure esku daudenak gaitzesten dira, baina gure esku ez daudenak, ez. (30) Hori horrela bada, gainerako kasuetan ere gaitzetsitako bizioak gure esku izango dira.

Baina norbaitek esango balu denek itxurazko ongia irrikatzen dutela, baina ezin dutela irudipena menperatu –bakoitza nolakoa izan, (1114b) helburua ere horrelako iruditu baitzaio–. Horrenbestez, bakoitza, bere azturaren beraren eragilea bada, bere irudipenaren eragilea ere izango da nolabait; eta horrela ez bada, ez da inor berak eginiko gaiztakerien eragilea; aitzitik, helburuaren ezjakiteaz egiten ditu gaiztakeriak, (5) baliabide horien bitartez ongi gorena bereganatuko duelako ustea izateagatik; baina helburuaren asmoa ez da norberak aukeraturikoa: eder epaitzeko eta egiaren araberako ongia aukeratzeko beharrezkoa da ikusmena bezalako ahalmen batekin jaiotzea, eta ongi dohatua da ahalmen hori eder eta izatez duena, ahalmen hori handiena eta ederrena baita, beste baten ondoan lortu eta ikas ez daitekeena; (10) aitzitik, jaiotzean jaso zuen bezala izango du, eta hau izatez eder eta ugari edukitzeak buru-argitasun betea eta egiazkoa ekarriko du.

Beraz, hori egia bada, zergatik ote da bertutea bizioa baino borondatezkoagoa? Izan ere, batari eta besteari, gizaki zintzoari eta gizaki gaiztoari, izatez edo beste edonolatan ere, modu berean azaltzen eta egokitzen zaie helburua, (15) eta gainerako guztia, helburu horretarantz zuzenduta, modu egokian jokatzen dute. Beraz, bai bakoitzari helburua modu batez edo bestez izatez azaltzen ez bazaio, nolabait bere baitan ere dagoelako baizik, bai helburua berezkoa bada baina bertutea borondatezkoa –gizaki bertutetsuak gainerako gauzak borondatez egiten dituelako–, bizioa ere ez da neurri gutxiagoz borondatezkoa izango; (20) izan ere, gaiztoaren baitan berdin izango da ekintzetan bere kabuz jartzen duena, helburuan ez bada. Orduan, esan bezala, bertuteak borondatezkoak badira (izan ere, gu geure azturen eragile-kideak gara nolabait, eta nolabaitekoak izateagatik helburu jakin bat hartzen dugu), bizioak ere izango dira borondatezkoak, (25) haiei dagokienez berdin gertatzen baita.

Horrela, bada, oro har esan dugu, bertuteei buruz, laburki, haien generoari dagokienez, haiek direla erdiko terminoak eta azturak; eta sortzen dituzten ekintza berak egiteko joera dutela berez; eta gure esku daudela eta borondatezkoak direla; eta arrazoi zuzenak agintzen dien moduan ere jokatzen dutela. (30) Hala ere, ekintzak ez dira borondatezkoak azturak diren moduan, gure ekintzen kasuan nagusiak baikara hasieratik amaierara banako baldintzak ezagutzen baditugu; azturen kasuan, hasieran gara nagusiak, (1115a) baina haien handitzea ez da hautemangarria, gaixotasunetan gertatzen den bezala; hala ere, horietaz modu batez edo bestez baliatzea gure esku zegoelako, horrexegatik dira borondatezkoak.

Bertuteak banan-banan berrartuz, esan dezagun zein diren, zeri dagozkion eta nola. (5) Aldi berean argi geldituko da zenbat diren.

VI[aldatu]

Eta lehen-lehenik hitz egin dezagun adoreari buruz. Izan ere, hori beldurraren eta ausardiaren arteko erdiko terminoa dela argitu da jadanik. Eta argi dago gauza beldurgarrien beldur garela, eta horiek, hitz batean esateko, gaitzak direla; horregatik, zehazten da beldurra baita gaitz baten susmoren bat bezala ere. (10) Horrela, bada, gaitz guztiak ditugu beldurgarriak, adibidez, aipu txarra, pobrezia, gaixotasuna, lagunik eza, heriotza; baina badirudi adoretsua ez dela adoretsua gauza guztiei dagokienez, batzuen beldur izan behar baita, eta beldur izatea ederra da, eta ez izatea, lotsagarria; adibidez, aipu txarra: horren beldur dena zintzoa eta agurgarria da, eta beldur ez dena, lotsagabea; (15) hala ere, batzuek adoretsua deitzen diote metaforikoki lotsagabeari, adoretsuaren nolabaiteko antza baitu, adoretsua nolabaiteko beldurgabea ere badelako. Baina agian ez da pobreziaren beldur izan behar, ezta gaixotasunarena, ezta, oro har, bizio batetik edo norberaren eraginez sortuak ez diren gaitz horiena ere ez. Baina, gauza horien beldur ez dena adoretsua ere ez da (izen hori nolabaiteko antzekotasunez ematen diogu); (20) izan ere, batzuk, gudaren arriskuetan koldarrak badira ere, eskuzabalak dira eta ondasunen galera kemenez jasaten dute. Eta ez da koldarra ere bere seme-alaben eta emaztearen aurkako irainen beldur bada, edo bekaizkeriarena edo horrelakoren batena; ezta adoretsua ere, zartadak jasotzeko zorian dagoena kementsu agertzen bada.

Beraz, gauza beldurgarrien artean, zeintzuei dagokienez da adoretsua? (25) Beldurgarrienei dagokienez ote da? Izan ere, arriskuak eramateko, ez da adoretsua bezalakorik. Baina beldurgarriena heriotza da, muga bat baita; eta hilda dagoenari ezer ez zaio dagoeneko ezer ona iruditzen, ezta txarra ere. Hala ere, badirudi gizaki adoretsua heriotzaren aurrean ez dela beti adoretsu azaltzen, adibidez, itsasoan edo gaixotasunetan. Beraz, zein kasutan? Kasu ederretan ote da? (30) Horrelakoak gudarenak dira, arriskurik handiena eta ederrena gertatzen baita; eta hiriek eta monarkek eskainitako ohoreak ere badira arrisku haien araberakoak. Hortaz, zentzurik gorenean, adoretsua deitu lekioke heriotza eder baten eta heriotza dakartzaten arrisku gertu horien beldur ez denari, eta horrelako arriskuak, (35) gehienbat, gudarenak dira. Hala eta guztiz ere, itsasoan eta gaixotasunetan ere adoretsua beldurgabea da, (1115b) baina ez itsasgizonak diren moduan: haiek, hain zuzen ere, salbazioaren itxaropena galdu dute eta horrelako heriotza kostata jasaten dute; besteek, berriz, esperientziari esker dute itxaropena. Aldi berean, gizakiek ausarki jokatzen dute kemena behar den egoeretan (5) edo hiltzea ederra denean; baina horrelako hondamendietan ez da gertatzen ez bata ez bestea.

VII[aldatu]

Beldurgarria ez da gauza bera guztientzat, eta gizakia gainditzen duen zerbaiti buruz ere hitz egiten dugu. Hori da beldurgarria, hain zuzen ere, gizaki zentzudun ororentzat. Baina gizakiari dagozkion gauza beldurgarriak tamainean eta graduan bereizten dira (10) (eta bihotz ematen diotenak ere bai). Hala ere, adoretsua izukaitza da gizakia den aldetik; horrenbestez, horrelako gauzen beldur izango da, baina behar bezala eta, arrazoimenak iradokitzen dion bezala, ederra denarengatik, hori baita bertutearen helburua. Hala ere, gauza horien beldur izan daiteke neurri handiagoan ala txikiagoan; eta, gainera, haiek beldurgarriak bailiran, beldurgarriak ez diren gauzen beldur izan daiteke. (15) Eta akatsak gertatzen dira beldur izan behar ez denaren beldur izateagatik, edo behar ez bezala, edo behar ez denean, edo horrelakoetan; eta, berdin, bihotz ematen duten gauzei dagokienez. Izan ere, behar dena, behar denari begira, behar den bezala eta behar denean jasaten eta beldur dena, eta era berean bihotz izaten duena, adoretsua da (adoretsuak egoerek merezi dutenaren arabera eta arrazoimenak agin lezakeen bezala jasaten eta jokatzen baitu; (20) eta jarduera ororen helburua azturaren araberakoa dena da, eta adoretsuarentzat bere adorea zerbait ederra da; hortaz helburua ere izango da horrelakoa, gauza bakoitza bere helburuaren arabera definitzen baita; beraz, adoretsuak helburu eder horrengatik jasaten eta egiten du adorearen araberakoa den guztia).

Neurria gainditzen dutenen artean, beldurrik ezaz egiten duena izengabea da (25) (esana dugu lehenago aztura asko izengabeak direla); baina zoroa edo bihozgabea litzateke deusen beldur ez balitz, ez lurrikararen beldur, ez olatuen beldur, zeltei buruz esaten den bezala. Bestalde, gauza beldurgarriei dagokienez, bihotz handiegia duena ausartegia da; eta ausartegia harroputza eta adore-itxura egiten duena ere bada, nonbait; (30) behintzat, hark egoera beldurgarrienetan jokatzen duen moduan agertu nahi du horrek; beraz, ahal duen guztian imitatzen du. Horregatik, haietako gehienek ere beren burua adoretsutzat hartzen duten koldarrak izaten dira, egoera horietan harro agertzen badira ere, ez baitituzte gauza beldurgarriak jasaten. Bestalde, beldurraren aurrean neurriz gainekoa dena koldarra da; eta hori, hain zuzen ere, behar ez denaren (35) eta behar ez bezala da beldur, eta horrelako ezaugarri guztiek laguntzen diote; (1116a) bihotza ere falta zaio, baina bere gehiegizko beldurra egoera atsekabetsuetan agertzen da gehienbat. Beraz, koldarra etsita dago, gauza guztien beldur baita; adoretsua, berriz, aurkakoa da, ausarta izatea itxaropenez beteta dagoenaren berezkoa baita. Beraz, egoera berberei egin behar diete aurre koldarrek, (5) ausartegiek eta adoretsuek, baina haien aurrean era desberdinetan jokatzen dute; aurreko biek, hain zuzen ere, gehiegikeriaz eta gabeziaz jokatzen dute; baina hori, aldiz, erdiko eta behar bezalakoa da. Ausartegiak, gainera, gartsuak dira, eta arriskuak agertu aurretik gogoz azaldu arren, arriskuetan atzera egiten dute; adoretsuak, berriz, ekimenetan sutsuak dira, baina aurretik, lasaiak.

(10) Beraz, esan denez, aipaturiko egoeretan bihotza eta beldurra ematen duten gauzekiko erdikotasuna da adorea; eta hori aukeratu eta jasaten du ederra delako edo ez egitea lotsagabea delako. Baina gosea, maitasuna edo atsekabea den zerbait saihesteko hiltzea ez da adoretsuaren berezkoa, koldarrarena baizik, nekeak saihestea ahuleria baita, (15) eta heriotza ez du jasaten hori ederra delako, gaitz bat saihesteagatik baizik.

VIII[aldatu]

Beraz, adorea horrelako zerbait da, baina adorea beste bost eratan ere esaten da. Lehen-lehenik hiri-adorea, honek zentzurik ertsienean den adorearen antza handiena baitu. Izan ere, badirudi hiritarrek arriskuak jasaten dituztela legeek ezarritako zigorren eta gaitzespenen eta ohoren kausaz; (20) eta, horregatik, koldarrak desohoratzen eta adoretsuak ohoratzen dituen hiri horietako hiritarrek adoretsuenak dirudite. Horrelakoak dira Homerok azaltzen dituenak, Diomedes eta Hektor, alegia:

Polidamente izango da irainak aurpegiratuko dizkidan lehenengoa[2].

Eta Diomedesek:

(25) Hektorrek troiatarren aurrean zera esango du egun batean:

Tideoaren semea nik ikaratua ... [3].

Adore-mota hori da lehenago azaldurikoaren antza handiena duena, bertute bati jarraiki sortzen delako: lotsa-sentimenduari, edertasunaren gogoari (ohorearen gogoa baita) eta aipu txarraren saihespenari, lotsagarria delako. Eta euren agintariek behartuak direnak ere (30) maila berean sailka litezke; baina okerragoak dira lotsa-sentimenduari jarraiki jokatzen ez duten neurrian, beldurrari baizik, eta ez dute saihesten lotsagarria dena, atsekabea dena baizik. Euren jaunek, hain zuzen ere, behartzen dituzte, Hektorrek bezala:

Borrokatik urrun ezkutatzen nik ikusten dudanak

(35) erabat ezinezkoa izango du txakurrengandik ihes egitea.[4].

Eta gauza bera egiten dute soldaduak aurrean kokatzen dituztenek, eta, haiek atzera egiten dutenean kolpatzen dituztenek; (1116b) eta soldaduak lubakien eta antzeko zerbaiten aurrean formatzen dituztenek ere bai, horiek guztiek behartu egiten baitute. Baina adoretsua ez da betebeharrez izan behar, zerbait ederra delako baizik.

Banako gauzen inguruko esperientziak ere badirudi nolabaiteko adorea dela; hori dela eta uste zuen Sokratesek ere adorea zientzia bat zela. (5) Eta gizaki batzuek egoera batzuetan modu bateko adorea adierazten dute; beste batzuek, berriz, beste egoera batzuetan, beste modu batekoa; eta soldaduek, hain zuzen, gerratearen gauzetan; izan ere, badirudi gerratearen arrisku asko hutsalak direla, eta soldaduek bereziki ezagutzen dituzte; beraz, adoretsu azaltzen dira, besteak zein diren ez dakitelako.

Gainera, euren esperientziari esker kalte handia egin dezakete haiek beraiek kalterik jasan gabe, (10) armez baliatzeko gai direlako, eta armarik eraginkorrenak dituztelako, bai kalte egiteko bai kalterik ez jasateko; beraz, armarik gabekoen aurka armatuek bezala eta atletek amateuren aurka bezala borrokatzen dute. Izan ere, horrelako lehiaketetan ere ez dira adoretsuenak borrokarako egokienak, (15) indar handiena eta gorputz onenak dituztenak baizik. Bestalde, soldadu profesionalak koldarrak bihurtzen dira arriskua handiegia egiten denean, eta kopuruari edo armamentuari dagokienez egoera txarrean daudenean, ihes egiteko lehenak dira; hiri-soldaduak, aitzitik, irmo eutsiz hiltzen dira, Hermesen tenpluan gertatu zen bezalaxe. Izan ere, euren ustez ihes egitea lotsagabea da (20) eta heriotza nahigarriagoa da horrelako salbazioa baino; soldadu profesionalak, aitzitik, indartsuagoak direlakoan arriskatzen dira hasieran, baina benetako egoera ezagutu orduko ihes egiten dute, heriotzaren beldur handiago direlako lotsaren baino; adoretsua, ordea, ez da horrelakoa.

Batzuek kemena ere sartzen dute adorearen baitan, kemenak bultzaturiko gizakiak, (25) piztia zaurituek aurka egiten duten bezala egiteagatik, hartzen omen baitira adoretsutzat, adoretsuak ere kementsuak direlako (arriskuen aurrean kemena ausartena baita). Hori dela eta, esaten du Homerok: indarra sorrarazi zuen kemenean, eta ahalmena eta kemena piztu zituen, eta kemen handia eta garratza sudurrean, eta odola irakin zitzaion [5] . Horrek guztiak, hain zuzen ere, badirudi kemenaren esnatzea (30) eta bulkada adierazten dituela. Izan ere, adoretsuek edertasunarengatik jokatzen dute, baina kemenak lagundu egiten die; piztiek, aldiz, atsekabearengatik, hots, zaurituak izateagatik edo beldur izateagatik, zeren, oihanean edo zingiran badaude, ez baitute aurrera egiten. Hortaz, adorea ez da gertatzen minak eta kemenak akuilaturik (35) eta inolako arriskurik aurreikusi gabe arriskuaren kontra joateagatik, horrela, bestela, astoak ere, goseak daudenean, adoretsuak liratekeelako, jipoituta ere ez baitira bazkatik aldentzen. (1117a) Adulteriogileek ere ekintza ausart asko egiten dute desirarengatik. Badirudi adorerik naturalena kemenak sortua dela; eta hautapen bat eta helburu bat eransten bazaizkio, (5) benetako adorea izango da. Gizakiek, hain zuzen ere, haserre daudenean, sufritu egiten dute, eta mendeku hartzen dutenean, atsegin hartzen dute; baina kausa horiengatik borrokatzen dutenak borrokalariak dira, baina ez adoretsuak, ez baitute borrokatzen kausa eder batengatik, ezta arrazoiak iradokita ere, pasiorengatik baizik; hala ere, badute nolabaiteko antzekotasuna.

Fidakorrak ere ez dira adoretsuak, (10) askotan etsai asko menperatzeagatik azaltzen baitira kementsu arriskuetan; baina oso antzekoak dira, batzuk eta besteak izukaitzak direlako; hala ere, adoretsuak lehenago esandako arrazoiengatik dira izukaitzak; besteak, berriz, indartsuagoak direla eta ezer jasango ez dutela pentsatzeagatik (beste horrenbeste egiten dute mozkortzen direnek ere, (15) fidakorrak bihurtzen baitira). Baina, gauzak nahi bezala gertatzen ez zaizkienean, ihes egiten dute, eta adoretsuaren berezkoa da gizakiarentzat beldurgarria dena, edo beldurgarria dirudienari eustea, egitea ederra delako, eta ez egitea, lotsagabea. Horregatik, badirudi adore handiagokoa dela beldurgabea eta ikaragaitza izatea ustekabeko arriskuetan, begi-bistakoetan baino, horrelako egoera bat prestakuntzatik (20) baino azturatik sortzen baita neurri handiagoan; begi-bistako arriskuak, hain zuzen ere, neurriaren bidez eta arrazoinamenduaren arabera hauta daitezke; ustekabeko arriskuak, berriz, azturaren arabera.

Ezjakinak ere azaltzen dira adoretsu, eta ez daude fidakorrengandik oso urrun, baina okerragoak dira inolako duintasunik ez duten neurrian, eta haiek bai; horregatik eustsi egiten diote irmo denbora batez edozein egoerari; (25) engainaturik daudenek, aitzitik, konturatu edo susmatzen badute egoera bestelakoa dela, ihes egiten dute, argotarrei gertatu zitzaien bezala, sikionarrak zirelakoan, lakoniarrekin ustekabean topatu zirenean.[6]

Hortaz, esana dago adoretsuak nolakoak diren eta zein hartzen diren adoretsutzat.

IX[aldatu]

Adorea kemenari eta beldurrari buruzkoa da, baina ez modu berean batari eta besteari, (30) neurri handiagoan beldurgarria denari buruzkoa baizik; adoretsuagoa baita horrelako egoeretan ikaragaitz azaldu eta horrelako egoerei dagokienez behar bezala jokatzen duena, kemena behar den egoeretan jokatzen duena baino; izan ere, esan denez, atsekabeak jasateagatik deitzen zaie adoretsu. Horregatik, adorea zerbait atsekabetsu ere bada; eta zuzen laudatzen da, atsekabea (35) jasatea plazerei uko egitea baino nekezagoa baita. Hala eta guztiz ere, (1117b) adorearen araberako helburua atsegina dela pentsa liteke, inguruko egoera iluna izanda ere, gimnastika-lehiaketan ere gertatzen den legez: boxealarientzat helburua atsegina baita –koroa eta ohoreak lortzea, hain zuzen ere–; kolpeak hartzea, berriz, mingarria da, hezur-haragizko gizakiak baitira, (5) eta euren zeregin osoa, atsekabea; eta gauza horiek asko direnez eta borrokaren helburua txikia denez, badirudi inolako atseginik ez dagoela. Beraz, adoreari dagokionez ere horrelakoa bada, heriotza eta zauriak atsekabetsuak izango dira adoretsuarentzat, eta bere borondatearen kontrakoak, baina jasango ditu, jasatea ederra delako, eta ez jasatea, lotsagabea. (10) Eta erabateko bertutea neurri handiagoan eduki eta zoriontsuagoa izan ahala, neurri handiagoan atsekabetuko du heriotzak, horrelako gizaki batentzat bizitza erabat estimagarria baita; eta gizon honek ongi handienei uko egin beharko diela jakingo du, eta hori atsekabetsua da. Baina ez da inolaz ere neurri gutxiagoan adoretsua izango, agian, bietako batean, neurri handiagoan baizik, gerratean, ohorea nahiago izango duelako, ongi haiek baino. (15) Hortaz, bertute orotan ez dago beti jarduera atseginik, helburua erdiesten den neurrian izan ezik. Eta ezerk ez du eragotziko, ezbairik gabe, horrelako gizakiak soldadu onenak izatea, adore gutxiagokoak baizik, hauek inolako ondasun gehiagorik ez baldin badute: hauek, hain zuzen ere, arriskuetarako prest daude eta (20) bizitza irabazkin txikiaren truke ematen dute.

Horrela, bada, izan bedi nahikoa adoreari buruz esandakoa. Bestalde, esandakotik ez da nekez ulertzen adorea zer den, orokorki bederen.

X[aldatu]

Horren ondoren, mintza gaitezen neurritasunari buruz, horrek eta adoreak alde irrazionalen bertuteak direla baitirudite.(25) Izan ere, esana dugu neurritasuna plazerei dagokienez erdikotasuna dela (atsekabeei baitagokie neurri gutxiagoan eta ez modu berean); eta gauza berberetan neurrigabekeria ere azaltzen da. Beraz, zehaz dezagun zer nolako atseginei buruzkoa den.

Horrela, bada, bereiz daitezen arimaren eta gorputzaren plazerak, ohoreen guraria eta jakin-mina bezala; izan ere, gizaki oro haien artean guraria duen horretaz gozatzen da, (30) gorputza inolaz ere aztoratu gabe, adimena baizik, neurri handiagoan. Baina horrelako atseginak bilatzen dituzten gizakiei ez zaie esaten ez neurrizkoak ez neurrigabeak; eta, berdin, gorputzarenak ez diren gainerako atsegin guztiak bilatzen dituztenei ere ez; istorioak eta ipuinak entzuteko eta kontatzeko zaletasuna dituztenei (35) eta zorizkoa den edozertan egunak igarotzen dituztenei berritsuak esaten diegu, baina ez neurrigabeak; (1118a) eta diruaren eta lagunen kausaz atsekabetzen direnei ere ez.

Beraz, neurritasuna gorputzaren atseginei buruzkoa izango da, baina ez haiei guztiei buruz; ikusmenaren bidezko gauzez gozatzen direnei –koloreez, formez eta marrazkiez, alegia–, ez zaie esaten ez neurrizkoak ez neurrigabeak; (5) hala ere, gauza horietaz ere goza omen liteke behar bezala, gehiegikeriaz edo gabeziaz; eta gauza bera entzumenari buruzko atseginetan; izan ere, musikaz eta antzezpenez gozatzen direnei inork ez die neurrigabeak esaten, ezta behar bezala gozatzen direnei neurrizkoak ere; ezta usaimenaren ingurukoez gozatzen direnei ere, akzidentalki ez bada, (10) ez baitiegu neurrigabeak esaten fruten, arrosen edo lurringaien usainez gozatzen direnei, lurrinez eta janariez gozatzen direnei baizik; horietaz gozatzen dira neurrigabeak, hain zuzen ere, euren desiraren objektuak gogorarazten dizkietelako. Baina ikus daiteke gainerakoak ere gozatzen direla janarien usainez gose daudenean; (15) baina horrelakoez gozatzea neurrigabearen berezkoa da, gauza horiek bere desiraren objektuak baitira.

Gainerako animaliek ere ez dute atseginik hartzen zentzumenezko sentsaziootan, akzidentalki ez bada, txakurrak ez baitira gozatzen erbien usainaz, jateaz baizik, usainak sentsazioa sortu bazien ere; (20) ezta lehoia ere idiaren marruaz, irensteaz baizik; hala ere, marruaren bidez hauteman zuen gertu zegoela, eta horregatik dirudi horretaz gozatzen dela; eta, berdin, ez oreina edo basahuntza ikusten duelako, elikagaia izango duelako baizik.

Hala ere, neurritasuna eta neurrigabekeria gainerako animaliek ere parte hartzen duten horrelako atseginei buruzkoak dira; (25) eta horregatik dirudite atsegin horiek doilorrak eta animalekoak; horiek ukimenarenak eta dastamenarenak dira; baina badirudi dastamena zertxobait edo ezer gutxi erabiltzen dela, dastamenaren berezkoa zaporeen bereizketa baita, ardoen dastatzaileek eta janariak ontzen dituztenek egiten dutena, hain zuzen ere; baina ez dute inolaz ere gauza horietaz gozatzen, edo ez neurrigabeek behintzat, (30) janarietan, edarietan eta sexu-atseginetan ukimenaren bidez erabat sortzen den gozamenez baizik. Horregatik eskatu egin zien halako tripontzi batek jainkoei bere eztarria kurrilo batena baino luzeagoa bihurtzea, ukimenaren bidez gozatzen zuelakoan.

(1118b) Beraz, zentzumenezko sentsazioetan neurrigabekeria dakarrena da orokorrena; eta zuzen hartzen omen da gaitzesgarritzat, gure baitan izaten delako ez gizakiak garen aldetik, animaliak garen aldetik baizik. Beraz, horrelakoez gozatzea eta gehiegi maitatzea piztien berezkoa da; izan ere, ez dira kontuan hartzen (5) ukimenaren bidezko atsegin nobleenak, gimnasioetan igurtziaren eta beroaren bidez sortzen direnak, alegia, neurrigabearen ukimenak ez baitu inolako zerikusirik gorputza osoarekin, gorputz-atal batzuekin baizik.

XI[aldatu]

Desiren artean, badirudi batzuk baterakoak direla, eta beste batzuk, bereziak eta eskuratuak; adibidez, elikadurarena berezkoa da, (10) behartsu orok elikagai solido edo likidoa desiratzen baitu, eta, batzuetan, bata eta bestea; eta sexu-harremanak, Homerok dioenez,[7] adinaren sasoi ederrean dagoen gazteak. Baina inolaz ere ez du gizaki orok hori edo hura desiratzen, ezta gauza berberak ere; horregatik, badirudi desirok gurea den zerbait direla. Hala ere, berezko zerbait ere badute, behintzat, gauza batzuk batzuentzat baitira atseginak, eta beste batzuk beste batzuentzat, eta zenbait gauza gainerakoak baino atseginagoak dira guztientzat.

(15) Izan ere, natur desiren kasuan gutxik huts egiten dute, eta era bakar batean, hots, gehiegikeriaz, oka egin arte edozer jatea edo edatea berezkoa denaren araberako neurria gainditzea baita, natur desira beharraren asetzea baita. Horregatik esaten zaie tripontzi gizaki horiei, (20) gurari hori behar baino askoz ere neurri handiagoan asetzen dutelako; eta horrelakoak bilakatzen dira doilorregiak direnak.

Baina, atsegin bereziei dagokienez, gizakiak asko eta era askotan okertzen dira. Gizaki batzuek horrelako edo halako gauzarekiko zaletasuna edukita izen jakin bat jasotzen dute –behar ez diren gauzez atsegin hartzeagatik, edo gizaki gehienek baino atsegin handiagoa hartzeagatik, edo behar ez den moduan, alegia–; neurrigabeek, aitzitik, gauza guztietan gainditzen dute neurria. (25) Izan ere, batzuek behar ez diren gauzez (higuingarriak baitira) atsegin hartzen dute, eta, horrelako gauza batez atsegin hartu behar bada, behar dena baino neurri handiagoan, edo gizaki gehienek baino atsegin handiagoa hartzen dute. Argi dago, zalantzarik gabe, atseginei buruzko gehiegikeria neurrigabekeria eta zerbait gaitzesgarria dela. Atsekabeei dagokienez, gizaki bati ez zaio neurrizkoa esaten atsekabeak jasateagatik –adorearen kasuan bezala–, (30) ezta neurrigabea ere atsekabeak ez jasateagatik; aitzitik, neurrigabea esaten zaio behar baino gehiago atsekabetzeagatik atseginik lortzen ez duenean (beraz, atseginak atsekabea ere eragiten dio), eta neurrizkoa, atseginaren gabeziaz eta atseginari uko egiteaz ez atsekabetzeagatik.

(1119a) Beraz, neurrigabeak atsegin guztiak, edo haietan atsegingarrienak, desiratzen ditu, eta bere desirak atsegin horiek gainerakoak baino nahiago izatera eramaten du; horregatik, atsekabetu egiten da bai lortzen ez dituenean bai desiratzen dituenean, desira atsekabearekin batera baitoa, atseginaren kausaz atsekabetzeak zentzugabea badirudi ere. (5) Baina, atseginei dagokienez, gabeziaz okertzen direnak eta behar baino atsegin gutxiago hartzen dutenak ez dira asko, horrelako sentikortasunik eza ez baita gizatiarra; izan ere, gainerako animaliek ere bereizten dituzte elikagaiak, eta batzuez atsegin hartzen dute, eta beste batzuez, ez. Horiek horrela, norbaiten ustez ezer atsegingarririk ez balego eta gauzak euren artean bereiziko ez balira, norbait hori gizakia izatetik urrun legoke. (10) Baina horrelako gizakiak ez du izenik, kasu asko gertatzen ez delako.

Neurrizkoa bi mutur horiekiko erdiko terminoa da, berak ez baitu neurrigabeak gehien gozatzen den gauza horietaz atsegin hartzen; aitzitik, nazkatu egiten da; eta oro har, ez du atsegin hartzen behar ez denaz, ezta ezertaz gehiegi ere, eta ez da atsekabetzen gauza horiek falta baditu, eta ez ditu desiratzen, edo bere neurrian desiratzen ditu, eta ez behar baino gehiago, (15) ezta behar ez dituenean ere, ezta, oro har, horrelako ezertaz ere; osasunerantz eta ongizaterantz gidatzen duen gauza atsegingarri oro neurrian eta behar bezala desiratuko du; eta atsegin horietarako eragozpenak edo ongiaren aurkakoak ez direnak, edo bere baliabideak gainditzen ez dituzten gainerako atseginak ere desiratuko ditu, horrela jokatzen duenak horrelako atseginak duintasuna baino gehiago maite baititu; (20) neurrizkoa, ostera, ez da horrelakoa, arrazoi zuzenak iradokitzen dion bezalakoa baizik.

XII[aldatu]

Badirudi neurrigabekeria borondatezkoagoa dela koldarkeria baino; izan ere, hura atseginaren kausaz sortzen da, eta hau atsekabearen kausaz, eta bietan, bata aukeratu eta bestea saihestu egiten da. Halaber, atsekabeak senetik atera eta hondatu egiten du sufritzen duenaren natura; atseginak, ordea, ez du inolaz ere horrelakorik egiten. Beraz, borondatezkoagoa da; (25) eta, horrenbestez, baita gaitzesgarriagoa ere. Izan ere, errazagoa da gauza hauetara ohitzea, horrelakoak asko baitira bizitzan eta gauza hauetara ohitzen direnak ez dira arriskuan jartzen; gauza beldurgarriekin, berriz, guztiz kontrakoa gertatzen da. Bestalde, pentsa liteke koldarkeria ez dela borondatezkoa haren banako agerpenak diren moduan; izan ere, koldarkeria ez da berez atsekabetsua, baina koldarkeriaren banako agerpenetan, sortutako atsekabearen kausaz gure senetik ateratzen gara eta, hortaz, armak botatzen ditugu (30) eta beste edozein lotsagabekeria egiteko prest gaude; eta horregatik dirudi indarrez behartuak direla. Neurrigabearentzat, ostera, banako ekintzak borondatezkoak dira, desiratu eta haien gogoa duelako, baina, orokorrean, ez da hain borondatezkoa, inork ez baitu neurrigabea izatea desiratzen.

Neurrigabekeria izena haurren akatsei ere ematen diegu, nolabaiteko antzekotasuna baitute. (1119b) Oraingoz ez du batere axola jakiteak bietan izena zeinek eman eta zeinek jaso duen, baina argi dago ondorengoak aurrekotik jaso duela; bestalde, badirudi transferetzia ez dela gaizki eman, gauza lotsagabeetarako joera duena eta horrelakoetan garapen handia duena agirakatu behar baita, eta horrelakoa desira da bereziki, (5) eta haurra ere bai: haurrak, hain zuzen ere, desiraren arabera bizi dira, eta horiengan bereziki hazten da atsegingarria denaren gogoa. Beraz, esanekoa bilakatzen ez bada eta ez badio agintariari men egiten, oso urrutira iritsiko da. Izan ere, atseginaren gogoa aseezina eta jatorri orotarikoa da zentzugabearengan, eta desiraren jarduteak berarekin senidetasuna duena areagotzen du; (10) gainera, gurariak handiak eta biziak badira, arrazoimena ere baztertzen dute. Horregatik izan behar dira neurritsuak eta gutxi desirak, eta arrazoimenari ezertan aurka egiten ez diotenak –horrelako izateari esanekoa eta zuzendua izatea esaten diogu–, eta haurrak bere tutorearen aginduaren arabera bizi behar duen legez, desiragarria dena ere izango da arrazoimenaren arabera. (15) Horregatik, etorri behar dira bat neurrizkoak desiratzen duena eta arrazoimena, bien xedea ederra dena baita, eta neurrizkoak behar duena, behar bezala eta behar duenean desiratzen du, eta horrela arrazoimenak ere agintzen du.

Bego, beraz, neurritasunari buruz esan beharrekoa.

  1. ik. Euripides, frag. 69 (Nauck)
  2. Homero, Ilias XXII 100.
  3. Homero, Ilias VIII 148.
  4. Homero, Ilias II 391-392.
  5. Aristotelesek pasarte horretan aipatutako esamoldeak formula homerikoak dira.
  6. ik. Jenofonte, Helenikak, IV 4-10.
  7. Homero, Ilias XXIV 129.