Edukira joan

Nikomakorentzako etika/Zazpigarren liburua

Wikitekatik
Nikomakorentzako etika  (K.a. 349)  Aristoteles, translated by Javier Aguirre Santos
Zazpigarren liburua
Klasikoen Bildumaren parte. Itzultzaileen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma

Zazpigarren liburua

(15) Horren ondoren, beste printzipio bat hartuta, esan behar da aiurriei dagozkien disposizioen artean hiru espezie saihestu behar direla, bizioa, meneratzerik eza eta piztikeria, alegia. Horietako biren kontrakoak begi bistakoak dira: izan ere, batari bertute esaten diogu, eta besteari, meneratze; eta, piztikeriari dagokionez, oso egokia litzateke gizagaineko bertutea aipatzea, bertute jainkotiar eta (20) heroiko bat, alegia, Homerok Hektori buruz egin duen bezala, Priamok Hektor bikaina zela esaten duenean, eta behintzat, ez zirudien gizon hilkor baten semea, jainko batena baizik.[1] Beraz, esaten dutenez, bertutearen oparotasunez gizakiak jainko bilakatzen badira, agerian dago horrelako izaera basapiztia-azturaren aurkakoa (25) izango dela, bizioa eta bertutea basapiztiari ez dagozkion moduan, era berean, jainkoari ere ez; aitzitik, hori bertutea baino garaiagoa da, eta hura, bizioaren bestelako genero bat. Baina, gizaki bat jainkotiarra izatea ere oso urria denez –lakoniarrek esaten dutenez, norbait izugarri maitatzen dutenean, gizon jainkozkoa esaten baitiote–, horrela ere, (30) gizakien artean gizaki basapiztia ere oso urria da; barbaroen artean gertatzen da gehienbat, eta, batzuetan, gaixotasunen eta ebakuntzen ondorioz ere agertzen dira; eta gaiztakeriaz giza neurriak gainditzen dituzten gizakiei ere deitzen diegu horrelako modu gaitzesgarrian. Hala ere, horrelako disposizioari buruz, aurrerago egingo dugu aipamen bat, eta bizioaz (35) dagoeneko mintzatu da; baina meneratzerik ezari, bigunkeriari eta emakeriari buruz, hitz egin behar da, baita meneratzeari eta irmotasunari buruz ere, (1145b) ez baitugu pentsatu behar bi aztura haiek, eta bertutea eta zitalkeria berberak direnik, ezta genero desberdinekoak ere. Gainerako kasuetan bezala, ageriko gertaerak ezarri eta lehenengo zalantzak ebatzi ondoren, pasio horien inguruko (5) iritzi arrunt guztiak frogatu behar dira; baina iritzi guztiok frogatu ezin badira, orduan gehienak eta garrantzitsuenak, edo zailtasunak ebazten badira eta iritzi arruntenak ontzat gelditzen badira, frogapena nahikoa izango da.

Beraz, badirudi meneratzea eta irmotasuna gauza onen eta laudagarrien artekoak direla, eta meneratzerik eza eta bigunkeria, (10) txarren eta gaitzesgarrien artekoak; eta gizaki berbera meneratua eta arrazoinamenduari eusteko prest dagoena dela, edo meneraezina eta arrazoimenari eusteko prest ez dagoena; eta meneraezinak, bere aldetik, badakiela gaizki jokatzen duela pasioaren eraginpean; eta neurrizkoak, ostera, desirak txarrak direla jakinik, arrazoiari esker jarraitzen ez direla. Halaber, gizaki neurrizkoa meneratua eta (15) irmoa dela; baina azken horretaz, batzuen ustez neurrizkoa beti izaten da horrelakoa, baina beste batzuen ustez, ez; eta batzuek esaten dute neurrigabea meneraezina dela, eta meneraezina, neurrigabea aldi berean; eta beste batzuek, aldiz, desberdinak direla. Eta batzuetan esaten dute zuhurra ezin daitekeela meneraezina izan, baina beste batzuetan, berriz, zuhurrak eta trebeak izanik, batzuk meneraezinak direla. Gainera, gizakiari (20) suminduraren, ohorearen eta etekinaren arabera esaten zaio meneraezina. Hori da, beraz, esan ohi dena.

II

[aldatu]

Ondoko zalantza sor liteke: burubide zuzena duen gizakiak, nola jokatu dezake meneratzerik gabe? Batzuen ustez, ezaguera edukita ezinezkoa da meneratzerik gabe jokatzea; izan ere, Sokratesek uste zuenez, ezaguera izanik, zentzugabea litzateke beste zerbaitek hura menperatu eta hara eta hona eramango balu, morroi bat bailitzan. (25) Izan ere, Sokrates ideia horren kontra zegoen guztiz, meneratzerik eza ez dagoelakoan, inork ez baitu jakinik onena denaren aurka jokatzen, ezjakiteagatik baizik. Horrela, bada, arrazoinamendu hori ez dator bat nabari ikusten dugunarekin, eta pasioari dagokionez, ezjakiteagatik bada, zer-nolako ezjakitea den ikertu behar da. (30) Izan ere, agerian dago pasioaren menpe izan aurretik, behintzat, meneratzerik gabe jokatzen duenak ez duela uste horrela jokatu behar denik. Badira esandakoarekin zentzu batean bat datozenak, baina beste zentzu batean, ez, onartzen baitute ezaguera baino ahaltsuagorik ez dagoela, baina ez dute onartzen bikaintzat hartzen duenaren kontra inork jokatzen ez duenik, eta horregatik esaten dute, hain zuzen ere, meneraezinak, plazeren menpe (35) dagoenean, ez duela ezaguera, iritzia baizik. Baina, iritzia baldin bada eta ez ezaguera, eta pasioaren kontra egiten duen ustea (1146a) indartsua ez bada, motela baizik –zalantzan daudenengan bezala–, barkamena legoke desira gogorrei aurre eginik haietan erortzen ez den horrentzat; baina zitalkeriarako ez dago barkamenik, ez eta gainerako gauza gaitzesgarrietarako ere. Ba al da zuhurtziarik, orduan, pasioari aurre egiten dionik? (5) Zuhurtzia, hain zuzen ere, oso indartsua da. Hala ere, hori zentzugabea litzateke, gizaki berbera, aldi berean, zuhurra eta meneraezina bailitzateke, eta inork ez luke esango gauzarik ziztrinenak borondatez egitea zuhurtziari dagokionik. Baina, honetaz gain, frogatuta geratu da lehenago, zuhurra, behintzat, ekintza zuzenak egiteko gai dela, (zuhurtzia ekintzei baitagokie), eta gainerako bertuteak dituela.

Gainera, meneratua izatea desira gogor eta ziztrinak edukitzean baldin badatza, (10) gizaki neurrizkoa ez da meneratua izango, ezta meneratua neurrizkoa ere, gizaki neurrizkoari ez baitagokio desira ugari edukitzea, ezta desira ziztrinak ere. Dena dela, jakina, desirak izan behar ditu, desirak onuragarriak balira, haiei jarraitzea eragozten dion aztura ziztrina bailitzateke; beraz, meneratzea ez litzateke beti (15) ona; aitzitik, ahulak eta ez ziztrinak balira, ez legoke ezer bikainik haiei aurre egitean, ezta ezer handirik ere ziztrinak eta ahulak balira.

Gainera, meneratzeak beraren iritzi guztiei eusteko prest dagoen bat bihurtzen badu, ziztrina izango da, adibidez, iritzi faltsuari ere eusteko prest dagoen bat bihurtzen badu; eta, meneratzerik ezak iritzi orori eusteko prest dagoen bat bihurtzen ez badu, meneratzerik eza hori bertutetsua izango da; adibidez, Neoptolemo, (20) Sofoklesen Filoktetes-en, goragarria da Odiseoren hitz limurtzaileei eusteko prest ez egoteagatik gezurretan ibiltzeaz atsekabetzen zelako. Gainera, faltsua den arrazoinamendu sofistikoak zalantza bat dakar, sofistek, paradoxak gezurtatu nahi izateagatik –trebetzat hartuak izan daitezen bete-betean asmatzen dutenean–, sortutako silogismoa zalantza bihurtzen da; izan ere, (25) pentsamendua estuturik gelditzen da ekin nahi ez duenean ondorioa atsegin ez duelako, eta ezin du aurreratu arrazoinamendua askatzeko gai ez delako. Beraz, arrazoinamendu jakin batetik ondorioztatzen da meneratzerik ezarekin baterako zuhurtzigabekeria bertute bat dela; izan ere, gizakiak bere ustez egin behar denaren kontrakoa egiten du bere meneratzerik ezagatik, baina uste du ona dena (30) txarra dela eta egin behar ez dela; eta horren ondorioz, ona dena egingo du eta ez txarra dena.

Gainera, badirudi sinetsita egoteagatik egiten duena eta atseginei aurrez erabakita ere jarraitzen diena, meneratzerik ezaz eta ez arrazoinamenduaz egiten duena baino hobea izan litekeela, zuzentzen errazago baita, aldatzeko limurtu litekeelako. Baina meneraezinari esaera zaharra lotzen zaio, (35) ura kontrako eztarritik joaten zaigunean, zer edan behar dugu? esaten dugunean, egiten duena limurturik egingo balu, bere iritzia aldatzeko limurtuta, egiteari utziko lioke; baina kontua da, (1146b) beste iritzi batek limurturik egon arren, berdin jokatzen duela. Gainera, meneratzerik eza eta meneratzea gauza orori badagozkio, nor ote da meneraezina zentzu absolutuan? Izan ere, inork ez ditu meneratzerik eza guztiak, (5) baina esaten dugu batzuk zentzu absolutuan direla meneraezinak.

Horrelakoak dira, bada, azaltzen diren zalantzak; haien artean, batzuk ezabatu eta besteak gorde behar ditugu, zeren eta zalantzaren ebazpena egiaren aurkikuntza baita.

III

[aldatu]

Beraz, lehendabizi, aztertu behar da meneraezinek jakinik jokatzen duten ala ez, eta jakinik jokatuz gero, nola; ondoren, meneraezina (10) eta meneratua zeren arabera esan behar ditugun, hots, plazer eta atsekabe orori buruz ala plazer eta atsekabe jakin batzuei buruz; eta meneratua eta irmoa, gizaki berbera den ala gizaki desberdinak; eta, berdin, ikerketa honekin lotuta dauden gainerako gai guztiak. Eta ikerketaren abiapuntua da aztertzea (15) meneratua eta meneraezina desberdinak diren egiten dituzten gauzei dagokienez, ala jokaerari dagokienez, hots, meneraezina, ea meneraezina den bakarrik gauza jakin horien araberakoa izateagatik, edo moduaren araberakoa izateagatik, ala biengatik. Horren ondoren, aztertu behar dugu meneratzerik eza eta meneratzea gauza guztiei dagozkien ala ez. Alabaina, meneraezina ere, zentzu absolutuan, ez da gauza guztien araberako meneraezina, (20) neurrigabea den horren araberakoa baizik, hain zuzen ere; eta, bestalde, neurrigabea horren araberakoa besterik ez izateagatik ere ez (meneratzerik eza eta neurrigabekeria gauza bera izango bailirateke), horri buruz era jakin batean izateagatik baizik. Izan ere, batak hautapen deliberatuak hartzen ditu, beti uneko atseginari jarraitu behar diolakoan; besteak ez du horrela pentsatzen, baina jarraitu egiten dio.

Beraz, meneraezinak egiazko iritzi baten aurka eta ez ezaguera baten kontra (25) jokatzen duela pentsatzeak ez du ezertan aldatzen gure argumentua, iritziak besterik ez duten batzuk ez baitaude zalantzatan; aitzitik, zehaztasunez dakitela uste dute. Hortaz, iritziak besterik ez dutenek, iritziak uste ahulak edukitzeagatik, ezaguera dutenek baino neurri handiagoan jokatzen badute euren iritziaren kontra, ezaguera eta iritzia ez dira desberdinak izango, gizaki batzuk euren iritzietan (30) beste batzuk euren ezagueran bezain sinetsita baitaude, Heraklitoren kasuan begi-bistakoa denez. Baina, ezagutzea bi zentzutan esaten dugunez (ezaguera erabiltzen ez badu ere ezaguera duenak zein hura erabiltzen duenak ezagutzen dutela esaten baita), desberdinak izango dira ezaguera edukiz baina hartaz baliatu gabe egin behar ez dena egitea, eta ezaguera edukiz eta hartaz baliatuz egitea, (35) azken kasu honek bitxia baitirudi, baina ez, ezagueraz baliatzen ez bada.

Gainera, bi premisa-mota dagoenez, (1147a) biak edukita ere, ezerk ez du eragozten ezagueraren kontra jokatzea, premisa unibertsalaz baliatuz, baina ez partikularraz, ekintzak banakoak baitira. Baina premisa unibertsala ere bereizten da: bata, egileari dagokiona, (5) bestea, objektuari dagokiona; adibidez, elikagai lehorrak gizaki guztiek dituzte onuragarri, eta ni gizakia naiz, edo honelako elikagaia lehorra da; baina, honako hau horrelakoa da, egileak edo ez daki edo ez da ezanguera honetaz baliatzen. Beraz, ezagutzeko era hauetan desberdintasuna hain izango da apartekoa, ezen horrela ezagutzea zentzugabea irudiko ez baita, baina beste era batean ezagutzea, harrigarria.

(10) Gainera, gizakiek, ezaguera edukitzeko orain aipaturiko moduez gain, bestelako modu bat izan dezakete, ezaguera edukita ere ez erabiltzean ikusten baitugu aztura desberdina, eta, hortaz, nolabait, ezaguera eduki eta ez eduki daiteke; adibidez, lo edo burutik joanda edo mozkor eginda dagoena. Baina, pasioen menpe daudenak, behintzat, horrelako egoeran daude, hain zuzen, (15) haserrealdiek, lizunkeriek eta horrelako pasio batzuek gorputza ere asaldatzen baitute oso nabari, eta batzuetan erotasuna ere eragiten dute. Agerian dagoenez, beraz, esan behar da meneraezinak ere disposizio berean daudela. Eta gizaki horiek ezagueraz baliatuz mintzatzeak ez du ezer adierazten, pasio horien menpe (20) daudenek ere Enpedoklesen frogapenak eta bertsoak buruz esaten baitituzte, eta ikasten hasi direnek esaldiak txertatzen dituzte, baina oraindik ez dakite, jakintza bereganatu behar baita, eta horrek denbora behar du; beraz, aktoreek hitz egiten duten moduan meneraezinek ere hitz egiten dutela pentsatu behar omen da.

Bestalde, kausa, abiapuntu naturaletik ere har liteke kontuan horrela: (25) premisetatik bat iritzi unibertsala da, baina bestea, banakoari buruzkoa, eta hori zentzumenen menpe dago jadanik. Eta bi horietatik premisa bakar bat sortzen denean, orduan, nahitaez, arimak, alde batetik, ondorioa baieztatzen du, eta beste aldetik, kasu praktikoetan jarduten du segituan; adibidez, gozoa den guztia dastatu behar bada, (30) eta banako jakin hori gozoa bada, orduan, nahitaez, aldi berean egin dezakeenak eta eragozpenik ez duenak hori dastatu ere egingo du. Beraz, gozoa dena dastatzea eragozten duen iritzi unibertsala dagoenean, batetik, eta bestetik, gozoa den guztia atsegina den iritzia, eta hortako hori gozoa da (iritzi hori da eraginkorra), eta gure barneko desira agertzen denean, orduan iritzi unibertsalak hori saihesteko esaten digu, baina desirak, berriz, horretara eramaten gaitu, (35) arimaren alde bakoitza mugiarazi baitezake; gertatzen da, beraz, (1147b) arrazoiak eta iritziak nolabait eraginik, meneraezinak garela, baina iritzia ez dago berez arrazoi zuzenaren aurka, akzidentalki baizik –arrazoi zuzenaren aurkakoa desira baita, inolaz ere iritzia. Hortaz, horregatik ere ez dira meneraezinak animaliak, haiek uste unibertsalik ez dutelako, (5) banakoa denaren irudia eta oroitza baizik.

Meneraezinak ezjakintasuna nola ezabatu eta ezaguera nola berreskuratzen duen, lo egiten duenaren eta mozkor eginda dagoenaren modukoa da, eta ez da grina horren berezkoa; hori, fisiologoei entzun behar diegu.

Baina, azkeneko premisa zentzumenezko gauzei buruzko iritzia (10) eta ekintzak bideratzen dituena denez, bietako bat: edo pasioaren menpe dagoenak ez du iritzirik, edo baldin badu, beste modu batean, hau da, edukitzea ez dela ezagutzea, esatea baizik esan daitekeen zentzuan, mozkor eginda dagoenak Enpedoklesen bertsoak buruz esaten dituen bezala. Eta, azken terminoa unibertsala ez denez, ezta zientifikoa ere –unibertsala zientifikoa den moduan, behintzat–, badirudi (15) Sokratesek bilatzen zuena, hain zuzen ere, gertatzen dela; izan ere, pasioa ez da gertatzen zentzu goreneko ezagueratzat hartzen duguna aldi berean gertatzen denean, eta ez da hori pasioak ezaguera hori eramaten duena, zentzumenezko ezaguera baizik.

Beraz, meneraezina jakinik ala ez jakinik den, eta jakinik zein zentzutan esan daitekeen, nahikoa esana dugu.

IV

[aldatu]

(20) Jarraian, esan behar da meneraezina zentzu absolutuan izan daitekeen, ala meneraezin guztiak zentzu jakin batean diren, eta, hala bada, hura zeri dagokion. Beraz, agerian dago, bai meneratuak eta irmoak, bai meneraezinak eta makalak, plazerei eta atsekabeei dagozkiela. Baina, plazer ematen duten gauzetan, batzuk beharrezkoak eta besteak (25) berez nahigarriak direnez, horiek gehiegikeria onartzen dute; beharrezkoak gorputzarenak dira (horrelakoak elikadurari eta sexu-harremanei dagozkienak dira, eta gure ustez neurrigabekeria eta neurritasunarekin lotzen diren beste horrelako gorputz-behar horiek); besteak, ostera, ez dira beharrezkoak, baina berez nahigarriak ((30) adibidez, garaipena, ohorea, aberastasuna eta horrelako gauza on eta atseginak); beraz, gauza hauei dagokienez, euren baitako arrazoi zuzenaren neurria gainditzen dutenei ez diegu meneraezin zentzu absolutuan esaten, eta gaineratzen diegu diruarekiko, irabaziarekiko, ohorearekiko eta sumindurarekiko meneraezinak direla; baina ez zentzu absolutuan, gizaki horiek eta besteak desberdinak direlakoan, eta hauei meneraezin deitzen zaie (35) nolabaiteko antzekotasunaren arabera, Anthropos[2] bezala, joko olinpikoetako irabazlea: (1148a) izan ere, bere izen bereziaren definizioa eta izen arruntarena oso gutxi desberdintzen ziren, baina, hala ere, bestelakoak ziren. Horren adierazle honakoa dugu: meneratzerik eza akatsa den aldetik ez ezik, nolabaiteko bizio bat den aldetik ere gaitzesten da, zentzu absolutuan nahiz alde bateko zentzuan, baina, bestalde, horietako inor ez.

(5) Meneraezinak gorputz-gozamenei dagozkienez direnenetan –gorputz-gozamenen arabera gizaki bat neurrizkoa ala neurrigabea dela esaten dugu– plazerak lortzeko irrikitan ibili eta atsekabeak saihesten dituenari –gosea, egarria, beroa, hotza eta ukimenari eta dastamenari dagozkien guztiak, alegia–, ez aldez aurretik deliberatuta, hautapenaren eta pentsamenduaren kontra baizik (10), meneraezina esaten zaie, gauza jakin honekiko gaineratu gabe –sumindurarekiko, adibidez–, zentzu absolutuan baizik. Horren adierazle dugu, gizakiei gauza hauei dagokienez bigunak ere esaten zaiela, baina ez beste plazer eta atsekabeei dagokienean. Eta horrexegatik, nolabait plazerei eta atsekabe berberei buruzkoak izateagatik, hain zuzen ere, jartzen ditugu maila berean, bai meneraezina eta neurrigabea, bai meneratua eta neurriduna, baina ez haietako bat bera ere (15). Baina, gauza berberei badagozkie ere, ez dute berdin jokatzen, batzuek aurrez deliberatuki hautatuz jokatzen baitute, eta besteek, ez. Horregatik, desirarik gabe edo desira motelekin gehiegikerien bila ibili eta atsekabe arinak saihesten dituen horri bereziki deituko genioke neurrigabea, (20) hori bera desira gogorren menpe egiten duen horri baino. Izan ere, zer egingo luke hark, desira sutsua eta beharrezko gauzen gabeziarekiko atsekabe gogorra ere jasango balu?

Bestalde, desiren eta plazeren artean, batzuk, generoari dagokionez, gauza nobleen eta ederrenak dira (gauza atsegin batzuk nahigarriak baitira berez), beste batzuk, aipaturikoen aurkakoak, eta beste batzuk, (25) bitartekoak, lehenago zehaztu genuenez, hau da, ondasunak, irabazia, garaipena eta ohorea. Horrelako gauza guztioi eta bitartekoei dagokienez, gizakiak ez dira gaitzesten pasio haiek jasan, desiratu edo maitatzeagatik, nolabait eta gehiegizko moduan egiteagatik baizik. Horregatik, arrazoiaren kontra, edo gauza horien menpe, edo berez ederrak eta nobleak diren gauzak lortu nahian dauden gizaki guztiak goretsiak dira, (30) adibidez, ohoreekiko edo seme-alabekiko eta gurasoekiko behar baino irrika handiagoa dutenak –gauza horiek onak baitira eta gauza horiekiko irrika handia dutenak goretsiak dira). Hala eta guztiz ere, pasio horiekiko ere litekeena da nolabaiteko gehiegikeria, gizaki batek jainkoen aurka ere borrokatuko balu, Niobek bezala, edo aita-maitatzaile deituriko Satiro bezala, (1148b) bere aitarekiko gehiegizko era erotuan jokatzen omen baitzuen. Izan ere, ondasunari, irabaziari eta aipaturiko beste gauzei dagokienean, ez dago inolako zitalkeriarik, esandako arrazoiengatik, gauza horiek guztiak berez direlako nahigarriak, baina haiekiko gehiegikeriak txarrak dira eta saihestu behar dira. Era berean, (5) meneratzerik ezarik ere ez dago, meneratzerik eza saihestu ez ezik, gaitzetsi ere egin behar diren horietako gauza bat baita; baina gizakiek, pasioarekiko antzekotasunarengatik, gauza haiei meneratzerik eza esaten diete, kasu bakoitzean zerekiko gaineratuz; adibidez, sendagile txarra edo aktore txarra esaten diogu zentzu absolutuan txarra inolaz ere esango ez geniokeen horri. Beraz, gauza haiei guztiei nolabaiteko antzekotasun analogikoa edukitzeagatik eta ez gaiztakeria izateagatik txarrak esaten zaien bezala, (10) horrela ere, agerikoa denez, kasu honetan ere pentsatu behar da soilik meneratzerik eza eta meneratzea, neurritasuna eta neurrigabekeria dagozkien gauza berberei dagozkiela; eta, sumindurari dagokionez, hitz horiek antzekotasunez erabiltzen ditugula; eta horregatik esaten dugu meneraezina, baina suminarekiko, ohoreekiko eta irabaziarekiko gaineratuz.

(15) Gauza batzuk berez direnez atseginak, eta, horien artean, batzuk zentzu absolutuan eta beste batzuk animalien eta gizakien generoaren arabera, eta, bestalde, beste gauza batzuk atseginak berez ez badira ere atseginak bilaka daitezkeenez –batzuk lesioaren ondorioz, beste batzuk ohiturengatik, eta beste batzuk, izaera zitalarengatik–, horietako kasu bakoitzean ere ikus dezakegu oso antzeko aztura. Basatia esaten diet, (20) adibidez, emakume haurdunak zulatu eta gero, handik ateratako haurrak irensten dituen emakumearen azturari, edo Ponto inguruko zenbait tribu basatiren azturei –batzuk haragi gordina edo giza haragia jateaz gozatzen baitira, eta beste batzuek, euren oturuntzetarako, haurrak elkarri ematen baitizkiote–, edo Falarisi buruz kontatzen dutenari. Aztura horiek, hain zuzen ere, basatiak dira, baina beste batzuk gaixotasunen ondorioz gertatzen dira (25) (eta erokeriaren ondorioz zenbait kasutan, bere ama sakrifikatu eta jan egin zuen gizonaren kasua bezalaxe, hain zuzen, edo bere lagunaren gibela jan zuen esklab0arena); beste batzuk, erigarriak edo ohituretan sortuak dira, ileak ateratzea edo azkazalak jatea bezala edo, bestalde, ikatza eta lurra jatea, eta, halaber, gizonen arteko sexu-harremanak; azken horiek, batzuetan, berezkoak dira; beste batzuetan, berriz, ohitura batetik sortu dira, txikitatik sexu-abusuak jasan dituztenen kasuan bezala. (30) Egia esan, meneratzerik ezaren kausa naturala den kasuetan inork ez die meneraezinak esango aztura hori dutenei, emakumeei ere esaten ez diegun bezala, ez baitira aktiboak senar-emazteen arteko sexu-harremanetan, pasiboak baizik; eta berdin disposizio erigarriak ohituraz jasoak dituzten horiei dagokienez ere. Horrela, bada, disposizio horiek (1149a) gaiztakeriaren mugetatik kanpo daude, piztikeria bezala, eta disposizio horiek jasaten dituena haien gainean edo haien menpe egotea ez da meneratzerik eza zentzu hertsian, antzekotasunez baizik, disposizio suminkorra jasaten duenak grina-mota jakin hori duela esan den bezala, baina ez zaio meneraezina deitu behar. (5) Izan ere, gehiegizko burugabekeria, koldarkeria, neurrigabekeria eta aiurri txar guztien artean, batzuk basatiak dira, eta besteak, erigarriak; izan ere, gauza ororen beldur dena berez –sagu batek zarata aterata ere– koldarkeria basatiaz da koldarra, baina erbinudearen beldur zena, gaixotasun batengatik; burugabeen artean ere, berez irrazionalak direnak (10) eta bizitzarako euren zentzumenez beste edozertaz baliatzen ez direnak basatiak dira, urrutiko barbaroen arteko zenbait arraza bezala; gaixotasunen ondorioz direnak –adibidez, epilepsia edo erotasuna–, erigarriak dira. Horietako grinen bat jasaten duenak hura eduki dezake, besterik gabe, eta haren menpe egon ez; aipatzen dut, adibidez, Falarisen kasua, haur bat irensteko edo (15) lekuz kanpoko sexu-plazerak gozatzeko irrikan bazegoen ere, bere burua kontrolpean zuena; baina bestalde, eduki ez ezik, haien menpe ere egon daiteke. Beraz, zitalkeriaz mintzatzen garenean, zenbait kasutan gizakiari dagokionari zitalkeria zentzu absolutuan erabiltzen da; baina, beste zenbait kasutan, beste zerbait gaineratzen da –basatia eta erigarria dela, alegia–, baina zentzu absolutuan erabili gabe; honela ere, nabari da meneratzerik eza basati bat dagoela eta beste bat erigarria; baina, zentzu absolutuan esaten den meneratzerik eza bakarra giza neurrigabekeriaren araberakoa da. (20) Agerian dago, beraz, meneratzerik eza eta meneratzea neurrigabekeria eta neurritasuna dagozkien gauza berberei buruzkoak direla bakarrik, eta, beste zerbaiti buruzkoa bada, beste meneratzerik eza-mota bat izango dela, metaforikoki deituta eta ez zentzu absolutuan, jakina.

VI

[aldatu]

Iker dezagun jarraian suminduraren meneratzerik eza (25) desirena bezain lotsagarria den ala ez. Izan ere, badirudi sumindurak arrazoiari aditzen diola nolabait, baina gaizki aditzen dio, mirabe presatsuek bezala, esaten ari zaien guztia entzun aurretik, lasterka joan, eta gero agindua gaizki betetzen duten horiek; edo txakurrek bezala, zaratarik txikiena entzunda, laguna den jakin aurretik, zaunka egiten dutenak. Horrela, (30) suminduak, entzuten badu ere, gartsutasunaren eta presaren ondorioz ez du agindua aditzen, eta mendekura amiltzen da. Arrazoiak, hain zuzen ere, edo irudimenak, jasandako iraina edo arbuioa ikustarazi zion, eta hark, horrelakoari aurre egin behar zaiola ondorioztaturik, berehala sumintzen da. Desira, berriz, (35) arrazoiak edo zentzumenak zerbait atsegina dela besterik esan gabe ere, gozatzera amiltzen da. (1149b) Beraz, sumindurak arrazoiari jarraitzen dio nolabait, baina desirak ez. Hortaz, hori lotsagarriagoa da, sumindurarekiko meneraezina dena, nolabait ere, arrazoiak menperatua baita, baina desirarekikoa ez du arrazoiak menperatzen. Gainera, berezko gogoei jarraitzea askoz barkagarriagoa da, (5) gizaki guztiek baterako dituzten horrelako desirei jarraitzea bezala, eta baterakoak diren neurrian; eta sumindura eta gaitzustea berezkoagoak dira beharrezkoak ez direnen eta gehiegikerien desirak baino; adibidez, bere aita jipoitzetik defendatzen zuena honako hau esanez: egia esan, honek bere aita jipoitu zuen, eta hark, berea; eta, (10) bere semeari seinalatuz, eta horrek ni jipoituko nau, esan zuen, gizontzen denean, joera hori berezkoa baitugu; eta besteak, bere semeak bera herrestaturik, ate alboan gelditzeko agindu zion, hark bere aita horreraino, hain zuzen, herrestatu baitzuen. Gainera, amarrutsuenak zuzengabeagoak dira. Horrela, bada, suminkorra ez da amarrutsua, eta sumindura ere ez, (15) amarrugabea baizik. Baina desira Afrodita bezalakoa da, Txipreko alaba iruzur-irazkitzailea [3] esaten baitiote, eta haren gerriko bordatua bezalakoa, Homerok zuhurrari ere sena kentzen dion hitz-limurtzailea[4] esaten baitio. Hortaz, meneratzerik eza hori sumindurari dagokiona baino zuzengabeagoa eta lotsagarriagoa bada, zentzu absolutuan izango da meneratzerik eza, eta, (20) nolabait ere, bizioa. Gainera, inork ez du beste inor atsekabez iraintzen, eta haserre jokatzen duen orok atsekabez egiten du, eta iraintzen duenak, berriz, atseginez. Beraz, sumindura askoz ere zuzenagoa eragiten duena zuzengabeagoa baldin bada, baita desiraren meneratzerik eza ere bai, suminduran ez baitago irainik. Agerian dago, beraz, desirari buruzko meneratzerik eza sumindurari buruzkoa baino lotsagarriagoa dela, (25) eta bai meneratzea bai meneratzerik eza gorputzaren desirei eta plazerei dagozkiela; baina horien beraien arteko desberdintasunak kontuan hartu behar dira, hasieran esan dugunez, batzuk gizakienak eta berezkoak baitira, bai generoari bai handitasunari dagokienez, beste batzuk, basatiak dira eta beste batzuk, lesioen eta gaixotasunen ondorioak. (30) Lehenengo haiei dagozkie neurritasuna eta neurrigabekeria, eta ez beste ezeri; horregatik ez diegu esaten piztiei neurrizkoak edo neurrigabeak, metaforikoki ez bada, eta animalia-genero bat, bere osotasunean hartuta, beste genero batekiko desberdina baldin bada bortitzkeriari, suntsikorkeriari eta irentsi-beharrari dagokienez, haiek ez baitute hautapenik, (35) ezta arrazoimenik ere; aitzitik, gehiegikeria horiek naturan dautza, (1150a) gizaki eroak bezala. Eta piztikeria ez da bizioa bezain txarra, baina bai beldurgarriagoa, ez gizakiaren alderik onena ustelduta dagoelako –gizakiarengan bezala–, alde hori ez dutelako baizik. Beraz, bietako gaiztoagoa nor den jakitea izaki bizigabe bat eta animatu bat konparatzea bezalakoa da, prinzipiorik ez duenaren maltzurkeria (5) beti arinagoa baita, eta adimena prinzipio bat da. Beraz, zuzengabekeria eta gizaki zuzengabea konparatzea bezalakoa da, bakoitza, bere eran, bestea baino okerragoa baita, gizaki gaizto batek animalia batek baino askoz ere gauza okerragoak egin ditzakeelako.

VII

[aldatu]

Ukimenaren eta dastamenaren bidezko plazer, atsekabe, (10) gogo eta itzur-beharrei buruz –zentzuei dagokienez neurrigabekeria eta neurritasuna zehaztu ditugun lehenago–, halako disposizioa izan daiteke, non gizaki gehienek menperatzen dituzten grinen menpe ere egon gaitezkeen, eta, beste aldetik, gizaki gehienak menperatzen dituzten grinak ere menperatu. Bi disposizioak kontuan hartuta, plazerei dagokienez, bata meneraezina izango da, eta bestea, meneratua; atsekabeei dagokienez, bata biguna izango da, eta bestea, irmoa. (15) Eta erdian gizaki gehienen aztura dago, gauza txarrenetarako joera handiagoa badute ere. Plazer batzuk, neurri bateraino, beharrezkoak direnez, eta beste batzuk ez, baina gehiegikeriak eta gabeziak, ez, eta gurariei eta atsekabeei dagokienez berdin gertatzen denez, gauza atseginetan gehiegikerien bila dabilena, gogo handiegiz (20) nahiz hautapenez, haiengatik beraiengatik eta ez beste edozerengatik, neurrigabea da; izan ere, horrelako gizakia, ezinbestean, ez da damukorra; beraz, sendagaitza da, damutzeko gauza ez dena sendagaitza baita. Eta honen beste muturrekoa da gutxiegi desiratzen duena, eta erdikoa, neurrizkoa. Berdin, gorputz-atsekabeak saihesten dituena, ez haien menpe dagoelako, hori hautatzen duelako baizik. (25) Hautatu gabe jokatzen dutenen artean, bata plazerak bultzatua da, eta bestea desirak dakarren atsekabea saihesteak; beraz, bata eta bestea desberdinak dira. Edozeinek pentsatuko luke desiratu gabe edo leunki desiratuz zerbait lotsagarri egiten duena irrikaz desiratuz egiten duena baino gaiztoagoa dela, eta sumindurarik gabe beste norbait jipoitzen duena (30) suminduta egiten duena baino gaiztoagoa; izan ere, zer egingo luke, bada, pasioen menpe balego? Horregatik, neurrigabea meneraezina baino gaiztoagoa da. Beraz, aipaturiko bi disposizioetatik, bata nolabaiteko bigunkeria da neurri handiagoan, eta bestea, neurrigabekeria hutsa. Meneraezinaren aurkakoa gizaki meneratua da, eta bigunaren aurkakoa, gizaki irmoa; irmoa izatea, hain zuzen, eustean datza, eta meneratzea, (35) menperatzean; eta irmoa izatea eta menperatzea desberdinak dira, garaitua ez izatea eta garaitzea bezala. Horregatik da nahigarriagoa meneratzea (1150b) irmotasuna baino. Eta gehienek eusten eta euts ditzaketen gauzen aurka irmotasunik ez duen gizona makala eta emagizona da, emagizonkeria nolabaiteko makalkeria baita; horrelako gizonak arrastaka darama gainjantzia, jasotzearen atsekabea jasan behar ez izateagatik, edo, gaixoarena eginik, (5) ez du pentsatzen zorigaiztokoa denik, nahiz eta zorigaiztokoaren antzekoa den. Eta berdin meneratzeari eta meneratzerik ezari dagokienez. Izan ere, ez da harrigarria baten bat izugarrizko eta neurriz gaineko plazerek eta atsekabeek garaitua bada; aitzitik, barkagarria da aurre egiten badie, Teodektesen Filoktetes-ek bezala, sugegorriak kosk egin ondoren, (10) edo Karkinoren Kerkionek Alope-n, edo barreari eusten ahaleginduta barrez lehertzen direnak, Xenofantori gertatu bezala. Baina bada harrigarria baten bat gizaki gehienek euts ditzaketen gauzek garaitua eta haiei aurre egin ezin izatea, sortzezko naturaren edo gaixotasunaren ondorioa ez bada –eszitarren erregeen artean bezala, (15) makalkeria herentziazkoa baita, edo emea arrarekiko bezala, bereizgarria baita. Olgetazalea ere neurrigabea omen da, baina makala da; olgeta, hain zuzen ere, lasaikeria da, atsedena baita, eta olgetazaleak olgetarekiko neurria gainditzen du.

Meneratzerik eza, edo jauzkortasuna, edo ahuleria da; (20) izan ere, batzuek, hausnartzen badute ere, pasioaren ondorioz ez diete hausnarturiko erabakiei eusten; beste batzuk, ez hausnartzeagatik, pasioak bultzatzen ditu, zeren eta gizaki batzuk, aurrez erne daudenek kilima sentitzen ez duten bezala, horrela ere, aurrez sumatuta eta aurrikusita, eta euren burua eta arrazoia ernatuta, ez baititu pasioak gainditzen, (25) pasioa atsegina zein atsekabetsua izan. Sutsuak eta buruberoak dira bereziki, meneratzerik eza jauzkorrerako joera izateagatik meneraezinak direnak, batzuek presarengatik eta besteek suhartasunarengatik ez baitiote arrazoairi eusten, euren irudimenari jarraitzeko joera izateagatik.

VIII

[aldatu]

Neurrigabea, esan bezala, ez da damukorra, (30) bere hautapenari eusten baitio; meneraezina, berriz, damukorra da. Horregatik, zailtasuna ez da hasieran azaldu genuena; aitzitik, bata sendaezina da, baina bestea, sendakorra; izan ere, badirudi zitalkeriak zenbait gaixotasunen antza duela, hidropesiarena eta tisiarena, alegia, eta meneratzerik ezak, epilepsiarena, bata gaitza kronikoa baita, eta bestea, berriz, ez. (35) Eta, orokorrean, meneratzerik ezaren generoa eta bizioarena desberdinak dira, bizioa kontzientzia gabea baita, eta meneratzerik eza, ez. (1151a) Gizaki meneraezinen artean, euren onetik aterata daudenak hobeak dira arrazoiari, nahiz eta arrazoia eduki, eusten ez diotenak baino; azken horiek pasio txikiago batek garaitzen baititu, eta ez dihardute, besteek bezala, aurrez hausnartu gabe; izan ere, meneraezina berehala eta ardo gutxiz (5) edo gehienak baino ardo gutxiagoz mozkortzen direnak bezalatsua da. Beraz, agerian dago meneratzerik eza bizioa ez dela (nola edo hala agian bada ere), meneratzerik ezak hautapenaren aurka jokatzen baitu, eta bizioak, berriz, hautapenaren arabera; hala ere, ekintzei dagokienez, behintzat, badago antzekotasuna, eta Demodokok miletoarrei esan bezala –miletoarrak ez dira burtzoroak, baina burtzoroek bezala jokatzen dute–; (10) meneraezinak ere ez dira zuzengabeak, baina zuzengabekeriak egingo dituzte.

Eta meneraezinak arrazoi zuzenaren aurkako eta gehiegizko gorputz-plazerak bilatzen dituenez, baina ez sinetsita egoteagatik, eta neurrigabeak, berriz, sinetsita bilatzen dituenez, bere izaera horrelakoa izateagatik, meneraezina erraz damutuko da, baina neurrigabea ez; (15) izan ere, bertuteak babestu eta bizioak usteldu egiten dute prinzipioa, eta ekintzetan helburua printzipioa da, matematiketan hipotesiak bezala; beraz, han ez da arrazoia printzipioak irakasten dituena, eta hemen ere ez, berez nahiz usadioz sorturiko bertutea baizik, printzipioari buruz zuzen iriztarazteko arduraduna dena, alegia. Beraz, meneraezina den gizakia (20) neurrizkoa da, eta haren aurkakoa, neurrigabea. Baina badago pasio batengatik bere onetik aterata eta arrazoi zuzenaren aurka jokatzen duenik; hori, arrazoi zuzenaren aurka jokatzeko moduan dago pasioak gaindituta, baina ez aipaturiko plazerak neurririk gabe bilatu behar direla sinetsita egoteko moduan; hau da meneraezina, neurrigabea baino hobea dena, eta zentzu absolutuan ziztrina ez dena, alegia, babesten baitu onena den hori, hau da, printzipioa (25). Horren kontrakoa bestelakoa da, hots, bere erabakiei eutsi eta pasioaren kausa, behintzat, bere onetik aterata ez dagoena. Beraz, agerian dago horietatik aztura bat ona dela, eta bestea, ziztrina.

IX

[aldatu]

Beraz, nor izango da meneratua, edozein arrazoiri (30) eta edozein hautapeni eusten diona, ala arrazoi zuzenari eusten diona? Eta meneraezina, inolako hautapen eta inolako arrazoiri eusten ez diona, ala faltsua ez den arrazoiari eta hautapen zuzenari eusten ez diona, zailtasuna hasieran planteatu genuen bezala? Edo, akzidentalki, edozein arrazoi eta hautapen izan daiteke, baina egiazko arrazoiari eta hautapen zuzenari dagokienez batak eutsi egiten die eta (35) besteak ez? Izan ere, baten batek gauza jakin bat beste gauza jakin batengatik (1151b) aukeratzen edo bilatzen badu, hori berez bilatzen eta aukeratzen du; lehenengoa, aldiz, akzidentalki; berez esaten dugunean zentzu absolutuan bilatzen dela esaten dugu; beraz, zentzu batean, batak eutsi eta besteak utzi egiten dio edozein iritziri, baina zentzu absolutuan hitz eginik, egiazko iritziari.

Badira batzuk (5) euren iritziari eusten diotenak, eta horiei burugogor deitzen diegu; horiek limurtzen nekezak dira eta ez dira iritziz aldatzera erraz limurtzen; horiek badute meneratuaren nolabaiteko antza, zarrastelak eskuzabalarena eta ausartak izukaitzarena bezala, baina gauza askori dagokionez desberdintzen dira; izan ere, bata, meneratua, pasioagatik eta desiragatik ez da iritziz aldatzen, (10) naiz eta, beste arrazoi batzuen bidez, limurtzen erraza izan; besteak, aldiz, ez ditu arrazoiak zuzentzen, desirek, behintzat, hartzen baitituzte, eta plazerez gehienak gidatzen ditu. Burugogorrak dira egoskorrak, ezjakinak eta zarpailak; egoskorrak plazer eta atsekabearengatik dira burugogorrak, garaipenaz gozatzen baitira limurtzen ez direnean, (15) eta atsekabetzen dira euren iritziak baliagabetzen direnean, dekretuak bailiran; beraz, badirudi egoskorrak direnek meneraezinaren antz handiagoa dutela, meneratuarena baino.

Badira batzuk euren iritziei eusten ez dietenak, baina ez meneratzerik ezarengatik, Sofoklesen Filoktetesen Neoptolemo bezala: hala ere, bere iritziari plazeragatik eutsi ez bazion ere, plazer eder batengatik izan zen, egia esatea edertzat hartzen baitzuen, (20) nahiz eta Ulisesek limurtu ere egin zuen gezurra esatera. Izan ere, plazeragatik jokatzen duena ez da beti, ez neurrigabea, ez ziztrina, ezta meneraezina ere, plazer lotsagarri batengatik egiten ez badu.

Gorputz-plazerez behar dena baino gutxiago gozatzen dena ere badagoenez –eta ez dio, bada, arrazoiari eusten–, (25) honelako gizakiaren eta meneraezinaren arteko erdia meneratua izango da; izan ere, meneraezinak nolabaiteko gehiegikeriagatik ez dio eusten arrazoiari, eta hark, nolabaiteko gabeziagatik; baina meneratuak arrazoiari eusten dio eta ez da okertzen, ez alde batera ez bestera. Eta meneratzea bikaina denez, aurkako bi azturak ziztrinak izango dira derrigor, agerian dagoen bezala; (30) hala ere, horietako aztura bat gizaki gutxirengan eta gutxitan agertzen denez, neurritasuna bakarrik neurrigabekeriaren kontrakoa den bezala, horrela ere, meneratzea meneratzerik ezaren kontrakoa da.

Gauza asko antzekotasunez esaten denez gero, gizaki neurrizkoaren meneratzea ere antzekotasunez ondorioztatzen da, gizaki meneratuak (35) ez baitu gorputz-plazerengatik arrazoiaren kontra ezer egiten, eta gizaki neurrizkoak ere ez; (1152a) baina hark desira ziztrinak ditu eta horrek ez; eta hark ezin du arrazoiaren kontra gozatu, eta horrek bai, plazerak bultzatua ez bada ere. Meneraezina eta neurrigabea ere badira antzekoak, desberdinak izanik; (5) batak eta besteak bilatzen dituzte gorputz-gozamenak, baina batak, bilatu behar dituelakoan, eta besteak, ez.

Gizaki berbera aldi berean zuhurra eta meneraezina izatea ezinezkoa da, gizaki zuhurrak, aldi berean, aiurri bertutetsua duela demostratu baitugu. Gainera, zuhurra, jakiteagatik ez ezik, egiteko gai izateagatik ere izaten da zuhurra; meneraezina, ostera, ez da egiteko gai; (10) hala ere, ezerk ez du eragozten gizaki trebea meneraezina izatea, eta horregatik, noizean behin, badirudi batzuk zuhurrak eta meneraezinak direla, trebetasuna eta lehenengo liburuetan aipatu den moduko zuhurtzia desberdinak direlako; eta definizioaren arabera hurbilak badira ere, hautapenaren arabera desberdinak dira; egia esan, meneraezina jakin eta ikusten duena bezalakoa ere ez da, (15) lo edo mozkor dagoena bezalakoa baizik. Eta nahita egiten du (nolabait, zer eta zergatik egiten duen baitaki), baina ez da bihozgaiztoa, hautapena zintzoa baita; beraz, erdi-bihozgaiztoa da. Eta ez da zuzengabea, ez baita amarrutsua. Izan ere, batak ezin diezaieke deliberatu ondoren harturiko erabakiei eutsi, eta besteak, buruberoak, ez du inolaz ere deliberatzen. (20) Horrela, bada, meneraezina da beharrezko erabaki guztiak hartu eta, lege onak izanik ere, hauek erabiltzen ez dituen hiria bezalatsua, Anaxandridesek[5] txantxetan esan zuen bezala:

Erabaki zuen hiriak, legea bost axola zaion hiriak;

Bihozgaiztoa, aldiz, legeak erabiltzen dituen hiria bezalatsua da, baina lege zorrotzak erabiltzen dituen hiria bezalatsua. (25) Hala ere, meneratzerik eza eta meneratzea, gizaki gehienen azturaren neurria gainditzen duenari buruzkoak dira: meneratuak gizaki gehienek dezaketena baino gehiago eusten baitio arrazoiari, eta menerazinak, berriz, gutxiago.

Meneratzerik ezen artean, buruberoena sendatzen errazagoa da deliberatu ondoren euren erabakiei eusten ez dietenena baino; eta usadioz diren meneraezinena, berez direnena baino, (30) aldatzen errazagoa baita usadioa natura baino; izan ere, naturaren antzekoa izateagatik, usadioa ere bada aldatzen zaila, Evenok ere dioen bezala:

Ohitura, denbora luzez aritzea dela diot, laguna, eta azkenean hau, gizonengan, natura bihurtzen dela.

Esana dago, bada, meneratzea zer den, eta zer, meneratzerik eza; eta zer, irmotasuna, eta (35) zer, makalkeria; eta aztura horien artean zer-nolako lotura dagoen.

XI

[aldatu]

(1152b) Plazerari eta atsekabeari buruz ikertzea politikagintzaz filosofatzen duenari dagokio; izan ere, hori helburuaren arkitektoa da, helburua zeinari begira gauza bakoitza zentzu absolutuan ona ala txarra dela esaten dugun. Bestalde, hori ere bada aztertu behar ditugun horietako gai bat, bertute eta bizio etikoak atsekabeei eta plazerei buruzkoak (5) direla ezarri baikenuen, eta gehienek esaten dute zoriontasuna plazerarekin batera gertatzen dela; eta horregatik, gizaki dohatsua gozatu [6] aditzatik eratorritako hitz batez izendatu dute.

Beraz, gizaki batzuen ustez ez dago ongia den inolako plazerik, ez berez, ez akzidentalki, ongia eta plazera gauza bera ez direlakoan. Beste batzuen ustez, berriz, plazer batzuk ongiak dira, baina gehienak txarrak. (10) Badago, bestalde, hirugarren iritzi bat: plazer guztiak onak badira ere, ongi gorena ezin daitekeela plazer bat izan pentsatzen dutenena, hain zuzen.

Beraz, plazera ez da inolaz ere ongia, plazer oro natura baterantz bideratzen den sortze hautemangarria delako, baina sortzeak eta helburuak ez dira kidekoak, etxegintza eta etxea kidekoak ez diren bezala. (15) Gainera, neurrizkoak plazerak saihesten ditu; eta bestalde, zuhurra, atsekaberik ez izatearen bila dabil, ez atsegina denaren bila. Gainera, hausnartzeari begira, plazerak oztopoak dira, gozamena zenbat eta handiagoa izan, oztopoa ere, handiagoa, sexu-plazeretan bezala, horrelakoetan sartuta ez bailiteke inor gogoetan ibil. Gainera, ez dago inolako plazeraren arterik, ongi oro artelana bada ere. Gainera, haurrek (20) eta animaliek plazerak bilatzen dituzte. Plazer guztiak bertutetsuak ez diren adierazle dugu plazer lotsagarriak eta gaitzesgarriak ere badirela, eta, bestalde, plazer kaltegarriak, zenbait plazer osasunerako kaltegarriak baitira. Eta ongi gorena plazera ez den adierazle dugu plazera ez dela helburua, sortzea baizik. Beraz, hori da, gutxi gorabehera, plazerari buruz esandakoa.

XII

[aldatu]

(25) Hau guztia kontuan hartuta, ez da ondorioztatzen plazera ez denik ongi bat, esta ez ongi gorena ere; hori, gainera, ondoko azalpenotatik argitzen da. Lehendabizi, ongia bi zentzutan esaten denez (bai zentzu absolutuan, bai norbaiten ustez), eta, horren ondorioz, baita giza izaerak eta azturak ere, orduan, mugimenduak eta sortzeak ere esango dira bi zentzutan. Eta ziztrinak diruditen mugimendu eta sortzeen artean, batzuk zentzu absolutuan izango dira ziztrinak, baina zenbait gizakiren ustez agian ez, (30) nahigarriak baizik, eta beste batzuk, inoren ustez ere ez dira nahigarriak izango, baina bai behinola eta denbora gutxirako, baina ez zentzu absolutuan. Beste batzuk, horrelakoak badirudite ere, ez dira plazerak: sendatzeari begira atsekabearekin batera gertatzen diren horiek, gaixoenak, alegia.

Gainera, ongia, alde batetik, jarduera, eta, beste aldetik, aztura denez, gure berezko azturara itzultzen gaituzten jarduerak akzidentalki dira atseginak; (35) eta jarduera desiretan gure gaineratiko azturaren eta naturaren jarduera da, atsekaberik eta desirarik gabeko plazerak ere baitaude, (1153a) begiespen-jardueretan, alegia, natura ezeren beharrean ez dagoenean. Eta horren adierazle dugu gizakiak ez direla gauza atsegin berberez gozatzen euren natura osatzen ari denean eta osatuta dagoenean; aitzitik, osatuta dagoenean, zentzu absolutuan diren plazerez gozatzen dira, eta osatzen ari denean, baita aurkakoez ere, (5) gauza garratzez eta mikatzez gozatzen baitira, horiek, atseginak, ez berez, ez zentzu absolutuan, ez izan arren; beraz, plazerak ere ez, gauza atseginak, euren artean, desberdinak diren bezala, horrela ere, gauza horietatik sortzen diren plazerak ere bai. Gainera, plazera baino hobeagorik ez da zertan izanik, batzuek helburua sortzea baino hobea dela dioten bezala, plazerak ez baitira sortzeak, ezta plazer guztiak sortze batekin batera gertatzen ere, (10) jarduerak eta helburua baizik; eta ez dira sortzen izatera iristen ari garenean, gaitasun batez baliatzen garenean baizik; eta helburua eta plazer guztiak ez dira bestelako ezer, naturaren hobetzera gidatzen dutenak izan ezik. Horregatik plazera sortze hautemangarria dela esatea ere ez da zuzena; hobeto esan behar da naturaren araberako azturaren jarduera dela, (15) eta hautemangarria dela esan beharrean, eragozpenik gabekoa. Batzuen ustez plazera sortze bat da, zentzu hertsian ongi bat delako; izan ere, jarduera sortze bat dela pentsatzen dute, baina bestelako zerbait da.

Eta gauza atsegin batzuk osasunerako kaltegarriak direlako, haiek ziztrinak direla argudiatzea, gauza osasungarri batzuk dirua irabazteari begira ziztrinak direlako, ziztrinak direla esatea bezalakoa da; zentzu horretan, egia esan, biak dira ziztrinak, baina ez horregatik, behintzat, (20) begiespen-jarduerak ere, noizean behin, osasunari kalte egiten baitio. Bestalde, aztura bakoitzak sortzen duen plazera ez da oztopo ez zuhurtziarentzat ez beste edozein azturarentzat, plazer arrotzak baizik, pentsatzetik eta ikastetik sortzen diren plazerek gehiago pentsaraziko eta ikastaraziko digute eta. Eta arrazoi sendoak daude esateko ez dagoela artelan den inolako plazerik, (25) ez baitago beste edozein jardueraren arterik, gaitasunarena baizik, bai lurrinen arteak, bai sukaldaritzak, plazer baten arteak badirudite ere. Bestalde, neurrizkoak plazerak saihesten dituen, eta zuhurrak atsekaberik gabeko bizitza bilatzen duen, eta haurrek eta animaliek plazerak bilatzen dituzten argudioei dagokienez, argudio berberaz baliogabetzen dira denak. Izan ere, plazer guztiak zein zentzutan diren onak zentzu absolutuan (30) eta zein zentzutan ez diren onak esana dagoenez, haurrek eta animaliek azken horiek bilatzen dituzte, eta zuhurrak haien atsekabetik askatzea, hots, desirarekin eta atsekabearekin batera gertatzen direnak, eta gorputzenak (gorputzarenak desirarekin eta atsekabearekin batera gertatzen direnetakoak baitira), eta haien gehiegikeriak, hau da, haiek, zeintzuen arabera neurrigabea baita gizaki neurrigabea. Horregatik saihesten ditu neurrizkoak plazer horiek, (35) neurrizkoaren plazerak ere baitaude.


XIII

[aldatu]

(1153b) Hala ere, atsekabea gaitz bat dela onartuta dago, eta saihetsi egin behar dela, edo txarra zentzu absolutuan delako, edo, nola edo hala, oztopo bat izateagatik; eta saihestu behar denaren kontrakoa, saihestu behar den eta txarra den neurrian, ongi bat da. Beraz, plazera nolabaiteko ongi bat izango da, nahitaez. Izan ere, (5) Espeusipok ematen zuen moduko ebazpena ez da ebazpena –esate baterako, plazera atsekabearen kontrakoa dela, handiagoa txikiagoaren eta berdinaren kontrakoa den bezala–, ezin esan bailezake plazera nolabaiteko gaitz bat den horixe denik. Ezerk ez du eragozten ongi gorena plazer bat izatea, plazer batzuk ziztrinak izan arren, ezaguera bat ere izan daitekeen bezala, batzuk ziztrinak izan arren. Baina, beharrezkoa ere izango da, agian, (10) aztura bakoitzaren jarduerak oztoporik gabekoak baldin badira, zoriontasuna –nahiz eta aztura guztien jarduera edo haietako bat izan, eragozpenik gabekoa baldin bada– gauzarik nahigarriena izatea, eta hori da plazera. Beraz, ongi gorena plazer bat izan liteke, plazer gehienak ziztrinak balira ere, eta, nahi izanez gero, zentzu absolutuan. Eta horregatik ere pentsatzen dute denek bizitza zoriontsua atsegina dela, (15) eta, arrazoi osoz, plazera zoriontasunari lotzen diote, inolako jarduera, oztopoa jasatekotan, ez baita betea, eta zoriontasuna betea den gauzaren bat da; horregatik behar ere izaten ditu gizaki zoriontsuak gorputz-ongiak, eta kanpoko eta zoriaren ongiak, dena delako oztoporik izan ez dezan. Gurpil-tortura eta malura handiak jasan dituen pertsona, (20) gizaki ona bada, zoriontsua dela etengabe esaten dutenek, nahita ala nahi gabe huskeria besterik ez dute esaten. Bestalde, zoriontasuna zoriaren beharrean egoteagatik, batzuen iritziz zoriontasuna eta zoriona gauza bera dira, gauza bera ez izanik, zoriona ere, neurriz gainekoa bada, zoriontasunerako oztopo bat baita, eta, agian, jadanik ez da zuzena izango zoriona deitzea, bere definizioa (25) zoriontasunarekikoa baita.

Eta, animalia guztiek eta gizakiek plazera bilatzeak adierazten du plazera, nolabait, ongi gorena dela:

Ez da ospe erabat galdua, hori zein herri askok...[7]

Baina, gizaki guztien iritzizko onena den natura eta aztura jakinik (30) ez dagoenez, ezta hori dirudienik ere ez dagoenez, ez dute denek plazer berbera bilatzen, baina, hala ere, denek bilatzen dute plazera. Baina baliteke bilatzen duten plazera ez izatea ez uste dutena, ez esango luketeena, plazer berbera baizik, gauza guztiek jainkozko zerbait baitute berez. Baina, gorputz-plazerak izenaren jabe egin dira, gizaki gehienak haietara hurbiltzen direlako sarritan, (35) eta haietan parte hartzen dutelako; beraz, horiek besterik ez ezagutzeagatik plazer horiek besterik ez dagoela pentsatzen dute.

(1154a) Bestalde, agerian dago plazera eta jarduera ongi bat ez badira, gizaki zoriontsua ez dela atseginik bizi izango; izan ere, zergatik egongo ote zen plazeraren beharrean benetan ongi bat ez bada, eta, aitzitik, atsekabeki ere bizi badaiteke? Izan ere, atsekabea ez da gaizki bat ezta ongi bat ere izango, (5) plazera ere, ez gaizki bat, ez ongi bat ez bada; beraz, zergatik saihetsi beharko genuke? Horrela, bada, gizaki bertutetsuaren bizitza ez da batere atseginagoa izango, bere jarduerak ere ez badira atseginak.

XIV

[aldatu]

Horrela, bada, gorputz-plazerei dagokienez, plazer batzuk, behintzat, erabat nahigarriak direla baieztatzen dutenek –plazer ederrak, alegia,(10) baina ez gorputzenak eta neurrigabeak bilatzen dituen horiek– aztertu beharko dute, beraz, kontrako atsekabeak zergatik diren dongeak, txarra denaren kontrakoa ona baita. Edo izango dira onak beharrezko plazerak, txarra ez dena ere ona delako? Edo ote dira onak neurri bateraino? Izan ere, gehiegizko ondasunik ez dagoen aztura eta mugimendu horietan, gehiegizko plazerik ere ez dago, (15) eta hura dagoen horietan, gehiegizko plazera ere bai. Baina, gorputz-ongietan gehiegikeria gerta daiteke, eta gizaki ziztrina gehiegikeria bilatzeagatik da ziztrina, eta ez beharrezkoa dena bilatzeagatik, zeren eta denek janariez, ardoez eta sexu-harremanez nola edo hala atsegin hartzen baitute, baina ez behar bezala. Baina, atsekabeari dagokionez, kontrakoa gertatzen zaio, ez baitu gehiegikeria saihesten, erabateko atsekabea baizik, (20) gehiegikeriaren aurkako atsekaberik ez baitago, gehiegikeria bilatzen duenarentzat izan ezik.

Baina, egia ez ezik, gezurraren kausa ere esan behar denez –izan ere, horrek sinesteari laguntzen dio, zeren eta egiazkoa ez dena egiazko agertzearen zergatia arrazoi sendoz ikusteak (25) egian gehiago sinestarazten baikaitu–, esan behar dugu, beraz, gorputz-plazerak zergatik agertzen diren nahigarriagoak. Lehenik eta behin, hain zuzen ere, horrela da, gizakiek atsekabea baztertzen dutelako, eta gehiegizko atsekabearengatik, sendabide bat balitz bezala, gizakiek neurriz gaineko plazera bilatzen dute eta, orokorrean, gorputzarena. Baina, sendabideak gogorrak dira, (30) eta horregatik bilatu ere egiten dira, euren kontrakoaren ondoan nabarmen agertzen direlako. Eta, esana dagoenez, plazera ez omen da ona, jakina, bi arrazoi hauengatik: bata, plazer batzuk natura ziztrinaren ekintzak direlako (nahiz sortzetikoa, animaliarena bezala, zein ohiturazkoa, gizaki ziztrinena bezala), bestea, beste batzuk behar baten sendabideak direlako, eta izatea izatera iristeko bidean egotea baino hobea da; (1154b) azken sendabide horiek gertatzen dira gizakiak lehenerazten ari direnean, beraz, akzidentalki dira onak. Bestalde, gainerako plazerez gozatzeko gai ez diren gizakiek plazer gogorrak bilatzen dituzte, horiek gogorrak izateagatik, eta, hortaz, horiek beraiek hornitzen dute beren burua egarri moduko horrezaz. Horrela, bada, kaltegarriak ez direnean, ez da gaitzesgarria, baina (5) kaltegarriak direnean, ziztrina da. Izan ere, gozatzeko beste ezer ez dute, eta gehienentzat euren naturagatik, erdiko terminoa atsekabetsua da; izan ere, izaki biziduna etengabeko atezuan dago, fisiologoek ere adierazten duten bezala ikustea eta entzutea atsekabetsuak direla esaten dutenean; baina, diotenez, ohituta gaude dagoeneko. Halaber, (10) gaztaroan, hazkuntzarengatik, gazteak mozkor baleude bezala daude, eta gaztaroa atsegina da. Buruberoak berez direnak sendabide baten beharrean daude beti, euren gorputza, euren jitearen ondorioz, xaxaturik eta gogo bortitzek hartuta baitago beti; baina, kontrako eta ustekabeko plazer batek, bizia bada, atsekabea kanporatzen du, eta (15) gizaki horiek horregatik bihurtzen dira neurrigabeak eta ziztrinak.

Atsekaberik gabeko plazerek ez dute gehiegikeriarik, eta horiek berez eta ez akzidentalki atseginak diren gauzek sortuak dira. Atsegina akzidentalki esaten diot sendatu egiten duenari; izan ere, osasuntsu irauten duen aldeak sortutako zerbaiten ondorioz sendatzea gertatzen da, eta horregatik dirudi atsegina; (20) eta atsegina berez, horrelako naturaren ekintza sortzen duenari.

Guretzat, gauza berbera ez da beti atsegina, gure natura bakuna ez delako; aitzitik, gure baitan bestelako zerbait ere badago, hilkorrak garen aldetik; horren ondorioz, gure naturaren alde batek zerbait egiten badu, horrek gure naturaren beste aldearen kontra joko du; baina orekatzen direnean, horrek sortutakoa ez omen da ez atsekabea ez atsegina; izan ere, (25) norbaiten natura bakuna balitz, ekintza berbera izango litzateke beti atseginena. Horregatik, jainkoa plazer bakar batez eta bakunaz gozatzen da beti, mugimenduaren jarduera ez ezik, gelditasunaren jarduera ere baitago, eta plazera atsedenean dago neurri handiagoan, mugimenduan baino. Gauza guztietan aldaketa goxoa da, poetak dioenez,[8] nolabaiteko bihozgaiztakeria batengatik, (30) gizaki bihozgaiztoa aldakorra den bezala, horrela ere aldaketaren beharrean dagoen natura, hori ez baita ez bakuna ez zintzoa.

Horrela, bada, meneratzeaz eta meneratzerik ezaz, eta plazeraz eta atsekabeaz mintzatu da, eta esana dago bakoitza zer den, eta nola diren onak haietako batzuk eta txarrak besteak. Oraindanik adiskidetasunaz mintzatuko gara.

  1. Homero, Ilias XXIV 258-259.
  2. Aristotelesen garaian ospetsua zen pugilaren izena da. Kontuan hartu behar da anthrôpos-ek gizaki esan nahi duela grekoaz.
  3. Idazle ezezagun baten lerroa
  4. Homero, Ilias XIV 217
  5. Aristotelesen garaikidea zen poeta komikoa.
  6. gr. makários (dohatsu) eta chaírein (gozatu); grekoen usez makários málista (asko) chaírein -etik dator.
  7. Hesiodo, Opera et dies 763.
  8. Euripides, Orestes 234.