Zortzigarren liburua
I
[aldatu](1155a) Horren ondoren, jarrai genezake adiskidetasunari buruz ikertzen, bertute bat edo bertutearekin batera gertatzen den zerbait baita, eta, gainera, bizitzarako beharrezkoena. (5) Izan ere, adiskiderik gabe inork ez luke bizi nahi izango, gainerako ondasun guztiak edukita ere. Badirudi, bestalde, aberatsek, agintariek eta boteretsuek, batik bat, adiskideen beharra dutela. Izan ere, zertarako balio ote du horrelako ugaritasunak onura egiteko ahalmena gabetuz gero, hots, bereziki eta modu goragarrien lagunekiko sortzen dena? Edo, nola jagon (10) eta gorde liteke ugaritasuna adiskiderik gabe? Izan ere, ugaritasuna zenbat eta handiagoa izan, orduan eta haren segurtasuna txikiagoa da. Pobrezian eta gainerako zorigaitzetan, babesa bakarra adiskideak direlakoan gaude; gazteek akatsez babesteko behar dituzte; zaharrek, beren zaintzarako eta ekintzarako ahultasunak dakarren gabezia osatzeko; eta adinaren lorean daudenek, (15) ekintza ederrak egiteko. Biak elkarrekin doazelarik: izan ere, pentsatzeko eta ekintzak aurrera eramateko gaitasun handiagoa dute horiek.
Eta badirudi seme-alabekiko adiskidetasuna aitarengan berez dagoela, eta aitarekikoa seme-alabengan, ez bakarrik gizakien artean: hegaztien artean eta animalia gehienen artean, baita espezie bereko kideen artean ere badago elkarrekiko adiskidetasuna, eta, bereziki, gizakien artean; (20) horregatik goraipatzen ditugu filantropoak. Eta bidaietan ere ikus daiteke zein hurbila eta laguna den gizaki oro gizakientzat. Eta badirudi adiskidetasunak baita hiriei ere eusten diela bilduta, eta legegileek hari dagokionez zuzentasunari dagokionez baino ahalegin handiagoak egiten dituztela, adostasuna adiskidetasunaren antzeko zerbait (25) omen baita, eta harekiko joera dute bereziki, eta etsaikeria den asaldura, berriz, kanporatzeko ahaleginak egiten dituzte bereziki. Eta, gizakiak lagunak direnean, zuzentasunaren beharrik ez dago, baina, zuzenak izanda ere, adiskidetasunaren premia ere badute, eta badirudi zuzenak direla lagunkoienak. Baina adiskidetasuna beharrezkoa ez ezik, ederra ere bada; izan ere, bere adiskideak maite dituztenak goraipatzen ditugu, (30) eta adiskide asko edukitzea gauza onenetariko bat dela iruditzen zaigu, eta, bestalde, gizaki onak eta adiskideak gauza bera dira gure ustez.
Bestalde, adiskidetasunaren inguruko eztabaidak ez dira gutxi. Izan ere, batzuek nolabaiteko antzekotasuntzat hartzen dute, eta antzekoak direnak adiskidetzat hartzen direla; horregatik esaten da antzekoak antzekoekin,[1] eta ipar-belea (35) ipar-belearen bila [2] dabil eta horrelako esaerak; beste batzuek, ostera, esaten dute antzekoak diren guztiek, elkarrekin daudenean, (1155b) eltzegileek bezala eztabaidatzen dutela.[3] Eta kontu horiei beraiei buruz azalpen altuago eta zientifikoagoak ere bilatzen dira, Euripidesek bezala, honakoa esaten duenean: lur lehortuak euria maitatzen du, eta euriz beteriko zeru goitarrak lurrean erortzea;[4] eta Heraklitok: (5) aurkakoa dena da komenigarria, eta harmoniarik ederrena elementu desberdinetatik sortzen da, eta gauza oro liskarraren arabera sortzen da.[5] Beste batzuek kontrako iritziak dituzte, Empedoklesek bezala, honakoa esaten baitu: antzekoak antzekorako joera du.[6] Baina utz ditzagun eztabaidagai zientifikoak (ez baitagozkio oraingo ikerketari), eta azter ditzagun giza gaiak, eta (10) aiurriei eta pasioei dagozkien horiek guztiak; adibidez, adiskidetasuna gizaki guztiengan gertatzen den ala zitalak direnek ezin duten adiskideak izan; eta adiskidetasuna espezie bakarra den ala espezie bat baino gehiago. Izan ere, gehiago eta gutxiago onartzen dituelako bakar bat dela pentsatzen dutenak egokia ez den adierazgarri batez fidatzen dira, espezieari dagokionez desberdinak diren gauzek ere gehiago eta gutxiago onartzen baitituzte. Baina, (15) honi guztiari buruz dagoeneko mintzatu gara lehenago.
II
[aldatu]Gai horiek agian argituko lirateke adiskidetzea merezi duena ezagututa gero. Izan ere, badirudi gauza oro ez dela maitatzen, maitagarria dena baizik, eta hori ona edo gozoa edo onuragarria dela. Eta pentsa liteke (20) onuragarria ongi baten edo plazer baten sorburua dela; maitagarria dena, beraz, ona dena eta atsegina dena litzateke, helburuak diren neurrian. Hala ere, zer maitatzen dute gizakiek, ona dena ala haientzat ona dena? Izan ere, gauza horiek batzuetan ez dira egokitzen, eta berdin atsegina denari dagokionez ere. Eta badirudi bakoitzak bere buruarentzat ona dena maitatzen duela, eta, zentzu absolutuan, ona dena maitagarria bada ere, bestalde, bakoitzarentzat, bakoitzaren ona dena dela; (25) eta bakoitzak maitatzen du ez berarentzat ona dena, on irudia duena baizik. Baina ez du axola, maitagarria on irudia duena izango baita.
Gizakiek maitatzeko arrazoiak hiru izanik, gauza bizigabeekiko estimuari ez zaio adiskidetasuna esaten, ez baitago elkarrekiko estimurik, ezta objektuarentzako ongiaren gogoa ere (ardoarentzako ongia opa izatea, jakina, barregarria bailitzateke, (30) ardoa kontserbatzea nahi ez bada, ardoa edukitzeko); baina esaten dugu, ostera, adiskidearen ongia adiskidearengatik berarengatik nahi izan behar dela. Baina besteen ongia horrela nahi izaten dutenei borondatetsuak esaten diegu besteen aldetik ere sentimendu berbera gertatzen ez bada, borondate ona elkarrekikoa izaten denean adiskidetasuna baita. Edo, erantsi behar dugu borondate ona oharkabean pasatzen ez denean? Izan ere, (35) gizaki asko ikusi ez dituztenekiko borondatetsuak dira, baina pentsatzen dute (1156a) zintzoak edo onuragarriak direla; eta horietako batek ere sentimendu berbera lezake beste haiekiko. Beraz, agerian dago gizaki horiek elkarrekiko borondate ona dutela; baina, nola dei liezaiekete adiskide, beraiekiko besteen jarrera oharkabean pasatzen bazaie? Beraz, elkarrekiko borondate ona izan behar da, eta elkarrekiko ongia oharkabean pasa gabe nahi izan behar dute (5) aipaturiko arrazoi jakin batengatik.
III
[aldatu]Hala ere, arrazoi horiek elkarren artean desberdinak dira espeziari dagokionez, eta, horren ondorioz, estimuak eta adiskidetasunak ere bai. Beraz, adiskidetasun espezieak hiru dira, gauza maitagarri bezainbeste; izan ere, espezie bakoitzaren elkarrekikotasuna ezaguna da, eta elkar maite dutenek elkarrentzako ongia nahi izaten dute (10) elkar maite duten moduan. Beraz, beren onurarako elkar maite dutenek ez dute haiengatik beraiengatik elkar maite, elkarrengandik onura lor dezaketen neurrian baizik. Eta berdin gertatzen da plazerarengatik elkar maite dutenekin ere, gatzdunei estimua baitiete ez horrelakoak izateagatik, atsegintzat hartzen dituztelako baizik. Beraz, onuragatik elkar maite dutenek haientzat beraientzat (15) atsegina denarengatik maite dute elkar, eta plazerarengatik elkar maite dutenek, euren atseginagatik, eta bakoitza ez da maitatua bera denarengatik, onuragarria edo atsegina denarengatik baizik. Beraz, adiskidetasun horiek akzidentalak dira, ez baita maitatua bere izaerarengatik maitatua, batzuek onura eta besteek plazera ematen dutelako baizik. Izan ere, horrelako adiskidetasunak erraz deuseztatzen dira, (20) haiek berdin irauten ez badute; izan ere, dagoeneko ez dira atseginak edo onuragarriak, elkar maitatzeari uzten diote.
Onuragarria denak ere ez du aldaketak jasan gabe irauten; aitzitik, zenbaitetan gauza bat da, beste zenbaitetan beste bat. Beraz, adiskideak izateko arrazoia deuseztatuz gero, adiskidetasuna ere desagertzen da, adiskidetasuna helburu horri zuzendua baitzen. Badirudi horrelako adiskidetasuna zaharren artean (25) gertatzen dela gehienbat (adin horretan ez baita atsegina dena bilatzen, mesedegarria dena baizik), eta helduen eta adinaren lorean daudenetan eta euren atarramentu ona bilatzen duten gazte guztien artean. Horrelako lagunek ez dute denbora luzean elkarrekin bizi izaten, batzuetan ez baitira ezta elkarrekiko atseginak ere; egia esan, horrelako harremanaren beharrik ere ez dute mesedegarriak ez baldin badira, atseginak baitira (30) ongi baten itxaropenak dituzten neurrian. Adiskidetasun hauetan kanpotarrekiko abegia ere sartzen da. Gazteen arteko adiskidetasuna, aldiz, plazeragatik omen da, horiek pasioaren arabera bizi izaten baitira, eta batez ere eurentzako atsegina dena eta oraingoa dena bilatzen dute; baina, adina aldatu ahala, atsegin dituzten gauzak ere aldatzen dira. Horregatik, gazteak berehala egiten dira lagunak (35) eta berehala uzten diote lagunak izateari, adiskidetasuna plazerarekin batera aldatzen baita, (1156b) eta horrelako plazera azkar aldatzen da. Gazteak maitaberak ere badira, amodioaren alderik handiena pasioaren arabera eta plazerarengatik sortzen baita; horregatik, hain zuzen ere, maitatzen eta maitatzeari uzten diote, egunean zehar ere oso maiz aldatuz. Hala ere, hauek elkarrekin nahi dituzte egunak igaro eta bizi, (5) beren adiskidetasunaren xedea horrela sortzen baita.
Baina adiskidetasun betea, gizaki onen eta bertuteari dagokionez antzekoak diren gizakiena da, gizakiok elkarrentzako ongia nahi izaten baitute, onak diren eta onak berez diren aldetik. Eta lagunarentzako ongia haiengatik beraiengatik nahi izaten dutenak adiskide onenak dira, azken horiek (10) horrelakoak izateagatik berez baitira adiskideak, eta ez akzidentalki; beraz, onak diren bitartean horien arteko adiskidetasunak iraun egiten du, eta bertutea egonkorra da. Eta horietako bakoitza ona da zentzu absolutuan eta ona ere adiskidearentzat, onak direnak, onak baitira zentzu absolutuan eta elkarrenganako, mesedegarriak; eta, halaber, atseginak ere bai, (15) zentzu absolutuan onak direnak elkarrentzako atseginak ere baitira. Izan ere, gizaki bakoitzak bere jarduera bereziak eta antzekoak ditu atseginak, eta gizaki onen jarduerak berdinak edo antzekoak dira. Eta horrelako adiskidetasuna egonkorra izatea arrazoizkoa da, adiskideek eduki behar ditugun ezaugarri guztiak biltzen baitira horren baitan. Izan ere, adiskidetasun oro ongi batengatik (20) edo plazer batengatik da, zentzu absolutuan, edo maite duenarentzat, eta nolabaiteko antzekotasunaren arabera; eta aipaturiko ezaugarri guztiak adiskidetasun horretan biltzen dira adiskideen beraien izaeraren arabera, adiskidetasun horretan adiskideak ez ezik, gainerako gauzak ere antzekoak baitira, eta zentzu absolutuan ona dena zentzu absolutuan atsegina ere bada, eta gauza horiek maitagarrienak dira; beraz, bai maitatzea bai adiskidetasuna adiskide horiengan dira gorenak eta bikainak.
Horrelako adiskidetasunak, jakina, (25) urriak dira, horrelako gizakiak gutxi baitira. Gainera, denbora eta tratua behar dira, zeren eta, errefrauak dioenez, gizakiek ezin baitezakete elkar ezagutu gatza ugaria elkarrekin jan aurretik, ezta adiskideak direla onartu ere elkarrekiko maitagarri azaldu eta konfiantza bereganatu arte. Elkarrekiko adiskidetasuna bizkor (30) adierazten dutenek adiskideak izan nahi dute, baina ez dira, maitagarriak ere ez baldin badira eta hori ez baldin badakite, adiskidetasunaren gogoa berehala sortzen baita, baina adiskidetasuna, ez.
IV
[aldatu]Beraz, adiskidetasun hori, denborari eta gainerako guztiari dagokionez, betea da; eta gauza guztiei dagokienez berdintasuna dago, eta elkarrengandik antzeko onurak erdiesten dituzte, (35) adiskideen artean gertatu behar bezala, hain zuzen. (1157a) Eta plazerarengatik den adiskidetasunak horren antza du, onak direnak elkarrekiko atseginak ere baitira; eta berdin onurarengatik dena ere, onak direnak elkarrekiko onuragarriak ere baitira. Eta gizaki horien artean bereziki, adiskidetasunak iraunkorrak dira adiskideek elkarrengandik gauza bera jasotzen dutenean, (5) plazera, alegia; eta ez hori bakarrik: plazeraren sorburua gauza berberean denean ere bai, gatzdunak direnen arteko adiskidetasunean gertatu bezala, baina ez maitalearen eta maitatuaren artekoan bezala. Izan ere, horiek ez dute gauza berberetan atsegin hartzen, batak bestea ikustean eta besteak maitalearen adeitasunean baizik; eta edertasuna galtzen denean batzuetan adiskidetasuna ere galtzen da (batarentzat bestea ikustea ez baita dagoeneko atsegina, (10) eta besteak ere ez du adeitasunik jasotzen); baina gizaki askok, beren aldetik, adiskide irauten dute, harremanen ondorioz elkarren aiurriak maite dituztenean, antzeko aiurria dute eta. Amodiozko harremanetan elkarri onura, ez plazera, ematen diotenak ez dira hain adiskide, eta euren adiskidetasuna laburragoa da. Eta adiskideak onurarengatik direnek elkarren komenientzia bukatutakoan (15) desegiten dituzte harremanak, ez baitziren elkarren adiskideak, onurarenak baizik. Beraz, plazerarengatik eta onurarengatik, gizaki ziztrinak ere elkarren adiskideak izan daitezke, baita gizaki zintzoak eta ziztrinak ere, eta ez bata ez bestea ez dena edozeinen adiskidea izan daiteke, baina agerian dago haiengatik beraiengatik onak direnak, eta beste inor ezin daitekeela adiskidea izan, gaiztoek ez baitute haietaz beraiez atsegin hartzen, (20) nolabaiteko etekinik gertatzen ez bada. Eta gizaki onen arteko adiskidetasuna bakarrik dago kalumniatik kanpo, inork ez baitu erraz sinesten berak denbora luzean probatu duen adiskideari buruz beste batek esandakoa. Onak direnen artean konfiantza ere badago eta zuzengabekeriarik inolaz ere, eta benetako adiskidetasunak dituen gainerako duin guztiak ere bai. Baina, beste adiskidetasunetan (25) ezerk ez du eragozten horrelako zuzengabekeriak gertatzea.
Baina, gizakiek onurarengatik direnei ere lagunak deitzen dietenez, hiri-estatuek egiten duten bezalaxe (badirudi, hain zuzen ere, hiri-estatuen arteko aliantzak komenientziagatik sortzen direla), eta plazerarengatik elkar maite duten horiei ere bai, umeek egiten duten bezalaxe, agian guk ere lagunak deitu beharko diegu, eta adiskidetasun-espezie bat baino gehiago dagoela esan: adiera lehen (30) eta hertsienean, onak diren gizakiena, onak diren neurrian, eta gainerakoak, berriz, antzekotasunaz, horrelako adiskidetasunetan zerbait on eta antzeko zerbait dagoen neurrian, adiskideak izango baitira, atsegina dena ere ona baita plazerarengatik adiskideak direnentzat. Baina adiskidetasun horiek inolaz ez dira batera gertatzen, eta gizaki berberak ez omen dira lagunak onuragatik (35) eta plazeragatik, biengatik batera, akzidentala dena ez baita inolaz ere elkartzen.
(1157b) Adiskidetasuna espezie horietan banaturik, ziztrinak onurarengatik edo plazerarengatik izango dira lagunak, horretan antzekoak izanik; onak direnak, aldiz, horiexengatik izango dira adiskideak, onak diren neurrian izango direlako. Onak direnak, beraz, adiskideak dira zentzu absolutuan, eta ziztrinak direnak, aldiz, akzidentalki (5) eta haien antza izateagatik.
V
[aldatu]Bertuteei dagokienez, gizaki batzuei azturaren arabera onak esaten zaie, eta beste batzuei jardueraren arabera; egia esan, horrela ere adiskidetasunari dagokionez, elkarrekin bizi direnek elkar atsegin eta elkarri ondasunak ematen dizkiote; lo edo lekuz urruti daudenek, berriz, ez dute adiskidetasunean jarduten, baina egoera egokia dute (10) adiskidetasunez jarduteko, distantziak ez baitu adiskidetasun absolutua deuseztatzen, bere jardutea baizik. Baina, urrunaldia luzea bada, badirudi adiskidetasuna ere ahaztu egiten dela, eta horregatik esaten da honako hau: harremanik ezak adiskidetasun asko deuseztatzen du.[7] Eta badirudi ez gizaki zaharrak ez gizaki garratzek ez dutela adiskidetasunerako joerarik, (15) gizaki horiengan aurkitu daitekeen plazera txikia baita, eta inork ezin dezake denbora luze igaro gizaki goibel edo gizaki ezatsegin batekin, agerian baitago naturak goibela dena bereziki saihestu eta atsegina denerako joera duela. Elkar onartzen dutenak baina elkarrekin bizi ez izanik, lagunak baino borondatetsuak dirudite, adiskideei berez ezer ez baitagokie elkarrekin bizi izatea baino gehiago (20) (laguntza, hain zuzen ere, behartsuek irrikatzen dute; eta egunak elkarrekin igarotzea, baita dohatsuek ere, horiei inolaz ere ez baitagokie bakartiak izatea); baina, gizakiek ezin dezakete denbora elkarrekin igaro elkarrekiko atseginak izan ezean eta gauza berberez gozatzen ez badira, hain zuzen ere, kidetasunak omen duena.
(25) Beraz, onen arteko adiskidetasuna da gorena, maiz esan den bezala, zentzu absolutuan ona edo atsegina dena maitagarria eta nahigarria omen baita, eta bakoitzarentzat, berarentzat horrelakoa dena; eta ona dena ona denarentzat maitagarria eta nahigarria da bi arrazoiengatik. Hala ere, estimuak pasio baten antza du, eta adiskidetasunak, aztura batena, estimua (30) bizigabeekikoa ere baita, baina elkarrekiko adiskidetasuna hautapenarekin batera doa, eta hautapenak aztura batean du jatorria; eta elkar maite dutenek bestearen ongia nahi izaten dute bestearengatik berarengatik, eta ez grina bati jarraiki, aztura bati baizik. Eta adiskidea maitatzean euren ongia maite dute, gizaki ona norbaiten adiskide bihurtzen denean, harentzat ongi bat bihurtzen baita. Bakoitzak, beraz, (35) berarentzat ona dena maite du, eta gauza bera itzultzen du gogoari eta plazerari dagokienez; izan ere, adiskidetasuna berdintasuna dela esaten da; (1158a) eta hori, gehienbat, gizaki onen adiskidetasunean gertatzen da.
VI
[aldatu]Gizaki zaharren artean eta gizaki garratzen artean adiskidetasuna txikiagoa da, moldakaitzagoak diren eta giza harremanetan atsegin gutxiago hartzen duten neurrian, horiek omen baitira bereziki adiskidetasunari dagozkionak eta adiskidetasunaren sortzaileak direnak. Horregatik, (5) gazteak berehala egiten dira adiskideak, baina zaharrak ez, atsegin hartzen ez duten horietan ez baitira adiskidetzen; eta horrexegatik, garratzak ere ez. Hala ere, horrelako gizakiak borondatetsuak dira elkarrekiko, elkarrentzako ongia nahi izan eta elkarren beharrei erantzuten baitiete; baina ez dira erabat adiskideak, egunak elkarrekin igarotzen ez dituztelako eta atsegin hartzen ez dutelako, (10) horiek adiskidetasunari bereziki omen dagozkien ezaugarriak direlarik, alegia.
Baina ezin daiteke adiskide asko eduki adiskidetasun betearen arabera, gizaki askorekin batera maiteminduta egon ere ezin daitekeen bezala (gehiegikeria baitirudi, eta horrelako pasioa gizaki bakar batekikoa da berez); eta ez da erraza gizaki askok gizaki bati berari batera eta izugarri gustatzea, eta, agian, ez gizaki berarentzat onak izatea ere ez. Hala ere, adiskidetasunaren esperientzia (15) eta harreman estua ere erdietsi behar da, baina hori oso zaila da. Baina, onurarengatik eta plazerarengatik gizaki askori gusta dakioke, horrelako gizakiak asko baitira, eta euren mesedeak, denbora laburrerako. Biotan, plazerarengatik den adiskidetasunak adiskidetasun betearen antza handiagoa du, elkarri gauza bera ematen diotenean eta elkarrengandik edo gauzetan beraietan atsegin hartzen dutenean, (20) gazteen adiskidetasunak diren bezala, adiskidetasun horietan eskuzabaltasun handiagoa baitago. Onurarengatik den adiskidetasuna, ostera, merkatariena da. Eta dohatsuek ez dute batere gauza onuragarririk behar, baina bai atseginak, batzuekin elkarrekin bizi nahi baitute, baina atsekabetsua dutena denbora gutxiz jasaten dute; hala ere, inork ez luke etengabe jasango, (25) ongia bera izanda ere, harentzat atsekabetsua balitz. Horregatik bilatzen dituzte adiskide atseginak; eta atseginak direnak, agian, onak ere izan beharko lirateke –eta, gainera, onak haientzat– horrela, adiskideei eskatzen zaizkien ezaugarri guztiak edukiko baitituzte.
Boterean daudenak mota desberdineko adiskideez baliatzen omen dira, batzuk onuragarriak eta beste batzuk atseginak baitira; baina batzuk eta besteak ez dira inondik inora gizaki berberak, (30) ez baitituzte bilatzen ez bertutetsuak diren gizaki atseginak ezta xede ederretarako gizaki onuragarriak ere; aitzitik, batzuek gatzdunak –plazererako joera dutenak– bilatzen dituzte, eta beste batzuek, agindutakoa betetzeko iaioak, eta bi ezaugarriok gizaki berarengan nekez gertatzen dira. Eta esana dago aldi berean atsegina eta onuragarria gizaki bertutetsua dela, baina horrelako gizakia ez da bere gainetik dagoenarekin adiskidetzen, (35) bertutean ere gainditzen ez badu; horrela ez bada, menpean dagoenak ezin du berdintasun batera iritsi; eta horrelako gizakiak oso gutxitan aurkitu ohi dira.
(1158b) Beraz, aipaturiko adiskidetasunak berdintasunean dautza; izan ere, bi adiskidek gauza bera ematen diote elkarri eta gauza bera nahi izaten diote, edo zerbait beste zerbaiten truke aldatzen diote, plazera etekinen truke, alegia; baina esana dago, bestalde, adiskidetasun horiek askoz ere gutxiagotan gertatu eta gutxiago irauten dutela. (5) Eta xedearen beraren antzekotasunarengatik eta ez-antzekotasunarengatik adiskidetasunak dirudite ala ez, bertutearen araberako adiskidetasunaren antzekotasunaz adiskidetasunak baitirudite (adiskidetasun batek plazera baitu eta besteak onura, eta bi horiek adiskidetasun hartan ere gertatzen dira); baina, beste aldetik, bertutearen araberako adiskidetasuna kalumniarik gabea eta iraunkorra den aldetik, (10) eta adiskidetasun horiek berehala aldatu eta beste gauza askotan ere desberdinak diren aldetik, harekiko ez-antzekotasunarengatik ez dirudite adiskidetasunak.
VII
[aldatu]Badago beste adiskidetasun espezie bat, nagusitasunaren araberakoa, hain zuzen, semearekiko aitarena bezala eta, orokorrean, gazteekiko zaharrena, eta emaztearekiko senarrarena eta aginpekoekiko agintari ororena. Baina, adiskidetasun horiek euren artean ere desberdinak dira, seme-alabekiko gurasoena eta aginpekoekiko agintariena ez baitira adiskidetasun bera, (15) baina semearekiko aitarena eta aitarekiko semearena ere ez, ezta emaztearekiko senarrarena eta senarrarekiko emaztearena ere. Izan ere, gizakiotako bakoitzaren bertutea eta eginkizuna desberdinak dira, eta maitatzeko arrazoiak ere bai; beraz, bai estimuak eta adiskidetasunak ere desberdinak dira. (20) Izan ere, ez dute elkarrengandik gauza berbera erdiesten, eta ez dute eskatu behar; baina seme-alabok sortu gaituztenei zor dieguna gurasoei ematean, eta gurasoek seme-alabei zor zaiena, horrelako gizakien adiskidetasuna ona eta iraunkorra izango da. Eta nagusitasunaren araberako adiskidetasun guztietan estimua ere zerbait proportzionala (25) izan behar da; adibidez, gizaki hobea, maitatu baino, maitatua izan behar da, eta berdin gizaki onuragarriagoa eta gainerako kasu bakoitzean ere, zeren eta, estimua merezimenduaren araberakoa denean, orduan, nola edo hala, berdintasuna sortzen baita, eta hori, hain zuzen ere, adiskidetasunari omen dagokio berez.
Hala ere, ez dirudi berdintasun bera denik zuzentasunean eta adiskidetasunean, (30) berdintasuna zuzentasunean, lehenengo eta behin, merezimenduaren araberakoa baita, eta, bigarrenean, kantitatearen araberakoa; adiskidetasunean, berriz, lehenengo eta behin, kantitatearen araberakoa, eta, bigarrenean, merezimenduaren araberakoa. Eta agerian dago bertutean, edo bizioan, edo ongizatean, edo beste edozertan alde handia gertatzen denean, orduan adiskide izateari uzten diotela, eta ez du adiskide izatea ere merezi. (35) Hori oso nabaria da jainkoen artean, horiek, ezaugarri on guztietan, nagusiak baitira; (1159a) eta agerian dago baita erregeen artean ere, erregeen oso menpe daudenek ere ez baitute uste horien adiskideak izan daitezkeenik, ezta gorenen eta jakintsuenen adiskideak izan inolako merezimendurik ez dutenek ere. Beraz, horrelako kasuetan ez dago muga zehatzik adiskidetasuna noraino irits daitekeen adierazteko, gauza asko gabetuta ere, adiskidetasunak oraindik ere iraun baitezake; (5) baina tartea handia baldin bada –jainko batengandik, alegia– adiskidetasunik jadanik ez. Hortik zailtasun bat sortzen da: ea adiskideek ez ote dituzten ongirik handienak adiskideentzat nahi izaten, jainkoak izan daitezela, alegia, harrezkero ez baitira haien adiskideak izango ezta, beraz, haientzat ongi bat ere, adiskideak ongi bat baitira. Beraz, ongi esana badago adiskideak adiskidearentzat ongia nahi izaten duela adiskidearengatik berarengatik, (10) adiskide horrek lehen bezalakoa izaten iraun beharko du; beraz, gizakia izaten jarraituz gero, hark ongi handienak opa izango dizkio. Baina agian ez ongi guztiak, gehienbat nork beretzat nahi izaten baitu ongia.
VIII
[aldatu]Badirudi gizaki gehienek, handinahikeriak bultzaturik, nahiago dutela besteek maitatuak izan, beraiek besteak maitatu baino; gehienei horregatik gustatzen zaizkie losintxak, losintxaria menpeko adiskide bat baita, (15) edo sasiadiskidea, eta maitatuarena baino, maite duenarena egiten du; eta badirudi maitatua izatea ohoratua izatearen oso antzekoa dela, eta horretarako joera da, hain zuzen ere, gehienena. Baina ez dirudi ohorea ohorearengatik berarengatik aukeratzen dutenik, akzidentalki baizik, boterean dauden gehienek ohoreak lortzearen itxaropenean hartzen baitute atsegin (20) (zerbaiten beharra izanez gero haiengandik erdietsiko dutela pentsatzen baitute; beraz, ohorean atsegin hartzen dute, hori espero duten mesede baten adierazle delakoan); gizaki zintzoek eta jakintsuek ohoratzea nahi izaten dutenek, berriz, haiei beraiei buruzko iritzi handia indartzeko jomuga dute; beraz, onak direla esaten dietenen aburuari jarraituz onak izatea atsegin dute. (25) Hala ere, gizakiek maitatuak izatea maitasunarengatik beragatik atsegin dute; horregatik pentsa liteke maitatua izatea ohoreak lortzea baino hobea dela eta adiskidetasuna berez dela nahigarria. Baina badirudi adiskidetasuna maitatua izatean baino maitatzean datzala. Eta horren adierazle dugu amek atsegin dutela maitatzea, batzuek euren seme-alabak eman egiten baitituzte besteek haz ditzaten, eta haiei buruz zerbait baldin badakite, etengabe maite dituzte, (30) haiek maitatuak izatea bilatu gabe, biak batera ezinezkoa bada; aitzitik, badirudi nahikoa dutela seme-alabak zoriontsu ikusten badituzte, eta maite dituzte nahiz eta seme-alabek, ama ez ezagutzeagatik, ama bati zor zaiona ematen ez dioten. Eta adiskidetasuna, neurri handiagoan, maitatzean datzanez eta adiskideak maite dituena goraipatzen dugunez, (35) badirudi maitasuna adiskideen bertutea dela; beraz, merezimenduaren araberako maitasuna duten gizakiak (1159b) adiskide sendoak dira, eta haien arteko adiskidetasuna ere bai.
Eta bereziki horrela, desberdinak direnak ere adiskideak izan daitezke, berdintzera hel baitaitezke; eta berdintasuna eta antzekotasuna adiskidetasuna dira, bertuteari dagokionez berdinak direnen berdintasuna gehienbat, horiek sendoak direnez, bai euren buruarekiko bai elkarrekiko berdin irauten baitute, (5) eta ez diote elkarri ezer ziztrinik eskatzen, ezta horrelakorik egiten ere; aitzitik, nolabait esateko, elkarri eragozten dizkiote horrelakoak, gizaki onak ez baitira okertzen, eta ez diete lagunei uzten okertzen. Zitalak direnek, berriz, ez dute irmotasunik, haiekiko beraiekiko ere berdin irauten ez baitute; denbora laburrez egiten dira adiskide, (10) elkarren zitalkeriaz atsegin hartuz. Bestalde, onuragarriak eta atseginak direnen adiskidetasunak denbora luzeagoz irauten du, elkarri plazera edo etekinak erdiesten dizkioten bitartean irauten baitu. Onuragatik den adiskidetasuna, batez ere, aurkakoen artean sortzen omen da, behartsuaren eta aberatsaren artean, edo ezjakinaren eta jakintsuaren artean, alegia, halabeharrez zerbaiten premia duenak hori lortzeko joera baitu, eta horren truke beste zerbait eskaintzen du. (15) Eta hor, maitalea eta maitatua, edo ederra dena eta itsusia dena ere sar litezke. Maitaleak horregatik azaltzen dira noizean behin barregarri haiek maitatzen duten bezain maitatuak izan nahi dutenean; zalantzarik gabe, bata bestea bezain maitagarria bada, maitaleak ere maitatua izatea merezi behar du; baina, horrela ez bada, barregarria da eskaera. Baina aurkakoak ere agian ez du bere aurkakoa berez nahi izango, (20) akzidentalki baizik, eta gogoa agian izango da erdiko terminoaren gogoa, hau ongia baita; adibidez, lehorra dena ezko bilakatu ez, erdiko terminora heldu baizik, eta, berdin, beroa dena eta gainerako guztiak. Utz bitez, hala ere, kontu horiek, egia esan, gure ikerketatik kanpo gelditzen baitira.
IX
[aldatu](25) Badirudi, hasieran esana dagoen bezala, adiskidetasuna eta zuzentasuna gauza berberei dagozkiela eta gizaki berberengan agertzen direla. Izan ere, badirudi elkarte orotan nolabaiteko zuzentasun bat dagoela, baita nolabaiteko adiskidetasun bat ere. Hori dela eta, ontziko kideek eta armadako kideek adiskide esaten diote elkarri, eta berdin gainerako elkarteetako kideek ere; (30) elkarte batean parte hartzen duten neurrian, nolabaiteko adiskidetasun bat dago, eta justizia ere bai. Beraz, adiskideena baterako da esaera zaharra zuzena da, adiskidetasuna elkartean baitatza. Anaia-arrebek eta kideek dena dute baterako; gainerakoek, gauza jakin batzuk, batzuek gehiago, beste batzuek gutxiago, adiskidetasunen artean ere batzuk handiagoak eta (35) beste batzuk txikiagoak baitira. Zuzentasunen artean ere badaude desberdintasunak, (1160a) seme-alabekiko gurasoek eta elkarrekiko anaia-arrebek ez baitute adiskidetasun bera, ezta elkarte baten kideek elkarrekiko, eta hiritarrek elkarrekiko ere ez, eta berdin gainerako adiskidetasunetan. Beraz, zuzengabekeriak ere desberdinak izango dira horietako bakoitzarekiko, eta zuzengabekeria jasandako adiskideak zenbat eta kidea minago izan, orduan eta handiagoa izango da zuzengabekeria; adibidez, (5) kide bati dirua kentzea hiritar bati kentzea baino higuingarriagoa da, eta senide bati ez laguntzea, arrotz bati ez laguntzea baino, eta aita jipoitzea, beste edonor jipoitzea baino. Bestalde, naturala da zuzentasuna adiskidetasunarekin batera handitzea, biak gizaki berarengan egon eta berdin hedatzen baitira.
Hala ere, badirudi elkarte guztiak elkarte politikoaren zatiak direla, (10) gizakiak komenientzia bati begira elkartzen baitira, hots, bizitzarako beharrezkoa den zerbait eskuratzeko; eta badirudi elkarte politikoa ere komenientziari begira osatu zela eta irauten duela hasieratik, legegileek ere hori baitute helburu, eta esaten dute herriaren komenientzia zuzena dela. Beraz, gainerako elkarteek (15) onuraren alderdi jakin baten bila zuzentzen dira; adibidez, marinelek nabigazioari dagokionaren bila, dirua egiteko edo horrelako zerbait lortzeko; armadako kideek gerrari dagokionaren bila, dirua, edo garaipena, edo hiri bat lortzeko; eta berdin tribu bateko kideek eta herrikideek. Badirudi elkarte batzuk plazerarengatik sortzen direla; adibidez, (20) zenbait elkarte erlijioso edo politiko, horiek sakrifizioengatik edo giza harremanengatik osatzen baitira. Baina badirudi elkarte horiek guztiak elkarte politikoaren menpe daudela, elkarte politikoa ez baita oraingo komenientziaren bila zuzentzen, bizitza osokoarenera baizik, sakrifizioak eginez eta horien inguruan herritarrak bilduz, jainkoei ohoreak eskainiz, eta (25) kideei beraiei plazerarekin batera atsedenaldiak eskuratuz. Izan ere, badirudi aspaldiko sakrifizioak eta bilkurak fruituen uztaren ondoren gertatu direla, lehenengo hazien eskaintza gisa, garai haietan gizakiek aisialdi oso luzea baitzuten. Beraz, badirudi elkarte guztiak elkarte politikoaren zatiak direla eta adiskidetasun jakin bati elkarte jakin bat dagokiola.
X
[aldatu]Erregimen politikoak, espeziez, hiru dira, eta desbideratzeak, horien ustelkeriak, beste hainbeste. Erregimenak honakoak dira: monarkia, aristokrazia, eta hirugarren bat, ondasunetan sorburua duena, eta, nahiz eta timokrazia izena egokia izan, gehienek (35) errepublika esan ohi diote. Horien artean monarkia da onena, eta txarrena, timokrazia. Monarkiaren desbideratzea tirania da; (1160b) izan ere, biak monarkiak dira, baina zeharo desberdinak, tiranoak bere onura besterik ez baitu begiratzen, eta erregeak, aldiz, bere aginpekoena. Izan ere, autarkikoa ez den eta ongi guztietan beste guztiak gainditzen ez dituen erregerik ez dago, (5) eta horrelako gizakiak ez du ezer behar; beraz, ez lioke bere onurari begiratuko, bere aginpekoenari baizik, horrelakoa ez balitz kasualitatez izango bailitzateke erregea. Tirania monarkiaren kontrakoa da, bere ongia bilatzen baitu. Eta tiraniari dagokionez, oso agerikoa da erregimenik okerrena dela, eta okerrena, onena denaren kontrakoa da. (10) Monarkiatik tiraniara pasatzen da, tirania monarkiaren galbideratzea baita, eta errege zitala tirano bihurtzen da. Aristokraziatik oligarkiara pasatzen da gobernarien gaiztakeriaz, hiriko ondasunak merezimenduen kontra banatzen baitituzte, eta ondasun guztiak edo gehienak beren buruari ematen dizkiote, eta magistraturak, beti gizaki berberei, (15) ahalegin handienak aberasteko eginez; beraz, gutxi batzuek gobernatzen dute, eta zitalak, zintzoenen ordez. Beste aldetik, timokraziatik demokraziara pasatzen da, bi horiek mugakideak baitira; izan ere, timokraziak ere jendetzaren gobernua izan nahi du, eta ondasunetan dauden guztiak berdinak dira. Demokrazia desbideratzerik onena da, (20) errepublikatik gutxi desbideratzen baita. Beraz, erregimenen artean, horiek dira bereziki bilakaerak, horiek baitira bilakaerarik txikienak eta errazenak.
Antzekotasunak eta, nolabait esan, erregimenen adibideak, etxeetan aurkitu litezke. Izan ere, seme-alabekiko aitaren elkarteak monarkiaren antza du, (25) aita seme-alabez arduratzen baita; hortik Homerok ere Zeusi aita deitzea,[8] monarkiak aita-agintaritza izan nahi baitu. Pertsiarren artean, aitaren agintaritza tiranikoa da, semeez esklaboak bailiran baliatzen baitira. Eta esklaboekiko nagusiaren erregimena ere tiranikoa da, (30) horretan nagusiaren onura gauzatzen baita. Beraz, erregimen horrek zuzena dirudi, eta pertsiarrenak, okerra, objektu desberdinen agintaritzak ere desberdinak izan behar baitira. Agerian dago emaztearekiko senarrarena aristokratikoa dela, senarrak merezimenduaren arabera agintzen baitu eta agindu behar duen horretan; eta emazteari dagokion guztia berari uzten dio. (35) Baina, senarra kontu guztiez nagusitzen denean, bere erregimena oligarkia bihurtzen da, merezimenduaren kontra egiten baitu, (1161a) eta ez hobea den neurrian. Hala ere, emakumeek agintzen dute oinordekoak direnean. Beraz, agintaritza hau ez datza bertutean, aberastasunean eta boterean baizik, oligarkietan bezala. Anaia-arreben arteko gobernuak timokraziaren antza du, berdinak baitira, adinean izan ezik; (5) horregatik, hain zuzen ere, adin desberdintasuna oso handia bada, anaia-arreben arteko adiskidetasunik ez dago. Demokrazia nagusirik gabeko etxeetan gertatzen da gehienbat (etxe horietan denak berdinak baitira), eta agintaria ahula den haietan, hau da, bakoitzak nahi duena egiten den etxeetan.
XI
[aldatu](10) Badirudi adiskidetasun jakin bat erregimen jakin bati dagokiola, zuzentasunarekin gertatu bezala. Menpekoekiko erregearena onegitearen nagusitasunean datza, menpekoei on egiten baitie, benetan ona bada eta haiek artatzen baditu zoriontsuak izan daitezen, artzainak ardiak bezala; horregatik ere esaten zion Homerok Agamenoni (15) herrien artzaina.[9] Aitaren adiskidetasuna ere horrelakoa da, onegiteen tamainan desberdinak badira ere, aita semearen sortzailea baita –eta izatea ongirik handientzat hartzen dugu–, eta hazkuntzarena eta hezkuntzarena. Eta onura horiek arbasoei ere dagozkie; eta aitak berez du seme-alabekiko nagusitasuna, eta arbasoek ondorengoekiko, eta erregeak menpekoekiko. (20) Adiskidetasun horiek nagusitasunean dautza, eta horregatik ohoreak jasotzen dituzte gurasoek. Beraz, erregimen horietan zuzentasuna ere ez da berdina, merezimenduaren araberakoa baizik; eta adiskidetasuna ere bai. Emaztearekiko senarraren adiskidetasuna ere aristokraziarena bezalakoa da, bertutearen araberakoak baitira, eta hobea denari ongi handiagoa dagokio, eta bakoitzari komeni zaiona; (25) eta zuzentasuna ere bai. Anaia-arreben adiskidetasunak kideenaren antza du, berdinak eta adin berekoak baitira, eta horrelako gizakiak orokorrean berdinak dira sentimenduei eta aiurriei dagokienez. Eta horren antza du timokraziako adiskidetasunak ere, horretan hiritarrek berdinak eta zintzoak izan nahi baitute; beraz, txandaka gobernatzen dute, eta botere berdinaz; (30) beraz, adiskidetasuna ere horrelakoa da.
Desbideratzeetan, oso zuzentasun gutxi dagoen moduan, adiskidetasun gutxi ere dago, eta gutxiago ere okerrenean, tiranian ez baitago inolako adiskidetasunik, edo oso gutxi. Izan ere, agintariak eta aginpekoak baterako ezer ez duten erregimenetan adiskidetasunik ere ez dago, zuzentasunik ez baitago; adibidez, eskulangilea bere tresnarekiko, (35) arima bere gorputzarekiko eta nagusia bere esklaboarekiko, (1161b) bigarren horiek guztiek, lehenengoek haietaz baliatuta, atarramentu ona ateratzen baitute, baina bizigabeekiko ez dago adiskidetasunik, ezta zuzentasunik ere. Bestalde, zaldiarekiko edo idiarekiko ere ez dago, ezta esklaboarekiko ere, esklaboa den aldetik, ez baitute ezer baterako, esklaboa tresna biziduna baita, eta tresna, esklabo bizigabea. (5) Beraz, esklaboa den aldetik, ez dago esklaboarekiko adiskidetasunik, baina bai gizakia den aldetik, gizaki ororen eta legean eta hitzarmenean parte har dezakeen guztiaren artean nolabaiteko zuzentasun bat omen baitago, eta, hortaz, baita nolabaiteko adiskidetasun bat ere, gizakiak diren aldetik. Beraz, tiranietan ere badaude adiskidetasunak eta zuzentasuna, baina neurri txikian; demokrazietan, ostera, (10) neurri handian, herritarrek, berdinak izanik, gauza asko baitute baterako.
XII
[aldatu]Beraz, esana dagoenez, adiskidetasun oro elkartean datza. Senideen eta kideen adiskidetasunak kanpoan utzi litezke; baina herritarren, tribuko kideen eta itsasontzi-bidaideen eta beste horrelakoen arteko adiskidetasunek elkarteko adiskidetasunaren antza handiagoa dute, (15) nolabaiteko akordio baten araberakoak omen baitira. Eta aipaturiko adiskidetasunen artean ostalarien adiskidetasuna ere sar litezke.
Eta senideen adiskidetasunean mota askotarikoa omen da, baina denak gurasoen adiskidetasunaren mendekoak dira. Izan ere, gurasoek seme-alabak maite dituzte beren zerbait diren aldetik, eta seme-alabek gurasoak, hauengan sorburua duten aldetik. (20) Eta gurasoek hobeto ezagutzen dituzte beraiek sorturikoak, seme-alabek sorburua haiengan dutela jakitearekin konparatuz; eta sortzailea sortuarekin lotuago dago sortutakoa sortzailearekin baino, norberarengandik datorrena norberarena baita, hortza, ilea edo beste edozer duenarena, alegia; baina sortzailea, berriz, ez da inolaz ere sortuarena, edo neurri txikiagoan. Denbora ere kontuan hartu behar da, (25) gurasoek haurrak jaio orduko maite baitituzte, baina haurrek gurasoak denbora pasa ondoren, hau da, ezagumena edo sentimena lortu ondoren. Esandakotik agerian dago zergatik maite duten gehiago amek. Horrela, bada, gurasoek seme-alabak euren buruak bezala maite dituzte (sorburua haiengan dutenak ia haiek beraiek baitira, banandurik bizi direlako); seme-alabek gurasoak berauengandik sortuak diren aldetik maite dituzte; (30) eta anaia-arrebek, elkar maite dute gizaki berberengandik sortuak izateagatik, haiekiko berberatasunak elkarrekiko gauza berbera sortzen baitu; horregatik esaten da odol bera eta sustrai bera, eta horrelakoak. Beraz, anaia-arrebak gauza berbera dira nolabait, gizaki bereizietan gertatu arren. Bestalde, eragin handia dute anaia-arreben adiskidetasunean baterako hazkuntzak eta adin berbera izateak, adin berekoak adin berekoekin gozatzen baitira (35), eta elkarrekin bizi direnak kideak dira; horregatik, anaia-arreben adiskidetasunak kideenaren antza du. (1162a) Lehengusu-lehengusinen eta gainerako senideen harremanak, anaia-arreben harreman horietan oinarritzen dira, gizaki berberak baitituzte sorburu, eta batzuk gertuago eta beste batzuk arrotzago gertatzen dira, sortzailearekiko hurbiltasunaren edo urruntasunaren arabera.
Anaia-arreben gurasoekiko adiskidetasuna (5) eta gizakiena jainkoekikoa, ona eta gorena denarekikoa bezalakoak dira, haiek ongirik handienak eman baitituzte, gurasoek euren seme-alaben izatearen eta hazkuntzaren eragileak direlako, eta, jaio ondoren, hezkuntzarenak. Horrelako adiskidetasunean arrotzen artean baino neurri handiagoan aurkitzen dira plazera eta onura, gertuago bizi diren neurrian. Anaia-arreben adiskidetasunean (10) kideen adiskidetasunaren ezaugarri berberak gertatzen dira, zintzoak direnen artean gehienbat, eta, orokorrean, antzekoak direnen artean, hauek jaiotzetik elkarrengandik gertuago diren eta elkar maite duten neurrian, eta guraso berberengandik sortu, elkarrekin hazi eta berdin hezi direnek antzeko aiurriak dituzten neurrian; adiskidetasun horretan denboraren froga erabatekoa eta (15) guztiz irmoa da. Gainerako senideen arteko adiskidetasunak ere hurbiltasunaren araberakoak dira. Baina badirudi senarraren eta emaztearen arteko adiskidetasuna naturarekin bat datorrela, gizakiak, berez, joera handiagoa baitu bikotean bizitzeko elkarte politikoan bizitzeko baino, etxea hiria baino aurretiazkoagoa eta beharrezkoagoa den neurrian, eta ugaltzea animaliek arruntagoa duten neurrian. Hala ere, (20) gainerako animaliak ugaltzeko biltzen dira; gizakiak, ostera, ugaltzeari begira ez ezik, bizitzaren edozertarako ere bizi dira elkarrekin. Izan ere, hasiera-hasieratik zereginak bananduta egon dira, eta desberdinak dira gizonaren eta emakumearen zereginak; beraz, nahikoa hornitzen diote elkarri, bakoitzak berez dagokiona baterako jarriz. Horregatik, badirudi adiskidetasun horretan onura eta plazera ere (25) gertatzen direla. Eta bertuteagatik den adiskidetasuna ere izan daiteke, zintzoak baldin badira, bakoitzari bertute bat baitagokio, eta horrelako egoeraz goza daitezke. Bestalde, badirudi seme-alabak lotura bat direla, eta horregatik banantzen dira azkarrago umerik ez dutenak; bientzat seme-alabak baterako ongi bat baitira, eta baterakoa denak loturari eusten dio.
Eta senarra emaztearekin eta, orokorrean, adiskidea adiskideekin nola bizi behar diren aztertzerakoan, agerian dago portaera zuzena zein den besterik ez dela ikertu behar, agerian baitago portaera zuzena ez dela gauza bera adiskidearekiko, arrotzarekiko, kidearekiko eta ikaskidearekiko.
XIII
[aldatu]Adiskidetasunak hiru direnez –hasieran esan den bezala–, (35) eta hauetako bakoitzean adiskide batzuk berdintasunaren eta beste batzuk nagusitasun baten arabera direnez (antzeko neurrian onak direnak adiskide egiten baitira, eta nagusia dena menpekoa denarekin ere bai; (1162b) berdin, plazerarengatik eta onurarengatik adiskide direnek elkarrengandik etekin berdinak edo desberdinak lor ditzakete). Berdinak direnak, berdintasunean oinarrituta, maitatzean eta gainerako gauza guztietan berdinak izan behar dira; ezberdinak direnek, ostera, beren nagusitasunari eta menpekotasunari dagokienaren arabera ordaindu behar diote elkarri.
(5) Salaketak eta gaitzespenak, arrazoizkoa denez, soilik edo nagusiki onuraren araberako adiskidetasunean gertatzen dira, bertutearengatik adiskide direnak elkarri ongia egiteko irrikan baitaude (hori bertutearen eta adiskidetasunaren berezkoa baita), eta horri begira elkarrekin lehiatzen badira ere, haien artean ez dago salaketarik ezta liskarrik ere, inor ez baita haserretzen maite eta ongia egiten dionarekin; (10) aitzitik, esker onekoa bada, ongia eginez ordaintzen du. Eta ongia egitean gailentzen denak, horretarako joera izanik, ez dio hori adiskideari aurpegiratuko, bakoitzak bestearen ongia gogokoa baitu. Plazerarengatik diren adiskidetasunetan ere, jakina, ez dago salaketarik, batak eta besteak irrikatzen duten hori baitute, elkarrekiko harremanaz gozatzen badira; bestalde, plazera ez emateagatik adiskidea salatzea ere barregarria litzateke, elkarrekin denbora ez pasatzea litekeena izanik.
(15) Onurarengatik den adiskidetasunean, berriz, salaketak sortzen dira, harremanak etekinei begira direnez, beti gehiago eskatzen baitiote elkarri, eta dagokiena baino gutxiago jasotzen dutela pentsatzen dute, eta merezi badute ere, behar duten guztia lortzen ez dutela gaitzesten dute, (20) eta ongia egiten dutenek ezin dute eskuratu ongia jasotzen dutenek behar duten guztia.
Badirudi, zuzentasuna bi modukoa den bezala –hau da, bata ez idatzia, eta bestea, legezkoa–, onurarengatik den adiskidetasuna ere etikoa eta legezkoa izan daitekeela. Beraz, salaketak sortzen dira gehienbat elkarrekiko harremanak adiskidetasun-mota beraren arabera egiten (25) eta deuseztatzen ez direnean. Legezko zuzentasuna, berriz, aurretik ezarririko akordioetan datza, eta, alde batetik, erabat merkataritzakoa eta berehalakoa –eskuz eskukoa, alegia– izan daiteke, eta, beste aldetik, denborarekiko eskuzabalagoa, zerbait zerbaiten truke izan arren. Horretan, zorra agerikoa eta ez zalantzazkoa da, baina zorraren atzerapena adiskidetasuntzat hartzen da; horregatik, hain zuzen, batzuetan ez dago epaiketarik kontu horietarako, (30) pentsatzen baita konfiantzan oinarrituriko truke-tratuak egin dituztenek horiek nahikotzat hartu behar dituztela. Adiskidetasun etikoa, berriz, ez datza aurretik harturiko akordioetan; aitzitik, adiskide bati bezala, opari bat edo beste zernahi eskaintzen du, baina emaileak ordain berbera edo handiagoa jasotzea duintzat hartzen du, eman ez balu bezala, mailegatu baizik; eta sinaturiko truke-tratua eta buruturikoa berdinak ez badira, salatu egingo du. Hori gertatzen da, (35) gizaki guztiek edo gehienek ederra denaren gogoa izanda ere, etekintsua dena hautatzen dutelako; eta ederra da ongia egitea (1163a) ordainik ez jasotzeko asmoz, baina ongia jasotzea etekintsua da. Beraz, ahal bada, jasotako horren balio berbera itzuli behar da, eta borondatez (bere borondatearen kontra ez baita inor adiskide egin behar; beraz, hasieran egokia ez zen gizaki batengandik ongia jasota huts egin duenak bezala –ez baitzen adiskide batengandik, ezta ekintzarengatik beragatik egina ere (5)–, zorrak kitatu behar dira jasotako ongia aurretik akordio batean sinaturiko zerbait balitz bezala); halaber, ahal izanez gero, ongia itzultzea onartu beharko litzateke; baina itzuli ezean, emaileak ere ez luke eskatuko; beraz, ahal bada, jasotako ongia itzuli behar da. Hala ere, hasieran aztertu behar da ongia norengandik jasotzen den eta zein baldintzatan, baldintzak ikusita, ongia onartzeko ala ez.
Eztabaidagarria da (10) ongia jasotzen duenaren etekina neurtu behar den, eta horren arabera ordaina egin, edo ekintza egin zuenaren ongiaren arabera. Izan ere, horrelako ongiak jasotzen dituztenek esan ohi dute jasotako ongiak txikiak direla ongileentzat balio gutxikoak baitira, eta ongi-jasotzailek beste batzuengandik jaso zitzaketela; horrela, jasotako ongiak txikiagotzen dituzte. Ongileek, berriz, (15) euren ongirik handienak eman dituztela uste dute, beste batzuek eman ezin zitzaketenak, eta, gainera, arriskuetan edo horrelako larrialdietan. Beraz, adiskidetasuna onurarengatik bada, ongia jasotzen duenaren etekina ez al da neurria izango? Izan ere, gizaki hori da beharra duena, eta besteak eskuratzen dio ordain berdina erdietsiko duen ustean; beraz, laguntza, jasotzen duenaren etekina bezain handia da; (20) hortaz, horrek, erdietsi zuen etekin bera itzuli behar du, edo gehiago, hori ederragoa baita. Bertutearen araberako adiskidetasunetan ez dago salaketarik, baina egilearen hautapena nolabaiteko neurriaren antza du, bertutearen eta aiurriaren ezaugarririk garrantzitsuena hautapenean baitatza.
XIV
[aldatu]Nagusitasunaren araberako adiskidetasunetan ere badaude desberdintasunak, (25) bakoitzak gehiago merezi duela uste baitu, baina hori gertatzen den bakoitzean, adiskidetasuna deuseztatu egiten da. Izan ere, hobea denak berari gehiago dagokiola pentsatzen du, ona denari gehiago eman behar baitzaio; eta berdin pentsatzen du mesedegarriagoa denak ere, alferra denak berdin eduki behar ez duela esaten baita; izan ere, zerbitzu publikoa, hain zuzen ere, izango da, eta inolaz ere adiskidetasuna, adiskidetasunetik erdiesten den onura (30) ekintzen merezimenduaren araberakoa ez bada. Izan ere, pentsatzen dute, ekonomi elkarte batean gehiago laguntzen dutenek gehiago jasotzen duten bezala, adiskidetasunean ere horrela izan behar dela. Behartsua eta okerragoa denak, alderantziz, pentsatzen du adiskide onari behartsuei laguntzea dagokiola. Zertarako balio du, diote, gizaki bertutetsu edo boteretsu baten adiskidea izateak, (35) inolako onurarik lortuko ez bada? (1163b) Beraz, badirudi batak eta besteak arrazoia dutela eta biek erdietsi behar dutela gehiago adiskidetasunetik, baina ez gauza berberatik, baizik eta nagusiak, ohore handiagoa, eta behartsuak, probetxu handiagoa, bertutearen eta onegitearen saria ohorea baita, eta behartasunaren sorospena, (5) probetxua. Errepubliketan ere badirudi hori horrela dela; izan ere, Estatuari inolako ongirik eskaintzen ez dionak ez du ohorerik jasotzen, denon ongia dena Estatuari on egiten dionari ematen baitzaio, eta ohorea denona da. Izan ere, ezin daiteke aldi berean Estatuko ondasunetatik dirua atera eta ohoreak jaso, inork ez baitu onartzen denetan gutxiago edukitzea; (10) horrela, diruari dagokionez galtzen duenari ohoreak ematen dizkiote, eta ustela denari, dirua, merezimenduaren araberako onurak berdindu eta babestu egiten baitu adiskidetasuna, esana dagoenez. Beraz, ezberdinak direnen artean ere horrelakoak izan behar dira harremanak, hau da, diruari edo bertuteari dagokienez etekina ateratzen duenak ohorea eskaini behar du, itzul dezakeena ordainduz, (15) adiskidetasunak litekeena dena bilatzen baitu, eta ez merezimenduari dagokiona. Hala ere, hori ez da beti posible, jainkoekiko eta gurasoekiko ohoretan gertatu bezala, inork ez bailiezaieke inoiz merezi dutena itzuli, baina ahal duen neurrian ohoreak eskaintzen dizkiena gizaki zintzotzat hartu ohi da. Horregatik ez lekioke seme bati aita ukatzea, baina bai aitak semea, (20) gurasoekin zorretan egonik, ordaindu behar baitu; baina edozer eginda ere, inoiz ez du ordainduko aitak emandako adina ondasun; beraz, beti egongo da zorretan. Hala ere, hartzekodunek aska dezakete zorra; hortaz, aitak ere bai. Aldi berean, dirudienez, aita bat ez litzateke inoiz seme batengandik aldenduko, horren gaiztakeria izugarria ez balitz, behintzat, berezko adiskidetasuna alde batera utzita, laguntza ez ukatzea gizatiarrena baita. (25) Hala ere, zitala bada, semeak aitaren beharrak betetzea saihets dezake, edo behar hainbat ez arduratu; gizaki gehienek tratu ona jaso nahi dute, baina ongia egitea saihesten dute, kaltegarria delakoan. Beraz, horri guztiari buruz, gera bedi honaino esandakoa.
- ↑ Homero, Odyssea XVII 218.
- ↑ Demokrito, frag. 184 (Diels-Krantz).
- ↑ Hesiodo, Opera et dies 25-26
- ↑ Euripidisen tragedia galdu baten lerroa, frag. 898 (Nauck)
- ↑ Heraklito, frag. 8 eta 80 (Diels-Krantz).
- ↑ Empedokles, frag. 62 (Diels-Krantz).
- ↑ Olerkari ezezagun baten lerroa.
- ↑ Homero, Ilias I 503-504.
- ↑ Formula homerikoa da, eta maiz agertzen da, Iliadan batez ere (ad. Homero, Ilias II 243).