Orrialde:AxularGero.djvu/32

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Kartagotarrekikoa baiño gerla perilosagoa, bere arthean sorthuko zeiela. Eta hala gerthatu zen. Zeren Szipionen konseillua utzirik, hartu zuten Katonena, desegin zuten Kartagoko hiria, iarri ziren bere ustez bakean. Baiña Szipionek erran zarauen bezala, fite berak, eta Erromako hiria ere, beheititu eta erori ziren.

Egia haur ezaguturik Perikles famatu hark mantenatzen zuen bethiere bere herritik kanpoan zenbait gerla. (Plutarc. in Pericl.). Eta urtheoro igortzen zituen untziak, iendez betherik, gerla hartara. Eta hetan bulkhatzen zituen ediren ahal zitzan alfer guztiak. Eta gero bizitzen zen bake handi batetan. Zeren nola herri guztietan ohi baita komunzki zenbait alfer eta iende galdu, eta hek anhitz kalte eta nahasteka egiten baitute, ontasun handia heldu zaika herriari halako heken khentzeaz. Nola lurrari ere heldu baitzaika probetxu iorratzeaz eta belhar gaixtoen atheratzeaz.

Korintioak hain zeizten aiher alferrei, ezen ikhusten zutenean gizon bat bizitzen zela errentarik gabe, ofiziorik gabe, eta trabaillatu ere gabe, berehala bertze frogantzarik gabe, bizia edekitzen baitzioten, zeren erraiten zuten ezen, presuna alfer ofiziorik eta errentarik etzuenak, ohoinkeriaz, enganamenduz edo zenbait arte gaixtoz usatu be-