Edukira joan

Orrialde:AxularGero.djvu/39

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Galdegiten du San Krisostomok: Quis equus utilis est: is qui in delitiis vel qui exercetur? Quae navis, quae navigat, vel quae in litore est? Quae aqua, eane quae fluit vel quae stat? Quod ferrum, an quod movetur, an quo nemo utitur? Nunc quidem illud splendet ac argento simile est, hoc autem rubigine consumitur. Tale quidem fit etiam in otiosa onima (Chrysos. hom. 35 in Acta Apost. tom. 3). Zein zaldi da on edo hobeago, geldirik eta alferrik bere plazerera dagoena, ala ibiltzen eta manaiatzen dena? Zein untzi, kostan dagoena, ala itsasoan dabillana? Zein ur, geldia ala lasterra? Zein burdina, zokhoan datzana, ala erabiltzen dena? Segur da, guztiak erabiltzeaz manaiatzeaz eta eskuztatzeaz ontzen, argitzen eta fintzen direla, eta bai alfer eta geldi egoiteaz ere, galtzen, desegiten eta herdoiltzen. Bada haur beror gerthatzen da, alfer dagoena baithan ere.

Dabillan harriari etzaika goroldiorik lotzen. Ur irakinean eztu uliak pausatzen. Ardurako arropari etzaika zerrenik egiten. Zuhaitz bethakorra, eztu nehork ebakitzen. Baiña alferra, fauna, hutsa, bere sasoiñean jasaiten eztuena, zertako da? Ut quid etiam terram occupat? (Lc. 3). Halakoak zertako trabatuko du lurra?

Nos numeri sumus, fruges consumere nati, dio Oratiok, alferrez mintzo dela (Horat. lib. 5 cap. 2). Gu kontu gara, gurekin kontuz gehiago, baiña gaiñerakoan, ezkara deusetako, lurreko fruituen