Isaias profetak: Venerunt usque ad partum et virtus non est pariendi (Is. 37). Ethorri ziren erditzeko pontura, ordea etziren erdi, etzen hartarakotzat indarrik aski. Hartzen dugu gogo, hartzen dugu borondate, obra onak egin behar ditugula: eta ethortzen gara egin behar ditugun orenera, ordea han ixtitzen eta gibelatzen gara, han anu eta ukho egiten dugu, beharrenean faltatzen dugu. Zeren hartzen dugun gogo eta borondate hura, ezpaita fina, ezpaita zinezkoa eta ez deliberatuki deliberatua; nahikundea baita eta ez nahia. Voluntas nova quae mihi esse coeperat, non erat idonea, ad superandam priorem, vetustate roboratam, dio San Agustinek (August, lib. 8 Confess. cap. 5). Ene borondate berriak etzuen indarrik asko borondate zaharraren garaitzeko. Lo datzanak, erdi iratzartzen denean, egiten du zenzait mugida, iaiki nahi iduri bat, baiña nola ezpaita asko zinez permatzen, berriz lotara bihurtzen da, loa nabusi gelditzen da. Hala dio San Agustinek, gerthatzen zeikala aldia batez, berari ere: Cogitationes quibus meditabar in te, similes erant conatibus expergisci volentium, qui tamen superati soporis altitudine remerguntur (August. ubi supra). Munduko atseginek eta plazerek, lo gozo batek bezala, azpian nendukaten, eta noizik behin ethortzen zeizkidan plazer hetarik ilkitzeko eta Iainkoa baithan phensatzeko desirkunde batzuk. Baiña hek guztiak lotarik iratzarri nahi
Orrialde:AxularGero.djvu/48
Itxura