Edukira joan

Orrialde:AxularGero.djvu/63

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Gure bizitzea itsasoz dohana bezala da (dio San Gregoriok), itsasoz dohana iatean, edatean, lo datzanean, eta are iarririk dagoenean ere, badoha, ezta orduan ere baratzen. Zeren untziak, nahi ezpadu ere, berekin baitarama. Hala garamatza bada gu ere geure adinak eta denborak berekin: ezta pausatzerik, ezta gelditzerik, eta ez trikatzerik.

Galdegiten deratzutenean, zenbat urthe ditutzun, eta ihardesten duzunean, hogoi edo hogoi eta hamar ditutzula, zeren zeure kontuan hala baititutzu, badirudi eztuzula ongi ihardesten. Zeren San Agustinek dioen bezala, anni nostri veniunt, ut eant, non enim veniunt ut stent nobiscum (August in psalm. 65). Gure urtheak ethortzen dira ioaiteko, eta ez gurekin egoiteko; iragan dira, beraz ezin derrakegu baitugula. Eta hala, baldin urthe heken buruan, iar bagaitezi hetzaz zer egin diren gogoetan, eztugu deus edirenen. Aitzitik ikhusiko dugu, sentitu gabe, ioan zaizkigula, eta nola eztakigula zahartu garela. Tempora labuntur, tacitisque senescimus annis (Ovid. lib. 6 Fasto). Denborak badohazi, eta urthe batzuez, hotsik eta habarrotsik egin gabe zahartzen gara.

Erraiten da, hunelako bizi izatu zen hihur-hogoi urthez, baiña hobeki erran liteke, hil zela hirur hogoi urthez. (Vide August, in psal. 127, tom. 8). Zeren sortzen garenean, hasten gara hiltzen, orduan abiatzen gara, eta ezkara behin ere baratzen. Le-