Orrialde:AxularGero.djvu/62

Wikitekatik
Jump to navigation Jump to search
Orri hau berrikusia izan da


San Agustinek. Zer da beirazko untzia baiño gauza samurragorrik eta hautskorragorik? Eta alabaiña ailtxatzen eta begiratzen denean, irauten du mendez mende. Zeren erortzearen peril badu ere, ez ordea eztu sukharraren edo zahartzearen perilik. Beraz beirakia baiño perilosago gara eta ezteusago. Zeren behaztoparik, eroririk, edo eritasunik ez gerthatuagatik ere, eta geure buruak ahalik eta hobekiena errekaitatu eta begiratuagatik ere, adinak berak eramaiten baikaitu.

Bethi goazi, ezkara behin ere baratzen. Quasi aqua dilabimur (2 Reg. 1). Uraren pare gara: ura bezala linburtzen gara. Corpora nostra rapiuntur, fluminum more (Senec. epist. 58). Gure gorputzak ur-lasterra bezala dohazi. In idem flumen bis non descendimus: manet idem fluminis nomen, aqua transmissa est (Senec. ibid.). Ezkara behin ere ur batetan biatan sartzen (dio Senekak), uraren izena bethi da bat, ez ordea ura. Zeren nola bethi baitoha, eta bethi aldatuaz, ezta behin ere lehena. Ez eta bada gu ere, nola bethiere baikoazi, eta bethi aldatuaz, eta muthatuaz, ezkara behin ere lehenak. Eta ezpere beha ezazu nola presuna bat gaztetik zahartzera, eta are batzutan urthetik urthera ere, aldatzen eta ezeztatzen den idurian ere, lehena eztirudiela iartzen den, zein diferent egiten den.

Vita nostra naviganti similis est, namque qui navigat, stat, iacet, vadit, quia impulsu navis ducitur (Greg. epist. 26 tom. 2).