Orrialde:AxularGero.djvu/65

Wikitekatik
Jump to navigation Jump to search
Orri hau berrikusia izan da


Erraiten ohi dugu. Benturaz egun hillen gara, benturaz bihar, eztugu oren baten segurantzarik: beraz lehen baiño lehen, behar dugu bide onean iarri, enganatuak gertha ezkaitezin. Hunela erraiten dugu, eta erraitea ongi egiten dugu: ordea obratzea bethi ere geroko utzten dugu: heriotzea zahartzerakotzat egotzten eta ordenatzen dugu. Ezin sinhets dezakegu, adinak berak akhaba arteiño, akhabatuko garela. Erran bai nahi duzun bezanbat: benturaz bihar hillen, benturaz gaur, benturaz ez zahartuko. Ordea zahartuko baikiña bezala geure gauza guztiak egin. Geure nahiarekin batean, geure gogoak hanbat segurantza emaiten deraku, non zahartu hutsezko ponturaiño, ezkarela hillen iduritzen baitzaiku.

Erran zerauenean deabruak gure lehenbiziko aita amei: Nequaquam moriemini (Gen. 3): Etzarete hillen; sinhetsi zuten berehala eta sinhetsi ere kolpe batez, osoki, dudatu gabe. Eta denbora hartan etzen hain miresteko, hala sinhestea. Zeren nola baitziren munduko lehenbizikoak, etziakiten oraiño heriotzearen berririk, etzuten nehor hiltzen zela ikhusi, eta halatan erraxki enganatu zituen. Hala bada nahi ginituzke gu ere enganatu, molde berean nahi leraukegu guri ere, ezka-