Orrialde:Demokrazia patriarkala.pdf/24

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Eremu sozialean, hots, publiko-politikoan (IV. Kapituluan) teknika kualitatiboek hartuko dute garrantzia, hala nola, binakako eta sakoneko elkarrizketek, diskurtsoaren analisiak eta iturri ez zuzenen teknikak. Berritasun handiena eremuen uztarketan datza: kapital sozial eta sinbolikoa aztertuko da eremu honetan eta beste eremuetan neurtutako kapital ekonomikoarekin, kulturalarekin eta sinbolikorekin uztartu. Ikerketa osoan zehar kapitalen konposizioa eta birsortzea aztertuko da. Horretarako, ikerketa kualitatiboak hartuko du garrantzia, nahiz eta eskuragarri dauden datu kuantitatiboak bilduko ditugun. Adibidez: kapital kultural objektibatua kuantifikatu daiteke, baina arazoak izan ditugu datuak biltzerakoan, ez baitago makro-estatistikarik. Kapital kultural erakundetua ere kuantifikatu daiteke, ziurtagirien bidez, baina datu hori emakumeek duten erabakimenarekin lotu beharko da, eta datu hori eskuragarria izango da bakarrik zenbait tokitan eta era partzialean (parlamentuan, sindikatuetan, enpresetan, fundazioetan), kapital kultural gorpuztuarekin gertatzen den moduan. Ikerketa kualitatiboa eta esploratzailea egin beharko da datu mota horiek uztartu eta kapital sinbolikoa aztertu ahal izateko.

Esan dugu jada, nazioartean ez dagoela patriarkalizazio maila eta moten inguruko ikerketa integralik, alegia, patriarkatuaren dimentsio guztien azterketa sistematikorik, beraz, patriarkalizazio mota ezaugarritzean, sistematizazio maila murriztuko da, eta aldiz, kontzeptualizazio maila ireki eta zabaldu, gure ekarpenaren berritasuna indartuz.

Lagina: elkarrizketak

Guztira, 45 elkarrizketa egin ditugu (ikus zerrenda Eranskinean). Hizkuntzari dagokionean: datuak, grafikoak eta taulak euskaratu ditugu baina gazteleraz egindako elkarrizketak ez ditugu euskaratu, hainbat arrazoi dela-eta, tartean, finantzazio falta itzulpenak egiteko. Hori dela eta, irizpide berbera aplikatu dugu aipuetarako, eta jatorrizko iturrietan erabilitako hizkuntza bera erabili dugu.[1] Emakumeen presentzia non eta nolakoa den ikusi nahi dugu elkarrizketen bidez: lidergoak eta erabakimena botere guneetan, gune formalak eta informalak, informazioaren zirkulazioa, agendaren eta diskurtsoaren ezarpena, erresistentziak, formazioa eta patriakatuaren kontrako borroka antolatua gune mixto eta ez mixtoetan. Horretarako sindikalistak, politikariak, mugimendu eta eragile sozialen partaideak elkarrizketatu ditugu, eta baita ere eremu ezberdinetako aditu eta arituak. Alderdiei dagokionez, EAEko alderdi nagusietako kideekin bildu gara, EAJ, EHBildu, PSE-EE, Podemos eta PPko kideekin, eta udaletako, Legebiltzarreko, Foru Aldundietako eta Gobernuko politikariak elkarrizketatu ditugu. Sindikatuei dagokionez, ASADE, ELA, LAB, CCOO eta STEILASeko kideak eta herri mugimenduei dagokienez, ATH-ELE, Bilgune Feminista, Ernai, Piratak, Pentsionistak, Gure Esku Dago eta Ongi Etorri Errefuxiatuak. Eragile sozialei erreparatuz, bere kabuz lan egiten duten hainbat emakume enpresari

eta langile ezberdinei egin diegu elkarrizketa: antolatuak eta ez antolatuak, bertan

  1. Hala ere, uste dugu, gure herrialdeak eta zehazki EAEk bizi duen diglosia egoeran, erakundeen aldetik esfortzu handiago egin beharko litzatekeela ikerketak euskaraz egiteko behar diren baliabideak jar