Orrialde:Demokrazia patriarkala.pdf/25

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

jaiotakoak eta atzerritik etorritakoak. Eta, horrekin batera, Unibertsitateako irakasle eta ikertzaileak eta hedabide desberdinetako kazetariak. Komunikazio arloan, emakumeen ikusgaitasuna, presentziaren nolakotasuna, hedabideetako gaien eta espazioen banaketa eta protagonismoa ikusiko dugu. Gogoan izan behar da elkarrizketatu guztiak direla langileak, baina batzuek langile moduan hitz egingo dute, eta beste batzuek, ordea, antolakunde bateko kide moduan, aritu edo aditu bezala, edo kargu publiko edo eragile sozial gisa.

Elkarrizketatuak hautatzeko irizpide ezberdinak hartu ditugu kontuan (eta elkarrizketa egiterakoan zuten kargua edo kidetasuna jarri dugu). Batetik, alderdi, sindikatu eta herri mugimendu ezberdinak nahi genituen, mixtoak eta ez mixtoak, adin, ibilbide eta esperientzia desberdineko emakumeak, patriarkatuak profil guzti horietan era ezberdinean eragiten baitu nahiz eta elkarrizketatu guztiek atzeman, era batera edo bestera menderakuntza. Esperientzia eta ibilbide anitz horiek jaso nahi genituen, horregatik ditugu elkarrizketatuen artean langile moduan hitz egingo dutenak, langile antolatu eta ez antolatuak, gazteak eta adinekoak, euskaldunak, erdaldunak, hemen jaiotakoak eta kanpotik etorritakoak. Langile antolatuen barne daude sindikatuak, eta ibilibide eta ardura ezberdinak dituzten emakumeak hautatu ditugu, haien esperientziak eta ezagutza partekatu ahal izateko, kasu honetan, sindikatu barneko funtzionamendu eta harreman asimetrikoen birsortze mekanismoak ezagutu ahal izateko. Herri mugimenduekin ere emakume gazte eta helduak hautatu ditugu, frankismoan borrokan ibili zirenak eta orain pentsio duinen alde borrokatzen direnetatik mugimendu gazteenetara, hala nola, Piratak, Bilgune eta Ernai, azken horiek politika ez instituzionala egiteaz gain homogeneoagoak dira, adibdiez, Ongietorri Errefuxiatuak eta Gure Esku Dago baino, non adin eta ibilbide anitzetako jendez osatuak dauden eta aurrekoak baina heterogeneoagoak eta adinez helduagoak diren. Alderdien kasuan, alderdi bakoitzeko emakume bat baino gehiago elkarrizketatu dugu, PPren kasuan izan ezik (ezinezkoa izan baita). EAJko eta EHBilduko lau emakume (zortzi guztira) eta Podemos eta PSE-EEko hiru emakume (6 guztira) elkarrizketatu ditugu, ibilbide oso ezberdinekin eta iritzi kontrajarriekin. Politikarien kasuan, batzuek legebiltzarkide moduan mintzatzen dira, beste batzuek alkate edo udaleko zinegotzi bezala, beste batzuek batzarkide gisa eta azkenik, beste batzuek alderdiko adar edo sail baten arduradun, organiko edo ez organiko, moduan. Hori zen helburua: jakin nahi genuean emakume ezberdinek nola identifikatzen eta bizitzen duten patriarkatua politika formal eta informala egiten den eremuetan (hedabideak barne) eta ze zailtasun dituzten erlazio patriarkal horiek interpretatu eta iraultzean. Garrantzitsua zen Segurtasun sailburu batek, edo PSE-EEko legebiltzarkide batek dituzten iritziak, ezagutza eta bizipenak Ernaikoa den edo Nicaraguatik etorri den etxeko langile ez antolatu batek dituen ezagutza eta bizipenekin alderatzea, oso ezberdinak baitira gobernuko Sailburu batek, Ernaiko gazte batek eta migrante heldu batek duten kapital ekonomikoa eta soziala, eta, beraz, jasandako biolentzia materiala. Antzekoagoa da, aldiz, zenbait eremuetan jasandako biolentzia sinbolikoa, eta, baita ere, eremu horietan kapital kulturala eta sinbolikoa lortzeko martxan jarritako estrategiak. Ikusiko ditugu langile antolatu eta ez antolatuen arteko ezberdintasunak, edo pentsionisten borrokan dabilen Bizkaiko emakume jubilatu baten eta Piratetan dabilen gazte donostiar euskaldun baten artekoak. Are gehiago, alderdiak, sindikatuak eta herrri mugimenduak baina heterogeneoagoak izan ohi dira, sindikatuak eta herri mugimenduak sektorialak dira (lan arloa jorratzen dute lehenengoek eta bizitza duintzeko bizitzaren eremu zehatz