Orrialde:Demokrazia patriarkala.pdf/42

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Espero bezala, gizonezkoen artean gertatu bezalaxe, langabezia tasa handiena 15-24 urte bitarteko emakume gazteen artean ematen da (%28). Adinean zenbat eta helduago, langabeziaren eragina orduan eta txikiagoa da. Nolanahi ere, aintzat hartu behar da adinean zenbat eta helduagoa izan ez-aktibotasun maila orduan eta handiagoa dela, beraz langabeziaren jo puntuan egoteko arriskua nabarmen murrizten dela emakumezkoen artean. Hala izanik, adin helduetan ere emakumezkoen langabezia tasa gizonezkoena baino handiagoa da.

Langabezia mailaren gaineko genero desoreka handiena 25-34 urte bitarteko belaunaldian gertatzen da, adin horretako emakumezkoen langabezia tasa gizonezkoena baino 3,2 puntu handiagoa baita. Serie historikoak erakutsi bezala, denboran hamar urte atzera egin behar da tamaina horretako genero desoreka topatzeko (2006 urtean, genero desoreka hori 4,5 puntukoa izan zen).

Beste muturrean, 55 urtetik gorakoen artean langabeziaren gaineko genero desoreka txikiena ematen da egun (0,3). Gure hipotesia da egoera hau ez dela luze mantenduko, krisiaren lehen eraginak beste belaunaldietan baino beranduago somatzen baitira (2012 urtetik aurrera), hortaz, beranduago bueltatuko da krisi aurreko egoerara, eta denborarekin genero desorekak belaunaldi honetan ere handituko dira.

EAEko kasuistika Europako testuinguruan

Langabeziari dagokionez, azken urteotan desberdintasun handiak egon dira Europan. Oro har, azken urte hauetan esan daiteke bi joera edo abiadura egon direla: batetik, krisi hasierako zailtasunak gainditu eta “hazkunde” ekonomikoaren norabidean enplegua sortu dutenak (Alemania buru); bestetik, zorra dela eta inbertsiorako gastua bere horretan utzi edo murriztu dutenak (borondatez edo halabeharrez) eta krisi aurreko enplegu bolumena mantentzeko edo enplegu berria sortzeko ezintasuna izan dutenak (Grezia edo Espainiar estatua), bestetik. Zentzu honetan, EAE bigarren multzoan kokatu da, Espainiar estatuaren gidaritzapean.

Hemen merezi du Europar Batasunean gertatzen ari dena aipatzea, gainetik bada ere. Gure helburuetako bat, egungo aro neoliberalean, EAEko eredu patriarkalak demokraziaren kalitatean duen ondorioa aztertzea da, eta, horretarako, EAEren gobernatzeko gaitasuna aztertu behar da, bere burua gobernatu ezin duen komunitate politikoa ezin baita demokrazia bat izan. Lehen aipatu bezala, elkarren aurkako interpretazioak daude Europar Batasunak (EB) estatu zentralaren eta eskualdeen ahalmen eta botereetan izan duen eraginaren inguruan. Batetik, batzuek uste dute EBk eskualdeak ahalmengabetu dituela haien botere legal-konstituzionalari dagokionean, eta beste batzuek uste dute, berriz, eskualdeak ahaldundu egin direla, lankidetza mota ezberdinen bidez, hala nola mugaz gaindiko lankidetzaren bidez. Kontua da, komunitate bat gaur eta hemen (Europan, alegia) demokratizatzeko, botere legal-konstituzionala dela garrantzitsuenetakoa, ondorio politiko eta sozio-ekonomiko ikaragarriak dituelako, botere iturri hori komunitate osoari ezartzen baitzaio. Botere iturri hori zentralizatu eta monopolizatu egin da, eta EBko politiken arauek eragina dute jada EAEko eskumenen %80an, eta politika horiek ezartzea batik bat eskualdeen esku geratzen den arren,