Orrialde:Demokrazia patriarkala.pdf/46

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen (EEGAB) arabera, Eusko Jaurlaritzaren enplegu politika aktiboak 12 milioi euroko inbertsioarekin hasi ziren, zazpi programen bitartez, 1990eko hamarkadaren erdialdean. Orduz geroztik, inbertsioa etengabe handitu da, eta lanbide heziketara eta laneratze egitasmoetara bideratu. Baina gizarteratzeko politiken lehenbiziko bi planek (lehenbizikoa, 2003an, eta bigarrena, 2007an), Laneratzeko Auzolan Programarekin (1999/2002) eta Diru-sarrerak bermatzeko errentari eta gizarteratzeari buruzko Legearekin batera (18/2008), argi erakusten dute EAEko legegintza eta plangintza jardueretan interkonexio esplizitua egon dela gizarte eta enplegu politiken artean, 2000ko hamarkadatik aurrera batez ere, gizarte komertzialaren eredua bermatuz. Egungo gizarte komertziala merkatu askearen premisan oinarrituriko gizartea da eta merkantilizazio zehatz bat birsortzen du, EAEren kasuan, eredu liberal eta kontserbadorera gerturatzen den merkantilizazioa, aurrerago ikusiko dugun moduan. EAEn, eta ekonomia kapitalistetan, oro har, gizarte esklusioko kasu gehienak lan merkatuarekiko prekariotasunaren ondorioz gertatzen dira, eta aipatu estatu eredu liberal eta kontserbadorean, mediterranearra barne, elkarrekin joan ohi dira gizarte eta enplegu politikak. Beraz, 328/2003 eta 329/2003 dekretuak indarrean sartu zirenetik, enplegua sustatzeko politikak bost ardatzen inguruan antolatu dira nahiz eta ikerketa honetarako bi diren nagusiki interesatzen zaizkigunak: zailtasun handienak dituzten taldeak laneratzeko kontratu bat, emakumeak lan merkatuan sartzeari arreta berezia emanda eta lana eta familia bizitza bateragarri egiteko neurriak sustatzea. Bi ardatz hauen garapenak estatu edo ongizate erregimenaren familiarizazio maila ematen digu, hau da, gure erakunde publiko eta pribatuen sexismo maila.

  • Lehenengoari dagokionez, ikusi dugu, 2016 urtean, zortzi estatuk bakarrik dutela Euskal A.E.ko emakumeek duten langabezia tasa: Grezia, Turkia, Italia, Eslovenia, Danimarka, Eslovakia, Txekiar Errep. eta Espainiar estatua. Emakumeak merkatuan sartzeari dagokionez Zipre eta Espainiar estatuaren parean gaude, oso urrun Islandia, Suedia, Suitza, Danimarka edo Norvegia bezalako herrialdeetatik.
  • Bigarren ardatzari dagokionez, lana eta familiaren kontziliazioa, II. kapituluan aztertuko dugu sakonago baina datuak argiak dira: kontziliazio neurri bat edo beste hartzen dutenak, urteak joan urteak etorri, %83 eta %88 bitarte, emakumezkoak dira.