Orrialde:ETAren agiria 2016ko Aberri Egunean.pdf/1

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Aberri Eguna dugu gaurkoa. Urtero bezala, sentipen kontrajarriak ditugu. Alde batetik, ospakizun eguna da, Euskal Herria izan badelako, baina, aldi berean, ezin dugu ahaztu herri okupatua eta zatitua dela gurea. Horregatik aldarrikapen eguna ere badugu. Askapen prozesuak aurrera segitu behar duela nabarmendu eta indartu behar dugulako. Gaurko antolaturik dauden ekitaldietan etorkizuna borrokatzeko eta irabazteko gogoa erakutsiko duten milaka lagunei gure besarkadarik beroena bidali nahi diegu. Doakie besarkadarik bereziena eta iraultzaileena kartzelan edo erbestean diren euskal independentistei ere.

Aberri Eguna abertzaleok gure egin dugun eguna izan da hamarkadatan. Herri gisa, ordea, euskal herritar ororen eguna izatea dugu helburu. Erronka, proiektu politiko jakin bat garatzea baino askoz gehiago, euskal herritar guztiontzat Estatu bat sortzea baita, guztiona, guztiok proposamen eta egitasmoak aurkezteko eta gauzatzeko aukera izateko.

Independentzia eta sozialismoa helburu ditugunok, zapalkuntza oro gainditu eta jendarte bidezko bat eraiki nahi dugunok ez daukagu zalantza izpirik ere: Euskal Estatua eraikitzea da egin daitekeen urratsik iraultzaileena. Ustelkeriaren harrak jota dauden eta zapaltzen gaituzten estatuetan ibilbide demokratiko osoa egitea ezinezkoa dela ikusi dugu behin eta berriro. Askatasuna, eskubideak, demokrazia eta bakea bermatzeko egin daitekeen hauturik eraginkorrena Euskal Estatua sortzea da. Helburu hori lortzeko egituratu beharreko ibilbidea da, horrenbestez, lehentasuna. Horixe da Aberri Egun honetan egin nahi dugun hausnarketa nagusia. ETAren armagabetzea burutu berria izanik, sortutako egoerak ere merezi du hausnarketa. ETAk herriari hitz egin nahi dio. Zenbaitentzat propaganda eta intoxikazioa nagusi diren une honetan, “kontakizunaren batailarekin” erretxinduta, ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, zintzotasunez eta lasaitasunez hitz egin nahi dio Euskal Herriari.

ETAren ekimenen eta erabakien ardatza

Lehenik eta behin, ETArekin harremana abiarazi zuten Jean-Noël Etcheverryk, Mixel Berhocoirigoinek eta Michel Tubianak egindako lana eta izandako ausardia jendaurrean aitortu nahi ditu ETAk. Lan eta ausardia horiek gero eta artisau gehiago elkartzea lortu baitute, milaka eta milaka lagunen indarra bildu arte. Testuinguru horretan, Euskal Herrian indarrean diren erakundeek emandako babesa ere oso aipagarria izan da, azken unean kaskarkeriarik izan bada ere. Nabarmentzekoa ere indar politiko, sozial eta sindikal guztiek (eskuin muturra izan ezik) konponbidean lanean jarraitzeko azaldutako borondatea.

Horiek denak horrela, apirilaren 7an agiri bitartez jakinarazi genuenez, armak Euskal Herriaren esku utzi zituen ETAk. Gizarte zibilak hartua zuen armagabetzea azken bururaino eramateko ardura teknikoa eta politikoa, bere indarren eta ahalen arabera. Eginkizun zaila zen, hari-mutur asko zituena. Zailtasun horrek eta gero eta eragile gehiagok parte-hartu izanak armagabetze prozesuaren diseinuan moldaketak egitea eskatu dute, ezinbestean. ETAk ez du gizarte zibilak egindako kudeaketa txalotzea besterik, ez du ezer aurpegiratzekorik. Arrakastatsua izan da herri indarraren bidez lortutakoa.

Azken batean, eskema berri honetan sartzeko aukera mahairatu zenean, ahaleginak merezi zuela ondorioztatu zuen ETAk, herri gisa aritzeko eta herri gisa aurrera egiteko aukera ere sortuko zelako. Halaxe izan da. Irakasgai aparta izan dugu, etorkizuna eraikitzeko ere baliagarria izan behar duena. Horregatik, bakearen etsaiek egoera okertzeko eta frustrazioa sortzeko ahaleginari jarraituko ziotela eta jarraituko diotela jakinda ere, ETA prest agertu da hartu beharreko arrisku guztiak hartzeko, zirenak eta bi ere hartzeko. Euskal Herriak merezi duelako. Euskal Herrian konfiantza duelako.

Espainiako Gobernuak ETAk ezin duela ezer espero ordainetan esanez erantzun dio armagabetzeari. Egiari zor, ETAk aspaldi utzi zion ase ezina dena asetzeko urratsak egiteari. Gure hitzek eta, betez ere, ekintzek beste