Orrialde:Garoa (1912).pdf/13

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Bazekian non idoroko zituan artaldearentzat bear ziran janaririk on ta egokienak.
Bazekian nola sendatu bear ziran beor, bei ta ardien zauri ta gaixotasun ezagutuenak.
Bazekizkian baso guztietako laster bideak eta bost ordu bide inguruko arkaitz zulo ta aterpe denak.
Bazekizkian zer leku zeuzkaten goi urdiñean izarrik nagusienak eta artizarrak batez ere. Eguzkian bertan ikusten zituan, geienbat, egunaren orduak; illargiaren jiran, aizeak zeraman bidean ta laño ta odeien egoetan irakurtzen zuan urrengo egunerako girona edo giro txarra.
Bazekian, gañera, ta au zeukan gauzarik onentzat, guraso zarrak erakutsi zioten Eleizaren legea ta Jesu-Kristok lurrean erabilli zuan bizitza samurra, ta lege ta bizitza oiezaz bakartadean gogoraturik, ikasi zuan, dana Jaungoikoari zor zion gizonak txit apala bear zukeala izan, bere nekietan patxada andikoa ta lagun urkoaren naigabietan egiazko onginaiz betea.
Kristoren legea zan Joanesen argia ta argi orretan ikusten zituan, kupidaz, gizonen argaltasun ta ibilpide okerrak.