Orrialde:Garoa (1912).pdf/175

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

ri or konpon egin, ta premia guztien aurrean neri zer dit? esanaz, beren buruari bakarrik begira, griña gaiztoak asetzen bizi nai zuten gizonak.
An zegoan egunero, au neuk dakit ziur, Peru Odolki, txopin bat ardogatik edozertarako erne, ta baita ere guk antzina ezagutu genduan etxe artako semea, Moxolo gaztea, Manueltxoren lagun kaiskarra. Uf! Orain beste gauza bat zan. Ameriketan izana, Bilbon, Barzelonan ta Madrillen pelotari egona, goizetik gabera eztakit nola dirutua, papar zabalean urrezko katea zuala ta katean ontzurre borobilla, Moxolo Potolo, orrela deitzen zioten, askotan oizan beste jakintsu guztien nagusi, buru ta albistari.
Zer esan zezakean baña mutillak? Gauza onik ez. Abanan edo Montebideon pelotariak bein egindako iruzur petrala, Madril edo Barzelonako bazterretan ikusitako zatarkeri lizuna, ur-ontzietako ugari jatea edo galanki edatea, iñoiz baten duruakin eztakit zeñi arrika eman ziotena, beste batean lagun guztiak txanpañez arpegia garbitu zutena, ta era orretako beste astakeri batzuek.