Orrialde:Garoa (1912).pdf/21

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

opari onak, baso tartean bera murmurrean ta ibarretan zear dizdizka, ispillu bizi ibilkorren irudira; bideak, alde askotan, indarraren indarrez gizonak uri batetik bestera egin dituan bideak, or gorde ta emen agertu, an oker ta arutzago zuzen, beti estu estu, danean zuri zuri, norbaiti arilletik erori zaion ari albañu luze baten taiuan; ta azkenez, gizonaren jakituri ta alizatearen erakutsirik andienetakoa, suburdi beltza bere burni lerrotik barruan laisterka, txistuka ta zarraparrean, arrotasunaren agerpena bezela ke mataza lodi zikin bat kopeta gañean arro arro daramala.
Guk ikusi genduan suburdiak bere atzetik utzi zuan keia, apurtxo batean goietan egonda bereala, zabaldu zan, makaldu zan, urratu zan, gutxitu zan, utseratu zan, gizonik andienen izen ta entzutea laster asko utsera etortzen dan era berean.
¡Benetan! Aitzgorri gañetik begiratu ezkero, be aldeko gauza guztiak ume jolasak dirudite.
Mendiak bakarrik dirade andi, mendiak eta beren Egille Jaungoiko altsua.
Ta ala ere an zegoan, Aitzgorri gañeko elizatxoan, Jesus Jaungoikoaren irudi mai-