Orrialde:Garoa (1912).pdf/241

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Galizikoak, jaiak igarotzeko asti gabe aldendu ziran Zabaletatik, baña ez Martin. Martin Azkarragan gelditu zan, ez sorolanerako, ez gurasoai lagun egiteko, ez bere jaioterria maite zualako: alperreriz ta Malentxo ikusteagatik. Malentxoren irudia animaraño eldu zitzaion, ta egunero, goiz ta arratsalde, aidien artean ezer gertatu ezpalitz bezela, Zabaletan sartuta zegoan, geiegi sartuta. Neskatxaren atzetik zebillen beti alderdi guztietan, etzion iñondik iñora pakean utzitzen, ta bein batean lotsagarrizko gauzak esan zizkon Malentxori. Bai, lotsagarrizkoak; ta Pedro Antonek, itz aiek entzunda, gogor samar arpegi eman ziolako, bultzaka bota zuan mutillak morroi zar maitagarria. Bultzaka bota ta ostikopean ibilli gaizkille lizunak. Pedro Anton gizagajua! Elbarrituta oera zeramatenean, «erori egin naiz, erori egin naiz» —zion— Martiñi errurik ezarriko zioten bildurrez; ta gero, Malentxo zauriak garbitzen ta sendatzen zegokonean:
—Ixo, maite, ixo; ez iñori ezer esan, ezta ondota, baño, berriz orrelakorik aitatzen badizu, jaikiko naiz ta burua puskatuko diot. Lotsagabea alakoa!