Orrialde:Garoa (1912).pdf/325

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

Urlia auzori eztakit, onelako aideri bai, alako adiskideri ez; ezer eztiogu zor; berak ere, alaba ezkondu zanean, etzigun iñori deitu...». Jaunak eta ura emakumearen itz jario ta arautu bearra!
Senar, seme ta illobak beregain utzi zioten: nai zuana esan ta egin zezala. Utzi Kataliñek, izketarako gogorik etzeukalako; utzi Joanesek, orrelako arazoetan ezer etzekilako; utzi Jose Ramonek, Manuelek, Malenek, amonari poz ematearren ta bera baño antolatzalle oberik iñun etzegoalako.
Ana Josepa, samin itxura gabe, eztaietan ibilli zan, jo ta ausi, aruntz ta onuntz, etxerik etxe, mojetara ta apaizetara, paperen eske ta soñeko billa, dirua ortik eta oiala emetik, ori nai nuke ta ezta merkea, etorri zaite ta lagun zadazu; aistian ozpiña baño garratzago edozeñi agiraka; aistian olio ta eztia baño leunago ta gozoago neskatxa onaren azkartasunak esaten; beingoan zimur, txanponik atera nai ezta; beingoan jori, bere illobarentzat dana gutxi zalata; beti buruko illeak jasotzeko astirik artu ezinda, alderdi guztietan Malentxoren sarrerako albistea parra parra zabaltzen.