Orri hau berrikusia izan da
Bere obalo desbideratua baizik ez dut ikusten, planoa garbi oso, tenkatua. Begi itxiok berdeak behar luketela izan uste dut. Begiotan gelditu egiten naiz. Nereak direnetan denbora luzean edukitzen lortzen badut ere ez didate aurpegiaren osotasuna ematen. Aurpegiak ezezagun irauten du. Gorputza ikusten dut. Osoa ikusten dut hurbiltasun bortitzez. Izerditan blai dago, zuritasun itzelezkoa den eguzki klartasun batean dago.
Gizonak itxarongo zukeen oraindik.
Eta gero emakumea helduko zatekeen. Hain gogorra da eguzkiaren indarra ezen horri eusteko oihu egiten baitu. Hozka egiten dio jada urratua den soinekoaren beso aldeari eta oihu egiten du.