Edukira joan

Orrialde:Kresala (1906).djvu/18

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

uretaruntz begira, ta inguruan gizon da emakume asko, miñagaz baño be begiakaz geiago itaunketan; arontzatxoago, txalopa jaube batzuk eta arrantzale zarrak deadarka, deizalea azkarra bazan edo ezpazan, goizalderako ekatxa ezagutu bazeitekean edo ezpazeitekean, alperrikako eztabaideagaz suak arturik; eta beste aldean emakume aldra andia negarrez, euren gona barrenakaz malko samiñak igortzika. Aldra orretan sartu ziran Tramana ta Brix, bata txilioka ta arrantzaka bestea.

Bildurgarrizkoa egoan Kantauriko itxasoa. Urlañozko estalki andi bat jarri jakon gain alde guztian, beren itxura gaiztoko aserrea ezkutau nairik legez; betaurrerik onenakaz be, uraldera begira egozanak ia ezeben ezer ikusten; agiri zan itxaso apurra berde baltzeran irakindua egoan, da irakiñaren dardareak azal guztian atara eutsazan apar zuriak igarian ebiltzan itxas artz gizon jantzalleak zirudien. An barruan, lañoak eta bisutsak estaldurik eukazan ur gazi zabaletan, gauza arrigarriren batzuk gertetan ziran, baga ta olatuen orruak ziñoenez.

Uste onetan egozan beintzat Arranondoko gizataldeak eta, besre olango eretietan legez, Jaungoikoaren errukiari eskari apal bat egite-