II
ZER ESANAK
Errekarte ta mendi egal zoko katean dindilizka dagoan erri koskor bat da gure Arranondo. Uretan daukaz oñak; aldatz andiak iri edo kalietan; kale batetik bestera, zearretarako arri malla pendiz urteakaz leunduak; etxeak bata bestien gañean, atzeko aldea lurpean sarturik eta aurrekoen tellatutik arpegia erakusten; iñok usteko ezleukean aña gizadi etxe bakotxean, berrogetamarretik gora beti, umeak geienak; eta leio zulo danetan atorrak eta gonak, alkondarak eta prakak, itxas gizonen jaka urdiñak eta oeko zapi zuriak esegita.
Barregarri egoten dala erri au, diñoe alboerrietakoak, leioetan ainbeste zapi euki oi ditualako; baña Arranondoko emakume garbi zaleak ezin izaten dabie beste legortokirik billatu. Eztago inguru guztian alperreko lurrik. Uri onen burualdetik, ondo landuriko soro, baratza ta sagastitxu batzuk agertuten dira, eurak erne, sortu ta azi daroen guztia erriaren aora eskiñika balegoz legez; bealdetik, mueta guztiko txalopaz beterika-