Orrialde:Zohardia - Oinarri ideologikoak.pdf/11

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

SORTU

SORTUREN IZAERA

  1. SORTUk bere burua definitzen du erakunde politiko iraultzaile gisa, zeinaren helburua den Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta euskalduna erdiestea, horrek gaur egungo fase politikoan prozesu independentista eta eraldatzaile bat garatzea beharresten duelarik, estatu berezitu, burujabe eta sozialki aurreratu bat eraikitzearren: Euskal Errepublika.
  2. SORTU Ezker Abertzaleko pertsonak eta erakundeak biltzen dituen mugimenduaren adierazpide politiko-antolamenduzkoa da, haren ildo politiko orokorraren gogoeta-, eztabaida- eta erabakimen-esparrua, baita erreferentzia politiko nagusia ere, denez bezainbatean.
  3. SORTU bere baitan Ezker Abertzalearen mugimendua artikulatzeko xedez birfundatu eta, horretarako, haren historia eta izaera beretuz, alderdi-mugimendu gisa auto-eratuda, izan ere, dela zuzenean dela zeharka, bai borroka instituzionalaren alorrean bai instituzioetatik kanpo ere jardun beharko duelako, eta apustu egiten duelako bere baitan bi antolakera-tradizio hauen ikuspegiak eta jokabideak bateratzearen alde: herri-mugimenduek hain berezkoak dituzten batzartasuna, partaidetasuna, aktibismoa eta transgresioa, batetik, eta alderdi politikoei hain berariazkoak zaizkien egituratzea, eraginkortasuna, ideologia definitua, ordezkaritza instituzionala (zuzenekoa nahiz zeharkakoa) eta kohesio- eta sintesi-mekanismo zehatzak, bestetik. Beraz, SORTUk, mugimendu den aldetik, ekarpenerako, lanketarako eta aktibismorako guneak eta dinamikak antolatu beharko ditu, eta, alderdi den aldetik, erakunde eta mugimendu sektorial guztien ekarpenak bideratu eta sintetizatu beharko ditu izaera eta irismen nazionaleko egitasmo politiko orohartzaile batean, hartara ikuskera zabalagoa eskainiz erakunde eta mugimendu sektorial horienak baino. Izan ere, SORTU ez da ez alderdi ez mugimendu. Biak batera da, halere: mugimendu ez-konbentzional bat, alderdi forma eta mugimendu ezaugarriak dituena.
  4. Nolanahi ere, SORTU ez da Herritar Batasun berria. SORTUk uste du ezen, gaur egungo fase politikoan, eta beronen helburu politikoei begira, eginkizun hori EH Bilduri eta EH Bairi dagokiola.
  5. Sortu erakunde demokratiko bat da, apustu irmoa dagiena demokratikotasun hori sakontze eta errotzearen alde, bai jendarte osoaren antolamenduari eta funtzionamenduari dagokienez, bai Sorturen beraren barne-antolamenduari eta barne-funtzionamenduari dagokienez ere. Areago, Sortuk bere proiektu politikoa, Euskal Sozialismoa, ezaugarri horietxen argitan ulertzen du hain zuzen ere, hots, sakontze eta errotze demokratikozko