Orrialde:Zohardia - Oinarri ideologikoak.pdf/13

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

metodo nagusietarikotzat, betiere Euskal Herriko baldintzetara egokituz. Sortuk erdietsi nahi duena Euskal Herrian sozialismoa eraikitzea baita, ez ezein dogmari eustea.

  1. Sortu erakunde abertzale eta internazionalista da, Euskal Herria Espainiaren, Frantziaren edo beste edozein nazionalismo hegemonikoren menpean jarraitzeari uko egin nahi diogulako, eta beren burujabetza nazional eta sozialaren alde borrokan diharduten herri guztiekiko elkartasuna dugulako geure balio behinenetarikotzat.
  2. Sortu erakunde feminista da, bere helburu baitu sistema patriarkala gainditzea eta harreman bidezko eta berdintasunezkoetan oinarrituriko jendarte bat eraikitzea. Zentzu honetan, Sortuk aintzat hartzen du feminismoaren ekarpena, eta hitzematen du ikuspegi hori barneratu egingo duela arduratsuki bere praxi politiko eta antolamenduzkoan. Era berean kongresu prozesu honetan hartzen diren printzipio politikoekin eta antolamenduzkoekin koherentea den politika feminista propioa eztabaidatu, zehaztu eta garatzeko konpromisoa hartzen du.
  3. Sortu erakunde guztiz beregaina da, egituraz eta ideologiaz, nazioarteko zeinahi entitate politikogandik. Nazioarteko gure adiskidetasun- eta aliantza-politikaren ildotik, gogaide zaizkigu, eta erreferente nagusietarikoak, Munduko Foro Sozialean elkartzen diren Nazio Askapenerako Mugimenduak eta Mugimendu Altermundialistak. Europa mailan, Ezker Bateratu-Ezker Berde Ipartarrak eraturiko Taldea eta mugimendu soberanista-independentistak dira gure aliatu hobetsiak.
  4. Sortu erakunde nazionala da, Euskal Herri osoa baitu hedadura- eta jarduera-eremu, bai hedaduraren bai jardueraren helburua, hain zuzen ere, zazpi euskal lurralde historikoak birbatuko dituen estatu bat erdiestea denez bezainbatean. Eta helburuhorri begira, estrategia ere nazionala izateari ezinbestekoa deritzo.
  5. Sortu erakunde euskalduna da, euskararen erabateko normalkuntza aldezten duelako ez ezik, bere barne-funtzionamendua ere euskaraz bideratu nahi duelako, era berean. Nolanahi ere, Sortu jabetzen da zein den gure herriaren errealitate soziolinguistikoa, baita egiaztatzen ere bere hainbat militantek euskara ulertzeko bai baina euskaraz mintzatzeko gaitasunik ez dutela oraingoz, eta beste hainbatek ulertu ere ez dutela egiten. Horregatik, Sortuk behar diren mekanismo guztiak atonduko ditu Sortuko pertsona militante oraindik euskara-hiztun ez direnek erakundearen barne-bizitzan parte hartu ahal izan dezaten beren ezein eskubidetan kalterik nozitu gabe, nahiz eta, bidezko ordainetan, exijitu ere egingo zaien militante horiei nork bere burua euskalduntzeko konpromiso eraginkorra. Sortuk euskara lehenetsiko du bere kanpo komunikaziorako, baina gaztelania, frantsesa eta are ingelesa ere erabiliko ditu, unean uneko publiko hartzailearen ezaugarri soziolinguistikoen eta helarazi nahi den mezuaren helburuen arabera. Azkenik, Sortuk gure herriko errealitate soziolinguistikoaz debate