Orrialde:Zohardia - Oinarri ideologikoak.pdf/15

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da
  1. Sortuk berresten du ipar-hego harremanak, bai politikoki bai sozialki, bai ekonomikoki ere, biziberritu eta zuzenagotzearen aldeko jarrera. Harreman horiek, betiere, eskuhartze eta esku-sartze orotatik aparte, nazioarteko lankidetzan eta elkartasunean funtsatuz.
  2. Sortuk sustatu egingo du errefuxiatu politiko, ekonomiko eta ingurumen-arazoek eragindakoekiko elkartasun eraginkorra, eta betebehar saihestezina deritzo haiei gure jendartean abegi egiteari. Zentzu horretan, Sortuk printzipio hauek jasotzen dituen eta pertsona guztien eskubideak bermatzeko balioko duen migrazio politika bat eztabadaidatu eta zehazteko konpromisoa hartzen du.
  3. Sortuk arbuiatu egiten du merkataritza libreko deritzakeen nazioarteko edozein itun, baldin halakoak merkatuaren eta transnazionalen interesak ezartzen baditu pertsonen eta herrien ongizatearen eta ingurumenaren begirunearen gainetik.
  4. Sortuk uste du gaur egungo Europar Batasuna proiektu antidemokratiko eta antisozial bat dela, soil-soilik estatu-nazioek – benetako herrien kartzela besterik ez direnek – eta transnazional handiek beren onurarako ez bestetarako pentsatua. Beraz, Sortuk deblauki ezesten du Europar Batasunaren gaur egungo eredua, eta bere burua atxikitzen dio pertsonen zinezko interesak eta beharrizanak zerbitzatuko lituzkeen Herrien Europa demokratiko baten aldeko borrokari. Nolanahi ere, Sorturen iritzia da etorkizuneko Euskal Estatua Europar Batasun horretan sartzea nahiz at gelditzea euskal herritarrei ez beste inori dagokien erabakizun bat dela, zeina gauzatu, erreferendum bidez gauzatuko bailitzatekeen, eztabaida sozial sakon baten ondoren.
  5. Sortuk bere burua errotik humanistatzat du eta giza eskubide guztien errespetuaren alde egiten du.
  6. Sortuk borroka egiten du arrazakeriaren, matxismoaren eta bereizkeria-mota ororen aurka, zioak edozein direlarik ere: etnikoak, linguistikoak, erlijiosoak, orientazio eta/edo identitate sexualekoak, elbarritasun nahiz gaixotasunezkoak.
  7. Sortuk aldeztu egiten ditu adierazpen-askatasuna, bilera, manifestazio eta zirkulazio librerako askatasunak, eta eskubide zibil eta politiko guztiak, oro har.
  8. Sorturen iritziz, botere publikoek sustatu eta bermatu behar dituzte, pertsonen bizitza osoan barrena, hezkuntzarako, kulturarako, osasunerako, ingurumen onuragarri baten gozamenerako, etxebizitza duin batean bizitzeko eta diru-baliabide minimo batzuen segurantzia izateko denok ditugun eskubideak.
  9. Sortuk uste du begirune osoa zor zaiela pertsonen bizimodu pribatuari eta norberaren intimitaterako eskubideari.