Orrialde:Zohardia - Oinarri ideologikoak.pdf/22

Wikitekatik
Orri hau berrikusia izan da

geroxeago ikusiko dugunez, Sortuk ezetsi egiten baitu.

  1. Azkenik, Sortuk hautsi behar du mobilizazio klasikoen inertzia, halakoek ez baitute dagoeneko ez zirrararik ez sistemarekiko hausturarik eragiten, eta, halakoen ordez, jardunbide berriak asmatu. Zentzu honetan, Sortuk sektorerik kontzientziatuenak eta borrokalarienak, bereziki gazteria, limurtzearen aldeko apustua egin behar du, mobilizazio-era berrien bitartez, sinbologia berri bat erabiliz, hizkera berri batzuk baliatuz, hots, azken batean, epika berri bat sortuz. Izan ere, epika-ukiturik gabe, jarkiera adimentsurik, ekintza zuzenik eta desobedientziarik gabe, aldaketa ezinezkoa baita.

Masa-borroka eta borroka instituzionala elkar-osatu

  1. Hegemonia lortzen da, borroka ideologikoaren eta mobilizazioaren bidez ez ezik, baita botoarekiko borrokaren eta kudeaketa instituzionalaren bidez ere. Sortuk orekaz aintzatetsi beharko ditu bai mobilizazio sozial eta herrikoia, bai botoaren bilako mobilizazioa eta kudeaketa instituzionala, bataren ederrespenak bestearen gutxiespena edo ahanztura eragin ez dezan moduan. Zentzu honetan, garrantzitsua da honako ideia hau berpiztea, alegia, gazte-sektoreko, sindikatuko edo herri-mugimenduko edozein arduradun erakunde publikoetarako hautatua izan den edozein hautesi bezain garrantzitsua dela, zeren eta elkar osatu behar baitute borroka biek (sozialak eta instituzionalak). Premiazkoa da kalea eta mobilizazio-ahalmena berreskuratzea, baina hori bezain premiazkoa da garbi erakustea ezen Ezker Abertzalea, EH Bilduren eta EH Bairen bidez, gai dela hauteskunde-makina eraginkor eta kudeatzaile instituzional bikain bat izateko.
  2. Sortuk bere burua inplikatu beharra du, zuzenean nahiz zeharka, erdiespen sozialik desager ez dadin eta, batez ere, erdiespen berriak eskuratu ahal izan ditzagun ezinbestekoak diren borroka guztietan; eta, aldi berean, parte hartu behar du, EH Bilduren eta EH Bairen eskutik, hauteskundeen gatazkan eta erakundeen kudeaketan. Sortuk sinestarazi egin behar die batzuei ezen beharrezkoa dela herri-mugimenduak indartzea eta berorietan bermatzea bai erakundeen jarduera-marjinak etengabe zabaltzeko bai politika eraldatzaileak aurrera eraman ahal izateko, eta beste batzuei, berriz, ezen ezinbestekoa dela erakundeen eta legeen laguntza aurrerapen herrikoiak eta sozialak irmotzeko.
  3. Sortuk, halaber, ardura osoz jokatu beharko du aldaketa- edo eraldaketa-gobernuek aurrera jarraitu ahal dezaten. Horregatik, Sorturen eta beronen militantzia osoaren eginbeharra izango da gu geu ez erortzea eta beste inori ere (alderdi aliatuei edo herri-mugimenduei) erortzen ez uztea eraldaketaren aldeko gobernuei sostengurik ez emateak edo beroriei zuzenean eraso egiteak suposatuko lukeen arduragabekerian. Eta kontuz: sostengua emateak ez du esan nahi txeke zuririk ematea, ezta interpelaziorako