Edukira joan

Peru Abarka/Diálogo Cuarto

Wikitekatik

DIÁLOGO CUARTO

CONTINÚA PERU EN INSTRUIR Á MAISU JUAN

PERU: Egun on, Maisu Juan. Ondo lo egin dozu?

MAISU JUAN: Nor da or?

PERU: Neu; jagiteko orduba da.

MAISU JUAN: Ze ordu da bada?

PERU: Gesi baten zortzirak.

MAISU JUAN: Ez nire gorputzeko erlojuban. Lo gozo gozuan nenguan, ta lo batek iraun deust etzun nintzaneti ona. Oraintxe bere ezin edegi ditut neure begijak. Zelan urten oe onetati?

PERU: Zer dauka oe orrek?

MAISU JUAN: Eztauka erregek ez bigunagorik, ez obagorik. Sartu nintzanian egin neban luma artian toki eder bat; eztot jira bat egin gau guztian.

PERU: Amar orduko lua egin dozu beraz, bada etzun zinian bart amarretarunz.

MAISU JUAN: Nundi dakizu emen ze ordu dan erlojurik ezpadago, enzuten bere ezpada elessakua?

PERU: Baserrijetan daukaguz igargarri asko egunez ta gabaz, ta zuzenago gabilz gu ordubetan, erri barrubetakoak baño.

MAISU JUAN: Beraz jagi biar dot. O ze nagi nasan! Bentako imitxa guztijak bere ez nenduben iratzartuko. O ze beste gaba, atzokua ta gaurkoa! Ze eguraldi modu dago?

PERU: Txito ederra; eztago odeirik, bai eguzki ederra; lei apur bat jausi da, baña ez esatekorik, ez kalte egin leikianik?

MAISU JUAN: Nos jagi zinian bada zeu?

PERU: Goisabar, edo egun usaiñagaz batera; ta belu neritxon beste egunetakuen aldian. Nok egon biar dau eguzkijaren pekuan legez oetik urteko? Olluak karkarassaz astiaz batian, jagiten nas beluben dala. Ollarraren azkenengo soñubaz ingiratuten dira nire mutillak, ta jagiten dira gaberdirunz geure bei, idi edo txaalai begiratutera, gero oera biurtuko badira bere. Eztakigu emen alperrerija zer dan; ez eguna gau egiten, errijetan askok legez. Etzinian bart etzun nire pentzudaan, edo nik iratzartuko zendudazalako uste osuan? Ez ginian alan itundu?

MAISU JUAN: Bai Peru; baña badakizu ez dala bardin gabeko jagiguria, ta goissekua.

PERU: Daukagu gaur zer ibilli, ta zer ikusi asko, ta alan ingira zaite.

MAISU JUAN: Ekartzuz bada neure erropok, ta parkatu satisfazinoia. Besua aterateko bere nagi nas.

PERU: Maisu Juan; gauza bat esan biar deutsut. Olara biar dogu, ta bazuaz zeure soñoko bitxidun ta ederrakaz, urtengo dozu sartu zinialako damubaz. Ango ormaak kedarratuta dagoz keiaren keiaz. Jarten bazara gizategijan, zikinduko dituzu prakaak, ta eztozu gauza garbirik aterako. Obeko dozu jaztia neure soñoko batzukaz: iñok etzazauz oneetan, ta Maisu Juan izango zara gero, baserrikotzak bazaukez bere olagizon ta beste zakusezanak?

MAISU JUAN: Ondo dinozu, ta ezta zuri gomutauko ez jatzun gauza onik.

PERU: Aldatu biar dozu buruti biatzetara; lenengo alkandoria, bigarren jake zuri bat, ta gañetik gerrestuba. Praka odolestubak, abarka ta dagokazan kalzerdi marragazkuak ta buruban txapela. Zure asabak baño geijago etzara, ta alan agertuko zara bazterretan emen zagozan egunetan.

MAISU JUAN: Ekartzu bada alkandoria.

PERU: Bai, ta ara emen prest presta, egin barrija, ta inok lenago imini bagia.

MAISU JUAN: Txut, txut; latza dago, gilli gilli egiten deust. Zezazkua da? Perrestupezkoa, edo kirru samurrez eginiko euneti ateria? Zanbrotuko deustaz neure aragi guztiak, edo beintzat bai egun askotarako gorritu ta sumindurik itxi.

PERU: Gizonaren milika, ta buperia! Zer gura zenduke? Miesa utsez egiña? Eta, iru edo lau lisiba, edo bogadaan igarua? Aragi minberak dituzu. Ze gizon galanta asko nekezalek jazten dituban muetakuak erabilteko mormosieta baga!

MAISU JUAN: Ekartzuz bada jake zuri alkandoriaren gañekua, ta gero gerrestuba.

PERU: Eutsiz; beintzat oneek ezteutsube eratziko aragirik.

MAISU JUAN: Ekartzuz abarka, ta oneen mantaak; baña zeuk janzi biarko deustazuz, zerren eztakit nik zelan iminten dirian.

PERU: Urten egizu bada nos edo noz oe orretati; ekartzuz berna, ta oiñok... Zutindu zaite orain, ta eutsi txapela. Zein ondo dirudizun! Guazan orain eskaratzera; nire emaztiak prestauta eukiko dau oraingo koipatsuba, ta egosita bei zegijaren ezne ederra.

MAISU JUAN: Ai Peru! Labanduta joko dot eskallerati beera. Abarka oneek leun ta labanak dagoz, ta, zer izango da kanpora urten da arkoskuen gañian ibilli biar badot? Oiñazpijak erarziko jataz.

PERU: Ez leuke gizonak izan biar zu languak. Eskallera malleetati jasteko oratu egijozu alboko aga esku ordeko oni, ta larrapastada bat emon arren etzara jausiko beeraño. Eta oraindino bildur bazara, oratu egidazu neuri beste esku orregaz. Aurra, guazan. Zein ederto zuazan! Egun bigarreneko esango dozu, oñetako orreek obiaguak diriala zuben zapata asmo barrikuak baño. Jatsi gara jausi baga. Erdu sutondora. Ona emen Marija guria gure zain maija iminita. Artu egizu aulki au, ta jarri zaite.

MAISU JUAN: Eztaukat bada almorzutako gogo andirik; bada bart larregi apaldu genduban, ta erregelduak jatortaz.

PERU: Zer dira erregelduak? Aupatsak esan gurako dozu.

MAISU JUAN: Nik dakit bada zelan deritxen baserritarren artian?

PERU: Jan egizu zer edo zer; bada gosetuko zara ibillijaz, uste dozun baño geijago.

MAISU JUAN: Jan daigun bada. Nun dira zure seme alaba, ta otseiñak?

PERU: Batzuk juan zirian solora, ta bestiak basora iraurkiñak batutera: laster etorriko dira gosarija artutera, gero biurtuteko euren biarretara eguberdiraño. Arratsian ikusiko dituzu, ta guazan orain urrengo olara, noraño daukagun ordu beteko bidia. Eutsi bada makilla bat larrapastauta jausi etzaitian, ta baserri txakurren batek usigi etzaizan. Makilliak bildurtuten ditu; bestelan badakije atzeti bestela baitakuan oratuten, ta osatuteko, biarko zenduke bere ulia; bada esaeria da; txakurrak egiñiko zaurija, osatuten dala txakurraren uliaz.

MAISU JUAN: Peru, errepranak bere badakizuz?

PERU: Zer da erreprana?

MAISU JUAN: Erreprana, erreprana; edo beste izen batez, adajijua.

PERU: Len bestian geratuten nas.

MAISU JUAN: Zer esango deutsut bada, ezpadakit zelan esan euskeraz?

PERU: Esaizu bada edolan bere bat, ta nik esango deutsut zelan deritxon.

MAISU JUAN: Oraintxe esan dozu bat, ta ona neuk antxina enzun nebana: Errementarijaren etxian, zotza burduntzi. Eztakit geijago euskeraz, erderaz batzuk bai.

PERU: Orri esaten jako euskeraz esaeria, edo esakuntzia; gogait eragin artian aitatuko neuskezuz orrelango esaerak. Urten daigun etxeti, ta gura badozu esango deutsudaz batzuk batzuk.

MAISU JUAN: Guazan bada; baña bidia erraz igaroteko, asi zaite beriala esaten.

PERU: Ona bada, ta zeuk esango deustazu nos asko dan.

1 Azeri zaarrak allia luze, bera legezkuak bestiak uste.

2 Marija bitxigina, suba da ogigiña.

MAISU JUAN: Zer dinozu? Esaizu ostera.

PERU: Marija bitxigiña, suba da ogigiña.

MAISU JUAN: Baantzut zer dinozun; baña, zer esan gura dau orrek?

PERU: Esan gura dau, ogija eztala ona bitxi asko euki arren, suba txaarra badauka. Au da, gizon edo andria bitxiz edo soñoko apainduz azaleti agertu arren, buru txaarrekua ta alperra bada, eztala gizon ta andra ona izango.

MAISU JUAN: Egija dinozu. Zuaz aurrera.

PERU:

3 Jan sarrija, jan gartzu.

4 Gois jagija, gois gose; belu jagija loz ase.

5 Zor zaarra, zor txaarra.

6 Zulo bakotxari, laakua.

MAISU JUAN: Ze egija ederrak! Aurrera Peru; nik baño buru obia dozu.

PERU: 7 Zaijetan ziogi, urunetan ero.

MAISU JUAN: Eztot aituten euskera ori: ez zer dan ziogi, ez zer ero.

PERU: Esan gura dau, zai apur bat galdu eztedin bildur ta ikara; ta uruna ondatuba gaiti ardurarik ez.

MAISU JUAN: Badakit orain zetara doian esaera ori.

PERU:

8 Ezdakusan begijak, gatxik ez.

9 Aziak, beria kirtena, ta aritxak bere erikua ospala.

10 Erroijaren arrautziak, usakumerik ez.

11 Auntzak itxi baleijo, akerrak itxi leijo.

12 Suba daguan lekuti, keia.

13 Otsuak otsuari gatxik ez, ta lapurrari lapurrak laztan.

14 Kruselu onduan, gorurik ez.

15 Irargiko arrija, pozuba.

16 Ardao gozuak lau begi, ta oñik ez.

17 Astuaren arranzia, min bagia.

18 Ontzari ez begiratu lumara.

19 Zu beti ero; otz ezdana bero.

20 Txakur gosiak, ogija ames.

21 Zoruen eztija, gozua guztija.

22 Marija guria gorubetan, biar ez dan ordubetan.

23 Errementarija senarra, Jainkuak obia diñaala.

24 Auzoko beijak, errua luze.

25 Otsein barrijak galbaiaz ura, zaarrari edarriaz bere lekurik emon ez gura.

26 Azeri zaarrari ulia juan, baña antza ez.

27. Txuri biren eznia perza bete.

28 Ollo gosia beti soñulari.

29 Lekuban lekuban malua, gurian andijagua.

30 Gois-gorri laster euri.

31 Arrats-gorri, goisian eguzki.

32 Abadiaren lapikua, txikina, baña gozua.

33 Ikatzkiñaren lapikotua, andija baña erua.

34 Arzañak aserratu, gaztaiak agertu.

35. Jan edanaren gozua; kontuemonaren gaistua.

36 Etxe utsa, atralaka utsa.

37 Guztia gura izatia, guztia galdutia.

38 Igazko txakurra, aurtenguaren urkatzalle.

39 Aldats goria, aldats beria.

40. Ondarrua ta Motriku, idijak idija arkitu.

41 Lekuban lekuban ardijak, baltzen artian zurijak.

42 Dollorra, beti prestubez gogorra.

43 Eguzkija nora, zapijak ara.

44 Ze langintza zamargin, bizarrak bizarra eragin.

45 Amuarrañak begi bi, sei eskalluk amabi.

46 Ara bertan ezer ez, azaak bai koiperik ez.

47. Otz larregija, zarren illgarrija, ta gazteen zaargarrija.

48 Guzurra esan neban mendijan, neu baño leenago zan errijan.

49 Topinak galdariari, ipur balz.

50 Daukanak gabon, eztaukanari emon.

51 Urdaija, jan da garbaija.

52 Soldaduba, amaren seme galduba.

53 Eztakit, emen urtia badagit.

54 Gabeko biarra, egunerako lotsaari.

55 Egija, askoren erregarrija.

56 Ibiltari gabian, logura goissian.

57. Etorkizuneko oliak, biarrik ez.

58 Etorriko jatzu, adiskidia, gonburubaren erreseria.

59 Baneuka, bazeunkake; zeuk bazeunka oba zeunke.

60 Badaukazu zeugaz, jango dozu neugaz.

61 Bakotxa bere zoruak bizi.

62 Batalako beste, auntzaren odoloste.

63. Katubak daruan sardiniari, oratu egijok.

64. Alaba bi, ta iru seme, adi on ume.

65. Usuak juan, sariak eda.

MAISU JUAN: Zer esan gura dau orrek?

PERU: Ez dala belubaren zain egon biar, gauzaren bat egiteko. Eztala osasuna guztiz juan artian egon biar, osagilliari dei egin baga. Adiuntzaz ta era onez, edo asierati gatxari bidera urten biar jakola: ezpabere berandu datozala osakarrijak.

MAISU JUAN: Ori esaten deutseet nik beti gaisso-etxeetan, ta eztago nok buruban sartu daijuen. Etxat aztuko esaera eder ori. Asko da Peru esakuntzarik.

PERU: Ondo dinozu; eldu gara olara, ta euko dogu zer ikusi, ta zeri berba egin.

MAISU JUAN: Jesus, ze jente modu da au? Inpreinuba dirudi. Ze suba, ta gaarrak! Ze erremienta, ta toki tristiak! Gizonen itxurarik eztaukee emen dakustazanok. Ezteuskube agur bat bere egiten. Eztaukee arpegijan balzitu bagako gauzarik.

PERU: Maisu Juan; zer uste zenduban emen ediro? Gizon ederto apaindubak? Begiratu egijezu ondo buruti biatzetara: eztabe agiri ez begi, ez betulerik baltzaren baltzaz: ederrak dira maurubak oneen aldian. Kapela igartu ta erdikin bat buruban, zapi kedartu bat bekoki erdiraño izerdija artu, ta subaren berotasuna arinduteko. Obrera uts, idunian lotuba; ezta zer eskatu jakerik, ez kalzerdi, ez abarka, ezta prakarik bere. Oera etzuteko ta jagiteko eztaukee nekerik zer artu.

MAISU JUAN: Ori da bada: eta, nunguak dira gizon oneek?

PERU: Bizkaitar garbijak, odolian zuri ezer zor ezteutsubenak.

MAISU JUAN: Zeinbat opiziale dira, ta zer aloger emoten jakee?

PERU: Dira lau biargiñ; Ijelia, Urtzalla bi, ta Gatzamallia. Alogera ainbestekua da; baña bai ondo irabazija. Ijeliak darua biarsari, edo aloger geijago, ta onek izan daruaz egunekuaz ostian, eskupeko edo atsegin sarijak.

Burdiña asko egin bada, ondo irabazten da; bestelan gitxi. Gatzamalle gaissuak darua nekerik gogor ta gogaitgarrijena, ta irabazterik laburrena.

MAISU JUAN: Zelan ori kristau errijan?

PERU: Eztozu enzun inos praile-etxeetan jazoten dana? Praile gaztetxu edo sartubarrijak darue nekerik gogorrena. Ezta oneentzat bigungarririk: sendo sendo, osoz oso daruez agindu guztijak. Alan biar da, jakin dagijen zetara juan dirian. Lenengo urtian bigunegi balerabillez, ta euren burubetan ikusi baga pisu guztija, gerora esango leukee guzurtaubak geratu ziriala, ogi biguna erakutsi ta emonaz birzaiz eginiko balz ta jangatxa. Alan bada gatzamalliak bere, izanik sartu barrijak, ikasten dabee neke andijen, ta irabazi laburraren bidez, zer itxaraten deutseen, ta geroko obiaguaren penzudaan egonaz, igaro erraza egiten jakee, daruen biar gogor ta nekatsuba. Zelan alan, dinue euren artian, igaroko ditut iru urte, ikasiko dot biar egiten; gero sartuko naz urtzalla; egingo nas gizon ogija irabazteko duin, ta alan geroko nekiai emongo deutseet arpegi, irabazte obiaz, ta gogorraguak ikusita nagualako. Lur argaleko muntegijan azi dirian landara gaztiak, iragoten badira lur koipatsuko basora, ezta esatekua zeinbat irabazi daruen; ta zein marduak gero azi: ez ala lur gozatsuti badaruez lur agorrera.

MAISU JUAN: Zer esan gura dabee izen oneek Ijelia, Urtzallia ta Gatzamallia?

PERU: Ijeliak esan gura dau ijeztu, edo irunduten dabela burdiñia. Ikusi dituzu sarri gorulak, zelan amulu edo kirru goruban biribilduba ijezten, edo iruten dabeen, moltsoti ari meia egiteko? Bada Ola-ijeliak burdiña biribildu ta moltsotuta daguana, dakar miatubaz; ta esan ginai iruten dabela. Beraz ondo ipinija dauka Ijeliaren izena. Esaten da barriz Urtzallia, zerren urtu eragiten daben mia sutegijan. Izentetan da gatzamallia, onek jaon, edo zaindu biar dabelako lapikua, ta oni gatza ezarri edo emon. Au da beste iruren morroe edo otseiña legez, aginduten jakon guztija egiteko, ta Ijelia guztien jaola, irakasla ta buruba.

MAISU JUAN: Eta, ze biar egin biar dau bakotxak?

PERU: Urtzalliak bete biar dau sutegija miaz; ezarri biar dan ikatza, ta egin biar dan guztija, agoia aterateko prestau artian. Auspuak geratu ta atala gorituten imini, ta ezin esan beste zeregin ditu sutegijan. Lagunduten deutsee agoia su azpiti ateraten ijela ta gatzamalliak, bakotxak bere burdinaga edo palankiaz. Ateraten dabee sutegiti agirira, ez izerdi tanta, ta bero asko botabaga. Botaten dabee beera, ta txirikiña edo burdin kato bat iraatsirik, darue gabipera. An ezarten deutsee atala orakarri ta kirtentzat. Gabija ibilli dedin emoten deutsa ura ijeliak uragiaz. Asten da durundija, orma ta lur berari ikara eragiten deutsana. Darua agoia urtzalliak mallutzarpeti gabi-igunaren azpira. An asten da beste soñu, belarri atara ez egiñak, zurtuten ditubana. Ijeliak bere uragiaz darabill gabija miats edo sarri, zelan gura daben; ta ondo dan ura geitu edo gitxitubaz, begira dagoka urtzalliari, ta irakasten deutsa zer egin, nos aurreratu, nos atzeratu, ta nos albotu burdin oratzar edo agoia. An dira su txipristin urrinera duazanak: an askatu ta bota eragitia geratu jakozan loijak, zepa ta txatarrak. Alan igunpian ta mallupian apainduten dau agoia urtzalliak; gogortu ta txikituten dau, ta erdibitu biar danian, iminten deutsa gatzamalliak atxurra, ta gabi-mallubak emoten deutsan joaldi edo kolpiaz erdibituten da; zati bata geratuten da atal edo kirten eraatsiajaz, zein daruen barriro sutegira; ta arik aurrerako biar edo lanak geratuten dira ijeliarentzat, zeñi jagokan ijestea edo irutia burdiñia, ekarri artian burdin-barra izatera, emoten deutsala bitartian gatzamalliari uragia, gabija erabilli dagijan, berak aginduten deutsan arintasun edo gelditasunaz. Amaitu dabenian urtzalla agoia zaindu dabenak, esan dogun biargintzia, dua lotara gura dabenian; eta artuten dau bigarren urtzalliak beste agoe ta egikizunen arazo, ta arduria.

Gatzamalliak txikindu, edo jo biar dau agoe guztietarako mia malluka txikar bategaz, batian belauniko daguala, bestean albokerara etzunda, zelan otuten jakon. Oni jagoka mandatubak egitia nora nai; ta ikusgarrija da bide agiri ta kaleetati ziar igaroten bere obrera erdi gorritu, erdi balzitubaz zaragitxu bat esku, edo lepuan dabeela, ardaua olagizonai eruateko. Ekanduta dagozan begijak, ez dira orregaitino minberatuten. Oneek bai bene benetan irabazten dabeela jan biar dabeen ogija euren bekokiko, ta korputz guztiko izerdijaz. Zer dinozu, Maisu Juan?

MAISU JUAN: Zer esan neikezu? Ni baño buru obiagua zan, ola ta biargintza au asmau ebana. Eta, ze on jatorko bizkaiari ola oneetarik?

PERU: Ori itanduko zenduke? Zer egingo nauskijue nik neure basuetako abe bizijai, olarik ezpalego? Badakutsuz ainbezte baso ain ederto jantzijak? Igaroko baziña Bizkai guztiko beresi ta mendijetara, etzenduke esango ainbeste egur ebagi leitekiala. Gizon bakotxeko, zeinbat milla aritx, arte, pago, kastaña? Bada azkoriak inausten ditu, ta subak daruaz eurrez legez. Dirianak, etxe-sukaldetan biar dirian apur batzubez ostian, burdiñatuten dira esaterako, ta sartuten dabee zidar, ta urre asko. Zeinbat irabazten eztabee ikatzkiñak? Zeinbat itzañak ikatzak olara eruaten, errenterijetatik mia ekarten, burdiñia bera eraasten? Eta, zeinbat ola-gizonak eurak? Eta, zeinbat enparetan jakee ola-jaunai gauzaak zuzen badabilz? Ezta Bizkaijan arraa bete lur alperrik galduten; besterik ezpada, tokirik agorrenian billatuten da iraurkina, ta egiten da simaur edo satsa lurraren ongarritzat. Koipe bagako lapikuak eztau aragi mamintsu ta mardorik egingo, ezda simaur bagako lurrak bere gari ta arto ugaririk.

MAISU JUAN: Nun lo egiten dabee, ta nos olagizon oneek? Dakustanaz gau ta egun dabill olia.

PERU: Ijeliak badaukaz une luziak agoe aldi bakotxian, ta emoten jako astija lo aldijak egiteko, ez zazpi ta zortzi ordu, baña bai ordu binaan legez. Urtzalle batak agoia zainduten daben artian, gitxi gora bera lau orduban, dua bestia lotara. Gatzamalle gaissuak, aurreratuta badauka bere mia jotia, ainbestian dabill; baña zelan agoia aterateko uneetan lagandu biar deutsan urtzalliari, jo biar badau mia, ta zaindu lapikua, lua arina jabilko. Erdu neugaz oneen oetokija ta oia ikustera. Eztozu ikusiko ez uarkarik, ez etzun-toki jaso, ta adardunik. Lurraren gañian lastamarraga bat estalki zantarragaz, ta burko ez obia. Zer deritxu?

MAISU JUAN: Dakustanaz kaputxino ta kartujo batek baño bizitza gogorragua dakusee oneek.

PERU: Bai egijaz: alan bere ez dakit nik zer dan bakotxa bere burubaren jaube izatia, ta katebagako bizitzia. Ez litzatekez gizon oneek egongo illa betian sartuta praile-etxe baten gauza asko gaiti, ta gogorragotzat eukiko leukee illa beteko bizitza ezkutukua, emen negu guztiko lo txaarra ta biar gogorra baño. Gurago dau otsuak baso bizitzia, jaatekua nekez billatu biarra, etxe-txakur katiaz lotubaren eregu ta ogi biguna baño.

MAISU JUAN: Baña zelan lo egin leije emengo gabi-ots, auspuen illeta soñu, ta subaren argi zabaldute, ta nosian beingo illundutiaz? Ate kisket baten otsak esnaatu narua ni, lo zorro gogorrenian banago bere.

PERU: Maisuba, ezdakizu gizona guztira egiten dala? Ezdozu enzun errotarijari ezdeutsala lua galerazoten errota-soñu jarraitubak, ta iratzartuten dala soñuba geratuten bada? Gabijaren ots, ormaak ikara iminten ditubanak, ez deutsa gillirik egiten olagizon lotan dagozanen belarrijai. Eta eurak iratzartuten dira ao txistubaz, soñuba joten dabenian biarrian daguanak.

MAISU JUAN: Eta, ze jaten dabee?

PERU: Ikatzgiñak baño lapiko obia. Beteten dabee sabela ogi beratu ta ondo koipetuz, otuten jakeenian, ta ezdozu zuk iños jan gauza gozuagorik. Esku atz ta ezpanak bere miazkauko zendukez gozuaren gozoz. Nun illten da oleetan baño sesingei, edo idi gizendubagorik? Andikijak eurak datoz nos bat olara beste zeregin baga, oneen lapikuan ogija beratu ta koipetuta jatera; eta esan darue euren etxeetan sesin ta urdai ederrakaz lapikua eginarren, ezin dabeela ain gauza gozorik jan; ta neuregango dator au, sutegiko ikatz ondo erriaz gar baga irakiten dabelako emengo lapikuak geldi geldi gañezik egin baga. Gizategijan daukee mai iminerraza. Saldia aututen da katillubaz, aragija txikindu ta aoratuten da atzamar Jangoikuak emonikuakaz; ura edaten da galletiaz, ta au da lau lau bizi izatia ta asmo baga.

MAISU JUAN: Eta Peru, jango zenduke orreekaz mai baten?

PERU: Bai, ta iguin baga: ez neuke kokadarik egingo, ez errebesau gurarik erakutsiko oneen obrera baltz ta esku zetakatubak ikusi arren; eta deritxat euren janguriak geituko leukiala neuria.

MAISU JUAN: Eta, eztabee ardaorik edaten?

PERU: Ez egunoro ta gitxiago bere. Asteazkenian daukee edanaldi bat ola-jaunaren lepora, ta nos edo nos zu ta ni orain legez. etorrita zerbat emoten deutseenian euren izenian edateko.

MAISU JUAN: Ori niri esatia, da, itxi biar dogula zerbait edan daijen.

PERU: Bai, gura ezpadogu esan daijen atzeti biotz zimel, edo tximurtubak daukaguzala, ta dollorraren izenik eztau enzun gura gizon prestu batek.

MAISU JUAN: Zeinbat emango deutsegu?

PERU: Gitxienez amasei laukoko bana, edo errialbiko bat bijoen artian, ta au emon ezkero, agindu egijezu gura dozun guztija.

MAISU JUAN: Emon egijezu bada bijok gaiti, ta gero alkar aituko gara.

PERU: Ordu onian. Ijelia, eutsi au gure izenian sabel liortu orreek busti daizubezan.

IJELIA: Eskerrik asko; urte askotan egin daizubela beste onenbeste. Agindu guri gura dozuben guztija.

PERU: Nire lagun onek gura leuke agoia atera, apaindu ta iruten ikusi. Nos prest egongo da?

IJELIA: Bere beriala; urreratu dedilla ziarzulora. Nua bidia edegitera urten biar daben zepa-gejari

MAISU JUAN: Jesus, au zer da? Emendi dua burdiña urtu guztia.

PERU: Ez Maisu Juan: au da miaren errauts ta loikerija. Onelan garbituten da burdiñia. Au astunago dan legez geratuten da ora bat eginda sutegijan, ta urten dau gañeztu jakon loikerijak zein geratuko dan zepatuta.

MAISU JUAN: Oneek dira ikustekuak! Ainbeste urte Bizkaijan egin ta, oneek ikusi baga egongo nintzan?

PERU: Auspuak gelditu ditube: oraintxe ikusiko dituzu bein banaan, nik len adierazo deutsudazan gauza guztijak. Ez da bardin enzutia ta ikustia. Begi itxi edegi bateko ikustia geijago da ikasteko, berba luzeen jarduna ta ekiña baño.

MAISU JUAN: Atsegin ta arreta andi bategaz jarraituko deutseet biargintza miragarri oneei neure begijakaz. Ai gizon gaisso ta errukarrijak! Iges egiten dot nik urrinera iraun ezinik agoetzar aren txipristina ta berotasuna. Ara zelan dabiltzan burruka oratzarragaz zuzendau ezinik, ta bere albo albuan... Oneek dira otsak: lurra bere badabil kolpe bakotxian... Peru, egin egiña: zuk esan zeunstana, ta ikusi dodana. Badaruat zer esan. O egun ederto igarua! Esaiozu orain ijeliari erakutsi daiguzala etxe baltz onetako toki, erremienta ta ikuskizun guztijak.

PERU: Ijelia; erakutsi eijozuz gizon oni emengo zurkulu, tresna, erremienta ta ikuskizunak, ta esan eijozuz geldiro ta banaan euren izen guztijak?


El tirador muestra á Maisu Juan

todos los instrumentos, máquinas, etc.


MAISU JUAN: Gizon ona, esaidazuz opizialen izenak, ta alan beste gauza guztijenak, bada gura ditut eruan paperian eskribiduta.

IJELIA: Ona bada geutati asi ta beste guztijak.


Olia.


Biarginak lau.

Ijelia.

Urtzalla bi.

Gatzamallia.

Auspuak.

Auspo-ardatza

Eskamelak.

Txinbua.

Ujaikija, edo uagia.

Kañuba edo aisebidia

Toberia.

Sutegija.

Beelarrija.

Aisa-arrija.

Aga-arrija.

Ziarzulua.

Estolda-aldia.

Guzur-askia.

Onda-askia.

Tikinoia o erruedia

Auspo-pujoia.

Pujo-makurra.

Ardatz-nausija.

Tikinoe nausija.

Zutoiak edo zepuak.

Zepo-amia.

Mazukarijak.

Gabija.

Gabiguna.

Bogia.

Aldabarrak.

Burkuak.

Jungudia.

Dendala.

Dendal-arrija.

Tximela.

Makubak.

Kateiak.

Giltzak.

Kurutziak.

Zepa-amia.

Zepotilluba.

Nardakia.

Bergamalluba.

Bandijua.

Txakurzulua.

Zirijak.

Urkulia.

Usteijak.

Arrogo etxia.

Arragoia.

Atxurra.

Epailia.

Durmiendia.

Bandijua.


Biarginen erremientak.

Orrikaak.

Txirikiña.

Palankia edo burdinagaak.

Mallubak.

Porroia.

Kaikuba.

Galbaia.

Zaraak.

Paria.

Burdingaija.

Ikatza.

Idurija.

Mia.


Janzija.

Obreria

Kapelia

Kapel zapija

Gizategija.

Issilluba.


Sukalde tresnaak.

Topiña.

Topin-estalkija.

Katillubak.

Erretilluba.

Burdun zalija.

Bitsadera.

Galletia.


Tokijak.

Auspotegija.

Ikazgelaak.

Gabitegija.

Miategija.

Agoia.

Atala, edo agoekirtena.

Bertaagia.

Belaikija.

Burutia.

Txatarraak.

Totxuba.

Galdabatekuak.

Burdin-barria.


MAISU JUAN: Nok asmau ete zituban ainbeste izen, ta tresna?

PERU: Biarrak, ta denporiak.

MAISU JUAN: Emengua ikusita dago, ta guazan, Peru, gura badozu zeure etxera.

PERU: Ondo dinozu, bada eztago urrin egubardija; baña eskerrak emonaz, egin daijegun agur gozo bana gizon onei.

MAISU JUAN: Bai, esan eztagijen dongaro azijak gariala. Aurra bada esan daijuegun aldabatera... Agur gizonak, eskerrik asko egin deuskuzuben arrera ona gaiti; agindu guri aldaigun edozein gauzatan.

LOS OFICIALES: Zeubei eskerrak emon deuskuzun diruba gaiti. Ondo ibilli, osterako artian.

PERU: Asko da goiserako zer iginik: guazan etxera ezertan geratu baga, ta jan ostian urtengo dogu beste gauza batzuk ikustera.