DIÁLOGO QUINTO
ENTRE LOS MISMOS MAISU JUAN Y PERU
PERU: Eldu gara etxera, ta neure ustian izan dozu gois eder ta atsegintsu bat olaan ikusi dituzun gauzaakaz. Jan daigun gogoz, ta eguberdi ostian lo apur bat eginda, atara egiña bazagoz, euki eragingo deutsut arrastegi edo egubarte ez txaarragua. Emen da arratsaldian lino ezpatetia, ta ikasiko dituzu ez dakizuzan gauza asko biargintza gogaitkarri onen gañian. Zu alkandora eder, samur edo bigun zalia zara: baña jakinda euki egikezu, zeinbat arazo ta arazkerijaz ekarten dan bedar bat euna egiteraño. Nire alaba batak, bera da gazteena, daukaz euntegijak; daki eungintzan, ta etxeti urten baga, ezer erosi baga, aziereiteti dakargu alkandora ederrak egitera. Itxi daigun baña arratsalderako ikuskizun au, ta erdu maira... Zuaz orain gorputzari atseren apur bat emotera, ta jagiko zara oeti deritxunian.
MAISU JUAN: Etzun naz oera sabela bazkari ederragaz ondo iminita: agertu jatan lua; baña nik eztakit zer otsak izan dirian, iges dau luak nire begijetati, ta asmau ezinik zer dan, ernegau, ta jagi nas.
PERU: Ah txorua! Ezpatarijen otsak dituzu.
MAISU JUAN: Zer da lino ezpateta ori?
PERU: Nik esango deutsudaz gauzaak sustrai ta ondo ondoti. Ereiten dogu lina-azija lur ondo gijau, ta azaro onekuan. Lurrak biar dau giro ona, ez ibilli senian, ta abespeluban, ta nos nai erein. Lino mueta bi dagoz, batari deritxo agorra, ta bestiari lina beria; a ugarijagua, au obiagua ta lasterragua. Eldu dedinian, atera biar da eskuz, ez ebagi igitaijaz: aterata egiten dira eskutaak, ta oneek lotu. Gero dator garrameetia. Garramauta, gabikotu biar da, ta gabiko eginak sartuten dira uretan, samurtu ditezen, ta bota daijen loitasuna. Ur geldituban iminten badira gabikuak, ezta esatekua, zein atsituba geratuten dan ura. Ondo samurtu dirianian, eruaten dira zelai batera, ta an zabaldu, ta banaturik, liortu biar dabee. Liortu ta ostera gabikotuten dira. Gabiko oneek daruez trimin trimin egitera erruki baga zur-mallu edo mazubaz. Beso senduak biar dira mallubaz banatuteko, ta bitartian andrakume batek darabill gabikua biraak emoten. Arazo nekagarri onen ondoren astotuten ditube astosapinian; emen samurtuten da tint bedar gogor au. Gero darue txarrantxetara ganak aterateko. Onelan arkituko dabee ezpatarijak gaur. Ezpata oñian edo onduan iminten dabee lino astozapinduba, ta esesten deutsee zurezpatiaz: triska triska eginda, nosian bein esku ta belaunagaz samurtuten dabee igortzijak emonaz, ta gero isten ditube otzaran kukustuta.
MAISU JUAN: Zer geijago egiten deutsee?
PERU: Kukusturik dagozan lino gijaubak, daruez barriro txarrantxara, ta an erbatzak juakoz, ta geratuten da bateti kirru garbija, besteti amuluba, ta amulu onek daukaz perreztupia ta gana. Oneek iruteko biar dira goruburuban apaindu, ta ardatzian batu arija eginaz batera. Eztira onetan amaituten lan guztijak. Arijak biar dau matasatu itxoroskijan. Itxoroskiti atera ta daruez matasak austietara ur gori, ta egur-autsian. Sartuten ditube gero lisiba arratzian, ta emen garbituten dira asko. Lisibatuta sartuten ditube kako edo ageetan, ta iruntz edo euritan zuritu ditezan, zabalduten dira bedar ganian.
MAISU JUAN: Ez dira onenbestegaz amaituten lanak?
PERU: Ez, Maisu Juan; ari zurituba, ta matasatuba sartuten dabee ariltegijan. Emen dira lan barrijak arija eteten jakeenian, edo arija katigatu ta nastuten danian. Neke gogorren bidez egiten dira arillak euntegira eruateko. Zeinbat lor emoten ezteutsee andrakumiak euren burubai? Baña ez dira buruauste, ta lorrik txikarrenak, eunla gaisuarentzat geratuten dirianak, ta guztiz, ari eten erraza badaruake. Gogait egingo ezpazendu ikusi eragingo neuskezuz eunla batek biar dituban tramankulu, tresna ta erremientak euna ejoteko.
MAISU JUAN: Gogait egin nik, Peru? Ez, ez: ikastia da irabaztia, ta jakitun urtetia.
PERU: Dei egingo deutsat neure alaba eunliari erakutsi, ta esan daizuzan euren izenak. Popatxu, ator ona, erakutsi eijozan oni eure biargintzako tresnaak.
HIJA: Bai aita, atsegiñez. Biartokijan daukadaz, ta erdu bijok ara. Ona emen euntegijak.
Au da goisubilla; beragokuau, beesubilla. Aitatuko deutsudaz guztijak.
Au, garrangia.
Oneek, izunzak.
Bestiok, ganbelaak.
Aek, erraiarijak.
A, urkulia.
Beste a, anezkia.
Ause, anezka-zotza.
Beeko orreek, oinolak.
Oneetxek, ipurtolak.
Emen dakusuzanak, oinugalak.
Onako au, txirringia.
Areek, mazurkak.
Beste aek, orrazijak.
Ona emen beste batzuk, ta dira:
Iraztaskia,edo ariltegija.
Iraztramaak.
Buztarrijak.
Arillak.
PERU: Nok esan lei, ikusi baga, zeinbat neke ta arazo artu biar dirian aziereiteti alkandora bat janzi artian? Amaitu dagijanian eunliak bere zeregin gogaitkarri ta nekatsuba, sartuten da josla, edo jostuna lan barrijetan. Onek biar ditu artazijak, orraatza, arija, ta ikuste argalekua bada, betaurreko ondo datorkozanak, ta alkandora dontsuba josita bere, barriro biar dau bogada edo lisibara, samurrago ta zuritubago geratu dedin. Agaiti esaten da; linuaren atsakabiak, amai gabiak?
MAISU JUAN: Ni baño buru obakua zan asmau zitubana ainbeste erremienta. Guazan ikustera zelan ezpatatuten dituben... Agur neskatillak; arratsalde ona euki daizubela. Jangoikuak bedeinka zuben biar egiteko gogua, ta besuetako sendotasuna.
LAS ESP.: Ez da guretzat biargintza atsegingarrijagorik: alkarren leijan, miña berba egiteko askatuta daukagula, olgantzaan egotia, neke gogorra ez da: gogorraguetara eginda gagoz, bakarrago ta gitxiago jan da. Gura dogunian kanteetan dogu geure soñuban. Batek ekiten deutsa zorzikuari, ta gero bestiak eranzutiari. Gura dozu enzun? Ona bada.
Ezpatarijen kantia lino gijetako aldijetan
Kantadu dagiguzan
Linuaren penak
Ezpata oneen otsian
Izanik latzenak;
Alkar ondo artuta,
Soñuba neurturik,
Gorputzeko nekia
Isteko arindurik.
Estribillo
Gara neskatillak,
Euskaldun ez illak,
Ez da iñor lurrian
Gure biar ezdanik;
Ez atso, ez agura
Akandora barik.
Atxurlarija dua
Botaten lurrera
Lino azi elduba,
Eta estaldurera
Txorijak etorrita
Jan eztagijezan,
Ta gero ezer baga,
Geratu ez ditezan.
Elduten dan orduban
Bedar ain biarra,
Eskubakaz oi dogu
Gelditxu atara,
Egiteko eskudak
An bertan soluan,
Largateko arduraz
Etzunik albuan.
Eskutadak dituguz
Gero orraztuten
Ondo garramaduta;
Ta arik eruaten
Gabiko egitera,
Beratu ditezan
Pozu baten eukita
Egun batzubetan.
Ura iminten dabe
Dan dana loiturik,
Bazter guztietara
Atsa zabaldurik:
Baña ikusten dira
Ugarassijuak,
Burubak aterarik
Emoten soñubak.
Atsa darijuela
Dagoz gabikuak
Pozuti aterata;
Eta gu lakuak
Eskubetan artuta,
Iguin bagarik,
Ditube zelajetan
Isten zabaldurik.
Liortuta daruez
Gero mazupera,
Errukija aztuta
An banatutera;
Lan au egin oi dabe
Eguzki galdatan;
Lina jailla gaissuak
Izerdi lamatan.
Ez da onenbestegaz
Nekia-amaituten;
Bedar ain banatuba
Dabe astotuten.
Asto sapin batian
Isteko samurrik,
Gogorra eguana,
Ondo bigundurik.
Txarrantxia deritxon
Orrazi askatuban,
Ikusten da ostera
Ondo katiguban;
Lino agorra bada
Jakoz ateraten
Ganak, eruateko
Gero-ezpatatuten.
Emen sartuten dira
Gure lan barrijak,
Soñubaz emoteko
Pena latzgarrijak
Astosapin, ta mazu
Azpijan juari
Egiten gariala
Guztiok kantari.
Tris traska dirautsagu
Erruki bagarik,
Isten ez deutsagula
Guk azur osorik,
Ispi txar ta erbatzak
Jakoz ateraten,
Eta largaten deusku
Guroguna egiten.
Onelan iru bat ordu
Egonik olgetan
Soñu, algara, eta
Barre gozuetan,
Lino jaubia dator
Guri deitutera;
Erdube ori itxita,
Zerbait artutera.
Laster, ta atzera baga
Gara gu jagiten;
Ez dogu ez erbatzik
Soñian itxiten:
Garbi garbi eginik
Guaz mai batera,
An gogo galantagaz
Gauza asko jarera.
Guaz gero ostera
Geure biarrera,
Ta lan au amaituta,
Barriro apaitara;
Largaten ditugula
Bertan kukusturik
Eta txarrantxarako
Ederto gijaurik
Txarrantxarijak ditu
Txarrantxan iminten,
Kukutsak kendu eta
Erbatz baga isten,
Kirruba alde batian
Besteti amuluba,
Au ganduba eta
Perreztupetuba.
Gorulak gero dabee
Egiten arija,
Matasarako biar
Da itxoroskija;
Lisiba ta iruntzak
Dabee garbituten,
Eta ariltokijan
Dira arilduten.
Tramankuluba dauka
Eunla andriak,
Emen artu daruaz
Arazo nekiak,
Egiteko euna
Besteen biarrekin;
Korputz, esku ta oñakaz
Biar deutsa ekin.
Joslaak artuten dabee
Eun ateria.
An da artazijakaz
Zuzen ebatia.
Alkandoria dago
Guztija eginik,
Ari eta orraatzaz
Lotu ta josirik.
Euskaldun neskatillak
Nekiak arturik,
Eztabe onetako
Gizonen biarrik;
Eurak dira erella,
Lino gijarijak
Eunla era jostun
Ta gorularijak.
MAISU JUAN: Eztakit topauko dan inun andrakume euskaldunak baño senduagorik.
PERU: Nik bere ezdakit, Maisu Juan. Dira sona, dulabre, ta askotakuak. Nok sinistu lei, gizonen premiña baga artu daikeezala linuak dakazan, ta enzun dituzun arazo ta lor guztijak? Soluetan dakuskuz atxurretan, laijetan, saraketan, jorraan, ta edozein biar egiten. Badakije idijak buztartuten, itzaintzia egiten, itaurreko dabiltzala nos nai. Lau neskatilla baserrijan azijak, zuzenduko leukee etxaguntza andi bat, gizonen premiña baga ezertarako.
MAISU JUAN: Aitatu dituzun ezkero baserriko biarrak, aitatu ta erakutsi egidazuz orreetarako daukezan tresna edo erremientak.
PERU: Bai atseginez, ta erakutsiaz bertan esango deutsudaz euren izenak, ta dira:
Aria bere gija katiaz ta areskubaz.
Nabasaija bere idunaz.
Iruortza.
Nabarra.
Aassia.
Atxurra.
Atxurkuluba.
Aztajorraija.
Galjorraija.
Laijak.
Eskubaria.
Igitaija.
Ota-atxurra.
Korta-atxurra.
Podaña.
Askoria.
Aijotia.
Sardia edo simaur batzallia.
Naarra kantentxubakaz.
Burdija.
Ona barriz burdijaren zure Anatomija, ta nire azterketia.
Iduna.
Pertikak.
Etxia.
Zirijak.
Akerra.
Ardatza.
Laakuak, iru.
Ugalak.
Burtpillak.
Buztarrija.
Edia, edo lokaarrijak.
Azkonarra.
Edergarrijak.
Kolzaak.
Garatxuba.
Burtezpatia.
Arasak.
Biurrak.
Akuluba.
Itzaina
MAISU JUAN: Nekez irabazten dau atxurlarijak bere ogija.
PERU: Ondo dinozu: baña guri zor deusku mundu guztijak, irautia ill baga. Gure nekiakaz dator garija, dator artua, datoz baba, irar, indirar, garagar, olo ta jankai guztijak. Atxurrak dakaz maastijak, ta oneen ardaua. Atxurrak dakar linua, edo jaazteko duin duina. Nekezarijak gizenduten ditu idijak, okela ona jaateko; ta enzun neutsan nik gizon jakintsu bati, Jangoikuak egieban lenengo gizonari, emon eutsala lurra landuteko aginduba, onek pekatu egieban baño leenago, lurra samur ta biar-erraza bazan bere; ta pekatu egiebanian gogortu, arantzatu ta lartu jakola lur berez bigun ta samurra zana; baña len ta gero izan zala Adan atxurlarija ta baserrikua. Gerora asmau ebeela gizonak erri batubak egitia. Eztakit nik noskuak dirian bizargin ta gaiso-osatzallak. Gizon jakitunak guzurra esaezpeeban atxurlaritzia da artez artez Jangoikuak emoniko lana, lenengo gizonagandi datorrena.
MAISU JUAN: Ori orrelan izanik, ezda izango lurrian opizijo onraubagorik?
PERU: Egija dinozu, bada ezin iñor izan zeitekian, ez izango da lenengo gurasua baño odol garbijagokorik, ta bera izan zan atxurlarija.
MAISU JUAN: Eta, asko nekatu biar da egin arteraño ogija?
PERU: Txito asko, ta alan jaana ta janzijak dakaz burukomin, arazo, lor ta atsakabe asko.
MAISU JUAN: Zertzuk dira?
PERU: Erein orduko garija oraingo euskaldunen lurrian, onek saratu biar dau; nabasaijaz igaro ta lajakaz ondiatuten da. Zoijak txikartu biar dira atxurraz; ariak, nabasai, iruortz ta nabarrak igaro biar dabee soluan galgarauba ondo gorde dedin, ta eruan ezdagijen kurrilloe, bela ta beste txori garau zaliak. Zeinbat simaur ezarri biar ez jako? Eta simaurra egiteko, zenbat buruauste? Batu biar dira basuan iraurkinak, orri igarrak ta ota-sostrak: eruan oneek etxera; bota kortaan; eragin nosian bein. Gero garija erne onduan, biar da jorratu, esku-etendu, zalgia ta bedar txar guztija aterateko. Neke ta lor andi oneek igarota, dator garija elduteko aldi ain biotztuba. Prestau oi dira igitaijak, itzinduten ezpadira burubak erri batzubetan legez. Bero anditan ebaten dira ta egin azauak; oneek lotu, ta mukirijuak egin; oneek zabaldu, ta igartu ditezan. Arazo oneei darraiko galjaite nekagarrija izerdi bitzetan, alkarren leijan, ta soñuba neurtubaz gorputza mankauteraño.
Azao juak, edo lastotu dana alderatu biar da eskubariaz garija ganik. Au geratuten da aotzez, ta galburu utsituz nastauba. Andrakumiak artzaatu darue, isteko galgarauba zerbait garbituta, ta guenian garbi garbi egiteko arkosko, lur apur, olo garau, auts ta loigarri guztietati, galbaatu biar da ardura andi bategaz. Gari garbitu ustekua, zorroturik, darue bolu edo errotara; ta, nok esan zeinbat zeregin daukan errotari gaissuak uruna egin artian? Errotiak, zeinbat tresna ta erremienta? Eijo onduan, bere laka edo mendia errotarijak artuta, darue urunzorrua etxera. Neke barrijak ogigiñentzat. Eralgi biar da bae zarratuban; alderagin birzaijari; au garbitu biar da, zai utsa isteraño. Egin oi dira batzubetan iru ogi mueta: bata garbija; bestia tremesa, ta zantarrena ta txakurrentzat obia, birzaizkua. Ogi oneek egiteko, zeinbat lor? Txantxaduria aurrez eginda ezarri biar jako ogi oriari. Zeinbat gorputzeko gorabera, ta esku eragite oria egiten? Ogijak itxuratu, ta jagi biar dau bere terzijuan, ta onetan utsegiten bada, larregi edo gitxijegijaz, ez dau ogi onak urtengo. Darue labara, ta labazaina ezpada zuurra ta aituba, edo subak igaroko dau gania balzitu ta barruba erre baga, edo danak urtengo dau ezkotu ta errearinak.
MAISU JUAN: Etxataz niri inos burura etorri neke orreek. Jan dot ogija ezegaz gomutau baga.
PERU: Alan jazoten jakee txito askori, goguan artu baga nekezari gaissuen lan ta lorrak, zeintzuben izerdijaz daruen bizitza olgura ta gozo andikua.
MAISU JUAN: Badaukazu zer erakutsi geijago etxe barruban?
PERU: Bai: Mutil gaztia nintzanian ikasi neban arotzija, neure anaija nagusijaguak etxaguntza au eruango ebalako ustiaz. Ill jatan anaija a; ta gurasuak itxi nenduben euren oinordekotzat ta etxe jaube. Nosian bein eguraldi txaarrak eragozten deustazanian baso ta solo biarrak, jardun daruat mai, aulki ta ezgauza batzuk egiten; ta daukadaz neure lantegija ta biar dirian erremientak.
MAISU JUAN: Ze erremienta biar da arotzijarako?
PERU: Enzuzuz: askoria, azuelia, zeijua, laatrua, ginbaleta, eskoplua, zurmalluba, biar-maija, barrenia, gubija, zipilluba, garlopia ta zerria.
MAISU JUAN: Asko da gaurko erakusterik, baña bijar goissian eruan biar nozu basuak erakustera, ta arbolen izenak esatera.
PERU: Ondo dago ori; baña, alperrik igaroko dogu neguko gau luzia? Gure bizitziari ez jatorko alpertasunik. Autu egizu bada zeren ganian berba egingo dogun. Ezdeutsut nik debekau, ez galerazoko ondo dan gauzarik. Abagadune txito erazkua da illunzeti ta apal orduraño sutondoko inguruban berba egiteko, iñori ezetan ikutu baga. Nire etxian ez da enzuten dongarorik lagunaren bizieriaren gañian. Zek sartu biar gaitu iñoren gauzeetan? Bakotxak jazten dau aldaben alkandoria, ta nik neuria. Iñoren begijan badakusku edozein samar; geureetan abe andi bat bere ez... Olesa ta ate jotia da: nor ete dogu? Txomin, urteizu atera. Berbarua da, ta bat baño geijago dira.
TXOMIN: Aita, Juanis Pranzesa da, ta lagun bat dakar beragaz nik eztazaudana; baña abarkeen itxuriari begiratuta, uste dot dala zure ezagun kiputzen bat.
PERU: Datozala aurrera... O azpaldiko neure Joanis! Bizi zara? Ondo etorrija izan zaitiala. Nor dozu lagun ori?... O Txorgori! Emoidazu apa laztan bat. Zu bere emendi? Erdu bata ta bestiori eskaratzera. Emen daukat egun oneetan adiskide barri bat, ta dirianok igaroko dogu gau ederra.
MAISU JUAN: Peru, erdu ona mandatutxu bat esan daizudan issillik?... Ze gizon modugaz tratetan dozu? Zelan etxian artu pranzes, ta kiputz bat? Nok daki, daukazun guztija ostu, ta emen gau txaarren bat emongo ete deuskuben? Ez neban uste orren konpijauba zinianik.
PERU: Ah Maisu Juan! Burutazino, ta zaijo donga orreek kendu egizuz. Bijok dira neure ezagunak. Pranzesa sarri egon oi da emen, ta da zu ta ni baño kristinau obia.
MAISU JUAN: Pranzesa ta, kristinau ona? Sartu eijozu ori zoro bati.
PERU: Egingo neuskezu tema edozein gauza, Jangoikuaren gauzeetan zu ta ni baño jakitunago dala.
MAISU JUAN: Ara ez dakijala Aita geuria bere?
PERU: Ara zu baño geijago dala? Enzungo bazeuntsaz guk legez zelan Jangoikuak munduba bere gauza guztijakaz egieban; zeinbat egunian; zetati lenengo gizona, eta alan beste gauza asko, esango zenduke, abade izateko beste badakijala.
MAISU JUAN: Peru, nik sinistuko badeutsut, neuk enzun biar deutsadaz. Baña beinik bein itandu biar deutsagu dotrina puska bat, ta guazan orain eurakaz ezkaratzera.
PERU: Ondo, baña ez arren berba minduko dabenik esan, ez batari ez bestiari. Iñor ezda lotsatu biar, ta gitxiago minberatuko nintzate, neuri esango bazeunstaz amar berba astun ta garratz, oneei bat baño. Nik ezdakit oneen euskeria aituko dozun.
MAISU JUAN: Zer? Euskeria izan, ta nik, aitu ez?
PERU: Guazan bada eurak gana, bada juan dira eskaratzera.
MAISU JUAN: Itxaraizu puska baten, ta esaidazu, Zetara etorten da pranzesa?
PERU: Luebagiña ta otaepallia da. Urteten dau illunzeetan ibai onduetara, ta artu daruaz igarabijak txito erraz. Geijago esango deutsut. Oneetan dirian azerijak, dakaz nai dituban tokira, ta burdin lakirijo bat iminirik, artuten ditu. Berreun baño geijago artu ditu urte bete barru, ta batzuk ementxe geure ataijan.
MAISU JUAN: Peru, ez neban uste guzurrik esaten zenkijanik. Ikusita sinistu; ta ikusita bere usteko neuke begitazinoren bat dala. Alakorik bada, enkantubak daukaz ta pamerijalak, ta laster atrapauko dabe, inkisizinoera eruateko.
PERU: Ez dauka oneek orrelango artuemonik gaiskiñakaz.
MAISU JUAN: Gurago neuke orrelango bat ikusi, orain artian ikusi eragin deustazuzanak baño. Bide onez bada albidade ori, merezi leuke sari andi bat. Guazan bada beriala eurak gana...
(Pasan á la cocina; y Maisu Juan saluda
al basco francés y al guipuzcoano.)
MAISU JUAN: Agur adiskidiak; ondo etorrijak izan zaitiala. Alegretan nas eukitia zubek ezagututeko portuna au. Peruk esan deustanaz, bere adiskidiak zare; beraz adiskide on bat daukagu zubek eta nik.
BASCO FRANCES y GUIPUZCOANO: Esker andiak: ta ondo arkitua izan zaiteala emem Eseri zaite, amildu gabe.
MAISU JUAN: Zer esan dozube? Zer da eseri zaite amildu gabe?
PERU: Maisu Juan, laster katigatu zara oneen euskeran. Oraindino enzungo dituzu gatxaguak. Esan gura deutsube, jarri zaitiala jausi baga, labandu edo larrapastadaren bat emonda.
MAISU JUAN: Peru, eta zuk, aituko deutseezu? Eta, nik ez?
PERU: Ni eginda nago oneei enzutera, ta zuri baisen ondo aituko deutseet. Aitu ezin dituzunak, nik azaldau ta adierazoko deutsudaz.
MAISU JUAN: Aurra bada, itandu egijozu Pater nosterra euskeraz, ta au aituten ezpadeutsat, alperrik buruba kansauko dot. Ez aljakee aserratuko.
PERU: Ez orren bildurrik izan. Ontzat eruango dabee itandutia edozein gauza. Baña, nori gura dozu esan eragin daijodan?
MAISU JUAN: Lenengo, pranzes azeri artzalle oni, ta gero kiputzari.
PERU: Joanis, adiskide onek enzun gura leuskezu aita guria, ta atsegin au emon egijozu. Enzun gura dau zuben euskeria. Ezdaki onek bizkaikua baño, ta bera bere zelan alan.
BASCO FRANCES: Ori baño nai ezpadu, othoiz laburra da. Ona bada.
1. Gure Aita Zeruetan zarena
Erabil bidi sainduki zure izena,
2. Ethor bedi zure erresuma,
3. Egin bedi zure borondatea, Zeruan bezala bezala lurrean ere.
4. Iguzu egun gure eguneko ogia,
5. Eta barkadetzagutzu gure zorrak, guk guregana zordun direnei barkatzen derauztegun bezala,
6. Eta ez gaitzatzula utz tentamentutan erorzera,
7. Aitzitik, begira gaitzatzu gaitzetik. Alabiz.
PERU: Maisu Juan, enzun ta aitu deutsazu?
MAISU JUAN: Berba banaka bat bai, ezer ez geijago. Orren arin esatia, ji jaka berbaak aitatutia, ez da niretzat. Euskera apurren bat badaki, ta beste nik aituten ez dodan lenguajeren bategaz nastetan dau, ta niri sinistu eragin gura zeunskede, euskera berba egiten dabela. Ez naz orretan engañauko. Esan dagijala Abe Marija.
PERU: Joanis, esaizu Agur Marija zuk esan daruazun legez.
BASCO FRANCES: Agur Marija, graziaz bethea, Jauna da zurekin. Benedikatua zara emazten artean, eta benedikatua da zure sabeleko fruitua Jesus.
Maria Saindua, Jainkoaren ama, egizu othoiz gu bekatorentzat orai eta gere heriotzeko orenean. Alabiz
MAISU JUAN: Len bestian geratuten nas; igarriko bere ez neutsan Abe Marija zanik, jakin ezpaneu zer esatera joian. Aserratuten ezpajako esan egijozu esan daijala kredua.
PERU: Etxako aserratuko zeuk gogait egiten ezpadozu... Joanis, esan egizu sinisbidia.
BASCO FRANCES: Bai; ona.
1. Sinhesten det Jainko Aita bothere guzia duena baithan, zeruaren eta lurraren kreatzallea:
2. Eta Jesu Krhisto aren seme bakar gure jauna baithan.
3. Zein konzebitu baitzen Ispiritu Sainduaren bertutez: Sortu zen Maria Birjinia ganik:
4. Pairatu zuen Ponzio Pilatusen manuaren azpian: gurutzefikatu zuten; hil zen, eta ehorzi zuten.
5. Jautsi zen Ifernuetara; irurgarren egunean jeiki zen bizirik hilen artetik.
6. Igan zen zeruetara; jarria dago Jainko Aita bothere guztia duenaren eskuinean.
7. Andik ethorriko da bizien ta hilen juiatzera.
8. Sinisthen dut Ispiritu Saindua baitan.
9. Eliza Katholika Saindua. Sainduen partaliertasunean.
10. Bekatuen barkamentuan:
11. Haragiaren phiztea.
12. Bethiere iraunen duen bizitzean. Alabiz.
MAISU JUAN: Eta, Peru, zuk aituten dituzula berba salsa ta gatx orreek?
PERU: Baita nire emazte ta umiak bere.
MAISU JUAN: Zelan ori, ituaren itoz, ta arin esan biarraz, ta arnasa ots batzuben artian badino guztia?
PERU: Alan uste dozu zuk: baña egingo baziña soñu onetara, ta aitu berbaak, etzenduke orrelangorik esango. Neuk bere lenengo etorri zanian ezneutsan zeuk baño geijago enzuten; bana orain txito ederto derist.
MAISU JUAN: Eun urtian bere ezin ikasi nei berbeta enredau ori. Eraso egijozuz orain orazino ta Kredo, bestiak esan ditubanak, kiputz orri, ia klarubago berba egiten daben.
PERU: Txorgori, emon egijozu zuk bere atzegin bizkaitar uts oni eskatuten dabenian.
GUIPUZCOANO: Bai pozik, ta, zer egingo ez det nik zugatik? Ez bide du aitu Pranzes onen euskera. Aituko ote du nerea? Ona bada, ta esan zaozu adi nazala arreta apur batekin, ta gelditxo itzak ebakiko ditudala.
Aita gurea Zeruetan zaudena
Santifikatu bidi zure izena;
Betor gugana zure Reinua:
Egin bidi zure borondatea. nola zeruan, ala lurrean.
Egun iguzu gure eguneango ogia;
Barkaizkigutzu gure zoorrak, guk geren zordunai barkatzen dieztegun bezela, ta ez utzi tentazioan erorten; baña bai gorde gaitzetik. Alabiz.
Agur Maria graziaz betea:
Jauna da zurekin; bedeikatua zera andre guzien artean, ta bedikatua da zure sabeleko frutua Jesus.
Santa Maria Jangoikoaren Ama, erregu ezazu gu bekatariok gatik orain ta gere eriotzako orduan. Alabiz.
MAISU JUAN: Itxan dagijala puska baten. Oni obeto edo geijago aitu deutsat, ta obeto iritxi deust pranzes euskaldun izenekuak baño. Baña batak ta bestiak esan dabee agur Marija. Gauza barregarri, ta berbeta zantarra Ama Birjiniari agur egitia. Esan biar da Abe Marija.
PERU: Ori esango zenduke irakurlante, ta euskalduna izanda? Agurra da euskera garbi ta ederra, esaten dana sarrera ta juaeran. Agur jauna, Agur andria esaten jakee lotsiaren kalte baga andikijai bere. Badakigu zer dan agur gozua norbait topeetian. Abe ori zer dan ezdakigu baserriko ta beste nekezaliak; eta biar bada zeuk bere ez.
MAISU JUAN: Issildu nozu onetan: baña, ze berba plaga da Alabiz? Zetako esaten eztabee Amen?
PERU: Euskera ez dalako izen au, ta a bai. Amen esanda, euskera ez berba egiñaz ostian, jakin biar da zer esan gura daben berba onek ta esan ezkero Alabiz, edo alan izan dedilla, edo alan da, zer dagokan esan danari, guztia dago eginda.
MAISU JUAN: Ondo dago Peru, baña esan daigula kredua kiputz orrek?
PERU: Esan deutsat, ta esatera dua. Enzun eijozu.
GUIPUZCOANO: Sinisten det Aita Jangoiko guziz poderosoan; zeruaren ta lurraren egitzallea. Eta bere Seme bakar Jesu Kristogan, zein sortua izandu zan Espiritu Santuaren bertutez ta graziaz. Jaio zan Maria Birjina gandik. Padezitu zuen Ponzio Pilatosen agintearen bean. Izandu zan guruzifikatua, ill ta obitua. Jetsi zan infernuetara: irugarren egunean piztu zan illen artetik. Igo zuen zeruetara, an dago eseririk Aita Jangoiko guziz poderosoaren eskuitik. Andik etorriko da biziak eta illak juzgatzera. Sinisten det Espiritu Santuagan. Eliza Ama Santa guziakikoa. Santuen partelitasuna: bekatuen barkazioa, aragiaren piztze berria ta beti iraungo duen bizitza. Ala da.
MAISU JUAN: Itandu egijozu, zegaiti Abe Marija ta Aita guria esatez amaitu ditubanian esan daben alabiz, edo ala izan dedilla, ta kreduaren ondoren Ala da?
PERU: Etzaitut lotsatu gura ori oni itandubaz. Neuk esango deutsut. Agur Maria ta Aita guria esaten dirianian eskatuten jakoz gauza asko Jangoikuari, ta onen ondoren dator ederto esatia alan izan dedilla. Baña sinistu biar ditugun gauzaak dirian legez, Jangoikua Elessiari agerturiko egija utsik emon ezin leijenak, ez da esan biar ala izan dedilla, ezpada alan da.
MAISU JUAN: Ze gizon modu nas ni? Baserritar ta pranzes luebagin batek bere dotrina geijago dakije nik baño.
PERU: Badakizu nundi datorren ori? Jaijegunak datozanian, igaroten dozuz goissak bizargintzan meza arin bat enzunda, ta meza nagusi gitxitan izango zara. Eskolauba zarialako sinistiaz, usteko dau zure Elessa-jaola abadiak, jakituna zariala, ta ezer itandu baga, edo zeinbat Jangoiko dira itanduta beste baga, emoten deutsu txarteltxuba. Zuk onegaz ardurarik artu ez daruazu, aztu jatzu gazte-urteetan ikasija, ta onlan zagoz ain atzeria.
MAISU JUAN: Egija esan biar deutsut; ez neuke osoz esango euskeraz kredua, ta dakidana bere erdi erdera ta erdi euskera: alan erakutsi eusten txikarretan. Enzun dot pranzes ta kiputz kredua; esaizu zeuk bizkaikua.
PERU: Ona bada euskera garbi zalia zan geure eleis-abade batek erakutsi euskuna:
Sinistuten dot guztia daikian Aita Jangoikuagan, zerubaren ta lurraren Egillia. Eta bere Seme bakar Jesu Kristogan, zein sortu zan Espiritu Santubaren egiñez ta grazijaz.
Jaijo zan Marija Birjinia gandik. Padezidu eban Ponzio Pilatosen agindubaren beian. Izan zan kurutzian josija, illa ta lurbetuba. Jatsi zan inpernubetara; irugarren egunian biztu zan illen arterik. Igoeban zerubetara; an dago jarririk Aita Jangoiko guztia daikianaren alde eskumatati. Arik etorriko da bizi ta illai epaija emotera.
Sinistuten dot Espiritu Santubagan.
Eleissa Ama santa Guztientzakua.
Santuben Partiltasuna.
Pekatuben parkazinua.
Aragijaren biztuera barrija.
Eta beti iraungo daben bizitzia. Alan da.
MAISU JUAN: Ederto esan dozu. Ezdozu esan neuk aituten ez dodan berbarik?
PERU: Ori da bada guri abade irakasliak esaten euskuna. Sinisten dot, au adietan errazagua zala askozaz, bestelango nastau ta euskera gaistokua baño. Euskaldun utsak ezin aitu eikeezala berba oneek; Poderosua, Kriadoria, konzebidu, poderiaren beian, erresuzitau, Katholikia komuninua, erresurrekzinua, sekulakua... Berba eraatsi ta gatx oneek biar ebeela azaldaketa luze bat, ta guztiaz bere ezin ondo ulertuko zitubela euskaldun utsak. Agure ta atsuak esaten euskuben kredo barrija ikasten gendubala: baña txito ondo eritxeen guk esaten gendubanian geuk ikasija, ta autor eben guztia adietan ebeela: baña ez eukeela bururik ikasteko.
MAISU JUAN: Peru, beti ondo berba egiten dozu, ta Jangoikuak gorde dagizuzala buru ta miñ orreek. Alperrik izango da ni berba egiten astia luebagin orregaz; ta alan esan egijozu presta dedilla azerijak ataira erakarri, eta artutera neuk dakustala. Ze izen emoten deutsazu? Zer da Joanis?
PERU: Joanis esaten deutsee pranzes euskaldunak Juan edo Juaniko esaten deutsagunari. zelan Petri Pedrori, ta Estebe Estebani. Kiputzari esan deutsat Txorgori Gregorijo esateko.
MAISU JUAN: Eta, ze opizijo dau kiputz orrek?
GUIPUZCOANO: Ni arzaia naiz, adiskidea, ezer bear badidazu. Gaztangiña ere bai. Nabil batetik ta bestera ardi ta auntzak erosten, ta negu gogorren batek illtzen ezpadizkidaz, ongi irabazten det artille, bildots ta gaztaia salduarekin. Jaana, nola alakoa: loa nai adiña, gorputzak neke gutxi. Zer edo zer bear da: langillarik ez da, lor gabe. Aizerietatik arkumeak zaitzeak, ematen dit zer egin. Gabaz ere oi dabiltza eizaan bezala. Ikasi bear det nik ere nola arrapatzen diran piztia kaltegarri oek. Otsorik ez da zorionez nere egotokietan.
PERU: Joannis, egizu bada azeri janaria.
BASCO FRANCES: Ekardazu urdai zati bat. Nerekin ditut beste gauza batzuek, ta naasi guziak ipinita, burni tranpa paratuta, arranoak aragi kiratstura bezala, elduko dira nola ezdakitela, aizeri urruti daudenak, ta eroriko dira. Zatozte bada nerekin etxe aurrera; ta goizeko katibu arkituko degu azeri zaarren bat.
(Prepara su menjunge: arma la trampa.)
MAISU JUAN: Guazan orain apaitara, gero lotara, egun sentijan jaagi ta ikusteko jausi dan edo ez azerija.
(Se acuestan.)
PERU: Maisu Juan. Lo egizu gois artian.
MAISU JUAN: Ezin lorik egingo dot azerija buruban artuta...
PERU: Jagiteko orduba da.
MAISU JUAN: Banua laster... ekartzuz prakaak, eztaukat astirik geijago jazteko. Guazan laster... Jausi da, jausi da azerija. Kaderati lotuta dago. Eta, zein eskergia dan! Ze arpegi erretxinauba daukan!. Ez dago zer ikusi geijago, au ikusi ezkero. Ez dago pranzesak asmauko ez dabeenik; azerijak eurak baño azerijaguak dira. Ze enkantu imini ete dau zoraerazoteko, ta urrinetik ona erakarteko? Emon eijozu zerbait, erakutsi daigun zegaz egiten dan unturia.
PERU: Eztau erakutsiko; asko da ikustia. Guazan etxe barrura.