Pozez ta bildurrak

Wikitekatik
Pozez ta bildurrak  (1862) 
Bilintx

Pozez ta bildurrak



1
Dama gazte polit bat
bada Donostiya'n,
berdiñik ez dubena
zeruban azpiyan;
biyotza mugitzen zait
modu txit eztiyan,
nere pensamentura
datorren guztiyan.

2
Graziyazko aingeru
adoragarriya,
Jaunaren ondotikan
egan etorriya,
zerubak egintako
milagro berriya,
gloriyaz bete dezan
Donosti'ko erriya!

3
Arpegiya zeñek du
arrek bezin fiña?
Eta zeñek gorputza
aiñ ongi egiña?
Ibilleran ere da
guztizko ariña,
euskerak ez du itzik
famatzeko diña!

4
Naiz plazara juan bedi,
naiz juan iturrira,
nork ez du arreta jartzen
aren ibillira?
Bat bañan geiago're
gelditutzen dira,
ezkutatzen dan arte
berari begira.

5
Bere jatorrez duben
patxara fiñian,
biria pasatzen du
pauso ariñian;
lurrik ez du zanpatzen
txoriyak añian,
txutik juango litzake
uraren gañian.

6
Orrenbeste graziya
dituben meriyo,
arentzako gordia
zenbat amoriyo
biyotzian dakatan
nork kontatu diyo?
Kalian ikusita
esan dit ariyo!

7
Berriz ikusitzeko
egingo det modu,
juango diran baño len
ogei ta lau ordu;
ariyo esaten badit
laister entzungo du
«Nere arratseroko
ametsa, zer modu?»

8
«Ongi nai ta eziñ izan»
esango dit anbat;
nik erantzungo diyot
«Noski besteren bat
izango da, sufritzen
dubena zuk ainbat...»
«Zein da, bada, esazu!»
«Zu nai zinduzken bat!»

9
«Burlaz esaten dezu!
Nork naiko nau ni? Nork?
Aberatsa ez danik
ez du maite iñork.»
Baña nik ordubantxen
erantzungo diyot:
«Zoragarriya, naizu
maita gaiten biyok?»

10
Baietz esaten baldiñ
badit erdi farrez,
erotu egingo naiz
pozaren indarrez;
ezetz entzuten badet
nere suerte txarrez,
itz orrek utziko nau
betiko negarrez!