Zaldi baten bizitza (Zaldi zuriyarena)

Wikitekatik
Zaldi baten bizitza (Zaldi zuriyarena)  (1860) 
Bilintx

Zaldi baten bizitza (Zaldi zuriyarena)


1
Orra sei bertso kale
garbitzalleari,
zeña bere izenez
dan Joxe Mari;
erreza lezazkike
iru abe mari,
indarra etortzeko
zaldi zuriyari;
animali ori
urriki zait neri,
falta du ugari
egoteko guri;
kartoiakiñ egiña
dala diruri.

2
Goizero biar diyo
eraso lanari,
zikiñak bildu arte
erri danari;
berriz ere obeto
bizi ez danari,
nabarbenduko zaizka
ezurrak ugari;
ez naiz txantxaz ari,
eta, Joxe Mari,
zaldi gaxuari
nai aña janari
eman zaiozu, jartzen
ote dan lori.

3
Dago eskeletuen
itxura arturik,
diña jan ezak daka
orla galdurik;
nola ez da egongo
oso argaldurik,
irukitzen badute
askotan baraurik?
Zaldiya orri nik
ez det esperorik
ezer ikusterik
ezurrak besterik;
ez du beintzat izango
odol-golperik.

4
Lana sobra du baña
janariya falta,
urrikigarriya da
dakarren planta;
gaxuak ez lezake
luzaro aguanta,
flakiyarekiñ eziñ
mugitu du anka;
pentsu gutxi jan ta
kalian jiraka,        .
gaizki bizi da ta
indarrik ez daka;
eziñ karriatu du
karro bat kaka.

5
Munduban ez liteke
zaldirik arkitu,
dubenik orrek aña
pena sufritu;
biyotzik gogorrena
lezake kupitu,
ez du zartzera txarra
gaxuak atxitu;
pausua nagitu,
eziñ da mugitu,
gutxiyenaz ditu
zazpi espiritu,
bestela bizirikan
eziñ segitu.

6
Gizarajuaz danak
pena ar zazute,
baldiñ biyotz biguñak
badituzute;
asi zan egunetik
eta oraiñ arte,
serbitzuba egiñ du
erriyan bastante;
igande ta aste,
jaiarekiñ naste,
makiña bat urte
pasa dizkitzute;
oraiñ erretirua
merezi luke.  

ZALDIAREN ERIOTZA 
Indarra zekan arte
zikiña karraio,
eragiten zioten
makiña bat saio.
Bañan miñez jarri da,
indarra juan zaio!
Nekearen pagua
balaz eman zaio!  

OBIZDEA 
Azkenak emen daude
zaldi argal baten,
zeñak ez zuen iñoiz
pentsu on bat jaten;
gelditu zaizkan mami
puskak eramaten,
beliak lan askorik
apenas daukaten.

R. I. P. Amen.