Edukira joan

Kontzezirentzat

Wikitekatik
Kontzezirentzat  (1857) 
Bilintx

Kontzezirentzat


1
Kantatutzera indar aundiko
desio batek narama,
Kontzezi, zuri nai dizut eman
mereziya dezun fama;
gure probintzi Gipuzkoa'kuan
igualik gabeko dama,
berinkatuba izan derilla
zu egin zinduben ama.

2
Zedorrek uste etzenubela
egon nitzaizun begira,
lenbizikuan oñetara ta
urrena berriz gerrira;
oñak dituzu txiki politak,
gustagarriyak txit dira,
gerriyan berriz eman litzazke
kana bat zintak bi jira.

3
Andik urrena ipiñi nizun
erreparua petxura,
ordubantxen bai eman nizula
aingeru baten itxura;
Jainkoak berak deitu izan balit
iyo nerilla zerura,
zure ondotik ara juan biarrak
emango ziran tristura.

4
Ondoren jarri nitzan denboran
begiratubaz lepora,
biyotzak salto egiten ziran
irten nayian kanpora;
irten ta zuzen, badakit zierto,
juango zan zure kolkora,
nik jakitera nai zenubela
utziko niyon gustora.

5
Atentziyua begiyetara
paratu nizun segiran,
ez dakit zierto begiyak ero
eguzki berri bi ziran;
ondo ikusi ez nizkitzun ta
nola esango det zer diran?
Begiratutzen nizun guziyan
bista kendutzen zeniran.

6
Ille beltz eder dizdizariya
oparo dezu buruban,
konparatzeko baliyo duben
sedarik ez da munduban;
trentzak egiñik zenekan dana
erregiñ baten moduban,
diamantezko koro eder bat
falta zitzaizun orduban.

7
Ointxo politak, gerriya mia,
graziya milla petxuban,
lepo biribill diruriyena
egin berriya tornuban;
pare gabeko begi argiyak,
ille ederra buruban,
zu baño aingeru politagorik
ez da izango zeruban.

8
Beti ariko naiz Jaunari eskaka
ondo izan zaitezela,
etzazula uste nere biziyan
zutzaz aztuko naizela;
eskumuñak maiz bigal nazkitzu
orain artian bezela,
ainbeste egin biar dirazu,
penaz ilko naiz bestela.