Edukira joan

Tropismoak 11

Wikitekatik
Tropismoak  (2021) 
Nathalie Sarraute, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

XI

Andrazkoak sekretua ulertua zuen. Denentzat benetako altxorra izan behar zuena non ezkutatzen zen usain egina zen. «Balio eskala» ezagutzen zuen.

Harekin, Rémond etxeko kapelei eta ehunei buruzko solasaldirik ez. Mutur karratuko oinetakoak mesprezatzen zituen barru-barrutik.

Kukurutx bat bezala, herrestan ibilia zen haiengana maltzurki, eta maleziaz «egiazko egia»-ri igarri zion, aurkitutako krema ontziaren aurrean begiak itxi eta ezpainak milikatzen dituen katemeak bezala.

Orain bazekien. Horri lotuko zion bere burua. Ez zuten berriro botako. Entzun, zurrupa egiten zuen, sabelkoi, gozakor eta gogotsu. Haien ezerk ez zion alde egin behar: margolan aretoak, agertzen ziren liburu guztiak... Hori dena ezagutzen zuen. «Urtekari»-ekin zen hasia, orain Gide-runtz lerratzen zen, berehala oharren hartzerat joango zen, begi biziz eta gutiziatsuz, «Egiaren aldeko Batasun»-era.

Horretan guztian zehar paseatzen zen, leku guztietan usnatzen zuen, atzazal karratuko atzamarrez dena altxatzen zuen; axaletik horretaz hitz egiten zen momentutik, haren begirada argitzen zen, lepoa irrikaz luzatzen zuen.

Haiek esanezinezko nazka sentitzen zuten. Ezkutatu hori —bizkor— hark usnatu baino lehen, zokoratu, haren ukitze zitalgarritik kendu... Baina berak huts egin arazten zien, dena ezagutzen zuen eta. Ezin zitzaion Chartres-ko katedrala ezkutarazi. Hartaz dena zekien. Péguy-k zer pentsatzen zuen irakurria zuen.

Zoko sekretuenetan, hoberen gainzurituriko altxorretan, haren hatz gogotsuz miaka aritzen zen. «Intelektualtasun» guztia. Hura behar zuen. Harentzat. Harentzat, orain gauzen benetako prezioa bazekien eta. Behar zuen intelektualtasuna.

Bera bezalako jende anitz bazegoen, bizkarroi egartsuak eta urrikigabeak, agertzen ziren artikuluei lotutako izainak, leku guztiei atxekitako bareak eta Rimbaud-en izkinetan haien zukua isurtzen zutenak, Mallarmé xurgatzen zutenak, Ulysse edo Malte Laurids Brigge-ren Kaierak, elkarren artean trukatuz, haien ulermen doilorrez likaz estaltzen zituztenak.

«Hain den ederra», zioen hark, eite garbi eta inspiratuaz begiak irekiz non «dibinotasun txinpart» bat pizten baitzuen.