Edukira joan

Tropismoak 10

Wikitekatik
Tropismoak  (2021) 
Nathalie Sarraute, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

X

Arratsaldetan elkarrekin irteten ziren emaztekiak, izan ere emaztekien bizimodua zeramaten. A! Bizimodu hura apartekoa zen! Te etxetara joaten ziren, delikatuki —eite apur bat gozozalez— aukeratu pastelak jaten zituzten: txokolatezko makilatxoak, bixkotxak eta tartak.

Inguru osoa txoritegi txiokagarria zen, epela eta alaiki argiztatu eta apaindua. Hor egoten ziren, eseriak, euren mahai txikien inguruan estu jarriak eta solasean.

Bazen haien inguruan asaldura, bizitasun giroa, poztasunez beteriko kezka txikia, hautatze zail baten oroimena, oraindik ere zalantzan zegoena (ongi konbinatuko al du janzki urdin eta grisarekin? Bai noski, mirestekoa izango zen), metamorfosi haren, nortasunaren bat-bateko goraldiaren, distira horren gertagarritasuna.

Haiek, haiek, haiek, haiek, haiek beti, aseezinak, txorrotxiolariak eta delikatuak.

Haien aurpegiak zurrun antzean zeuden barne tentsio antzeko zerbaitek eraginda, haien begi ezaxolatiak gauzen itxuran, maskaran zehar lerratzen ziren, une soil batez haztatzen zuten (polita ala itsusia zen?), gero berriro erortzen uzten zuten. Eta makillajeek distira gogor bat ematen zieten, bizitzarik gabeko freskotasuna.

Te etxetara joaten ziren. Hor egoten ziren, ordu luzeak eserita, arratsaldeak osorik igarotzen ziren bitartean. Solas egiten zuten: «Badira haien artean eszena negargarriak, eztabaidak edozerengatik. Esan behar dut, dena dela, mutilaren erruki naizela kontu honetan guztian. Zenbat? Bada, miloi bi gutxienez. Eta hori izeba Joséphineren ondarea baizik ez da... Ez... nola nahi duzu? Mutila ez da berarekin ezkonduko. Emazte barnekoia da behar duena, ez da batere jabetzen. Ez baina, neuk esaten dizut. Emazte barnekoia da behar duena... Barnekoia... Barnekoia...» Beti esan egin zitzaiona. Horren erratea izan zuten beti aditua, haiek bazekiten: sentimenduak, maitasuna, bizitza, hori zen haien esparrua. Beraiena zen.

Eta solastatu egiten ziren, solas behin eta berriro, gauza berberak errepikatzen, bueltak eta bueltak emanez, alde batetik eta bestetik gero, haien oratuz, oratuz, etengabeki atzamarren artean euren bizitzatik ateratako materia esker txarreko eta hutsalari birarazten («bizitza» deitzen zutena, haien esparrua) horren oratuz, luza araziz, bira araziz haien atzamarren artean mordotxo bat ez beste, bolatxo gris txiki bat osatu arte.