Edukira joan

Tropismoak 9

Wikitekatik
Tropismoak  (2021) 
Nathalie Sarraute, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

IX

Andrea kukubilkaturik zegoen besaulkiko txokoan, bihurritu egiten zen, teinko lepoa, irtenak begiak: «Bai, bai, bai, bai», esaten zuen, eta esaldi atal bakoitza baieztatzen zuen buru mugimendu batez. Ikaragarria zen, malgu eta laua, guztiz lisoa, eta bakarrik haren begiak ziren nabarmenak. Bazen harengan estugarria, artegagarria zen zerbait, eta haren malgukeria mehatxagarria zen.

Kosta ahala kosta, zuzendu, baretu behar zitzaion, baina gizagaineko indarrez hornituriko batek bakarrik egin ahal izango lukeela sentitzen zuen gizonak, haren aurrean geratzeko adorea edukiko zuen batek, hor, ongi eserita, beste besaulki batean patxadan paratua, trankil berari so, buruz buru, haren begirada harrapatzen, haren bihurduraren ikusketari eutsiz. «Beno! nola dago berorri?» horretara ausartuko zen. «Orduan! Zer moduz dago berorri?» hori esaten ausartuko zen — eta gero itxaron egingo zuen. Hitz egin zezala, joka zezala, errebela zedila, hori atera zedila, leher zedila azkenean — horrek ez lioke beldurrik emango.

Baina gizonak hori egiteko adorerik ez luke behin ere izango. Berak ere behar zuen hori geldiarazia, kontrolatua izan ahalik eta luzeen, horren irtetearen saihestea, andrearengandik isuri ez zedin, andrearengan hertsarazi baizik, kosta ahala kosta, bost axola nola.

Baina zer? Zer zen hau? Beldurra zuen, erotu egingo zen, ez zen minuturik galdu behar arrazoitzen, gogoeta egiten. Eta, andrea ikusten zuelarik, beti rol hori jokatzen zuen nora indarrez, mehatxuz —halaxe iruditzen zitzaion―, andreak berak bultza egiten baitzion. Hitz egiten hasten zen, hitz egiten etenik gabe, berdin nortaz, zein zertaz, asaldatua (sugea bezala musikaren aurrean? txoriak bezala boaren aurrean? Ez baitzekien) fite, fite, gelditu gabe, minuturik galdu barik, fite, fite, gelditu gabe, minuturik ere galdu gabe, fite, fite, astirik zegoen bitartean behinik behin, hari eusteko, bera limurtzeko. Hitz egin, zertaz hitz egin baina? Nortaz? Bere buruaz, bere buruaz baina, beretarretaz, bere lagunez, bere familiaz, euren istorioez, euren atsekabeez, euren sekretuez, ezkutatzea komeni zen guztiaz, baina hori interesa lekiokeenez, baina horrek gogoa bete liezaiokeenez, ez zegoen dudatzerik, esan egin behar zitzaion, dena esan, guztiz biluzi, dena eman, hor legokeen bitartean, besaulkiko txokoan kukubilkaturik, zeharo bigun, guztiz laua, bihurriturik.