Edukira joan

Tropismoak 8

Wikitekatik
Tropismoak  (2021) 
Nathalie Sarraute, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

VIII

Izaki samur eta gazteekin, izaki tolesgabeekin izaten zenean, haren hatz geldiezinez haien maneiatzeko, haztatzeko, harengana ahal zen gehiena hurbiltzeko, bereganatzeko behar mingarria, eutsiezinezkoa bizi izaten zuen.

Haietako batekin ateratzen, «ibiltze»-ra eramaten fortunatzen zitzaionean, kalea gurutzatzean, gogor heltzen zion, esku txikia haren esku beroan, atzitzailea, hatz xumeak ez zapaltzeari eutsiz, mugagabeko zuhurtasunez begiratuz gurutzatzen zuen bitartean, ezkerretara eta eskuinetara gero, zeharkatzeko astirik zutela egiaztatzeko, autorik ez zetorrela ondo ikusteko, haren altxor txikia, haren haur maitea, gauzatxo bizi eta xamur eta fidakor hura, haren ardurapean zegoena, harrapatua izan ez zedin.

Eta irakasten zion, gurutzatzean, denbora luzez itxaroten, arreta handia izaten, arreta, arreta, arreta handia batez ere, zebrabidetik kaleak gurutzatzean, ezen «aski baita hain gauza gutxi, segundo bat nahaste aski baita istripua gertatzeko».

Eta haren adinaz, aurreratua zen haren adinaz eta haren heriotzaz hitz egitea ere gustatzen zitzaion. «Zer esango duk hik aitonarik ez edukitzean, ez duk hemen izango, hire aitona, zaharra baita, ba al dakik, oso zaharra, hiltzeko garaia laster iritsiko zaiok. Ba al dakik zer egiten den hilda egotean? Berak ere, hire aitonak, amatxoa bazian. A! Non da orain? A! A! Non da orain, maitea? Joan egin duk, jadanik ez dik amarik, aspaldi hilda zegok, haren amatxoa, joan egin duk, ez dik jadanik, hilda zegok.»

Airea geldi eta grisa zen, usainik gabea, eta kaleko albo bakoitzean etxeak altxatzen ziren, etxe masa zapal, itxi eta ilunek inguratu egiten zituzten espaloian zehar geldiro, elkarri eskutik helduta aurrera egiten zuten bitartean.

Eta txikiak astuna zen zerbait sentitzen zuen beregan, oztopo egiten zion. Masa bigun eta itogarri bat, nahitaez xurgarazten ziona, beregan bortxa leun eta tinkoa eragiten zuena, irentsi arazteko sudurra zertxobait estutzen ziona, bere burua defendatzeko betarik eman gabe — barrura sartzen zitzaion, poliki eta zuhurtasun handiz trostan zebilen bitartean, bere esku ttikia otzanki emanez, zentzudun oso buruaz baietsiz, azaltzen ziotelarik nola ibili behar zen arretaz eta ondo begiratuz eskuinetara lehendabizi, eta ezkerretara gero, eta kontuz ibili, kontu handiz, istripuaren beldur, zebrabidea gurutzatzean.