Edukira joan

Tropismoak 7

Wikitekatik
Tropismoak  (2021) 
Nathalie Sarraute, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

VII

Ez gizonaren aurrean batik bat, ez haren aurrean, geroago, hura hor ez egotean. Baina ez orain. Arriskutsuegia izango zen, moduzkotasunik gabeegia haren aurrean horretaz hitz egitea.

Emaztekia haren zelatan zegoen, hark ez aditzeko tartean jartzen zen, etengabe hitz egiten zuen, hark adia galarazten saiatzen zen: «Krisialdia... eta aurrera egiten ari den langabezia. Jakina, hori gauza argia iruditzen zitzaion, kontu horien jakitun zen hari... Baina berak, emaztekiak, ez zekien... Esan egin zioten hala ere... Baina hark, gizonak, arrazoia zuen, gogoeta egiterakoan, dena hain argi geratzen zen, hain erraz... Harrigarria zen, tamalgarria hainbeste pertsona onen sinplezia ikustea.» Dena ondo zihoan. Pozik zirudien gizonak. Tea edaten zuen bitartean, bihozbera esplikatzen zuen, bere baitan seguru, eta batzuetan, masaila zimurtuz, jaki kondar bat harrapatzeko mingaina alboko hortzen aurka presionatuz, hots berezi bat egiten zuen, ziztuaren antzekoa, harengan beti atseginketa, desaxola tonu xehea zeukana.

Baina batzuetan, emaztekiak ahalegin horien guztien eginagatik isiltasuna nagusitzen zen. Norbaitek, harengana zuzendurik, Van Gogh-enak ikustera joana ote zen galdetzen zuen.

«Bai, bai, jakina, erakusketaren ikustera joana zen (ez zen ezer, gizonak ez zuen kasurik egin behar, ez zen ezer, hori guztia esku gainaz baztertuko zuen emaztekiak), sekulan ere zer egin ez dakigun igande arratsalde horietako batean joana zen. Jakina, arras ona zen.»

Aski, aski orain, gelditu beharra zegoen, pertsona horiek ez ziren batere jabetzen, ez zuten ikusten gizona bertan zela, adi zegoela. Emaztekiak beldurra zuen... Baina haiek ez ziren horretaz kezkatzen, jarraitu egiten zuten.

Tira bada, behin eta berriz ekin egiten zutenez geldiarazten ahal ezin zituenez gero — sartzen utz zitzatela. Haientzako okerrago, une batez sar daitezela, Van Gogh, Utrillo edo beste. Hala nola, apur batez, haien estaltzen saiatzearren, bera aurrean jarriko zen, gehiegi aurrera ez zitezen, ahalik eta gutxien, hara, poliki, albotik ibil daitezela otzan, pareta bazterretik. Hara, hara, ez zen ezer, gizonak so egin ziezaiekeen lasai: Utrillo mozkor zegoen, Saint-Annetik irten berria zen, eta Van Gogh... A! Gizonak nahi izango lukeen guztia apustu egingo lioke, ez luke inoiz asmatuko paper horretan Van Goghek gorde ahal izango lukeena. Paper horretan gordetzen zuen... ebakitako belarria! «Belarria ebakitako gizona», horixe! Ezagutzen al zuen hori? Leku guztietan ikusten zen hori orain. Halaxe da. Horixe zen guztia. Ez zen haserre? Ez zen jaiki behar, edo bera zakarki errefusatu, haiek oinperatu, begirada iheskor, lotsagarri, ahalkegarri, maltzur ezpaina, era nazkagarriaz bildua?

Ez, ez, oker zebilen kezkatzen zenean. Gizonak oso ongi ulertzen zuen. Bihozbera zen, dibertigarria. Masaila zimurtzen zuelarik haren ziztu ttikia entzunarazten zuen, eta oraindik ere haren begietan distira alai hura ikusten zen, segurtasun sentimendu baketsua, ziurtasun goxoa, poztasuna adierazten zituen argitasun hura.