Edukira joan

Tropismoak 6

Wikitekatik
Tropismoak  (2021) 
Nathalie Sarraute, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

VI

Andreak, goizean goiz, jauzi egiten zuen ohetik, apartamentuan zehar korrika egiten zuen, zakar, estutua, oihuz, keinuz, hiradurazko hasperenez, «eszenez» beterik. Gelaz gela joaten zen, sukaldean kuzkuzka aritzen zen, norbaitek hartua zeukan bainugelako atearen aurka haserre jotzen zuen, eta esku hartzeko gogoa zeukan, zuzentzeko, haiek astintzeko, ea ordu betez iraun behar zuten galdetzeko edo berandu zela gogorarazteko, tranbiak edo trenak ihes egingo ziela, beranduegi zela, zerbaiten galtzen zutela haien zabarkeriarengatik, ezaxolakeriarengatik, edo gosaria zerbitzatua zegoela, hoztuta zegoela, orain bi ordu itxaroten zuela, jelatua zegoela... Eta bazirudien, haren iritziz, ez zela gauza mesprezagarriagorik, lerdoagorik, itsusiagorik, ez zela gutiagotasun, makaltasun zeinu argiagorik, gosariak itxaron behar izatea baino, hoztu zedin baino.

Iniziatuak, haurrak, presaka zihoazen. Besteak, kontu horiekin laxo eta ezaxolatiak, etxe horretan zeukan boterea kontuan hartu ez eta, gizabidez erantzuten zuten: «Eskerrik asko, ez kezkatu, gustura hartuko dut kafea zertxobait hotz». Haiekin, arrotzekin, ez zen batere ausartzen ezer esaten, eta hitz bakar horrengatik — ontasunez, artagabeki, bera kontsideratu gabe, ezta une batez ere harekin ohartu gabe, eskuaren atzealdetik baztertzen zuten esaldi labur gizabidetsu horrengatik, bakarrik honengatik gorrotatu egiten zituen.

Gauzak! Gauzak! Hori zen haren indarra. Haren boterearen iturria. Senez, era okertezin eta seguruaz garaitzeko zein zapaltzeko baliatzen zuen lanabesa.

Haren ondoan bizi izatean, gauzen presoa zinen, gauzez beteriko esklabo zitala, astuna eta tristea, etengabe zelatan edukia, haiek inguratua.

Gauzak. Objektuak. Txirrinaren deiak. Ahantzi behar ez ziren gauzak. Itxaronarazi behar ez ziren pertsonak. Horretaz baliatzen zen, etengabe txistuka ariko zitzaion oralde batez bezala: «Deika ari dira! Deika ari dira! Mugi zaitezte, bizkor, bizkor, itxaroten zaituztete.»

Baita ezkutatzen zirenean ere, euren gelaren barruan itxiak, eraso egiten zien: «Deitzen zaituztete. Ez al duzue aditzen? Telefonoa. Atea. Gela honetan haizea dabil. Ez duzue atea itxi, sarrerako atea!» Ate batek panpakada emana zuen. Leiho batek kolpe bat. Haize bolada batek zeharkatua zuen gela. Laster ibili behar zen, bizkor, bizkor, astindua, kolpatua, lehiatsua, bertan dena utzi eta oldartu, zerbitzatzeko prest.