Tropismoak 5
←Tropismoak 4 | Tropismoak (2021) , translated by Luis Alfonso Lopez Labrador |
Tropismoak 6→ |
V
Uztail aldiko egun beroetan, aurreko hormak argi distiratsu eta latza botatzen zuen etxarte txiki hezean.
Bero horretan hustasun handia zen, isiltasuna, bazirudien dena geldirik zegoela; bakarrik lauza beiraztatuen gainean herrestatutako aulki baten kirrinka aditzen zen, erasokorra, karrankaria, ate baten klaskada. Bazegoen bero horretan, isiltasun horretan — bat-bateko hotz bat, urraketa bat.
Eta andrea ohe ertzean geratzen zen mugitu gabe, ahalik eta leku gutxien okupatzen zuela, etzanda, zer edo zer lehertuko zela itxarongo bailuen, isiltasun mehatxagarri horretan beraren gainean eroriko bailitzan.
Noizean behin, eguzkiak txunditutako zelai erdi hilean, txirriten oihu karrankariak honelako hotz, bakardade, aurkako inguru batean ematen den bertan beherako uzte sentipena eragiten du non larria den zerbait gertatzear dagoen.
Eguzki kiskalgarrripean, belar gainean etzanda, mugitu gabe geratzen da bat, zelatan, itxaroten.
Andreak isiltasunean entzuten zuen, korridoreko paper zahar urdin marradunetan zehar, pintura zikinetan zehar, sarrera ateko zerrailan giltzak egiten zuen hots laburra berarenganaino heltzen zelarik. Langelako atea ixten zela aditzen zuen.
Hantxe geratzen zen, kukubilkaturik beti, itxaroten, ezer egin gabe. Ekintzarik txikienak, eskuak garbitzeko bainugelara joan bezalakoak, iturriko ura askatzeak, eraso zirudien, hutsean egindako jauzi zakarra, ausarkeriaz beteriko egitatea. Isiltasun hartan esegitako uraren bat-bateko zaratots hura, seinale antzekoa litzateke, haiengana zuzendutako deiaren antzekoa; ukitze itzel baten bezalakoa litzateke, batutako punttaz marmoka bat ukitzea bezalakoa eta gero, nazkaz, bat-bateko dardara egin zezan, tente jarri eta bil zedin itxaron.
Andreak horrela sentitzen zituen, etzanak, pareten atzean geldirik eta bibratzeko, mugitzeko prest.
Ez zen mugitu ere egiten. Eta haren inguruan etxe osoak, kaleak animatzen zutela ematen zuen, gelditasun hura normaltzat jotzen zutela ematen zuen.
Benetakoa zirudien, atea ireki eta eskailera ikustean, bihotz gabeko baretasunez betea, inpertsonala eta kolore gabekoa, ibilia zuten pertsonen arrasto txikienik gordetzen ez zuela ematen zuen eskailera, ez eta joan etorrien oroimen txikienik ere ez, jantokiko leiho atzean jartzerakoan eta etxaurreei, dendei, kalean zehar zebiltzan atso eta haurrei so egiterakoan, benetakoa zirudien ahalik eta denbora gehiena beharrezkoa zela — itxaron, horrela, ibilge geratu, ezer ere ez egin, geldirik iraun, ulermen gorena, benetako adimena horixe zela, ezertan ere ez saiatzea, ahalik eta gutxien mugitzea, ezer ere ez egitea.
Asko jota, inor esnarazi gabe, horra begira barik, eskailera ilun eta hila jaistea bazegoen, eta espaloietan, hormen luzera osoan zehar apalki ibili, bakarrik arnasa apur baten hartzeko, mugimendu apur batez goza egiteko, noraezean ibili, inora joan nahi izan gabe, eta gero etxera itzuli, ohe ertzean eseri eta berriro ere itxaron, kukubilkaturik, geldirik.