Edukira joan

Tropismoak 15

Wikitekatik
Tropismoak  (2021) 
Nathalie Sarraute, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

XV

Hainbeste gustatzen zitzaizkion bera bezalako Jaun zaharrak, zeinekin hitz egiten ahal baitzen, hainbeste kontu ulertzen zuten, bizitza ezagutzen zuten, pertsona interesgarriekin maiz egonak ziren (bazekien Félix Faure-ren laguna izan zela eta Eugenia Enperatriz-i eskuan muin egin ziola).

Gurasoen etxera afaltzera etortzen zenean, haur baten antzaz, guztiz adeitsu (hain zen jakitun gizona), larderiak zertxobait hartua, baina suhar (hain zen irakasgarria izango haren aholkuen entzutea) hura zen lehena egongelara joaten hari laguntzearren.

Gizona nekez altxatzen zen: «Hara! Zu hemen! Tira, zer moduz zaude? Eta zure gizona? Zertan ari zarete? Zer duzue probetxuzko aurtengorako? A! Ingalaterrara berriro? Ea! Bai?»

Itzuliko zen. Bai, hain zuen maite herrialde hori. Ingelesak, ezagutzen zenituenean...

Baina hark eteten zuen: «Ingalaterra... A! Bai, Ingalaterra... Shakespeare? Ea? Ea? Shakespeare. Dickens. Begira, oroitzen naiz, gaztea nintzelarik, Dickens itzultzen jostatu nuen. Thackeray. Ezagutzen al duzu Thackeray? Th... Th... Horrela ahoskatzen al dute? Ea! Thackeray? Ongi al da horrela? Horrela esaten al dute?»

Gizonak heldua zion eta ukabilean zuen oso osorik emaztekia. So egiten zion hankei apur bat eragiten ziela, oin ttikiak airean astinduz trakeski borrokatzen zuela, haurren moduan, eta irribarre egiten zuela etengabe, adeitsuki: «Bai bada, horrela dela uste dut. Bai. Ondo ahoskatu du berorrek. Izan ere, t-h... Tha... Thackeray... Bai, hori da. Jakina, ezagutzen dut Vanity Fair. Bai harena da.»

Gizonak emaztekia birarazten zuen apur bat hobeto ikustearren: —«Vanity Fair? Vanity Fair? A, bai, ziur al zaude? Vanity Fair? Harena al da?»

Emaztekiak higitzen jarraitzen zuen, emeki, haren irribarretxo atseginez beti, haren zain egote espresio eskelariaz. Gizonak gero eta gehiago estutzen zuen: «Eta nondik joango zara? Douvres-etik? Calais-etik? Dover? Ea? Dover-etik? Hori al da? Dover?»

Ez zegoen ihes egiterik. Ezta gizona geldiarazteko modurik ere. Hainbeste irakurria zuena... hainbeste gauzaren gainean hausnarka ibilitako emaztekia... Gizonak bazuen xarmagarria izatea... Baina egun txar horietakoa zuen, aldarte arrotzekoa. Jarraitu egin behar zuen, errukirik gabe, atsedenaldirik gabe: «Dover, Dover, Dover? E? E? Thackeray? E? Thackeray? Ingalaterra? Dickens? Shakespeare? Dover?» emaztekia berriz, emeki, bere burua askatzen saiatuko zen, gizonarentzat ezatseginak izan zitezkeen mugimendu bortitzak egiteko ausarkeriarik izan gabe, eta ahots neurriz apalttoaz erantzungo zuen begirunez: «Bai, Dover, hori da. Berorrek askotan bidaldi bera egin duelakoan nago... Douvres-etik erosoagoa dela uste dut. Bai, hori da... Dover».

Bakarrik gurasoak etortzen ikusiko zituenean, gizona bere baitara itzuliko zen, ukabila laxatuko zuen eta, emaztekia gorrituxe, ilea apur bat nahasia, haren soineko polita apur bat zimurtua, ausartuko zen azkenean, gizonaren nahigabetzearen beldurrik izan gabe, bertatik hanka egiten.