Edukira joan

Tropismoak 16

Wikitekatik
Tropismoak  (2021) 
Nathalie Sarraute, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

XVI

Orain zaharrak ziren, guztiz erabiliak, «askorako balio izan duten altzari zahar bezalakoak, haien sasoi eta zeregina bete izan dituztenak», eta batzuetan kanporatzen zuten (haien koketkeria zen) halako hasperen sikua, etsipenez, arinduraz beterikoa, karraskots zirudiena.

Udaberriko arratsalde eztitsuetan, elkarrekin joaten ziren paseatzera, «orain gaztaroak bere denbora emana zuela, orain grinak amaituak zirela», paseatzera zihoazen lasaitasunez, «oheratu baino lehen aire hozkirrian apur baten egurastera», kafe etxe batean eseri, tarte batez solasean aritu.

Kontu handiz, ongi babesturiko txoko bat aukeratzen zuten («hemen ez: aire-lasterrean da, ezta hor ere: komunen ondoan da eta»), eseri egiten ziren — «A! Hezur zahar horiek, zahartuz goaz. A! A!» — eta haien karraskotsaren aditzera ematen zuten.

Gela-aretoak distira lohia eta hotza bazeukan, zerbitzariak sobera laster bazebiltzan, itxura apur bat zakar, ezaxolati, ispiluek aurpegi zimelak eta kliska egiten zuten begiak islatzen zituzten gogorki.

Baina ez zuten gehiagorik eskatzen, horixe zen, bazekiten, ez zen ezer espero behar, ezta ezer eskatu ere, horrela zen, ez zen gehiagorik, horixe zen, «bizitza».

Ez bestelakorik, ez gehiagorik, hemen edo han, orain bazekiten.

Ez zen matxinatu, amestu, itxaron, ahalegindu edo ihesari eman behar, ongi aukeratu (zerbitzaria zain zegoen) besterik ez zen egin behar, granadina bat edo kafea? Kafesnea edo hutsa? Bizi izatea apalki ontzat hartuz — hemen edo han— eta denbora pasatzen utziz.