Edukira joan

Tropismoak 21

Wikitekatik
Tropismoak  (2021) 
Nathalie Sarraute, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

XXI

Alpakazko mantal beltzarekin, kateorratzez harturiko haren gurutzearekin astero bularraren gainean, neskato ezinago «erreza» zen, oso haur otzan eta zentzuzkoa: «Haurrentzako al da hori, Andere?» galdetzen zion paper dendako saltzaileari, ziur ez zegoenean, irudidun kazeta edo liburu bat erosterakoan.

Ez liteke inoiz ahal izan, oi, ez, ez liteke munduko deusengatik ahal izan, jadanik adin hartan, dendatik atera begirada horrekin haren bizkarrean ezarririk, haren bizkarraren luzera osoan atea irekitzera zihoanean irteteko, paper dendako saltzailearen begirada.

Handia zen orain, arrain txikia handi bilakatuko da, jakina, denbora laster doa, a!, hogei bete egin ondoren urteak gero eta lasterrago doaz, ez al da hala? Haiek ere iritzi horretakoak al ziren? Eta haien aurrean egoten zen haren soineko beltzarekin, den denarekin ongi doana, eta gainera beltzak, erabateko egia da, beti janzten du... eserita egoten zen, eskuak gurutzaturik eskuko zorro egokiaren gainean, irribarretsu, buruaz baiesten zuela, gupidatua, bai, adituta zeukan jakina, bazekien nola luzatu zen euren amonaren hilzoria, hain zen sendoa, pentsa bada, haiek ez ziren gu bezalakoak, bere adin horretan hortz guztiak zituen... Eta Madeleine? Haren senarra... A, gizonak, umerik izatea balute, bakarra lukete, jakina, ez lirateke bigarren aldiz hasiko, haren ama, andre gajoa, beti errepikatzen zuen — Oi! oi! aitak, seme-alabak, amak! — nagusia neska zen, lehendabizi mutikoa eduki nahi izan zuten arren, ez, ez, goizegi zen, ez zen oraindik altxatu, joan egin behar, ez zuen haiengandik alde egin behar, hor geratu behar zen, haien ondoan, ondo-ondoan, ahalik eta hurbilen, ulertu egiten zuen jakina, hain den atsegina, anaia nagusi bat, burua mugitzen zuen, irribarre egiten zuen, oi, hura lehendabizikoa ez, oi, ez, egon zitezkeen guztiz lasai, hura ez litzateke mugituko, oi, ez, bera ez, ez lezake hori bat-batean hautsi. Isilik egon; haiei so egin; eta amonaren gaixotasunaren erdi-erdian zutitu eta, zulo itzela eginik, suntsitutako hormekin behaztopatuz alde egin eta kale grisen luzera osoan kukubilkaturik zelatan dauden etxe tartean oihuka korrika egin, atarietan eserita aire hozkirrian egurasten ziren atezain andereen oinen gainetik iraganaz ihes egin, aho okertuaz korrika egin, segidarik gabeko hitzak oihukatuz, atezainek jertsearen gainetik burua altxatuko zuten bitartean eta euren senarrek egunkaria jaitsi eta belaunetan utziko zuten eta haren bizkarraren luzera osoan, kaleko kantoia pasatu arte, euren begirada ezarriko zuten.