Edukira joan

Tropismoak 22

Wikitekatik
Tropismoak  (2021) 
Nathalie Sarraute, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

XXII

Batzuetan, haiek ikusten ez zutenean, gizonak ahal izaten zuen poliki —haren inguruan zerbait bero, bizi aurkitzen saiatzearren— eskua pasatu buffeteko zutabearen luzeratik... haiek ez zuten ikusiko edo agian uste izango zuten — oso zabaldua zen mania eta, bestalde, ez-kaltegarria — «zura ukituz» zori txarra uxatu besterik ez zuela egiten.

Sumatzen baldin bazuen haren gibelean euren begirada berari so eginez, gaizkilea bezala, film barregarrietan, zeinak, poliziaren begirada haren bizkar aldean sumatzean, bere keinua axolagabekeriaz bukatzen baitu, itxura ahalkegabe eta xaloa emanez, jotzen zuen —guztizko lasaitasuna ematearren— eskuineko eskuaren hiru atzez, hiru aldiz hiru, uxatzeko benetako keinu eraginkorra. Hurbilagotik jagoten zuten, haren gelan Biblia irakurtzen atzemana izan ondoren.

Gauzakiak ere hagitz mesfidatzen ziren harekin, eta aspaldidanik, txikia zelarik hauek errekerituak izan ondoren, haiei heltzen saiatua izan ondoren, haiekin itsasten, haiekin berotzen saiatu ondoren, «funtzionatze»-ari, hark haietaz nahi zuen bilakatzeari uko egina zioten, «haurtzaroko oroimen poetikoak». Arrunt motel zeuden, gauzakiak, tente oso, aurpegia ezabatua zuten, anonimoa, estiloko zerbitzariena; ezagutzen zuten haien eginkizuna eta uko egiten zioten erantzuteari, beldur, dudarik gabe, kaleratuak izatearen.

Bestalde, baina, oso gutxitan, keinu herabeti ttipi hori baino ez zion baimentzen bere buruari. Lortua zuen pixkanaka bere mania alu guztiak menperatzen, izan ere gutxiago zeukan orain normaltasunez toleratuak zirenetarik; ez zituen bildumatu ere egiten — guztien bistara, pertsona normalek egiten zutena — posta zigiluak. Ez zen inoiz ere gelditzen kalearen erdian begiratzeko — garai batean bezala, paseoan, bere neskameak, goazen bada! goazen! harengandik tiratzen zuelarik, — fite gurutzatzen zuen eta ez zuen inoiz ere galtzadako zirkulazioa oztopatzen; iragan egiten zen gauzakien aurretik, are abegikorrenen, are bizidunenen aurretik, hauei elkar aditzezko begiradarik bota gabe.

Labur esanda, psikiatriarekin guztiz zaleturiko bere lagunetako, bere senidetako haiek ez zuten ezertxo ere aurpegiratzerik, ez bazen, agian, haren apeta kaltegabe eta atsegingarriren gabeziaren aurrean, haren konformismo sobera esanekoaren aurrean, asteniarako joera arina.

Baina hori toleratzen zuten; ez zen —kontuan hartuzko guztiak aztertuz— hain arriskutsua, hain moduzkotasunik gabea.

Noizean behin bakarrik, nekatuegia zegoenean, haien aholkuari jarraituz, onesten zuen berak bakarrik alde egitea bidaldi txiki bat egiteko. Eta han, arrats beherean paseatzen zelarik, elur azpian gorderiko kalexketan, barkaberatasun samurrez beteak, eskuak arrasetik pasatzen zituen etxeetako adreilu gorri eta zurietan zehar eta, hormari itsatsita, soslai, diskrezio gabea izatearen beldur, beiraki garbi batean barna so egiten zuen, etxabeko gela batean non portzelanazko platertxoetan landare berdeko lora potoak paratuak baitzituzten leihoaren aurrean, eta nondik, misteriozko dentsitate batez beroak, beteak, pisutsu, gauzakiek parte bat jaurtitzen baitzioten — bai berari ere, ezezagun eta arrotza izan arren — haien dirdirarena; non mahai bateko ertza, buffet bateko atea, aulki bateko lastoa argiantzetik irteten baitziren eta onesten baitzuten harentzat bihurtzea — bihozberatasunez berarentzat ere bai, bertan baitzen eta itxaron egiten baitzuen— bere haurtzaroko zati txiki.