Tropismoak 23

Wikitekatik
Tropismoak  (2021) 
Nathalie Sarraute, translated by Luis Alfonso Lopez Labrador

XXIII

Itsusiak ziren, motelak ziren, arruntak, nortasunik gabeak, sobera aspaldikoak zinez, klixeak, pentsatzen zuen emaztekiak, anitzetan ikusiak zituela deskribatuak nonahi, Balzacenean, Maupassant, Madame Bovaryrenean, klixeak, kopiak, kopia baten kopia, pentsatzen zuen.

Hain zukeen gustukoa izan haien errefusatzea, haien eskuratzea eta hagitz urrutira aurtikitzea. Baina haiek jarraitzen zuten haren inguruan lasai-lasai, irribarre egiten zioten, atseginak, duinak baina, arras prestuak, aste osoan zehar lan eginak ziren, ez zuten haien bizitza osoan euren burua ez beste baliatu, ez zuten ezer eskatzen, noizean behin bera ikusi ez besterik; berregokitzea apur bat bera eta beraien arteko lokarria, hor zegoela sentitzea, beti zegokion lekuan harekin lotzen zituen haria. Galdetu besterik ez zuten nahi — espero izatekoa zen bezala, mundu guztiak egiten zuen legez, lagunartean, senitartean elkar bisitatzen zutenean — zertan zen ibilia galdetu, azkenaldion asko ote zuen irakurria, maiz atera ote zen, hura ikusita zuen-edo, film horiek, ez ote zitzaizkion onak iruditu... Haiei izugarri gustatu zitzaien Michel Simon, Jouvet, barre franko egin zuten, egundoko arratsaldea pasatu zuten...

Eta horri guztiari zegokionez, klixeak, kopiak, Balzac, Flaubert, Madame Bovary, oi! ongi asko zekiten, hori dena ezagutzen zuten, baina ez zuten beldurrik — adiskidetasunez begiratzen zioten, irribarre egiten zuten, bazirudien haren ondoan leku seguruan sentitzen zirela, ematen zuen bazekitela, izan zirela hainbeste behatuak, margotuak, deskribatuak, xurgatuak ezen zeharo leun bilakatuak baitziren harri-koskorrak bailiran, guztiz landuak, hozka batik ere ez, heldulekurik gabe. Hark ezin litzake kolpa. Gerizapean zeuden.

Inguratua zuten, haien eskuak luzatzen zituzten hari buruz: «Michel Simon... Jouvet... A! beharrezkoa izan zen, ez al da hala, aurrea hartzea eserlekuak gordetzearren... Beranduago, ez genuke txartel aurkitzerik izango edo itxuragabeko prezioetan, palkoko eserlekuak, azpi-azpikoak...» Lokarria estutzen zuten apur bat gehiago, poliki, diskrezioz, minik egin gabe, ari mehea zuzentzen zuten, tiratu egiten zuten...

Eta pixkanaka ahuldade batek, biguntasun batek, haiengana hurbiltzeko, haiek onartua izateko behar batek, sarrarazten zuen haiekin biribilean. Sentitu egiten zuen nola zuhurki (Oi, bai... Michel Simon... Jouvet...) zuhur-zuhur, neskato on eta otzan batek bezala, eskua ematen zien eta biraka ibiltzen zen haiekin.

Ea, hona hemen denok elkarrekin, hagitz zintzo, egiten dugula gure gurasook ontzat eman luketena, hona hemen bada azkenean denok, jator, denok batera abesten pertsona nagusi ikusezin batek zaintzen dituen haur adoretsuak bezala eskutxo triste eta hezexka emanik adeitasunez biribilkia egiten duten bitartean.