Mendiska baten malda eztian aurkitzen da bada Amauroto hiria. Lauki baten itxura du, guti gorabehera. Mendiskaren gailurretik beheraxago hasita, bi mila urratsetan zabaltzen da hiria, Anidro ibairaino, luzean urruntxago doala ibaiertzearen arabera. Amauroto baino laurogei mila urrats gorago sortzen da Anidro ibaia, iturri zuhur batetarik, baina beste uhaitz batzuk bidean aurkiturik eta bereziki bi ur handiskok onturik, bostehun urratsetan zabaltzen da hiriaren aintzinera heltzearekin, eta gero gehiago zabalduz oraino, hirurogei mila urratsen buruan itsasoratzen da. Hiritik itsasoratzeko tarte horretan eta hiria baino zenbait mila urrats gorago, itsasoak sei ordu guziz, bere uhain lasterrak darabiltza aldizkatuz gora eta behera. Itsasgora delarik, itsasoko urek gibelarazten dituzte ibaiaren urak eta hogeita hamar mila urrats luzetan berek betetzen Anidro ibaiaren uhaska guzia. Apur bat gorago ur gaziak nahasten du ur geza; haraindian berriz piskanaka gozatzen da eta hiriaren parrean garbi-garbia da. Gero bere aldian, itsasbehera jausten delarik ur geza, garbia, jarraikitzen zaio ezbaian bokaleraino.
Harrizko uztai eder batzuen gainean eta ez zurezko paldo eta paxoin batzuen gainean eraikia den zubi batek lotzen dio hiria ibaiaren beste bazterrari; itsasotik urrun dagoen aldetik; hiriko ibaialde guziaren aintzinetik untziak iragan daitezen trabarik gabe. Bada ere ur bat, ez hain handia, baina guziz naharoa eta atsegina. Hiria jarria den mendiskatik jalgitzen da, eta hiriaren erdi-erditik, gainbehera iraganez Anidro ibaiaren uretan sartzen. Uhaitz horren iturburua ez baita hiritik urrun, gerizagailuz inguraturik lotu diote amaurotoarrek beren hiriko harresiari; sekula etsaiak jauki balitza, ez diezaioten bederen ura motz, ez desbidera, ez kutsa. Ur hori beraz, buztinezko hodietan banatzen da hiri-behereko auzoetara eta lekuak hori manatzen ez duen tokietan, uharka handi batzuek euria biltzen dute eta lan bera egiten. Harresi gora eta lodi batek, ainitz geriza eta dorreekin inguratzen du gazteluria. Eta harresien zaintzeko, hiru aldetarik urik gabeko aska zabal eta barna bat elorri sasiek hartua dute. Laugarren eskualdetik berriz, ibaia bera da aska.
Karrikak marratuak dira, erraz ibiltzeko eta haizetik maldatzeko. Etxeek ez dute batere zikin-itxurarik; haien aintzindeiak ikusten direlarik auzotegi guzia hartzen duten bi aldeetako lerro luze eta jarraikietan. Karrikaren aldetik, hogei urratseko artebidea da. Etxe gibeletik bada ere karrikaren luzetasun guzian baratze handi bat, auzoko etxeen gibelaldeek orotarik hersten dutena. Ez da etxerik, karrikara ate bat ez duenik; eta baratzera beste bat. Ate guziek bi aterdi dituzte; hunki arin batek irekitzen ditu eta berak hersten dira; nornahi sartzera uzten dute eta ez da horrela nehon, nehoiz, nehoren ontasun pribaturik. Etxeak berak aldiz etxatiarrez aldatzen dira hamar urtetarik, zotzak ateratuz.
Ainitz artatzen dituzte baratzeak, baita hor mahats, udare, baratzekari eta lore. Deus ederragorik, deus aberatsagorik ez dut behin ere ikusi, hain baitira landuak eta leunduak delako baratzeak! Baina ez du bakarrik lanaren gozoak berak baratzezainen garra sustatzen, badute ere pizteko, elkarren artean auzoek egiten duten baratze-artatze zeingehiagoka. Ez da segur erraz aurkituko hiri guzian, beste lan atseginagorik ez baliosagorik herritarren onerako. Horra zergatik nik uste, hiria eraiki zuen gizonak berak ez zuen izan baratze horien antolatzea baino axola handiagorik, ezen Utopok berak omen zuen, diotenez, haste-hastean hiriaren itxura berezi hori guzia marratu. Baina, gizon bakar baten bizi osoa ez zela askiko ikusiz, lana apaintzeko eta edertzeko arta utzi zien bere ondokoei.
Beren urtekariak badituzte; uharteaz jabetu zirenez geroztikako mila zazpiehun eta hirurogei urteren historia biltzen baitute. Eta arta handienarekin begiratzen dituzte idazki horiek. Hauen arabera, lehen, egoitza apalak ziren; olak eta etxolak iduriak; edozein zurez itsura eginak; paretak buztineztatuak; gaineko bizkar zorrotza, lastoz estalia. Baina orai ikusten diren etxe guziak, hiru solairutakoak dira; kanpoko murruak harri pikatuz, harri-koskoz edo adreiluz eginak; barneko paretak aldiz igeltsuztatuak. Teilatuak zabalera altxatzen dira eta errauts berezi batekin estaltzen; errauts hori merkea da; ez du suak hartzen eta berunak baino hobeki ihardokitzen dio aro gaiztoari. Haizeari buru egiteko, beirak ezartzen dira leihoetan, ez baita beira-eskasiarik han gaindi. Lan horretako ere hartzen da batzuetan olio argiz edo anbare uherrez igortzi den lihozko oihal mehe-mehe bat, bi abantail dituena: argi gehiago igortzen baitu alde batetik eta haize gutiago uzten bestetik.