eta gaurkoan "Phylarkoa". Hamar Sifogranten eta haien familien buru badago lehen "Traniboro" eta orai "Protofilarko" deitutako bat. Azkenean, Sifogranta guziek, hots berrehunek, herriarentzat onena daukatena hautatuko dutela zin egin ondoan, populuak izendatu dizkien lau hautagaietarik bat hautatzen dute buru lehentako, sekretuzki botzak emanez; hiriaren laurden bakoitzak hautagai bat aurkezten dio alabaina senatuari. Buru Lehenaren buruzagitza bizi guzirako da, non ez den kargutik kendu behar tirano bihurtu nahi delako susmoarengatik. Traniboroen hauteskundeak urte guziez berritzen dira, baina ez dira hautetsiak aldatzen aitzaki funtsik gabe. Beste buruzagi guziak urte batentzat dira.
Hiru egunetarik eta beharrez maizago, traniboroak elkarretaratzen dira biltzarrean Buru Lehenarekin. Herriko gorabeherez badihardute eta herritarren eztabaidak berehala erabakitzen dituzte; gertatzen direlarik; nahiz bakanak diren. Senatuko bilkuretara beti bi Sifogranta deitzen dituzte; baina ez sekula berak. Kontutan hartzen da ere herriaren onari doazkion gaietan ez dela erabakirik hartzea zilegi, non ez den hiru egun aintzinetik eztabaidarik izan gai horietaz senatuan. Herriko gorabeherez herri biltzarretarik edo senatutik kanpo erabakiak hartzea, huts izigarria dela diote.
Utopiarren arabera, lege horiek eginak izan dira ez dakien erraz izan ez Buru Lehenari ez traniboroei elkar hitzartzea, herri-erakundeak aldatzeko eta tirania bidez populua zapaltzeko. Horra zergatik erabaki nagusi guziak eramaiten diren sifogranten biltzarretara; hor beren inguruko familiek, jakinaren gainean azter dezaten gaia beren artean eta gero senatuari helaraz beren iritzia. Uharte osoko biltzarrera gai bat eremaitea gertatzen da batzuetan. Bestalde senatuaren ohitura da ere, ez dela sekula deus eztabaidatzen aurkeztua izan den egun hartan berean, baina bai senatuaren ondoko bilkuran: amoreakatik eta, mihi-puntan zeukan lehen perpausa ustegabetarik itzurtzera utzi duelakotz, herriaren aldeko erabakiak baino lehen bere erranak zuritzeko aitzakien ondotik ez dadin nehor ibil, eta ez dezan nehork herriaren onaren gostuz bere omen ona mendeka beranteko urriki bihurri batengatik; lehenbizian ikuspegi laburregia izan duela ixilpean gordez. Berehala mintzatzea baino, hobe dela jakinaren gainean hitz egitea aintzinetik behar da ikusi.