Edukira joan

Utopia/Lanbideez

Wikitekatik
Utopia  (1516)  Tomas Moro, translated by Piarres Xarriton
Lanbideez
Klasikoen Bildumaren parte. Editoreen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma
Lanbideez
B
ada lan bat ororentzat, gizon ala emazte bereizkuntzarik gabe, ezin utzizkoa, hura baita laborantza. Guziek haur-haurretik, hura ikasten dute bai eskolan emaiten diren irakaspenekin bai eta ere hiriari hurbil dauden landetara, jostatzeko bezala eremaiten dituztelarik, ez bakarrik ikusliar kontu baina oraino gorputza hezteko lanean ariz.

Laborantzaz bestalde -hau denentzat baita, erran dudan bezala- berea izanen duen bigarren lanbide bat behar du bakoitzak ikasi; kasik beti izanen da edo ilagintza edo liho-lana edo hargintza edo burdina ala zur-arozgoa. Ez da ezen beste ofiziorik aski langile hartzen duelakotz aipatzea merezi duenik. Jantziak bada bereizten ditu gizonkiak eta emaztekiak, ezkongabeak eta ezkonduak. Baina hauste berekoa da uharte guzian barna eta ez da nehoiz aldatzen haren itxura. Ez du molde itsusia; soinean ibiltzeko lasaia da eta hotz ala beroa garaitzeko egokia. Familia bakoitzak hausten eta josten ditu berak behar dituen jantziak. Baina herritar guziek, gizon ala emazte, ikasten dute aipatu ditugun lanbideetarik bat. Emazteek ordea mendreago izanez, lan arinagoak hautatzen dituzte; kasik lihoan eta ilean bakarrik dihardute; eta beste lan dorpeagoak gizonen kontu daude. Burasoen ofizioa ikasten dute haur gehienek; maiz horretara ekarriak baitira berenaz. Beste ofizio baterako deia baldin badu haur batek, ikasi gogo duen ofizioko familia batek hartzen du bere gain. Orduan ez bakarrik aitak, baina buruzagiek ere, aita-familiako zuzen eta zintzo baten esku gerta dadin haurra, arta hartzen dute. Eta berdin, edonork ofizio jakin bat ikasi ondoan beste bigarren bat ikasi nahi baldin badu, hola-hola haizu izanen zaio. Biak ikasiz geroz nahi duena hautatzen du; non ez duen herriak, bat bestea baino beharrago.

Sifogranten eginkizun nagusia eta ezbaian bakarra da, nehor alfer egon ez dadin arrenkuratzea eta bakoitzak bere lana zintzoki egin dezan arta hartzea. Ez ordea, goizean goiz hasi eta gau ilun arte hatsik hartu gabe, mandoak bezala nekatuz; ezen esklabuen zortea baino garratzagoko herstura hori da Utopiatik at kasik toki guzietako langileen bizia.

Utopiarrek aldiz hogeita lau ordu berdinetan zatitzen dute egun bakoitza; hari datxekion gauarekin. Sei ordu bakarrik emaiten dizkiote lanari: hiru eguerdi aintzin, haietarik landa jaten baitute; bazkal ondo, bi ordu dituzte loaldia egiteko; gero berriz hiru ordu lanerako eta azkenean afaria.

Eguerditik landa denaz geroz lehen orena, zortzietan dira etzaten. Loak zortzi oren hartzen ditu. Lanak, loak eta jantorduek uzten duten artea, bakoitzaren kontu dago; ez ordea alferkerian edo linburkerian xahutzeko; baina, laneko betebeharretarik lekora, bakoitzak bere hautura, gogoko duen zerbait eginkizunetan ongi baliatzeko.

Lanarte horiek, buru-lanetan iragaiten dituzte herritar gehienek. Goizeko lehen orduetan eman ohi dira alabaina irakastaldi irekiak, egun oroz. Letrak ikasteko izendatuak izan diren ikasleak bakarrik dira behartuak horra joaitera, baina bestalde, maila guzietako entzule-saldo izigarria, gizon eta emazte badoa hitzaldi horietara, bakoitzak hautatzen duela gogoak emaiten diona. Bizkitartean nahiago baldin badu norbaitek lanarte hori bere ofizioko eginkizunetan eraman -maiz gertatzen den bezala, ez baitute ainitzek buru-lanerako gogo handirik- ez zaio hori nehori debekatzen; goresmenak emaiten zaizkio izaitekotz, herriaren onetan diharduelakotz.

Afal ondo, ordu bat hartzen dute libertitzeko; udan, baratzean eta neguan, jangela handietan. Hor dira batzuk musikan ari eta besteak solasean elkarrekin. Zortea, eta beste horrelako joko zoro eta kaltegarriak ez dira aipu ere; bainan bi joko badituzte, nolazpait xake-jokoa iduriak: zenbaki-jokoa da bat eta zenbaki jakin batek bestea garaitzen du; bestea gerla-jokoa da; eta bizioen eta bertuteen arteko gerla da gaia. Joko honetan argi ikusten da, nola bizioak elkarren artean ezin konponduz dabiltzan, baina nola bertuteen aurka bat egiten duten. Ikasten da ere zein diren bertute batzuei edo bestei aiher zaizkien bizioak, zein diren bizio hauen indar ageriak, hauen saihetseko jukutriak, zer geriza balia dezaketen bertuteek bizio osteen aurka, zer jokamoldez bazter etsaien oldarra eta azkenekotz alde batek edo besteak nola eraman dezakeen garaipena.

Baina orai hutsik ez egiteko, zerbait behar dugu hurbilagotik ikusi: "Sei oren lan baizik ez denaz geroz, usteko duzue menturaz horrengatik sor daitekeela behar-beharrezko zer batzuen eskasia". Baina urrun dira horretarik: bizi-beharrak edo berdin biziaren gozoak eskatzen dituen guzien doia biltzeko astia nahikoa badute; ez bakarrik nahikoa; soberakina ere bai. Zuk ere ikusiko duzu, nik bezala gogoan hartzen baduzu, zer jende-andana badagoen ziri, beste herrietan. Lehenik kasik emazte guziak, hots-kopuru osoaren erdia; edo emazteak lanean ari diren eskualdeetan, maizenik haien orde gizonak daude zurrungan. Emazu gainera apez eta fraideen saldoa, hain handia eta hain nagia! Eta oraino aberats guziak, bereziki etxalde-jabeak; "jaunak" eta "handikiak" deitzen ohi direnak. Sar ere kontuan hauen zerbitzariak, erran nahi baita zirtzil pildatuen basura; eta azkenik beren alferkeria gordetzeko, eritasun zerbaiten aitzakia asmatzen duten eskale sendo eta bizkorrak. Ohartuko zara orduan, uste zenuen baino biziki gutiagoren lanak dituela ihaurtzen, guziek behar ditugun baliagarri guziak. Ikus ezazu orai lanean ari direnetan, zein gutik diharduten beharrezko lanbideetan. Baina egia erran, diruak oro neurtzen dituen eskualdeetan behargabeko ofizio ezdeus asko sortzen ohi da, ospearen eta lasaikeriaren zerbitzuko. Demagun bada, gaurko gure langile horiek guziak banatzen ditugula bizi gozo eta osasuntsu batek eskatzen dituen bizigailu apurren zuzkitzeko behar diren lanbide bakarren artean, bagenuke orduan halako gailu ihaurria, non prezioak beheititzearekin ez bailukete langileek bizi-doia irabazpiderik. Demagun oraino lan alfer batzuetan higatzen direnak eta ere nagikerian eta alferkerian datzan oste guzia -besteen lanaren mozkinetik batek berak irensten baitu, beste bi langilek bezainbat- horiek oro, beraz, lanari lotzen direla eta baliagarri den lanari, errazki ohartzen zara beharrak, gozoak eta berdin atseginak ere -atsegin berezkoa ordea eta egiazkoa- eskatzen duten guziaren ekoizteko denbora nahikoa badagoela, bai eta gehiago ere. Hori guzia, Utopian egiten denak berak agerian ezartzen du. Ezen han, hiri guzian eta inguruko auzotegian dauden gizon eta emazteen artean, ez dira bostehun lagun aurkituren, laneko adin eta indarrean direlarik, lanik gabe egonen direnik. Hauen artean konta dira sifograntak: legez lanean aritzerik ez izanagatik, besteak horrela errazkiago lanera nahiz erakarri, langile jartzen dira beren baitarik.

Esku-lanetik bazter uzten ditu ere behingoz populuak, apezen gomendioz eta sifogranten sekretuzko botzen ondotik, eskoletan dabiltzan ikasleak. Baina horrelako baten baitan jarri itxaropenak huts egin baleza, langileengana itzuli behar luke ikasleak. Aski usu gertatzen dena ordea, hauxe da: langile batek bere ordu galduak halako garrarekin dituela liburuetan iragaiten eta bere ikasketak halako lehiarekin dituela aintzina eramaiten, non bere eskulanetik urruntzen baitute eskolatuen mailara iganarazteko.

Eskolatuen artetik hautatzen dira ordariak, apezak, traniboroak eta Buru Lehena bera, lehen beren mintzairan "Barzanes" deitzen zutena eta geroztik "Ademo" dena. Gelditzen den beste jendalde gehiena ez baita alfer egoiten, ez behargabeko lanetan jostatzen, erran den bezalako lan ona zenbat oren laburrez egiten den asmatzea erraz da. Baduzu gainera beste kontu bat: baitezpadako diren lanbide gehienetan, beste herrietan baino egiteko gutiago dutela. Hala nola beste tokietan, horrenbeste langileren lan jarraikia eskatzen baldin badu etxe eraikitzeak edo berritzeak, hori gertatzen ohi da aitak eraiki zuen etxea seme funtsgabeak emeki-emeki hondatzera utzi duelakotz; eta horrengatik, aski merke begira zitekeen egoitza, ondoko jabeak ainitz gostarik behar du errotik berregin. Gerta daiteke ere askotan, ainitz xahuturik norbaitek eraiki zuen etxea, ondoko jabe miliska batek gutiesten duela eta debalde uzten. Orduan etxe hura laster erortzen da eta beste nonbait berria egiten da; ez batere aintzinekoa baino merkeago.

Utopian aldiz denak ongi antolatuak dira eta herriaren ona zuzenki begiratzen da: ez da maiz agitzen, etxeen eraikitzeko alor berri bat bilatubeharra; badakite alabaina ez bakarrik jasan kalteen antolatzen, baina ere hel daitezkeenetarik begiratzen. Eta horrela lan gutirekin biziki luzaz irauten dute hango etxeek; haien ofizialek ere ez lukete aski lanik; orduan manatzen zaie zurak etxean lantzea, harriak laurkatzea eta ahokatzea; beren lana gero, behar orduan erraz aintzinatzeko.

Jantziez berriz, ikus zein esku-lan guti aski duten. Eta behin utopiarrak lanean dabiltzalarik, zazpi urteko bat iraunen duen azalezko edo larruzko bat daramate nolanahika soinean. Hirira agertzeko, jantzi arrunten gainetik kapa bat hartzen dute; uharte osoan margo berdinekoa; oihalaren berezkoa. Horra zergatik artilezko oihalen eskea, nonnahi baino biziki tipiagoa den han; eta ere haien kostua biziki apalagoa. Lihoak aldiz lan gutiago emaiten du; eta beraz erabilgarriago gertatzen zaie. Bestalde lihoaren zuriari eta artilearen garbiari diote bakarrik behatzen. Hariaren meheak, aldiz, ez du estimurik. Ondorioz beste tokietan herritar bakoitzak, margo desberdineko lau edo bost jantzi artilezko eta beste horrenbeste ator zetazko behar dituelarik -sotilenek hamarrekin ere ez dute aski- han Utopian bat bakarra aski du bakoitzak; eta maizenik bi urte irauten dio. Ez du zeren besterik eska: ukan baleza ere ez luke ez hotzetik geriza hoberik ez aurpegiz ez jantziz itxura apainagorik.

Beraz, herritar guziek ofizio baliagarrietan baitihardute eta ofizio horiek biziki lan guti emaiten, ez da harritzeko, badenean denetarik nahikoa, langile-andana gaitza igortzen baldin badute behartuak diren herri bideen berritzera. Askotan ere horrelako bide lanen beharrik ez baldin bada, eguneko lan-orduen kopurua tipitzen dela jakinarazten da ageriki.

Buruzagiek ez dituzte alabaina herritarrak hertsatzen behargabeko lanetara. Hango herri-erakundeek helburu nagusi bakar bat baitute: herriaren beharrek haizu uzten duten neurrian, gorputzaren zerbitzuari ahal bezainbat ordu kentzea, ordu haien emaiteko herritar guzien gogo askatasunaren eta buru-lanaren kontu. Honetan datza izaitez biziaren dohatsutasuna utopiarren arabera.