Edukira joan

Utopia/Elkarren arteko harremanez

Wikitekatik
Utopia  (1516)  Tomas Moro, translated by Piarres Xarriton
Elkarren arteko harremanez
Klasikoen Bildumaren parte. Editoreen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma
Elkarren arteko harremanez
O
rai behar dugu naski erran nola antolatzen diren elkarrekin herritarrak; zer harreman duten elkarren artean; eta zeren arabera dituzten ontasunak banatzen.

Familiek osatzen dute beraz hiria eta ahaidetasunak ditu eraikitzen familiak. Emazteak ezkontzen dira adinera heldu orduko eta senarraren etxera joaiten. Semeak aldiz -eta beraz semesoak- familian gelditzen dira eta arbaso zaharrenaren menean daude; non ez duen zahartasunak honen izpiritua ahuldu; ondotik datorrenak baitu orduan ordezkatzen delako arbasoa.

Baina ez dadin hiria gerta ez jendetza-eskasian ez eta ere gaindian, -hiriz kanpokoez beste, sei mila familia dauzka hiri bakoitzak- kontu emaiten da familia bakoitzak ez dezala izan hamar lagun baino gutiago ez eta ere hamasei lagun baino gehiago; adineko helduez ari gara, jakina. Haurren kopurua, aldiz, ezin da aintzinetik finka. Dena den, errazki zaintzen dira muga horiek; zeren zuhur diren familietara isur daitezke besteen gaineratikoak. Eta edozein hiriren kopuruak haizu den muga gainditzen duenean, besteen hutsak betetzen dituzte gaindiarekin.

Nehoiz gerta baledi uharte osoko jendetzak legezko kopurua gainditzea, orduan hiri bakoitzetik hiritar zenbait bereiz litezke, aldeko lurralde batean lekukoek berek behar baino biziki lur-eremu gehiago badutelarik eta landu gabe uzten, Utopiako legeak onartuko dituen herri berri bat finka dezaten; baina lekuko herritarrei eskaini ondoan nahi badute, elkarrekin bizitzea.

Nahi dutenekin erakunde berak onartuz eta ohitura berdinei jarraikiz aurrintzen dira errazki; batzuen eta besteen onerako. Erakunde horiei esker alabaina, herri bakar baten hazteko idorregi eta zuhurregi zirudien lur hura bera, bi herri betan asetzeko aski aberats bilakatzen da. Haien legeen menpe bizi nahi ez duten lekuko seme-alabak, utopiarrek ohiltzen dituzte berentzat hartu dituzten lur-eremuen mugatik kanpora. Jazartzen zaizkienei, ordea, gerla egiten diete; uste baitute egiaz zuzen dela gerla egitea, nonnahiko populu batek, berak batere behar ez duen eta alfer eta huts uzten duen lurra, ez dielarik erabiltzera eta baliatzera utzi nahi, lur horiek berak berezko legez hazi behar lituzkeenei.

Sekula gerta baledi, sorterriko hiri batzuetan hain behera erori dela jendetza, non ez baita haien eskasa ordaintzen ahal uharteko beste hirietan legezko kopurua apalduz baizik -ez omen da horrelakorik bi aldiz baizik gertatu mendez mende izurritearen hondamendietan- orduan sorterrira itzul litezke beren koloniatik, sorterriko hirien berriz jendeztatzeko. Nahiago dituzte ezen, koloniak hondatzen ikusi uharteko edozein hiri aurritzera utzi baino.

Baina goazen berriz utopiarrek elkarrekin daramaten bizimoldearen aipatzera. Zaharrena dela familiaren buru, genioen. Han senarrak laguntzen dituzte beren emazteek; burasoak, beren haurrek eta orobat zaharrenak, gazteagoek.

Lau zati berdinetan zatitzen dira hiri guziak. Laurden bakoitzaren erdian badago plaza, puska guzien biltzeko. Hor biltoki berezi batzuetara ekartzen dira etxe bakoitzeko mozkinak eta gero, ordenatuki banatzen ganbera desberdinetan. Edozein aita-familiakok eska dezake orduan, berak eta bere etxekoek behar duten guzia eta etxerat eraman, dirurik ez beste deus ordainik eman gabe. Zergatik bada behar zaio zerbait ukatu? Denetarik badute nasaiki eta berak behar baino gehiago eska dezan norbaitek ez dute beldurrik. Nola uste izan nehork behargabeko zerbait eska dezakeela, sekula deusen eskasik ez dukela badakienean? Gabearen beldurrak ditu ezen, gose eta harrapari egiten orobat bizidun guziak. Gizona baitan aldiz, harrokeria bera aski da; behargabeko aberastasunen erakustea eder baitzaio, besteen aintzinatzeko. Baina utopiarren erakundeek ez diote bizio horri lekurik uzten batere. Aipatu ditugun plaza horiez bestalde, badira merkatuak, jateko mota guzientzat: ez bakarrik barazkiak, udareak edo ogia erosteko; baina ere arrainak, oilakiak eta haragia; hiritik kanpo jarriak dira; zikinkeriak eta ustelkeriak ur handietan garbitzeko gisan. Hortik ekartzen dira abereak, eho eta hustu ondoan "morroien" eskutik, ez baitute nahi utopiarrek, abereen larrutzeko ohitura har dezaten beren herritarrek; ohitura horrek emeki-emeki suntsi lezakeelakotz haien baitan, gizonaren dohain ederrena: bihozberatasuna. Ez dituzte ere uzten hirian sartzera nehongo zikin eta lohiak; haien usteldurak ez dezan airea kutsa ez izurriterik ekar.

Karrika bakoitzean, elkarretarik ararte berdinean, badaude jatetxe handi batzuk, bakoitza bere izenarekin. Hor dira bizi Sifograntak; hauetarik bakoitzari baitarraizkio janarentzat hogeita hamar familia; etxearen alde bakoitzetik hamabost. Ordu jakinean plazara biltzen dira jatetxeetako zuzkitzaileak eta beren etxeko jaleen kopuruaren arabera hartzen dute jatekoa.

Baina lehenik, herriko ospitaleetan artatzen diren eriez dira arduratzen. Ezen hiriari hurbil badaude lau ospitale; hain handiak non hirixka batzuk baitute iduri; eta nahi bezainbat eri sarturik ere, badute leku eta lasaiki daude: batek bestea kutsa lezakeen edozein gaitzek hunki dituen eriak ere, bestetarik bereiz eman daitezke. Ospitale horiek hain ongi dira antolatuak, osagarriak behar dituen guziez hain ederki muntatuak, halako artatzaile ezti eta ohartuez lagunduak, halako mediku jakintsu eta jarraikiez aberats, non ez delarik nehor horretara hertsatzen nehor guti baita halere hiri guzian gaitzak joiten duenean, etxean gelditu nahiago duenik ospitalean sartu baino. Medikuek manatu jatekoak hartu dituztelarik eritegien zuzkitzaileek, orduan ahal bezain zuzen banatzen dira zatirik onenak jatetxeen artean, jale-kopuruaren arabera. Bizkitartean kontu hartzen da bereziki Buru Lehenaz, Apez Nagusiaz, traniboroez, eta ere ordariez eta arrotz guziez -baldin bada arrotzik. Guti eta bakan etortzen dira arrotzak-. Dena dela, hor direnean badituzte beren egoitza bereziak, behar diren guziekin muntatuak.

Eguerdiko eta arratseko jatorduetan, burdina gorrizko turuten hotsak deiturik, "Sifograntia" guzia jatetxeetara biltzen da; ospitaleetan edo beren etxeetan baitaude bakarrik etzanik diren eriak.

Jatetxeak ongi zuzkiturik direnean, ez zaio nehori debekatzen merkatutik etxera ekartzea bere jatekoa; ez duela hori nehork nolanahika egiten, ongi baitakite: nehori ez bazaio etxean jatea debekatzen, nehori ez zaio hori atsegin gertatzen; ez baita zuhurtzia, baina bai zorokeria, norbera apairu eskas baten prestatzeko nekatzea hurbil-hurbileko jatetxe bazkari gozo eta oparoa eskaintzen zaizularik. Jatetxeko lan zikin eta neke guziak "morroiek" egin ohi dituzte. Besteak, erretzeak, janarien apailuak, hots apairuaren antolaketa guzia, emazteek berek egiten dute; familiak aldizkatuz. Hiru mahai edo gehiago, bazkaltiar arau, ezartzen dira: gizonak paretaren aldetik jartzen dira eta emazteak haien aintzinean; hauetako bati bapateko alditxartze bat gerta balekio -haurbeharretan diren emazteei hain erraz gertatzen zaien bezala- nehor poxelatu gabe zuti dadin eta unideetara joan. Bularra emaiten duten emazteak beren haurrekin daude alabaina jangela berezi batean; baitute beti hor, supazterra, ur garbi eta sehaskak ezartzeko han edo hemen lekua. Eta horrela beren umeak etzaten ahal dituzte edo, nahi dutelarik, suaren aintzinean troxetarik libratzen eta lasaitzeko jostarazten. Ama bakoitzak bere haurra hazten du, non ez dion gaitzak edo herioak eragozten. Kasu honetan, beste unide bat bilatzen dute berehala sifogranten andreek, ez baita lan izigarria; zeren egiten ahal dutenek beste edozer baino gogotikago egiten dute. Guziek alabaina egitate gupidatsu hori goraipatzen dute; eta hazi den umeak amañotzat dauka bere unidea. Unideen "ziloan" daude bost urtetara heltzen ez diren haur guziak. Beste haur guziak -eta hor sartzen dira ezkontadinera heltzen ez diren mutil eta neska guziak- edo mahaikoen zerbitzuan ari dira edo adin-eskasiaz, haien ondoan zutik badaude hitzik atera gabe. Batzuek ala besteek mahaikoek emana jaten dute, eta ez dute beste jatordu berezirik.

Lehen mahaiaren erdian -erran nahi da ohorezko tokian; jangelaren buruan, zeharretara, jarria den mahai horretatik biltzarre osoa ikusten dela- Sifogranta eta haren emaztea jezartzen dira; haien aldean bi lagun, zaharrenetarik: mahai guzietan launaka jezartzen baitira. "Sifograntia" horretan delarik eliza, apeza eta haren emaztea Sifograntarekin jezartzen dira mahaipuru. Bi eskualdeetarik gazte batzuk jartzen dira eta gero berriz adinekoak; eta horrela areto guzian adin berekoak elkarretaratzen dira; baina besteekin tartekatuz. Nola mahaian egiten edo erraiten denari aldeko lagunak oro ohartzen baitira, erregela hori ezarri omen da zaharren zuhurtziak eta larderiak zentza ditzan gazteen lazakeriak asma litzakeen solas eta keinu lasaiegiak.

Jan-azpilak ez dira mahaipuru batetik bestera kurritzen, baina ohorezko tokietan diren zaharrei eskaintzen dira lehenik poxi onenak, eta gero ahal bezain zuzenki zerbitzatzen dira beste guziak. Baina poxi on horietarik ez baitzen etxe guziari emaitekorik, zaharrek banatzen dituzte beren gogara aldeko lagunen artean. Zor zaien ohorea emaiten zaie horrela zaharrei; baina ororen onetan bihurtzen da delako ikustatea.

Bazkari ala afari guzietan irakurketa on bat egin ohi da, hastetik, ez luzea; nehor ez aspertzeko. Gero zaharrak solastatzen dira gizonki, baina ez alaitasunik eta zotiltasunik gabe. Ez dute beren elasturiarekin bazkari-denbora guzia hartzen; badakite ere gazteen entzuten; berariaz zihikatzen dituzte; mahaiko lasaitasunean hobeki ageri direlakotz; haien jitea eta haien izpiritua frogatzeko xedetan. Eguerdiko apairuak aski laburrak dira; arratsekoak luzexagoak; haien ondotik baitator lana; ondotik aldiz, loa eta gaueko atsedena. Eta utopiarren ustez, atseden horrek liseripena errazten du. Ez da afaririk musikarik gabe eta bigarren mahai-itzulian gozokiak emaiten dira beti. Lurrinak erretzen dituzte eta ukenduak hedatzen; hots afaltiarren atseginerako ez dute deus gupida. Deus kalterik egiten ez duen atsegin-motarik, bihi bat ez dela behar debekatu sinestera ekarriak dira alabaina. Horra nola bizi diren elkarrekin hiritarrak. Baserritarrak ordea elkarretarik urrun baitaude, bakoitzak bere etxean jaten du: baina ez du familia-bihi batek jateko eskasiarik; baserritarrek dituztenaz geroz hiritar guziak jatekoz hornitzen.