Edukira joan

Utopia/Utopiarren ibilaldiez

Wikitekatik
Utopia  (1516)  Tomas Moro, translated by Piarres Xarriton
Utopiarren ibilaldiez
Klasikoen Bildumaren parte. Editoreen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma
Utopiarren ibilaldiez
B
este hiri batean dituzten adiskideengana itzuli bat egin nahi dutelarik edo ere berdin bazterren ikusteko gogoa heldu zaielarik, errazki izaiten dute sifogranten eta traniboroenganik baimena; non ez duen zerbait behar-orduk eragozten. Badoaz beraz multzoan elkarrekin, Buru Lehenaren bermea harturik; horretan finkatzen baitzaie ibilaldiaren baimena eta itzultzeko eguna. Denek izaiten dute gurdi bat, herri-morroi batekin idien akuilatzeko eta artatzeko. Baina, non ez duten emazterik berekin, bidaiariek idi-gurdiak traba izanez eta poxelu gibelera bidaltzen dituzte. Deus ez eramanik ere berekin, bide guzian ez dute deusen eskasik, orotan etxean baitira. Egun bat baino gehiago geldituz geroz nonnahi, hor berean lanari lotzen dira; bakoitza bere ofizioari; eta ofizio bereko lagunek izigarri begi onez hartzen dituzte.

Nehor ordea bere hiriko mugetarik hara bere baitarik abia baledi, eta Buru Lehenaren baimenik gabe atzeman balezate, nolanahika balerabilkete, ihesliartzat har lezakete eta garrazki gaztiga. Sekula berriz has baledi, morroien lerroan ezar lezakete.

Eta hiriko lurretan gaindi itzuli bat egiteko gutizia jauzten baldin bazaio norbaiti, aitaren eta lagunaren baimenak ukanez geroz ez duke eragozpenik. Baina auzo-herri batera heltzearekin, ez diote deus jatera emanen bazkal aintzin egin ohi duten lan-doi -edo arratsaldez baldin bada, afal aintzinekoa- egin arte. Ohitura hori onartuz geroz, haizu zaio bakoitzari hiriko eremuetan nonnahi ibiltzea. Ezen ez dio, hiri barnean egonez baino zerbitzu gutiago egiten horrela bere hiriari.

Ikusten duzue beraz, ez dela hor nehon haizu alfer egoitea; ez dela nehoiz nagikeriarentzat aitzakirik: ez dute ez ardandegirik, ez garagardotegirik, ez barrandegirik, ez lizunetxerik, ez zoko ilunik, ez biltoki galdurik, baina denen agerian behartuak dira edo ohizko lanari lotzera edo zeregin garbietan eraunstera.

Nahi ala ez horrelako ohiturei ontasun guzien nasaitasuna darraie; eta ontasun horiek zuzenki banatzen baitituzte denen artean, ezin duzu ez errumes bakar bat ez eskale bat nehondik atzeman.

Amaurotoko Senatuan urtero biltzen dira, erran dugun bezala, hiri bakoitzetik hiru gizon, non zer gaineratiko baden ikusteko lehenik; eta gero alderantziz, non uzta eskasa izan den; batzuen gaindiak beteko baitu besteen hutsa. Eta guziak urririk egiten dira: emaileek ez dute, emanaren sari, deus ukaiten besteenganik; baina ordainik batere hartu gabe bere hartarik beste bati eman duen hiriak, behar-orduan berak behinere lagundu ez duen baten laguntza ardiets dezake. Uharte osoa horrela familia bakar bat bezala da bizi.

Bestalde, uharte osoko beharren doia bildu delarik -eta iduritzen zaie ez dela horrelakorik gertatzen, ondoko urteko arriskuengatik, bi urteren doia bildu arte- beste eskualde batzuetara eramaiten dute beren gaineratikotik parte handi bat: ezti, artile, liho, zur, gorrimin eta gorrindolezko margo, larru, ezko, bilgor, azal eta abere. Horietarik zazpigarren bat emaiten zaie urririk hartzaile diren eskualdeetako behartsuei eta beste guzia saltzen da bienarteko hein batean. Salpen horri esker eros ditzakete, ez bakarrik berenean eskas dituzten guziak, -deus kasik ez baitute eskas burdina baizik- baina urre eta zilar-meta izigarria sarrarazten dute beren herrian. Aspaldiko ohitura baitute, badute horrela sekulako diruketa bildurik: ezin sinetsia ere da. Berdin zaie beraz gaur egun, saltzeak egitea dirutan edo hartzetan; eta beren ontasun gehiena hartzetan izaitea. Baina hartzekoetan ez dute nornahiren bermea onartzen, estatuaren legezkoa baizik: ordaintze-helmuga etortzearekin, estatuak die zordun guziei beren zorra edekitzen eta herriko kutxan altxatzen. Gero ere estatuak izaiten du diru horren gozamena; utopiarrek berena eskatu arte. Hauek ordea ez dute sekula beren hartze osoa eskatzen: berek batere baliatuko ez duten zerbait baliatzen dutenei kentzea, ez baitzaie zuzen iduritzen. Ordainketa egitea eskatzen dute bizkitartean, kasu batzuetan; hala nola, beste herri bati prestamu bat egin nahi diotelarik edo berek gerla egin behar dutelarik.

Behar-ordu handi eta ustegabekoentzat begiratzen dute horrela utopiarrek beren dirua; gerlako altxor bezala. Oroz gainetik mertzenarien atzemaiteko darabilte -soldadu arrotzen bizia nahiago baitute arriskatu beren herritarrena baino-. Eta diru askirekin etsaiak berak erosten ahal direla edo beren burua saltzera edo elkarren kontra bihurtzera erakartzen jakinez geroz, sekulako diruak eskaintzen dituzte. Horra zeri buruz duten utopiarrek beren diru-meta paregabea begiratzen.

Baina herabe eta beldur ere banaiz zuei erraiteko nola daramaten -ez batere altxor bat bezala- beren diru hori: beldur naiz ez nauzuela sinetsiko, nihonek baitakit ongi zein nekez sinetsiko nituen beste batek erranik nik neure begiz ikusi ditudanak.

Ez da harritzeko alabaina: zenbat eta entzuleen ohituretarik urrunago, hainbat ere gerta dakien sinesgaitzago. Baina denak zuhurki haztatzen dakienak badaki ere, zein urrun diren guretarik besteen erakundeak; ez da beraz hainbat harritzen, gure ohiturei baino hurbilago baldin badabiltza haienei haien urre eta zilarren baliamoldeak: berek ez dutenaz geroz erabiltzen dirurik, begiratzen dute gerta daitekeen -eta menturaz sekula gertatuko ez den- behar-orduko.

Anartean etxean begiratzen dituzte beren urre eta zilarrak -horiekin egiten baita dirua- horiek berenaz duten balioa baino gehiagorik ez diezaien nehork eman. Nork ez du ikusten alabaina, berenaz burdinak baino asko gutiago balio dutela. Surik eta urik gabe ez daiteke bizi; burdinarik gabe are gutiago. Urre eta zilarrik gabe bai eta errazki; naturalezak ez baitzien emanen baliagarritasun berezirik, gizonaren erokeriak ez balio eman estimu bakantasunari. Naturalezak, beharrik, menean ezarri dizkigu, ama hoberenak bezala, ontasun onenak: airea, ura eta lurra bera, baina aski urrun utzi behargabeko huskeriak.

Urre eta zilar horiek ordea gaztelu batean gorde balitzate, jendeak susmoa har lezake -bere betiko asmo ergelarekin- Buru Lehenak eta Senatuak zerbait jukutria antolatu dutela herria ilusitzeko eta berak ederki baliatzeko. Bestalde, urrezko kopak edo zilarkin batek landu gauzak egin balitzate, horien berriz urtzeko behar-ordua etorriko denean, hala nola mertzenarien soldatak ordaintzeko, argi dago behin gozatu dituztenek nekez utz litzaketela besteendako.

Ez dakien horrelakorik gerta, beste zerbait asmatu dute beren ohituren arabera, baina gure ikuspegitik urrun. Guk alabaina, halako balioa emaiten diogu urreari, non artoski gordetzen baitugu. Haiek aldiz, bere begiz ikusi ez dutenek sinets ez dezaketena dute egiten: buztinezko edo berinazko baxera polit baina arruntetan dutelarik jaten eta edaten, urrez eta zilarrez dituzte egiten oheazpikoak eta untzi zikinkor guziak; ez bakarrik arroztegietan, baina ere bai beren etxe bakoitzetan. Ekai berekin moldatzen dituzte morroien kateak eta hauen atxikitzeko lokarri larriak. Azkenekotz, zitalkeria zerbaitengatik gaiztagin handi ekarriak diren guziek petenta-urreak badakartzate belarrietan, eraztun-urreak eri-behatzetan, lepoko-urreak lepoan eta burute urreak buruan. Alde orotarik, lehiatzen dira desohore-marka emaitera urreari eta zilarrari. Eta beste herri guzietan hertzeak ateratzeak bezainbat min emaiten duelarik urre eta zilarraren galtzeak, utopiarren artean metale horiek guziak batean kendurik ere sos baten minik ez lezake nehork sendi.

Perlak bada biltzen dituzte itsas bazterrean; eta ere diamanteak eta harri bitxiak harkaitz batzuen erdian. Ez dira ez, haien ondotik higatzen, baina txiripaz eskuratzen dituztenak leuntzen dituzte eta haurrentzat haiekin edergailuak egiten. Haurrean, apaindura horiek eder eta polit baldin bazaizkie ere, apur bat handitzearekin ohartzen direlarik huskeria horiek ez dituztela haurrek baizik erabiltzen, burasoek deusik erran gabe, beren baitarik bazter uzten dituzte, ahalgeturik bezala; gure etxeetako haurrek handitzearekin, beren intxaurrak, borobilak eta panpinak bazter uzten dituzten molde berean.

Beste herrietan ez bezalako erakunde horiek, gutartean ez bezalako sentimenduak sortzen dituztela, konturatu nintzen bizkitartean, nehoiz baino hobeki anemoliarren ordezkariekin. Amaurotora etorri ziren, ni han nengoelarik, eta tratu premiazkoentzat baitzetozen, hiri bakoitzetik hiru hautetsi joan zitzaizkien bidera. Auzo-erresumetako ordezkari guziek, aintzinetik uhartean ibiliak baitziren eta utopiarren ohiturak ongi ezagutzen, bazekiten jantzi aberatsak ez zirela haientzat batere ohoragarri, zeta arbuiagarri zitzaiela eta urrea ahalkizungarri; ahal bezain xumeki jantzirik heldu ziren beraz haiengana.

Anemoliarrek aldiz, urrunagotik heldu baitziren eta harreman gutiago baitzuten izanik haiekin, ikusi zutelarik utopiarrak oro berdin bezti zirela eta zein arruntki, uste izan zuten hoberik ez ukanez zebiltzala horrela. Zuhurtzia baino harrokeria gehiagorekin asmatu zuten beren jantzien berezitasunaz jainko-itxura hartzea, eta beren apainduren distiraz utopiar gizagaizoen itsutzea. Hiru enbaxadoreak agertu ziren beraz, bakoitza ehun bat lagunekin, guziak soineko nabarrez eta gehienak zetaz jantziak. Enbaxadoreak berak, aitonen seme baitziren, oihal urrezko kapa zeramaten bizkarrean, lepoko lodiak eta petenta-urreak zituzten soinean, eraztun urreak eri-behatzetan. Bazeuzkaten gainera kapelutik dilindan, beren joiak perlaz eta harri bitxiz distiran; hots utopiarren baitan, morroien gaztigua, gaizkileen ahalkea eta ninien abusagailuak adierazten dituzten marka guziez apaindurik heldu ziren. Merezi zuen ikusteak nola kukurusta altxatzen zuten, karriketan barreiaturik osteka zebiltzan utopiarren jantziekin parekatuta beren apaindura. Baina ez zenuen gutiago atsegin hartzen, ohartzen zinelarik nola beren usteak huts egiten zien eta zein urrun zeuden beren iduriko hartzen zuten begirune handi hartarik.

Utopiar guzien begietan alabaina, -zenbait bakarrek arrotz herrien ikuskatzeko aitzaki bat edo beste izana bazuten ere- apaindura ospetsu hori dena ahalkizungarri baizik ez zen; nagusi handiak balira bezala agurtzen zituzten lekaio xumeenak eta eskerrik gabe uzten iragaitera enbaxadore jaunak; beren urrezko kateengatik morroitzat hartzen zituztenak. Ikus zenitzakeen ere haur batzuk beren perlak eta harri bitxiak ahantziak zituztenak, joia bitxi horiek enbaxadoreen kapeluetarik dilindan hautemaitearekin beren amari oihuka, hari hezurrak hautsiz:

"Ikus, ama, zirtzil handi hori harri bitxiekin eta perlekin jostetan ari, nini bat balitz bezala!".

Eta amak ihardesten zintzoki: "Ixo haurra, enbaxadoreen jostakinetarik bat dukek!".

Beste behari batzuk, urrezko kateez ari ziren: deusetako ez zirela; morroiak errazki hautsiko zituela, hain meheak baitziren; hain lazoak ere, nahi bezala inarrosiko baitzituen; eta nahi zuen lekurat ihesi eta aske joaiten ahalko baitzen.

Egun bat edo biren buruko enbaxadoreak konturatu ziren, egia erran, urre gehiago erakutsi arau-begirune gutiago zutela biltzen eta beren herrian emaiten zien bezainbat ohore ekartzen ziela desohore, urreak: morroi iheslari bakar baten urre eta zilarrezko kate eta lokarriek baino hazta gutiago zuten beren hiruen muntadura guziek. Orduan ahalketurik eta lumak bildurik, hain harro zeramaten janztura aldatu zuten; utopiarrekin etxekoturik, hobeki ikasi zituzten oroz gainetik haien ohiturak eta iritziak.

Utopiarrek bada beren buruari galdetzen diote nola ote perla tipi baten edo harri-kosko baten distira liluragarriak xarmatzen ahal duen edozein izar edo eguzkia bera ikus dezakeen gizonik. Artile finago bat janzteko erabiliz handikien lerroan sartzen zarela sinesteko aski zoro izan daitekeela ezin dute onets, zeren artile-piru hori, nahi bezain mehe izan arren, ardi batek eraman ohi du bizkarrean beti eta horrengatik ardi egon da beti.

Harritzen dira ere oraino utopiarrak zeren urrea, berez hain gauza ezdeusa delarik, munduko herrialde guzietan halako estimu handitan baita gaur egun: biziki estimu gutiago du gizonak berak; honek eta honentzat eman diolarik bada urreari bere balioa. Nahikoa da ikustea, gizon eskoil edozeinek, ziri batek baino zentzu gutiagorekin, ertzo bat baino sordeiago izanik ere, urre-meta handi bat ahurrera erortzen zaion ber, gizon zuzen eta zuhur-andana bat eskupean atxiki dezakeela. Baina gerta baledi, zortearen itzuliak edo legearen itzulikatze bihurri batek -horrek baititu, zorteak berak bezainbat, denak pekoz-gora ezartzen- delako urre-meta bere jabearen eskuetarik haren etxeko azken mutil ezdeusenaren atzaparretara eramaitea, ez duzu zeren harri, laster ikusten baduzu aintzineko nagusia bere sehiaren sehi bilakatzen; honen diru-pezen emendagailu bat edo eranskin bat baizik ez balitz bezala.

Harrigarriago eta higuingarriago zaie oraino utopiarrei, ikustea nola herritar batzuek -deus ez dietelarik haiei zorrik, eta ez direlarik batere haien meneko- beren aberastasun soilarengatik Jainkoari bezalako ohoreak eskaintzen dizkieten aberatsei. Ongi baino hobeki badakite bizkitartean hain direla aberats horiek zikoitzak eta zekenak, non ez baitiete sekula pilik emanen bizi direno, beren diru-meta hartarik. Hauek eta honelako ideiak zor dizkiote utopiarrek, besteen erokerietarik urrun dauden erakundeetan izan prestakuntzari alde batetik, eta beren literaturari eta irakaskuntzari bestetik.