Edukira joan

Utopia/Utopiarren prestakuntza eta irakaskuntza

Wikitekatik
Utopia  (1516)  Tomas Moro, translated by Piarres Xarriton
Utopiarren prestakuntza eta irakaskuntza
Klasikoen Bildumaren parte. Editoreen baimenarekin igota, jatorrizko liburua Domeinu Publikoan dago. Proiektu honi buruz gehiago jakiteko, bisita ezazu Wikiteka:Klasikoen bilduma
Utopiarren prestakuntza eta irakaskuntza
H
iri bakoitzean ez da hiritar askorik beste lanetarik bazter egonez eskola soilari emana denik: haur-haurretik jite aberatsa, adimendu zorrotza, eta arte ederretarako isuria erakutsi dutenak dira horiek. Haur guziek bizkitartean, arte eder zerbait ikasi behar dute eta bestalde, herritar-andana batek gizon ala emazte, bere bizi guzian, literatur gaietan iragaiten du beste lanetarik landa erran dugun bezala gelditzen zaion astia. Beren hizkuntza emana zaie ikasleei irakaspena ezen ez du hitz-eskasiarik; belarrientzat gozoa da; beste edozeinek bezain zuzen emaiten du gogoko berri, eta -han-hemenka dauzkan nahasdura apur batzuengatik- uharte guziko eremu zabaletan berdintsu mintzatzen da, hizkuntza bera.

Gure eskualdeetan hain ezagunak ditugun filosofo guzien izenik ere ez zuten ozen han gaindi, gu etorri aintzin. Alta bada, musikan eta dialektikan, aritmetikan eta geometrian, gure aintzinekoek egin aurkiberri bertsuak ezagutzen zituzten. Baina, gai gehienetan, gure zaharren bete izanik ere, gaurko gure dialektikarien eta horien aurkipenen parean, urrun daude. Gure umeek orotan ikasten duten "Logika-Liburu Tipian", hain zehazki aurkezten diren, "Murriztapenaren", "Gehikuntzaren", "Baldintzapenaren" erregelak, ez dituzte haiek oraino asmatu. "Gibelasmoak" ulertzetik aldiz hain urrun dira non, "Gizon Orokor" delako hura ere -badakizue beste zigante guziak baino handiago den koloso hura, guk kasik eri-behatzez erakusten duguna- haietarik nehork ez du ikusi ahal izan. Izarren bideaz ordea, eta ortzaldean egiten diren itzulikez, guziz jakintsu dira. Asmatu dituzte ere artezki, tresna batzuk, eguzkiaren, ilargiaren eta horien hodeiertzean ageri diren beste astroen mugimenduak eta geldiuneak zehazki neurtzeko. Baina, "astro errebelatuen" arteko adiskidantzak eta aihergoak, hots "astrologoen azti-lana" deitzen den jukutria handi hura, ez zaie gogora heldu ere. Zeinu berezi batzuei aspaldian oharturik, euriaren, haizearen eta aroaren gorabeherak, aintzinetik ikusten dituzte. Mugimendu horien zergatiak ordea, eta itsasoaren marea eta gazidurenak, eta orobat, zeru-lurren etorkia eta naturaleza direla eta, gure filosofo zaharren ikuspegi berdina dute, alde batetik; baina bestaldetik, gure jakintsuak ez direlarik iritzi bereko elkarrekin, haiek orduan aburu berri batzuk ekartzen dituzte, guziz bestelakoak; nahiz ez diren berak ere, beren artean, osoki bat etortzen.

  • * *

Morala, deitzen den filosofiako kapitulu hartan, gure gai berak eztabaidatzen dituzte; hala nola, zer diren arimaren ontasunak, gorputzarenak eta eguzkikoak; ea, "ontasun" hitza hiru mota horiei doakien; ala bakarrik arimako dohainei. Badute ere solas atseginaz eta bertuteaz; baina eztabaida guzietarik lehena eta premiatsuena, gizonaren zorionaz daramate: zertan zuzen dagoen? Alde bakar batean ala ainitzetan? Badirudi honetan aski isuriak direla utopiarrak gizonaren zoriona, osorik ez bada bere alde nagusian bederen, atsegina baitan jartzen dutenen alderdia hartzera. Harrigarriago oraino, erlisionea ere -bere izaitez hain latza eta gogorra dena, ez erraiteko iluna eta garratza- beren aburu atseginzale horren alde biltzen dizute.

Nehoiz alabaina ez zaizkizu zorionaz mintzo arrazoiak emanez ari den filosofiari erlisioneko egia zenbait iratxeki gabe; iduritzen baitzaie arabez, erlisionearen laguntzarik gabe, adimendua berez eskas dela eta maingu egiazko zorionaren bidea aurkitzeko. Hauexek dira egia horietarik zenbait: hilezkorra da gure arima; eta Jainkoak oneziaz zorionerako egina du. Bizi honetatik landa, gure bertuteak eta egin ditugun ongiak sariztatuko ditu; guk egin gaizkiak zigortuko. Egia horiek erlisioneko egiak izanik ere, horien onartzera eta sinestera heltzen dela adimendua daukate utopiarrek. Horiek baztertzen balira, badiote batere zalantzarik gabe nehor ez litekeela aski mentsa ez uste izaiteko, bakoitzak behar duela nolazpait zuzen edo oker bere atsegina bilatu. Oroitu behar liteke halere, gozo handiago bati poxelu egin liezaiokeen atsegin apurra baztertzeaz eta zerbait oinaze sor lezaketen atseginei uko egiteaz.

Bertutearen bide zail eta dorpeari jarraikitzea beraz eta ez bakarrik biziko gozagailuak hastantzea, baina oraino oinazeak gogo onez jasaitea sari baten menturarik batere izan gabe -zer sari izan daiteke alabaina atseginik gabe, erran nahi baita zorionik gabe, bizi guzia iragan eta deus ez baduzu ukaiten ahal hil ondoan?- erokeria hutsa daukate horrela ibiltzea.

Ez dute halere, edozein atseginen pare ezartzen zoriona; bainan bai atsegin on eta zuzenaren. Zorion horretara bada, ontasun goienera bezala bertuteak berak eramaiten du gure izaitea; bertute horri baizik ez diolarik eskaintzen zorionaren giltza, kontrako eskolak. Zer ote da bada honen ustetan bertutea? "Naturalezaren arabera bizitzea" baizik. Zeren Jainkoak horretarako egin baikaitu. Eta arrazoiaren arabera, zer edo zer bilatzen duena edo baztertzen, hura da "Naturalezari jarraikitzen".

Arrazoiak ordea guziak eramaiten gaitu lehenik, Jainko Handiaren jaurestera eta maitatzera; Horri baitiogu zor bai bizia bai zorionaz jabetzeko ahala.

Gero deitzen gaitu eta sustatzen ahal bezain bizi baketsu eta alaia, guhaurk eramaitera; eta besteak etorkizko elkartasunaren izenean helburu berdina betetzen laguntzera.

Ezen ez dut uste, behinere izan den bertutearen jarraile eta atseginaren etsai aski ilun eta gogorrik, nehori nekeak, beilak eta oinazeak gomendatzeko; besteen gabezia eta ezinbestea indar guziez soleitzera behartu gabe ber denboran. Horrelakoaren sinestea da ere, gizontasuna deitzen dela gizonak gizonari laguntza eta sokorri ekartzea; hori baita egiaz "gizonki" jokatzea: -eta ez da bertuterik gizonari hobeki doakionik- besteen bihozmina eztitzea, haien ilundura argitzea eta bizitzeko poza hau eta atsegina haiei bihurtzea. Baina zergatik naturak ez liezaguke eska, hori bera bakoitzak guretzat egitea? Ezen bietarik bat izan behar da: edo bizi laket atseginkor bat gaizki da, eta orduan ez da bakarrik nehor lagundu behar horrelako bizia eramaiten, baina behar dira ere ahalaz denak bizi gaizto eta kaltegarri horretarik urrundu. Edo bizimolde bera ona delako besteentzat horren ardiestea eskubide baldin baduzu eta eginbide, zergatik ez lehenik zuhaurentzat hori bera antola? Zure buruarentzat baino bihotz hobea izaitea besteentzat, ez ahal da zuzen! Eta besteentzat ona izaitea eskatzen baldin badu naturak, ez ahal du aginduko gogor eta garratz izaitea nor berarentzat! Bizitze-plaxenta beraz, hots atsegina omen da utopiarren arabera, naturalezak berak manatzen diguna; gure ekintza guzien helburu bezala. Eta naturaren arabera bizitzea, hori da haientzat bertutea.

Baina bizi atseginago baten eramaiten gizon guziak elkar laguntzera deitzen dituelarik naturalezak zuzen den bezala, -ezen ez da nehor mundu guziaren gainetik zorteak ezarri duenik, itxura bereko batasunean berak bildu dituenei naturak denentzat berdin banatu dituen mainak bere-beretzat bakarrik har ditzan- guziei agintzen die, ez dezaten sekula abantzu propioa bila lagunen kaltetan. Ez dira beraz haien ustetan, begiratu behar bakarrik hitzarmen pribatuak, baina ere bai lege publikoak; hauek printze on batek zuzenki erabaki dituelarik edo herriak berak bere onarpena eman dielarik; tiranoen zapalkuntza eta gaiztaginen maltzurkeria gainditurik bizitzeko erraztasunen, hots atseginaren ekaien banatzeko emanak baitira. Lege horiek begiratuz nork bere ona bilatzea, hori da zuhurtzia. Herriaren onaz, bestalde arduratzea, hori eginbide saindu bat betetzea. Baina besteei atsegina kentzea, nork berea gozatzeko, bidegabekeria da. Zure buruari aldiz zer edo zer edekitzen badiozu, beste norbaiti emaiteko; oneziazko eta gizontasunezko eginbide bat bete duzu; ez baitizu sekula, ordain ekarriko dizun bezainbat kenduko: zuk galdu duzuna ordaindua zaizu gainezka: hor baita alabaina ongi eginaren ziurtamena alde batetik; eta bestetik zure gorputzari kenduak baino atsegin gehiago ekartzen baitio zure arimari, lagundu dituzunen atxikimenduaren eta eskerronaren oroitzapenak.

Azkenekotz -eta hau errazki sinetsiko dute erlisionea gogo onez onartzen duten guziek- atsegin apur eta labur bati uko egin dionari Jainkoak emaiten dio sari, sekula agortzen ez den bozkario handi hura. Eta horrela denak ongi ikertu eta haztatu ondoan, utopiarrek diote gure ekintza guzien eta bereziki hoberenen, helburua eta lorea azkenean atsegina dela.

  • * *

Gorputzaren edo arimaren zerbait higitze edo geldiune, natura legez gozagarri gertatzen delarik hura deitzen dute utopiarrek atsegina. Ez dira debalde mintzo "natura legez" edo "naturaren gurariaz" zeren arrazoi zuzenak, eta ez bakarrik sentsuek, bilatzen baldin badu naturarentzat gozo den guzia, nehori kalterik ez eginez deus gozoagorik galdu gabe eta neke berezirik jasan gabe egin daitekeelarik, egia da ere gizonek hitzarmen hutsal batzuen bitartez amesten dituztela naturak berez arrotz dituen gozagailuak -gizonen esku balitz bezala, izenak bezain erraz izanak aldatzea!-.

Utopiarrek, beraz, erabakitzen dute lilura horiek guziak ez direla batere zorionarentzat lagungarri; poxelu bai, izaitekotz; zeren izpirituan sartuz geroz leku guzia hartzen baitute eta tokirik ez uzten egiazko gozagarri jatorrentzat. Zernahi gauza bada; deus gozagarririk ez baitute berenaz.

Haietarik askok kirats alde bat ere badu gainera. Baina gutizia gaiztoen sukar nahasiaren kariaz haiek hartzen dituzte, ez bakarrik atsegin handienentzat, bizitzeko kausa nagusientzat baizik.

Atsegin faltsu horien lerroan sartzen dute lehen aipatu ditugun jaunen harrokeria: jantzi hobea emanez uste baitute berak hobetsiko dituztela; puntu bakar horretan, bietan huts egiten dutelarik; ezen, ez dabiltza zuzen beren buruak hobesten dituztenean; are gutiago beren jantziak. Zergatik ote jantziari dagokionez, piru mehea nagusitu behar zaio piru lodiari? Baina beihalako jaunek, natura legez balira bezala lehen lerroan eta ez ustegabez, kukurusta altxatzen zuten eta beren jantziek emaiten zietela ez entrabaleko balioa amesten. Soineko txarragoekin ukanen ez dituzten ohoreak, uste dute hartzen dituztela, jantzi ederragoak jantziz geroz eta haien parean iragaiten bazara haiek agurtu gabe, gaitzitzen zaie.

Baina ez ote da zorokeria bera deusetako ez diren ohore hutsalen onartzea? Zer atsegin izan dezakezu berez eta egiaz, nehoren buruhas edo belauniko ikustea? Ala horrek sendatuko du zure belauneko mina? Edo arinduko zure buruko mina?

Alegiazko atsegin horien itxuran, ikusteko da zein gozoki zoratzen diren beren aitonen seme istorioekin gozatzen diren gaixoak: beren buruak miresten eta goresten dituzte, horrelako aintzinekoetarik sortzea gertatu zaielakotz. Arbasoen zurubi luze horrek bada lehen lur-eremu handiz bereziki, aberats izanaren fama badauka. -Eta gaur egun aitonen seme izaitea ez da besterik-. Baina beren ustez ez dira maila horretarik demendrenik apaltzen, beren ontasun haietarik arbasoek ez badiete ere deus utzi edo haien ondoriotasuna berek hondatu baldin badute.

Zoro horietaz bestalde, badira erran dugun bezala, perlek eta harri-koskorrek erotzen dituzten guziak. Jainkoak iduri bilakatu direla uste dute, halako zerbait harri arraro eskuratu dutelakotz; bereziki han eta orduan balio gehiena duena delarik; zeren ez baitute orotan eta beti balio bera atxikitzen. Huts-hutsik eta eraztun-urrerik gabe erosten dituzte. Saltzaileak gainera, zin egin behar die eta bermea eman egiazkoa dela perla eta egiazkoa harri bitxia; hain dira beldur, harri faltsu bat sal diezaien egiazkoaren orde. Baina behatzen diozularik, zergatik ez zenuke faltsua berdin atsegin zure begiek ezin badute egiazkotik bereiz? Biek balio bera izan behar lukete zuretzat; itsu batentzat izan behar dutena bederen.

Zer erran ote behargabeko ontasunak begiratzen dituztenez; ez haien baliatzeko baina haien ikustez atsegin hartzeko? Atsegin egiazkoa ote dute hartzen ala alegiazkoa?

Zer ari dira alderantziz, sekula erabiliko eta menturaz sekula ikusiko ere ez duten dirua gordetzen dutenak? Gal-beldurrez galtzen dute egiaz; ezen beren urrea lurrean ezartzea, beren buruari -eta menturaz beste guziei- kentzea baizik ez da. Zu bizkitartean zure altxorra gorde duzulakoan, pozez jauzika ari zara gogoa lasai.

Demagun, ordea, ohoin batek zure altxorra ebasten duela eta zu, deusik jakin gabe hamar urteren buruan hiltzen zarela. Diru-galtzearen ondotik iraun duzun hamarreko horretan zer axola zenuen, zure urrea galdurik ala begiraturik? Bietan mozkin bera ahal zenuen! Atsegin zoro horien lerro berean ezartzen dituzte utopiarrek, dato-jokoak -nahiz ez duten erokeria horren ohiturarik, besteen entzutea baizik- ehiztari eta xoriketari jostetak.

Zer atsegin izaiten ahal da -galdetzen dute- datoak joko-mahai gainean idokitzea? Eta zortez behin atsegin izan baldin baduzu; ez ote zaitu hainbeste aldiz errepikatzeak aspertu?

Eta oraino zer gozotasun kausitzen ahal diozu zakurren ahausiak eta zaunkak entzuteari? Ez ote bada gogaindura, izaitekotz? Ala atseginago da ikustea zakurrak erbia lasterkatzen, zakur batek beste zakur bat baino? Bietan lasterkaldia baduzu; lasterkaldia baldin baduzu atsegin. Baina ehailketaren zain baldin bazaude, sarraskia baduzu igurikatzen, urrikaldu behar zintezke zakurrak erbiñoa zehatzen ikusiz; indartsuak herbailena, basatiak herabea eta iheskorra, eta ondikotz odolgoseak hobengabea bezala.

Utopiarrek beraz, ehizi-joko guziak herritarrentzat desohore dauzkatelakotz, harakinei uzten dizkiete -harakingoa morroi-lana baita erran den bezala- eta harakinaren lanik txarrenarentzat daukate eginkizun hori; beste lanak beharrago eta ohoragarriago baitira: askoz ere etekin hobea dute; baitezpadako abereak baizik ez dituzte hiltzen. Ehiztariak, aldiz, bere atseginarentzat, animale gaixo edozein zehatzen dizu eta kalitzen. Animalien ehailketaren ikusteko tirria bera, bihotz gogor batetik datorrela sinesten dute utopiarrek; edo bederen gogorkeria horretara lerratu behar dela, atsegin basa horretan gozatu ohi dena, pentsu dute. Joko horiek oro beraz eta horiek iduriak -baita ainitz horrelako- gehienek atsegin dituztenak, ez dira haiek beldur erraiteko argi eta garbi, deus gozagarririk ez dutenez geroz, natura legez deus ikustekorik ez dutela ere atsegin egiazkoarekin. Eta nehork gozorik kausitzen badie ere -gozoa baitarama atseginak- haiek ez dira beren hartarik higitzen; ez delakotz hori gertatzen jokoen beren kausaz, baina jokolarien faltaz: berez kiratsa dena dutelarik hauek eztitzat hartzen. Horrelako zerbait gertatzen da haur-beharretan diren andreekin, beren dastamena galdurik ezti baino eztiagotzat baitauzkate bikea eta zihoa. Baina ohiturak edo eritasunak nahasi duen nehoren izpirituak ezin du, ez beste gauzen ez eta ere atseginaren naturaleza nehondik alda.

  • * *

Egiazko dauzkaten atseginen artean zenbait mota bereizten dituzte: batzuk doazkio arimari eta besteak gorputzari. Arimari doazkio adimenduarenak eta egiari behatzak pizten duen gozotasun hura. Iratxeki behar zaie bizitze ongi betearen oroitzapena eta datorren onaren itxaropen finkoa.

Gorputzaren atseginak bi multzotan banatzen dituzte: lehenik hor daude, gozotasun argi batek zentzuak gainditzen dituelarik gertatzen direnak: hala nola, barneko suak higatu indarrak berritzen direlarik -jan-edanek egiten dute hori- edo ere gorputzaren betekinak jalgitzen direlarik -hori gertatzen baita bai hertzeak hustean bai haurrak egitean bai eta ere gorputz alde bateko hazkura hazkatuz edo igurtziz eztitzean. Baina gertatzen da oraino atsegin berezi bat sortzen dela gorputzak berak eskatzen duenik hari eman gabe edo jasangaitz zaionik hari kendu gabe, bakarrik halako indar ixil eta argi batek zentzuak pizten dituelarik, erakartzen, eta bereganatzen musika batek bezala.

Bigarren lerroan dator diotenaz, gorputzeko beste atsegin-mota bat; gorputzaren soseguak eta orekak emaiten duena, erran nahi baita bakoitzaren nehongo gaitzik gabeko osasuna. Egia da zinez osasun hori berez atsegin dela kanpoko atsegin berririk ez iratxekirik ere; nehongo edozein minek nahasten ez duen ber. Nahiz ez den hainbeste nabaritzen, nahiz ez dituen jateko eta edateko tirria hanpurutsuak bezainbat zentzuak berotzen, ainitzek daukate halere osasuna dela atsegin goiena. Utopiar gutiz gehienek ere diote hura dela garrantzitsuena, beste guzien oinarria eta zimendua: hark berak egin dezake bizitze baketsu eta gutiziagarria; hura gabe ez da nehon atsegin apur batentzat leku-izpirik gelditzen. Eta minik ez izaitea ere osasunik ez bada, ez da hori atsegina deitzen; losuna baizik.

Badu aspaldi utopiarrek baztertu zutela, osasun eder eta iraunkor bat ez dela berez atsegina izaiten ahal -gai hori ere artoski eztabaidatu zuten- baizik eta ez dela atseginik kanpoko zirikatzerik gabe, dioen teoria. Gutiz gehienek aitortzen dute gaur egun, atsegin handienetarik bat dela osasun on bat izaitea. Zeren diotenaz, eritasunarekin baitator oinazea, atseginaren etsai amorratua dena, -eritasuna osasunaren etsaia den bezala- zergatik ez iratxeki, alderantziz atsegina osasun on eta sendo bati? Batera dator beraz haien arabera, erraitea: eritasuna min bat dela, edo erraitea: mina datxikola eritasunari. Bi gisetara berdin da gertatzen: edo osasuna izan dadila atsegin bera edo osasunak atsegina sor dezala baitezpada; suak beroa bezala; bietan gisa oroz osasun sendo bat hor duzunean, atsegina ere ez dukezu urrun.

Ikus zer gertatzen den jaten dugunean: ez ote da orduan osasuna, ahultzera zihoana, gudukan hasten gosearekin hazkurria lagun? Eta indarrak berritu arau, aintzineko heinera itzultzearekin pizten zaigu indar-berritzeak dakarren atsegina. Eta horrela, gudukatzean atsegin hartu duelarik osasunak, ez luke ere gozatu behar garaitu ondoan? Ala zer, aintzineko indarrak biltzeko gudukatu ondoan, indar horiek bildu orduko behar luke loakartu? Ez lituzke bere ontasunak ezagutu eta besarkatu behar?

Eta osasunak ez duela hunki berezirik emaiten erraiten denean; utopiarrek daukate ez dela hori batere egia. Nor da alabaina atzarririk den gizona, eta osasunean dela sendi ez duena? Hala ez dena baizik: bere osasuna laket eta gozo zaiola ez ohartzerainokoan, loeriak eta moteldurak kikildurik daukatena baizik. Gozo hori baita funtsean atsegina!

Oroz gainetik bada, utopiarrak atxikiak dira izpirituaren atseginei -horiek dituzte lehen lerroan ezartzen eta maila gorenean- eta iduritzen zaie, bertutea praktikatzea, zuzenbidean aintzinatzea dela hoberena.

Gorputzeko atseginetan, aldiz, lehentasuna emaiten diote osasunari, zeren diotenez, jan-edanen gozoa eta beste horrelakoak osasunarengatik dira bakarrik gutiziagarri. Gaitzaren eraso ixilei ihardokitzen dieten neurrian bakarrik dira alabaina gozagarri; ez berenaz. Horra zergatik gizon zuhurrak nahiago dituen eritasunak aitzindu, sendagailuak bilatu baino; oinazeak urrundu, eztigailuak baliatu baino, eta zergatik ere nahiago duen atsegin-mota bat ez hartu, ondotik hura ordaindu baino. Eta norbaitek uste badu horrelako atseginek dohatsu eginen dutela, aitortu beharko du azkenean, haren zorion betea litzatekeela bizi guzian gose, egarri eta hazkura izaitea, jaten, edaten eta hazkaarran aritzeko gisan, beti geldi-geldia. Nork ez du ikusten horrelako bizia ez dela bakarrik okaztagarri, baina ere bai zinez urrikalgarri?

Oro har atsegin horiek ez dira hainbatekoak, guziz nahasiak baitira eta beti aurkako oinazeei loturik ibilki: jateko atseginari loturik dabil adibidez gosea; baina ez oreka berean ezen oinazea bortitzago da eta ere iraunkorrago; atsegina baino lehen agertzen da eta hura berekin batean suntsitu gabe ez da itzaltzen.

Horrelako atseginei beraz utopiarren ustetan, ez zaie garrantzirik eman behar baitezpadako diren neurrian baizik. Gozatzen dituzte halere alegeraz eta ama naturaren bihotz ona eskertzen dute, horrelako gozagailuen bitartez bere umeak erakartzen dituelakotz maiz errepikatu behar dituzten eginbideen betetzera. Zein nazkagarria ez litzateke gure bizia, egunero jasaiten dugun gosearen edo egarriaren gaitza bakanago joiten gaituzten gaitzak bezala erremedio eta droga kiratsez garaitu behar bagenu!

Gorputzaren itxura, indarra, zalutasuna, horiek bai gogotik artatzen dituzte; naturak gure pozteko eman dohainak direlakotz. Bilatzen dituzte bestalde belarrietarik, begietarik, sudurretik, datozkien atseginak; naturaren xedetan, gizonari berari baitagozkio bereziki. Ez da ezen beste animali motarik, munduaren edertasunari eta itxurari behatzen dionik; ez da bihirik, usainaren xarmak -non ez den bere hazkurria bereizteko- zoratzen duenik; ez eta ere besterik, soinu-tarteak hots-kide ala hotsgaitz diren ezagutuko duenik. Biziaren gozagarri gisa bilatzen dituzte erran dudan bezala. Baina beti arau hauek begiratzen dituzte: atsegin tipi batek ez dio handiago bati poxelu egin behar; ez du ere nehoiz atsegin batek oinazerik sortu behar, hori nahitaez gertatzen omen baita atsegin makurra denean. Gorputzaren edertasuna gutiestea ordea, haren zainak ahultzea, zalutasuna galtzea, barurez etetea, osasuna hondatzea eta naturaren gozo guziei uko egitea, -non ez duen norberak berea bazter uzten lagunaren edo herriaren ona artoskiago bilatzeko eta ordainez Jainkoarenganik zorion ederragoa ardiesteko-, hots nork bere burua hilduratzea nehoren onetan ez delarik, bertutearen itzal huts batengatik edo menturaz nehoiz etorriko ez diren gaitz batzuei hobeki ihardukitzen ikasi nahiz, hori guzia erokeria handiena dela daukate; nor bere buruarekin basa izaitea da eta naturarekin eskergaitz agertzea; iduri eta haren dohain guziei uko egin behar diezuen deus zorrik ez izaitekotan harekilan. Horra zer dioten utopiarrek bertuteaz eta atseginaz. Eta ez baldin badio zeruko erlisione batek sainduagoko zerbait ideia igortzen gizonari, egia zuzenagorik ez duela gizonaren adimenduak aurkituko sinesten dute haiek. Zuzen dabiltzan ala makur ez dugu hemen astirik horren zuritzeko. Ez beharrik ere: Utopiako erakundeen berri emaitea dut hitzemana ez haien zuzenestea. Dena dela eta nolanahi harturik ere egia horiek, nik badakit ongi ez dela munduan populurik gaina hartzen dionik; ez erresumarik dohatsuago denik.

Gorputzez aldiz utopiarrak zaluak dira, zainartak eta kaizuz iduri baino azkarragoak -ez du horrek erran nahi tipiak direnik-. Haien lurrak ez izanik ere denak emankorrak, ez haien aroa beti osasunezkoa, hain hazkurri egokiz ihardokitzen diote aro gaitzari eta hain artezki dituzte ontzen beren lurrak, non ez baita atzemaiten herririk, abelketa edo uzta hobeak dituenik, bizilagun bizitoreagoak dauzkanik eta izurriteek bakanago joiten dutenik. Ikusteko da ez bakarrik zer artarekin betiko lur-lanak egiten dituzten eta nola esker txarreko lur bat landuaren landuaz ontzen duten, baina ere nola beren besoz oihan bat errotik ateratzen duten, urrunago landatzeko; eta hori ez mozkin hobearengatik baina garraioa erraztu beharrez; itsasotik, ibaietarik edo hirietarik hurbilago gerta daitezen zurak; zeren errazkiago ekartzen baitira lehorrez urrundik bihiak, zurak baino.

Zinez jende maitagarria, ernea eta arteza da utopiarra; astia gozatzen badaki, baina ere behar orduan nekearen haidorki jasaiten. Ez izanagatik beste lanetan lan-gosea, buru-lanetan higatu ezina da.

Guhauk zerbait adierazia genien grekoen irakaspenez eta literaturaz-latin-idazleen artean, olerkariez eta historialariez beste nehor gutik zituen iduriz biziki interesatzen- eta ez ginen guti harritu ikustearekin zer garrarekin eskatzen zuten lagun genitzan gure azalpenekin gaiak sakontzen.

Behin lanak lotsatzen gintuelako itxura ez nahiz eman, baina ondorio onen itxaropenik gabe ahozko irazkin batzuen itzulikatzen hasi ginen. Gero zenbait urrats egin orduko, haien laneko garrari esker laster ohartu ginen gure eginahalak ez zirela alferrik izanen. Egia erran, letren itxurak hain errazki moldatzen, hitzen hotsak hain zuzen ahoskatzen, testuak hain laster gogoz ikasten eta itzulpenak hain xerrentuki itzulikatzen hasi zirenean, mirakuilua idurituko zitzaigun jakin ez bagenu, ikasketa horiei lotuak ziren gehienak hasiak zirela Senatuaren erabaki batek agindurik; eta ez bakarrik beren gogoak emanik: eskolatuen artean hautatuak izanik ziren, izpiritu argienak, helduaro bete-betekoak. Hiru urte gabe aski ongi menderatzen zuten hizkuntza berria, idazle nagusien ikertzeko eta testua nahasia ez bazen bederen, errazki bururaino irakurtzeko. Badut uste bestalde, gogotikago lotzen zitzaizkiola literatura horri, ahaide kutsua badukeelakotz haiekin. Somatzen dut alabaina grekoenganik datorrela haien herria; zeren haien hizkuntza, gainerakoan pertsiarrari hurbil dabilena, grekoen hizkuntzaren herrestoz markatua baita herri eta kargudun izenetan.

Laugarren ibilaldirako abiatzean goizegi itzuli baino nahiago bainuen sekula ez itzuli, salgaien orde hartua nuen liburu-haxe on bat eta nihauk eman nizkien utopiarrei liburu zenbait: oroz gainetik Platonen obrak, Aristoteleren liburu batzuk, Teofrastorena, "Landareez", -hau zorigaitzez lekuka aski funditua, gure ibilaldian bazter utzirik "zerkopiteko" zimino zoro batek hosto zenbait kendu baitizkio; eta urratu baitu jostatzeko-. Gramatikalaririk ez dute, Laskaris baizik; ez baineraman nerekin ez Teodoro, ez hiztegi-bihirik, Hesizio eta Dioskoride baizik. Plutarkoren obrak asko maite dituzte eta Luzianoren umorea eta grazia xarmagarri zaizkie. Poetak aipatzeko, ezagutzen dituzte Aristofanes, Homero, Euripides eta letra xehetan Aldek argitaraturikako Sofokles Historialariak, Tuzidides, Herodoto eta ere Herodiano. Medikuntza dela eta, Trizio Apinato, nere lagunak ekarriak zituen berekin Hipokratesen liburuxka batzuk, eta Galienoren "Mikrotekne" delakoa, estimu handitan dauzkatenak guziak. Nahiz ez den herrialde ainitzik, haiek baino gutiago medikuntzaz behartzen denik, ez da aurkituko besterik ofizio hori hark bezainbat ohoratzen duenik: filosofiako sail eder eta baliosen artean sartzen dute. Naturaren misterioak ikertzen dituztelarik jakintza horri esker iduritzen zaie ez dutela bakarrik, atsegin paregabea berek gozatzen baina mundua egin eta landu duenaren eskerrona ardiesten dutela ere.

Asmatzen dute, beste langile guziek bezala Langile hark ere mundu honetako mekanika ezarri duela gizonaren begien aurrean ongi mirets dezan -bakarra baita gizona horrelakoen miresteko gai egin duena-. Eta horra zergatik Jainkoak maiteago dukeen haren obra miresten dakien behari jakingose eta arretatsua ezenez eta adimendurik ez duen animalearen pare, horrelako ikusgarri handi eta miresgarrien aintzinean sor eta gor dagoen gizon mandoa.

Letretan ongi eskolatu ondoan, utopiarren izpiritu erneak, paregabeak dira bizi erosoago baten lagungarri, baliabide berriak asmatzeko. Bi aurkiberri halere, papergintza eta inprimaketa guri zor dizkigute. Ez guri bakarrik egia erran, beren antzeari ere, neurri on batean: erakutsi genizkien paperezko liburuetan, Aldek moldatu letrak eta aipatu ere paperaren egiteko ekaia eta letrak inprimatzeko moldea, baina ez genien zehaztasunik eman ahal izan, gutarik nehor ez baitzen teknika bieterik bat ala bestea ezagutzen zuenik. Haiek ordea ikusi zuten berehala, eta zuzen, non zegoen arazoa. Ordurarte ez baitzuten larru, azal edo papiroetan baizik izkiriatzen, berehala paperaren egiteko eta letrak inprimitzeko entseiuak hasi zituzten.

Haste hartan ez ziren hain ongi heltzen, baina ariaren ariaz laster kausitu zuten bi tekniketan hainbestetaraino, non grekoen liburu guziak izan balituzte eskutan, ez baitzuten haien kopia-eskasiarik izanen. Baina oraingoz ez dituzte eskuratu aipatu ditudan horiek baizik, eta orduan horiek bai milaka aletan inprimatu dituzte eta zabaldu bazterretan.

Herria ikuskatzeko xedearekin Utopiara heltzen denean arrotz bat, izpirituko dohainez aberats baldin bada bereziki edo ainitz ibilaldi eginik ainitz herritako berri baldin badaki, orduan ongi etorri izaiten du: horrengatik gintuzten hain ongi hartu gu ere. Mundu zabaleko berri jakitea biziki atsegin zaie.

Gainera, ez zaie ikusliar handirik joaiten salerospenen aitzakiarekin. Zer ekar liezaiokete alabaina burdinaz besterik edo zer handik eraman bakoitzak urre edo zilarra baizik? Iduritzen zaie beraz oro har atzerrira eraman behar dituztenak, berek beren kontu eramaitea, ezenez eta besteen gain uztea; eta horrela, alde batetik hobeki ezagutzen dituzte auzo-herriak eta bestetik itsasoko jakintza eta ohiturak ez dituzte galtzen.